Anjel
Lertxundi

1948 (Orio)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Goiko kale

1973, Gero

Ajea du Urturik

1971, Etor

Hamaseigarrenean aidanez

1983, Erein

Urtero da aurten

1984, Erein

Tobacco days

1987, Erein

Carla

1989, Erein

Kapitain Frakasa

1991, Erein

Otto Pette

1994, Alberdania

Lehorreko koadernoa

1998, Alberdania

Zorion perfektua

2002, Alberdania

Ihes betea

2006, Alberdania

Konpainia noblean

2004, Alberdania

Zoaz infernura, laztana

2008, Alberdania

NARRAZIOA

Piztiaren izena

1995, Alberdania

Azkenaz beste

1996, Alberdania

Letrak kalekantoitik

1996, Alberdania

Argizariaren egunak

1998, Alberdania

Lurrak berdinduko nau

1990, Erein

IPUINA

Hunik arrats artean

1970, Lur

Aise eman zenidan eskua

1979, Erein

SAIAKERA

Mentura dugun artean

2001, Alberdania

Gogoa zubi

1999, Alberdania

KRONIKA

Italia, bizitza hizpide

2004, Alberdania / Berria

BIOGRAFIA

Martin Ugalde, leialtasun baten historia

1997, Andoaingo Udala

ETNOGRAFIA

Tresak eta Kordelak

1993, Zarauzko Udala/Itxaropena

ANTOLOGIA

Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)

1991, Erein

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Gizon kabalen piurak

1982, Erein

Tristeak kontsolatzeko makina

1982, Erein

Eskiatzaile herrenaren kasua

1988, Erein

Kaxkajo bahituaren kasua

1988, Erein

Paris de la France-ko pateen kasua

1988, Erein

Alarguntsa sikodelikoaren kasua

1989, Erein

Sardina ezpain gorriaren kasua

1989, Erein

Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe

1993, Erein

Nire kuleroak

1999, Elkar

Musubero mon amour

2000, Elkar

Aizak eta aizan elkarrekin dantzan

2002, Elkar

Estalaktita rockeroaren kasua

1989, Erein

Kutxa zahar, haundia,
auskalo nondik bidalia

 

        «Aristides Mark Aide» ikastetxeko ate nagusian urduri zegoen hamasei urte inguruko mutil beltxaranak postetxetik pasa zedila pakete bat jasotzera adierazi zionean bata zuri batez atea ireki berria zuen Madame Kontxexiri, emakumean begiak argitu zitzaizkion sekulako pozez:

        —Pakete bat dagoela postetxean niretzat? Hau poza! Nire admiradoreren batek bidaltzen didan saltxitxoiren bat, seguru...

        Eta bi beso lerdenez mutikoa estutuz, muxu haundi bat eman zion kopetaren erdi-erdian.

        Mutikoak, berriz, tenaza moduko beso haietatik askatzea lortu zuenean, arnasa birreskuratu ezinez bota zion Madameri:

        —Badakizu, etxekoandre... Hamar egunetako epea duzu paketea jasotzeko.

        —Zer uste duzu, mutiko, tuntuna naizela? Arratsaldeetan ere irekita egoten al da postetxea?

        —Bai... Greban ez gaudenean bai, behintzat... Zazpiak arte...

        —Oraintxe bertan pasako naiz posta etxetik. Saltxitxoi bat... Edo gaztaren bat, agian... Uuummm!

        Begiak itxi zituen, sudurra luzatu eta mingaina pasa ezpain artetik, paketean legokeen saltxitxoiak edo gaztak oroimen gastronomikoa suspertu izan balio bezala. Eta berriro Madamek:

        —Uuummm!

        Mutil urduriak amets txar batetik bezala iheska aldegin ondoren, Madame Kontxexik ikastetxeko atea itxi zuen bere gibelean.

        Behin bere gelan, lanerako erabiltzen zuen bata zuria erantzi eta soineko urdin, lasai bat sartu zuen burutik behera. Gelako ertz batean zegoen ispiluari erakutsi zion gorputz mardula.

        —Soineko honek gizendu egiten hau, Madame... Eskerrak hipopotamo urdinik ez

dagoen, bestela haien arreba haizela pentsatuko din jendeak...

        Han egon zen ispiluari begira, soinekoari gerriko zuri bat jarriko ez jarriko, lepondoan painuelo gorri bat lotuko ez lotuko, eta azkenean:

        —Munduak naizen bezalakoa onartu beharko natxion. Gizenok ere badinagu bizitzeko eskubiderik, ezta? —bota erronka gisa ispiluari, eta kalera irtetzerakoan, Madame Maripetralekin egin zuen topo.

        —Nora zoaz hain azkar, Madame Kontxexi? Zuzendu al dituzu ikasleen lanak? Garbitu al duzu gela? Itzali al dituzu argiak? Itxi al dituzu komuneko kanilak?

        —Galdera bakoitzak badu bere erantzuna. Nora noan ez daukazu zer jakin beharrik. Zuzenduak ditut ikasleen lanak, eta beste hiru galderek, berriz, erantzun bakarra dute: Ni ez naiz interina.

 

        Ikastetxeko ate nagusiari kolpe izugarri bat eman eta kalera irten zen, Madame Maripetral purrustaka utziz bere atzean.

        Arratsaldea grisa zen. Margolariei atsegin izaten zaien horietakoa. Laino puska ederrak zeuden zerutik zintzilik, harategietan urdaiazpikoak egoten diren bezalatsu. Ez zirudien, halere, euria egin behar zuenik.

