Anjel
Lertxundi

1948 (Orio)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Goiko kale

1973, Gero

Ajea du Urturik

1971, Etor

Hamaseigarrenean aidanez

1983, Erein

Urtero da aurten

1984, Erein

Tobacco days

1987, Erein

Carla

1989, Erein

Kapitain Frakasa

1991, Erein

Lehorreko koadernoa

1998, Alberdania

Zorion perfektua

2002, Alberdania

Ihes betea

2006, Alberdania

Konpainia noblean

2004, Alberdania

Zoaz infernura, laztana

2008, Alberdania

NARRAZIOA

Piztiaren izena

1995, Alberdania

Azkenaz beste

1996, Alberdania

Letrak kalekantoitik

1996, Alberdania

Argizariaren egunak

1998, Alberdania

Lurrak berdinduko nau

1990, Erein

IPUINA

Hunik arrats artean

1970, Lur

Aise eman zenidan eskua

1979, Erein

SAIAKERA

Mentura dugun artean

2001, Alberdania

Gogoa zubi

1999, Alberdania

KRONIKA

Italia, bizitza hizpide

2004, Alberdania / Berria

BIOGRAFIA

Martin Ugalde, leialtasun baten historia

1997, Andoaingo Udala

ETNOGRAFIA

Tresak eta Kordelak

1993, Zarauzko Udala/Itxaropena

ANTOLOGIA

Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)

1991, Erein

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Gizon kabalen piurak

1982, Erein

Tristeak kontsolatzeko makina

1982, Erein

Eskiatzaile herrenaren kasua

1988, Erein

Kaxkajo bahituaren kasua

1988, Erein

Paris de la France-ko pateen kasua

1988, Erein

Alarguntsa sikodelikoaren kasua

1989, Erein

Sardina ezpain gorriaren kasua

1989, Erein

Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe

1993, Erein

Estalaktita rockeroaren kasua

1989, Erein

Nire kuleroak

1999, Elkar

Musubero mon amour

2000, Elkar

Aizak eta aizan elkarrekin dantzan

2002, Elkar

Otto Pette

1994, Alberdania

Arrotzarena

 

        Atea zabaldu nuen. Niri begira neukan eskale trazako gizon lerden bat, bere bekain ilesarrien itzalpetik. Goitik behera aztertu ninduen haren begiak, aspaldi ikusi gabeko lagun zaharra banindu bezala. Baina nik ez nuen ez lagun ez ezagun eskale trazako gizon hura. Brastakoan hedatutako laino itxiari ohi zaion izu-zirrarak hotzikaratu ninduen.

        Arrotzak atzerarntz jiratu zuen burua etxe-aurreko ordoki idor, zabalerantz, eta, begiak argitik babesteko, eskua kopetara eraman ondoren, luzaz egon zen begira. Norbaiten bila zebilela iruditu zitzaidan —lagunena ala etsaiena, ezin esan, deus ere ez balitz bezain eroso baitzegoen.

        Gero, hitzik esan gabe, hanka bat luzatu, gero bestea, eta etxera sartu zitzaidan, bere jarreran deus ere bitxirik ez balitz bezain lasai. Sarrerako bazter guztiak miatu zituen, harik eta begiak astiro pausatu zituen arte.

 

        Liburutegia eta ezkaratza bereizten dituen beirateko irudian jarrita zeukan arreta. Hainbat neurri eta koloretako beirakiez osatutako marrazkiak bi zati zituen nagusi, irudiaren bi alboetan gorantz muga-lana egiten zuen apainduraz gain. Batetik, belardiaren erdigune geometrikoan, irudiaren gunea ageri zen: bi zaldi

aurrez aurre, buru-beltza bata, buru-zuria bestea. Zut zeukaten bi zaldiek lepondoa, eta, xehetasunen bat gora-behera, simetrikoak ziruditen. Goi-aldean Fugite irakur zitekeen; behe-aldeko belardi irudikatuan, berriz, hirusta elkarri lotuen motibo txirikordatuaren gainean idatzitako latinezko esaldiaren jarraipena zuen oinarri: partes adversa, ut complexus non siat similis morti, egizue ihes kontrario zaretenok, heriotzaren antzeko izan ez dadin besarkada.

        Arratsaldea nagitzen hasia, beirateak banoki irazten zuen liburutegiko leihotik irristatutako azken errainu xumea, hirusta txirikordatuaren berdea multiplikatuz ezkaratzeko hormetan; atean; sabaian.

 

        Larruz bildutako zerbait atera zuen galtzarbetik arrotzak. Haren gorputzean deformaturiko hirusta urduri higitu zen. Hatz luze zartatuen puntez askatu zuen larruzko estalkia, irin-taloz hirugiharrea biltzerakoan egin ohi denaren justu kontrara. Liburu txiki bat zen. Hatz pare bat mingain-puntan busti, eta orriak pasatu zituen azkar. Bilatzen zuen orrialdera iritsi zenean, liburua zabaldu zuen, alde banatatik indar egin eta liburuaren bizkarra behartzeraino. Bertako marrazki purpurakolore bati begiratu zion; beirateko irudiari gero. Bizpahirutan errepikatu zuen aditu batena bezalako behaketa arretatsu hura.

