Anjel
Lertxundi

1948 (Orio)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Goiko kale

1973, Gero

Ajea du Urturik

1971, Etor

Hamaseigarrenean aidanez

1983, Erein

Urtero da aurten

1984, Erein

Tobacco days

1987, Erein

Carla

1989, Erein

Kapitain Frakasa

1991, Erein

Otto Pette

1994, Alberdania

Lehorreko koadernoa

1998, Alberdania

Ihes betea

2006, Alberdania

Konpainia noblean

2004, Alberdania

Zoaz infernura, laztana

2008, Alberdania

NARRAZIOA

Piztiaren izena

1995, Alberdania

Azkenaz beste

1996, Alberdania

Letrak kalekantoitik

1996, Alberdania

Argizariaren egunak

1998, Alberdania

Lurrak berdinduko nau

1990, Erein

IPUINA

Hunik arrats artean

1970, Lur

Aise eman zenidan eskua

1979, Erein

SAIAKERA

Mentura dugun artean

2001, Alberdania

Gogoa zubi

1999, Alberdania

KRONIKA

Italia, bizitza hizpide

2004, Alberdania / Berria

BIOGRAFIA

Martin Ugalde, leialtasun baten historia

1997, Andoaingo Udala

ETNOGRAFIA

Tresak eta Kordelak

1993, Zarauzko Udala/Itxaropena

ANTOLOGIA

Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)

1991, Erein

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Gizon kabalen piurak

1982, Erein

Tristeak kontsolatzeko makina

1982, Erein

Eskiatzaile herrenaren kasua

1988, Erein

Kaxkajo bahituaren kasua

1988, Erein

Paris de la France-ko pateen kasua

1988, Erein

Alarguntsa sikodelikoaren kasua

1989, Erein

Sardina ezpain gorriaren kasua

1989, Erein

Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe

1993, Erein

Estalaktita rockeroaren kasua

1989, Erein

Nire kuleroak

1999, Elkar

Musubero mon amour

2000, Elkar

Aizak eta aizan elkarrekin dantzan

2002, Elkar

Zorion perfektua

2002, Alberdania

Lertxundiren liburuak ezagutzen ez dituztenek orain daukate aukera euskal idazle handienetariko baten lanaz gozatzeko. Gure arazoez, gure gizarteaz, gure jarrerez hitz egiten die nobela honek gure kontzientziei, literaturak bakarrik dakien bezala, apal baina sendo.

Rikardo Arregi Diaz de Heredia (El Periódico de Alava, 2003-04-09)

        Atea itxi eta argia piztu nuen. Hala ere, eskailerak eta ezkaratza, beti bezala, erdi ilunpetan, argi kaskarra egiten baitzuen bonbilla ilaun bakartiak. Zoko-usaina ere, ohikoa. Zorroaren estalkia kokospean hartu eta partiturak gorde nituen. Arin-arin jaitsi nituen eskailerak, handik lehenbailehen alde egitearren. Atzean utzi nahi nituen arpegioak eta eskalak, digitazioak, akademia eta pianoko andereñoa.

        Kanpora irten orduko, haize min batek jo ninduen aurpegian. Hobeto sentitu nintzen. Zamarraren lepokoa jaso eta hondartza inguruko etxadietarantz hartu nuen, arratsaldero bezala tren-geltokiko bidea hartu ordez. Ez nituen jada piano-hotsak eta hatz-ariketak entzuten. Ea gaur ikusten dudan, eta bihotza jauzika, gustatzen zitzaidan mutilarekin topo egiteko aukeragatik. Pozak ez zuen asko iraun, andereñoak bost minutu lehenago egindako mehatxuaren kausaz:

        «Ezin emango dizut kontserbatoriora aurkezteko pasea. Ez, behintzat, Bonheur parfait guztiz menderatu arte».

        Hasperen egin nuen. Ez nuen sekula mekanizatuko Schumannen piezaren azken partean jokatzen den bi eskuen arteko elkarrizketa.

        «Eskuineko eskuak protagonismoa utzi behar dio ezkerrekoari, ezkerrekoa da nagusi, ezkerrekoa nagusi, ezkerrekoa nagusi...».

