Anjel
Lertxundi

1948 (Orio)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Goiko kale

1973, Gero

Ajea du Urturik

1971, Etor

Hamaseigarrenean aidanez

1983, Erein

Urtero da aurten

1984, Erein

Tobacco days

1987, Erein

Carla

1989, Erein

Kapitain Frakasa

1991, Erein

Otto Pette

1994, Alberdania

Lehorreko koadernoa

1998, Alberdania

Zorion perfektua

2002, Alberdania

Ihes betea

2006, Alberdania

Konpainia noblean

2004, Alberdania

Zoaz infernura, laztana

2008, Alberdania

NARRAZIOA

Piztiaren izena

1995, Alberdania

Azkenaz beste

1996, Alberdania

Letrak kalekantoitik

1996, Alberdania

Argizariaren egunak

1998, Alberdania

Lurrak berdinduko nau

1990, Erein

IPUINA

Hunik arrats artean

1970, Lur

Aise eman zenidan eskua

1979, Erein

SAIAKERA

Mentura dugun artean

2001, Alberdania

Gogoa zubi

1999, Alberdania

KRONIKA

Italia, bizitza hizpide

2004, Alberdania / Berria

BIOGRAFIA

Martin Ugalde, leialtasun baten historia

1997, Andoaingo Udala

ETNOGRAFIA

Tresak eta Kordelak

1993, Zarauzko Udala/Itxaropena

ANTOLOGIA

Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)

1991, Erein

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Gizon kabalen piurak

1982, Erein

Tristeak kontsolatzeko makina

1982, Erein

Eskiatzaile herrenaren kasua

1988, Erein

Kaxkajo bahituaren kasua

1988, Erein

Alarguntsa sikodelikoaren kasua

1989, Erein

Sardina ezpain gorriaren kasua

1989, Erein

Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe

1993, Erein

Estalaktita rockeroaren kasua

1989, Erein

Nire kuleroak

1999, Elkar

Musubero mon amour

2000, Elkar

Aizak eta aizan elkarrekin dantzan

2002, Elkar

Paris de la France-ko pateen kasua

1988, Erein

I
Gabon gaua ospatutzeko...
edo mozkorra harrapatzen da edanez gero

 

        Gabon gaua zen eta Madame Kontxexi Uribe mahai zabalera eserita zegoen, zabal, lasai peto eta sendo, bere seme Bixentikoren parez pare. Mahaiaren erdian kandela luze bat zegoen piztuta, eta kandelaren inguru distiratsuan, bandeja mordoa era guztietako janariez beteta. Batean, entsalada tropikala, bigarrenean, kroketak eta era guztietako frijituak, hirugarren batean, txerrikiak, laugarrenean, berriz, azeituna berde, beltz, zuri eta fuksiak, bosgarren batean, Holandako gurina, seigarrenean, Francfurt-eko saltxitxak, zazpigarrenean, Italiako lasagna eta pizza biribilak, zortzigarrenean, Suitzan aurki daitezkeen gazta mota guztiak, bederatzigarrenean Errusiako kabiar garestia, hamargarrenean Laponiako izurde xerra gorrixkak...

        Hamaika plater goxo eta jaki on bazegoen mahai hartan. Plater bakoitzaren ondoan, berriz, markako xanpain botila bana.

        Errezo labur bat esan zuen Madame Kontxexik eta errezoaren ondoren senarra zena aipatu zuen eta, gero, Aitaren egin azkar asko:

        —Nire senarra zenaren ondra eta alabantzan.

        Eta Madame Kontxexiren esku lodietako behatz potoloak azkar hasi ziren mugitzen bandeja batetik bestera, kroketa batetik saltxitxara, hemendik Emmental gaztara, gazta famatutik kabiarrera, Bixentikoren esku finetako behatz luzeak, berriz, xanpain botiletara joaten ziren bitartean.. .

        —Baina, ama, mesedez, ezta goseak hiltzen ariko bazina ere... Gabonak hasi besterik ez ditugu egin eta Urte Zaharra bitarteko egunetan nola arraio jarriko ote zaren, Jainko jaio berriak bakarrik daki!