        Ezpainak beren baitara bildu, eta, beiratetik liburura, liburutik beiratera, behin eta berriro errepikatu zuen behaketa-lana, buru-mugimendu etengabe batez onespena emanik saioari. Zerbaiten bila luzaz ibili, eta azkenean aurkitu duenaren sua zeukan begietan.

 

        Eskura luzatu zidan. Ezagutzen nuen liburua, ezagutzen nuen purpurazko marrazki hura ere. Ezjakinarena egin nahi izan nuen, ordea. Begirada arretatsu bat eskaini nion liburuko marrazkiari, beste azkar bat beiratekoari, eta liburua itxi nuen.

        —Zer eman nahi didazu aditzera? Zure liburuxkako bi zaldi horiek nire beirateko zaldien antza dute. Beiratea egin zuenak marraz zezakeen liburuko bikote hori ere. Ez da mirari! —eta liburua itzuli nion.

        Arrotza, ordea, liburua ostera zabaldu, eta nire ondoan jarri zen. Zarpa zerion arrotzaren arropa guztiari, obramendu eta ustel-usaina haren gorputzari. Arnasari eutsi nion. Azkazal belztu batek seinalatu zidan bi irudien arteko desberdintasuna. Liburuko zaldi parea eta beiratekoa berdintzat jo zitezkeen, xehetasun bat gora-behera: liburuko ezkerreko zaldiak guregananzko aurreko hanka ageri zuen jasota; eskuinekoak, aldiz, irudiaren hondokoa zeukan altxaturik; beirateko zaldiek, ordea, guregananzko bi hankak zituzten jasoak. Bi marrazkien goiko zein beheko aldean, bestalde, oso letra txikiz, latinezko esakizun bera irakur zitekeen: Fugite partes adversa ut complexus non siat similis morti.

 

        Bi irudiak parekatu nituen, eguzkitan distiratsu beiratekoa, esku askoren erabilerak koipeztua liburukoa.        Buruaren mugimendu labur batez adierazi nion ezinbesteko zitzaidana: ohartzen nintzela desberdintasunaz. Eta erantsi nuen:

        —Beirateko irudi horrek ez dauka zure liburuko marrazkiaren simetriarik. Aldeak daude.

        Latinezko esakuneari, aldiz, arrotzak ez zion inolako garrantzirik eman, eta neuk ere ez nion ezer adierazi garbi asko uler zitekeen mezu hartaz: zaldi bat beltza, bestea zuria, hobe dute etsaiek elkarrengandik aparte ibiltzea. Edo, Aba Yakuek gogoko zuen moduan esanda: bi ez dira liskartzen batek nahi ez badu.

 

        Aba Yakue! Arrotza etxean sartu ondorengo guztiak —liburuak, irudiak, latinezko esakuneak— Aba Yakuerengana zeraman nire irudimena. Aba Yakuerenean ikusia nuen nik liburu hura, edo liburu haren oso antzeko bat. Han ikusitakotik oroitzen nuenaz osatu nuen beirateko bi zaldien irudia; baita nahikoa zuen osatu ere, simetriak simetria.

        Alabaina, beirateari ekin nionean, ez ninduen plazerrak hartaratu: fugite hark nire iragana ahantzarazi behar zidan. Hasieran, ezusteko gau-uluren batek edo zakurraren arrazoi jakinik gabeko zaunkak atezuan jartzen ninduenean, kriseilua hartu, eta aterantz joaten nintzen, hotsen nondik-norakoa ezagutzeko, baina ezin nintzen ohitu kriseiluak irudian sortutako argi-itzal kilikagarrietara. Iraganeko gertakizun eta aurpegiak berritzen zitzaizkidan, amesgaizto batean bezala. Maiz sentitu nuen irudia mila puskatan triskatzeko tentaldia. Urteak aurrera eta Aba Yakueren oroimena galduago, ikasi nuen abisu harekin bizitzen, herren baten egurrezko hankaordera ohitu bitarteko prozedura berari ekinik: hanka galdu izanaren desesperantzatik, hankaordearen deserosotasunera; izter-pareko egokiduraren deserosotasunetik, inolako nekerik eta azkurarik ez sentitzera; azkenean, galdetzen diotenean zein duen egurrezko hanka, herrenak ukitu egiten ditu —eskuaz ez bada ere, buruz— egurrezkoa eta naturala, ezer erantzun aurretik.

 

        Nire burutazioetan nenbilela, argipen-eske begiratuko nion nonbait arrotzari, sorbaldak jaso zituen-eta. Ordurainokoan ez bezala ikusi nuen handi, ia erraldoi. Neroni nengoen, agian, ahultzen eta erkintzen hasita.