        Horrexek galtzen nau oraindik ere: ezkerreko eskuari jaramon egin beharragatik, eskuina kemenik gabe edo desgaraiz edo brastakoan erabiltzeak. Bien arteko jardunaren oreka faltak. Ahula dut ezkerra, eta piano jotzen hasi nintzenetik, beti egin behar izan dut ahalegin berezia ezkerra trebatze aldera. Halatan eta urteetan egindako lanari esker, ez dut arazo larririk ezkerraz soilik ari naizenetan: berdin-berdin jo ditzaket eskuinaz zein ezkerraz teknika handia behar duten esku bakarrerako pasarteak, inork ez lidake igarriko ez naizela ezkertia. Ez dut, bada, piezaren beraren zailtasuna beste eragozpenik izaten errepertorio normal bateko piezak jotzeko orduan. Ezkerrak nagusi eta eskuinak laguntzaile behar dutenetan sortzen zaizkit arazoak, eskuina baldartu egiten baitzait eta kontrakarrean segitzen baitio ezkerrari. Eskuinak ez daki ezkerraren morroi izaten, hori da kontua. Eskuin gehienei gertatzen zaigun gauza omen da, baina horrek ezin du piano-jotzaile bat kontsolatu.

        Akademiako irakaslearen jarduna entzuten ari naizela iruditzen zait, hain bereak zituen adibide erretorikoez zipriztindua:

        «Noiz egiten dute bat, non egiten dute bat beheranzko mareak eta goranzkoak? Ez duzu ikusten elkargunea, inork ezin dezake antzeman momentua, baina, mundua mundu denetik, egunean bi aldiz gertatzen den miraria da. Esku batek ere hala utzi behar dio besteari protagonismoa, marea batek besteari bezalaxe. Bortizkeriarik eta koskarik gabe, con sottigliezza, gure belarriak ez du ezer nabarmendu behar».

        Maite dut Schumann, haren piano-lanak batez ere. Xaloak eta naturalak egiten zaizkit: ez dira jotzeko gaitzak, pianoaren teklek nekerik gabe erantzuten diete hatzei. Baina, paradoxikoa badirudi ere, erraztasuna bera dute Schumannen piano-lanek zailtasun nagusi: pianoa sottigliezzarik gabe joz gero, haren piezek beren xarma guztia galtzen dute; onik onenean, erdibidean gelditzen dira, ez dute malenkoniarik ematen. Eta Schumannek, malenkoniarik gabe, asko galtzen du.

        Ni, ordea, erdibide horretan eta galga malenkoniatsu hori lortu ezinik gelditzen nintzen Schumannen pieza batzuekin, batez ere Bonheur parfait jotzerakoan. Tonu-aldaketa noiz iritsiko beldurrez egiten nuen piezan aurrera; artega, ez nintzen kontzentratzen partituran. Badator! Orain, oraintxe dator... Eta zailtasunaren momentua iristen zenean, zakarregi ekiten nion aldaketari. Edo arinegi. Andereñoaren belarriak —eta baita neureak ere— nabarmentzeko moduan, behintzat.

        Schumannek Clara Wieck maitaleari emandako aholku bera ematen zidan andereñoak: «Pozarren joko dituzu piezok, baldin teknikaz ahanzten bazara».

        Hitz horiek, lagundu ordez, urduriago jartzen ninduten.

        Ez zen erraza, ez, niretzat; nire pianoa jotzeko era teknikoa baita, intuiziozkoa edo birtuosoa bainoago.

        Herriko institutuan egin beharko nuen hurrengo ikasturtea ere. Eta, okerragoa zena, musika-akademia berean segitu beharko nuen. Beste urtebete gutxienez, andereñoaren mareari buruzko irudi eta metaforak entzuten.

        Bonheur parfait!

        Kanpaiek jo zuten, ilun, geldo. Bat, bi..., zortzi arte. Eskumuturreko ordulariari begiratu nion. Kanpaien hotsa eta ordua bat zetozen. Arratsaldero bezala, gizonezko bat elizaurreko burdinazko atetzarra ixten ari zen, drogazaleek gaua elizatarian pasa ez zezaten.

        Pausoa bizkortu nuen, piano-ariketek berandutu nindutela entzuteak nekez errendituko zuen-eta amak orduari zion errespetu maniatikoa. Jarritako ordua, ororen gainetik: ezinbesteko ezusteak ere aitzakiak ziren amarentzat. Besterik frogatu arte, behinik behin.