        Pausu txiki, azkarrez abiatu zen Madame Kontxexi postetxerantz. «Aristides Mark Aide» ikastetxetik nahikoa gertu zegoen postetxea, baina hogei minutu luze bota zituen emakumeak hara iritsi zenerako, harategiren bat, edo jatetxeren bat edo supermerkaturen bat zuen kale bakoitza saihestu tentaldietan ez erortzearren, eta sekulako buelta eman bait zuen postetxera iristeko.

        Behin postetxean, mostradore zabal batean zegoen mutil bibotedunari:

        Arratsalde on... Paketetxo bat bidali omen dute nire izenera. Pasa berria didate abisua.

        —Madame Kontxexi al da zure grazia?

        Emakumeak baiezkoa egin zuen buruaz, seko harro, bibotedunak ezagutu egin zuelako:

        —Famak ere izaten ditu bere atarramenduak —bota zuen ahopeka.

        —Zer diozu? Hitzegin ezazu altuxeago —esan zion mutikoak esku bat inbutu gisa belarri parera eramanez.

        Hanka punttetan jarri zen Madame Kontxexi:

        —Ezer ez, ezer ez... Nire baitarako ari nintzen.

        —Laster dator zure paketetxoa.

        Mostradore atzean zegoen aterantz egin zuen deiadar bibotedunak:

        —Ea, mugi zaitezte, etorri dira eta, ditxosozko paketearen bila!

        Motor indartsu baten burrundara entzun zen, eta gero, ate estuan ozta-ozta kabitzen zen Fenwick karretila motordun horietako bat agertu zen burdinezko bere bi atzaparrez kutxa haundi bat garraiatuz.

        Eta bibotedunak irrifarrez:

        —Hauxe da zure paketetxoa, Madame... Erremiterik gabe dator.

        —Nola arraio eraman behar dut kutxa zahar hori etxera? Traste hori utzi beharko didazue.

        —Utzi? Ez, etxekoandre, zurea baita. Kutxarekin batera bidaltzen dizute. Eta baita tarjetatxo hau ere.

        Kutxako zerrailatik zintzilik zegoen tarjeta zuri bat luzatu zion bibotedunak. Madamek irriki biziaz irakurri zuen bertan zioena:

 

        «Madame Kontxexiri agur eta goraintzi: Gordeko egun pare batez edo, kutxa inork ireki gabe? Irekiko bazenu, zuretzat kalte. Infernuko zuloraino izango duzu segika eta segika nire aiherkunde saminena. Irekitzen ez baduzu, berriz, erregalitxo bat izango zenuke. Zer moduz zure izenera jarriko nukeen harategi majo bat? Edo nahiago zenuke, agian, jatetxe bat? Izango duzu nire berririk, zaude lasai.

        Posdata: Fenwick-a ere bidaltzen dizut kutxak emango dizkizun atarramenduak arintzeko». 

 

        Firmaren ordez ez zen letra gotikoz idatzitako V.S. besterik irakurtzen.

        —Beno, beno, ez dakit nori eskertu behar diodan enkargu hau, baina ez dezala inork esan Madame Kontxexik bihotz onik ez duenik. Batez ere, gero harategi bat nire izenean jartzen baldin badute.

        Biboteduna eta gainerantzeko guztiak harri eta zur utzi, eta postetxeko ate nagusitik irten zen bere Fenwick-a eta guzti:

        —Paso, paso, ez dakit-eta traste zahar honek non arraio daukan frenoa.

        Postetxeko bezero guztiak izurriteaz mintzatu balitzaizkie bezala apartatu ziren, Fenwick-a saltoka bezala gidatzen zuen Madame Kontxexiri pasoa utziz.

        Behin kalean, ez zituen Madamek semaforoak eta, gehiegi errespetatu, bere Fenwick-eko botoiei saka eta saka, palankak mugituz eta bidegurutze bakoitzean sekulako oihuak botaz:

        —Aparta zaitezte, zahar eta gazte!

        Gorrian harrapatzen zuen semaforo bakoitzaren aurrean begiak ixten zituen:

        —Nire senarra zenak ikusiko banindu...

        Eta, onez libratzen zenez, Aitaren egiten zuen senarra zenaren ondra eta alabantzan.

 

        Etxera arteko bidean ez zen, halere, ezer apartekorik gertatu. Fenwick-aren pasadizoan katu izutu bat frutategi bateko mostradore pera izkutatu zen, mostradore pean zakur bat zegoen, bien arteko iskanbila medio mostradorea bota zuten lurrera, lurrera eroritako fruta ugarien artean patinatzen bezala hasi zen fruta saltzailea eta dendako kristalaren kontra joan zen, kristal puska batean auto bat pintxatu eta autobus baten atetik gora sartu zen bileterik ordaindu gabe, autobusaren gidariak trafikoko goardiari deitu zion autoaren biletea nork ordaindu behar ote zuen galdetuz eta goardiak autoa autobus barruan ikusi zuenean, galtzak erori zitzaizkion harriduraren harriduraz eta glub! txili-pitoa irentsi zuen, haur kotxe bat bultzaka zeraman atso bat haur kotxera izkutatu zen goardia kantzontzilotan ikusi zuenean, kotxeko haurrak biberoia eman zion bere albora etzan berria zen atsoari.

        Gainerantzean, ez zen aparteko gauzarik gertatu Madame etxera iritsi bitartean.

Garapena: Dijitalidadea SL