        Azeituna fuksia bati ahoan bueltak eman eta bueltak eman ari zen Bixentiko koitadua, buelta bakoitza xanpain tragoxkadez lagunduz, jateko gogo handiegirik gabe. Amari begiratze hutsak asetzen zuela zirudien.

        —Gabonetatik Urte Zaharra bitarteko egunetan gertatuko zaidanaz kezkatzen hasia ote zara, Bixentiko? Nire arazo larria Urte Zaharretatik Gabonak bitartera luzatzen da, motel!

        Eta arrosa koloreko izurde xerra bat ahoratu zuen. Madame Kontxexiren mingainak biribilketa polita egin zuen, ballet gastronomiko bat bailitzan, izurdea eztarriraino eramanez, eta behin izurde puska ederra eztarritik pasa orduko ezpain artean zuen saltxitxa bat.

        Mahai gaineko jaki guztiak amaitu zituenean, telefonoak jo zuen jangelako mahai txikiaren gainean.

        —Zoaz, Bixentiko, telefonora, ea nor den. Zorionak eman nahi dizkigun norbait izango da. Ni, bitartean, sukaldera noa lupi egosiaren, bixigu errearen eta legatz frijituaren bila.

        Jaiki ziren ama-semea mahaitik, bakoitza bere eginkizunera, eta Madame Kontxexi arrainez beteriko zilarrezko bandeja zabalarekin harro-harro bueltatu zenerako, mahaira eserita zegoen, berriro, Bixentiko, markako xanpainari beste tragoxkada bat emanez.

        —Nor zen telefonoan?

        —Iinor ezez, aama. Ertzaintzainengatiktik galgaldetzen zuzuten.

        —E, e, Bixentiko, seko mozkortu zara.

        —Eeup! Nini mozmozkortu?

        —Bai, mozkortu egin zara. Eta nola... Gainera, zenbat aldiz esan behar ote dizut, telefono zenbakiaz nahastu eta Ertzainengatik galdetzen dutenean deia niri pasa behar didazula?

        Ordurako Madame Kontxexik lupia bukatua zuen eta bixiguari ekin zion.

        —Ertzainek duten lan guztiarekin... Gizarajoak... Lana eta buruhausteak arindu egin behar zaizkie, arindu. Zer egin ote zuten kukilek Hopedalekol basapizti haiekin, lagundu izan ez banie?

        Eta legatz frijituaren puska eder bat ahoratu zuenean, ahoa beteta:

        —Lagundu egin behar zaie, lagundu. Ez al gara, ba, denok abertzale? E, Bixentiko? Ez dakit zer erakusten dizuten Unibertsitatean.

        Eta gero ahapeka, semeak ez entzuteko gisara:

        —Zazpi urte, alajaina, medikuntza ikasketetako lehen lau hilabetekoa aurrera atera ezinik... Aita zena biziko balitz!

        —Aitaren egin zuen Madame Kontxexik senarra zenaren ondra eta alabantzan.

        Eta une hartantxe telefonoak jo zuen berriro. Hasi zen Bixentiko mahaitik jaikitzen, baina xanpain botila bat bota zuen lurrera, botila jaso nahi izan zuenean lurrean txiki-txiki egin aurretik, trabatu zen mahai gaineko mantelarekin, eta han eraman zuen mantela ere lurrera bertako plater, botila, kutxara, pitxer, bandeja, ontzi, aho-zapi eta tramankulu guztiekin, kandela luzea ere barne.

        —Zure aita zenak... —beste Aitaren bat egin zuen senarra zenaren ondra eta alabantzan—, zure aita zenak eta nik nola egin ote zintugun hain aldrebes, hain malapartatu, hain lakaiurre, hain, hain, hain...

        Eta hain-hainka hitz totelka zer gehiago esan jakin ez eta, berriro ere telefono zaratatsua hasI zen deika eta deika, egoskor bezain lotsagabe. Oraingoan, Madame Kontxexik hartu zuen:

        —Allo...

Garapena: Dijitalidadea SL