        Euri-usaina zerion ilunabarrari, hodei goibelez zegoen zerua belzturik eta liztor haserretuaren soinua egiten zuen haizeak etxe tarteetatik pasatzean. Burua sorbaldan hondoratu eta zamarraren lepokoa estutu nuen bi eskuez masailen kontra.

        Modako kantari baten ahots zakarra eta flipper baten takateko metalikoak, taberna txiki batetik.

        Ezker-eskuin begiratu nuen gurasoen ezagunik zegoen ikusteko. Gizon ilun bat tabernarantz. Beste inor ez. Arriskurik ez. Taberna pareko balkoipean babesturik, zigarro bat piztu nuen. Gogo betez irentsi nuen lehendabiziko kealdia.

        Une horretan, itzal moduko bat ateratzen da taberna ondoko ezkaratzetik. Gizon ilunarengana hurbiltzen da. Eta hor entzuten dut, paum!, eztanda txiki bat, soinu lehor bat, pertsianek haizearen eraginez hormaren kontra jotzean egiten dutenaren antzekoa.

        Gizon ilunak garrasi ito bat egiten du eta begiratu egiten dit. Zigarroa erortzen zait lurrera. Lehertu beharrean ikusten zaizkio begiak, argitara jarritako kristalena bezalako distira batez. Begira daukat gizona. Ahoa irekitzen du: irribarre inozotzat ere har daitekeen keinu oinazetsua egiten ari zait. Ematen du ez duela ulertzen zer ari zaion gertatzen. Gero, erortzen hasten da, poliki-poliki, bekainak jasota, galdera mutua eginez bezala. Karraska egiten diote belaunek, eta, kolpea saihesteko, esku bat luzatzen du eskumenean duen helduleku bakarrerantz: kaleko lorontzi harrizko bat, kaio-zirinez zuritua.

        Lorontzian, lore moreak moltsotan. Bainila-usain sotila darie. Eta gizonari, aho-ertzetik, odola. Modako kantariaren ahots zakarra eta flipper-hotsa itzali egin dira bat-batean.

        Pauso batzuk sentitzen ditut niregana hurbiltzen, lasterka bizian. Imajinatzen dut zer datorren. Ukabilak ahoaren kontra estutu eta begiak ixten ditut. Paum! entzuten dut berriro. Paum! Paum! Ez dut erreakzionatzen. Ezin dut. Auto baten gurpilek nire atzean sekulako zalaparta ateratzen dutenean ere, ni zurturik.

        Noizbait, begiak zabaltzen ditut.

        Lorontziari ez heldu bai heldu segitzen dute gizonaren eskuak eta begiek.

        Kaio baten itzala, itsas aldetik etxe artean barrena. Bi jira arretatsu, pausaleku hila. Hegoei eragin eta itsasorantz jotzen du berriro. Haizea trumilka dator etxe arteetatik: plastikoak, harea, hosto ihartuak zirimola eroan.

        Bat-batean, zaku bete batena bezalako hotsa ateratzen du gizon ilunaren gorputzak zorua jotzean.

        Aho zabalik gelditzen da, biziari irteten uzteko seguruenik, arnasa hartzeko baino. Begirada, berriz, galdu egin zaio nire eta lorontziaren arteko punturen batean, eta begipean dituen azal malguko bi poltsatxoek areagotu egiten diote begiradaren iluna. Mugimendu txiki ezindu bat egiten du, burua

zorutik pare bat zentimetro jasotzeko adinakoa. Lepoaren bueltan, sokatxo beltz bat, eta, handik zintzilik, zilarrezko lauburu bat.

        Begiak ixten ditut ostera.

        Eta aditzen dut gizon tirokatuaren buruak zorua kolpatzen duela.

        Bukatu da guztia.

        Gogoan dut ez nuela negarrik egin, barrenak ez zidala aienerik eragin. Bi metrora neukan hildakoa. Harrituta begiratzen nion. Eztarri-ahoan halako hunkidura bat, bihotzaren zokoren batetik haraino etorria. Negargurarik ez, ordea.

        Ageriko zirkinik ez zuen sentimendu samur huts bat, nolabait esateko.