        Arratsaldeko argiak galdua zuen indar guztia, eta arrotzaren itzala egina zen beirate osoaren jabe. Leihoraino inguratu, eta hormaren lodiera neurtu zuen arrotzak, besoa kanporantz luzatuz. Jiratu, eta orduan hitz egin zuen lehenengoz. Arrotzaren ahotsak ez zeukan haren trazak eta eguzkitara iharturiko aurpegikerak iradoki zezaketen zakartasunik.

        —Sendoa da  —ezker-eskuin begiratu zuen, arestian beiratea aztertzerakoan erakutsi zuen arreta eta aditu-itxura berarekin—. Hain paraje bakartia, hain horma sendoak, hain bihitegi oparoak, beirateko abisu hori... Denak gogorarazten du babesleku bat, heriotzaren besarkadatik gordeko gaituen gotorlekua. Zerbaitek izutzen zuen etxe hau jaso zuena. Ez deritzazu hala?

        Ez nion erantzun. Noraezean nengoen, burutazioak, asmabideak eta errezeloak bereizi ezinik. Nitaz ezer gutxi jakinda ere, arrotzak bazekien nik ez nuela ezagutzen. Nik ezin nuen, alabaina, gauza bera ziurtatu.

        Arrotzak bular-parera eraman zuen eskua, eztul-erasoren batek hartaratu balu bezala. Baina ez zuen eztulik egin.

        —Zerorrek jasoa ere izan daiteke... Egingo nuke ez dituela hogei urte baino askoz ere gehiago —esan zuen, aditu baten ganoraz.

 

        Ez nintzaion hasiko adeitsu eta farrastan esaka planoak eta jabe-agiriak Aba Yakuerenean aurkitu nituela. Ez nion esango plano guztiak J.P. batek izenpetzen zituela, eta beti pentsatu izan dudala bi letra horiek Julius Probori zegozkiola. Ez nuen zertan argitu handik aurrerakorik.

        —Demagun ni naizela jauregia eraiki duena. Zer axola lizuke? —jo nuen luzamenduaren bidetik.

        Galdera egin bezain agudo nire errakuntzaz ohartu nintzen: arrotzak arnasa hartu zuen, bidea erraztu zaiola pentsatzen duenaren lasaitasunarekin. Bere alde ikusten zuen aldartea. Liburuxka airean astindu, eta oilartuta hitz egin zidan:

        —Liburuxka honen toki berean, etxe tzar baten jabetzaren agiriak ere bazeuden, harik eta norbaitek beretzat hartu zituen arte —eta liburuxka gorde zuen azkar, lapurretaren imintzio eginez.

        Bihurritu egin nintzaion, ordu arteko atezu kortesia-itxurakoa baztertuz.

        —Nola froga zenezake? Nola sinetsarazi behar didazu kontu hori guztia ez dela zuk asmatua, etxe honen jabe egin asmotan? Eta nik agiriak lapurtu izan banitu ere, nola dakit nik zuk ere ez duzula liburua ostu? —esan nion zakar.

        Begiak argitu zitzaizkion. Aldarte on hark nabarmendu egin zuen ordu arte nahikoa oharkabean pasatu zitzaidana: artean gizon gordina, erasanda zegoen arrotza, aurpegi zurbil-zurbileko bi argi-zuloek salatzen zutenez. Mihura ederrenean dela, orduantxe ohartzen gara sagarrondoaren ahulaldiaz ere.

        Begietako argiaren neke beraz hitz egin zuen:

        —Zaude, zaude lasai, horiek guztiak argituko dizkizut-eta. Ez dakit oraindik nola, baina ez naiz etsizale. 

 

        Pausa egin zuen arrotzak. Beha neukan, nik zer adieraziko. Baina harridura ikusi balu ere nire aurpegikeran, ez ninduen mehatxuak harritu, arrotzaren hizketarako manera guztiz hanpatuaren segurantzak baino.

        Ikusirik ez nuela ezer erantzungo, hizketari jarraitu zitzaion, hitzak jaulkitzerako ahoan ondo biribildu, eta pausak eginez. Koba-zuloaren sakonera ezagutzeko bota ohi diren gibelarriak etorri zitzaizkidan burura.

        —Atsegin zait jauregia. Bertan hartuko dut ostatu —esan zuen amultsuki.

        Zaila zait adierazten arrotzaren zerk zapuztu zidan kemena; zergatik ez nintzen une hartantxe asaldatu, eta nola ez nuen, atea erakutsiz, ostikoka bota neure etxetik; zerk blaitu zizkidan izuaren izerdiz galtzarbeak. Arrotzaren hizketarako dotoreziak? Nondik zetorren eta zer nahi ote zuen ezagutzeko irrikak? Haren begi-ninietako distira burlosoak? Mehatxutzat ere definituko ez nukeen abisu-gisako zerbaiten ganduak?

Garapena: Dijitalidadea SL