        Hildakoari ahotik zerion odolaren bide bera egiten hasi ziren nire begiak: haren aurpegitik abiatu, zoruko zirrikituetan barna egin eta nire oinetaraino.

        Atzera egin nuen.

        Arrasto gorriak bere bidea egiten segitu zuen, bizi, eta lorontziaren azpiko hauts trinkotua gizentzen hasi zen.

        Lauzpabost gazte irten ziren, isilpe erabatekoan, taberna txikitik: haien itzalak uzkurturik eta hormarekin bat eginda urrutiratu ziren. Ikusezin bihurtu nahi zutela zirudien.

        Ez dakit zenbat denbora egin nuen gorpuaren aurrean, odolak zoruan utzitako orbanari begira.

        Hartan, sirena-hots bat hurbiltzen ari dela konturatzen naiz. Odola zoruan nola, sirena

ere etxadien artean bere tolda bilatzen ari den hots soil bat da lehenbizi. Hots bat beste hainbaten artean. Berehala, sirena-hotsa, itsasoa isilarazterainoko indarra harturik, espaloi gainera igo eta neure pare-parean gelditzen da. Bigarren auto bat iristen da jarraian.

        Hiru ertzain jaisten dira lehendabizikotik, eskuak gerrian eta begiak zoli hara-hona, arriskua nondik etorriko. Bigarren autokoek toki estrategikoak hartzen dituzte etxadiaren ertzetan. Ingurua kontrolatuta dutela iruditzen zaienean, lehen autokoei keinu egin, eta hango ertzain bi, astiro eta alde guztietara begira, hildakoarengana hurbiltzen dira. Seinale bat balitz bezala, ertzainak agertu ahala, hainbat gizon-emakume irteten da ezkaratzetatik eta kale-kantoietatik, etxe zahar hutsean labezomorroak pareta zuloetatik ateratzen diren gisan. Izua aurpegian, kukuka bezala eta isilean hitz eginez ari dira hurbiltzen.

        Elea bero hasten dira ertzainak, atzera! atzera!, eta, haietako bi miatzen ari direlarik gorpuaren inguruak, beste bi ertzainak plastikozko zerrenda zuri-gorri bat jartzeari ekiten diote, lurrean datzana jendearengandik bereizteko. Murmurioaren hesiak, hasieran xehe, gero zalapartatsu, zerrendak berak ez bezalako muga jartzen du hildakoaren eta nire artean. Zerrendak urrundu egiten nau hildakoarengandik eta jendearen jakin-minak eta murmurrak nahastu.

        Ihes egiteko premia dut. Handik urrutira joan beharra; gauaren beltzean galdu, hildakoaren odola lorontzi-azpian bezala; zinema batean sartu eta, ordu eta erdian entzun daitezkeen paum!, paum! guztiak entzunagatik ere, krispetak jan eta Coca-cola edan patxada ederrean.

        Hankek, ordea, ez didate erantzuten.

        Buruak agintzen dit alde egiteko handik eta alde egiteko handik, baina hankek ezin dute, ez dut mugitu ere egiteko indarrik.

        Beste sirena batzuk oldartzen dira kalean. Anbulantzietatik, erizainak irteten, odol-poltsa eta ohatilekin. Ertzain gehiago bertara: atzera!, denok atzera! Hurbiltzen da argazkilari bat ere, segaila eta moderno itxurakoa, zigarro-mutur bat ezpain artean hartuta. Zerrenda zuri-gorriaren azpitik pasatu eta flash! flash! egiten du. Ahitu zaio zigarroa eta jaurtitzen du airera. Mutxikinak, behea jotzean, txinparta txiki batzuk ateratzen ditu. Argazkilariak ostikada bat ematen dio mutxikinari. Txinpartik ez.

        Ni nagoen aldera begiratzen du, begi bat erdi itxirik, zerbait oldozten bezala. Galdu egiten dut bistatik. Bat-batean, txist!, entzuten dut nire atzean. Jiratzen naiz, bizkarra ematen diot hildakoari. Hor ikusten dut berriro argazkilaria, kamera begien parean hartuta.

        Flash! egiten du ostera.

        Esker oneko begi-keinu bat egiten dit. Segituan jiratu, eta badoa, etorri bezain arin.

Garapena: Dijitalidadea SL