1948 (Orio)
Egile honen
beste liburuak
NOBELA
1973, Gero
1971, Etor
1983, Erein
1984, Erein
1987, Erein
1989, Erein
1991, Erein
1994, Alberdania
1998, Alberdania
2002, Alberdania
2006, Alberdania
2008, Alberdania
NARRAZIOA
1995, Alberdania
1996, Alberdania
1996, Alberdania
1998, Alberdania
1990, Erein
IPUINA
1970, Lur
1979, Erein
SAIAKERA
2001, Alberdania
1999, Alberdania
KRONIKA
2004, Alberdania / Berria
BIOGRAFIA
Martin Ugalde, leialtasun baten historia
1997, Andoaingo Udala
ETNOGRAFIA
1993, Zarauzko Udala/Itxaropena
ANTOLOGIA
Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)
1991, Erein
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1982, Erein
1982, Erein
1988, Erein
1988, Erein
Paris de la France-ko pateen kasua
1988, Erein
Alarguntsa sikodelikoaren kasua
1989, Erein
Sardina ezpain gorriaren kasua
1989, Erein
Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe
1993, Erein
1989, Erein
1999, Elkar
2000, Elkar
Aizak eta aizan elkarrekin dantzan
2002, Elkar
Konpainia noblean
2004, Alberdania
Anjel Lertxundiren konpainia noblean egotea plazer hutsa izan da, paragrafo perfektu batek beste bati eman dio segida, txirikorda eder bat berakatz bakoitzaren edertasunak sortzen duelako.
Igor Estankona (Deia, 2004-10-12)
ABAXI
Aspaldi bateko lapur baten berri izan dute baserritarrek. «Lapur bat! Lapur bat!». Bai, baina nolakoa? Gauez dabilena da agian. Edo bide bazterrekoa. «Ondo zaindu ganadua, trangatu ganbarako atea, sartu perdigoiak eskopetari!». Halako batean, leiho erdi irekitik, bidean datorren gixona ezagutu dute baserritarrek. «Abaxi!». Izena entzun orduko, baserriko helduek lapurrarenganako ardura galdu dute; eta umeek, lilura.
«Abaxi! Fa! Utikan ergeltzar hori!».
Nor da, ordea, Abaxi? Lapurtu beste erremediorik ez zuen pertsonaia tristeren bat izango zela iradokitzen du Azkueren hiztegian ageri den konparazioak: Abaxi bezain ohoin. Lhanderi, berriz, Mila eta bat gauetako pertsonaia bat ekartzen dio gogora: Sorte d'Ali-Baba.
Ez nik dakit, ez nirekin hemen bizi den inork daki hortik kanpoko ezer Abaxiri buruz, euskaldunok ez baitiogu ipuin bakar baten pozik eman izena besterik ezagutzen ez diogun lapurrari. Ez zaio balentriarik ezagutzen, gure irudimenaren mapan ez dago haren ibileren zantzurik: bi hiztegietako aipamen laburrak ekarri du guganaino. Esan liteke preso dagoela bi hiztegi horietako lerroetan, bat edo batek noiz askatuko. Inork ez daki nola, baina, halako batean, Abaxik hiztegien oin-bilurrak askatzea lortu du, eta ihes egin du literatur lilura urriko lerro lexikografikoetatik.
Haren istorioa izan zitekeena pentsatzen hasi naiz ni: «Abaxi izeneko eskulangile pobre bat bere sotoko ate-mailan zegoen eserita, eta bere patu txarraren kontrako madarikazioa ari zen behin eta berriro zeruetara jaurtitzen. Zeruak, ordea, erantzunik ez. Halaxe zeramatzan nik al dakit zenbat urte. Egun batean, ordea, lapurren haitzuloan sartzeko hitz magiko sekretua ekarri zion haizeak Abaxiri duna handien abarotik:
«—Sesamo, zabal hadi!».
Kontakizunari ondo datozkion digresio historiko eta kultural batzuen ondoren, lapurren haitzuloraino eraman dut Abaxi:
«Abaxik, lertxun-orria baino urduriago, hitz magikoak esan zituen lapurren altxor-zuloaren aurrean. Sarrerako harlosa tzarra astiro-astiro mugitzen hasi orduko, urrezko distira sekulako batek itsutu zuen eguna. Abaxi haitzulora sartu eta dirua patriketan gordetzen hasi zen, ohartu gabe haitzuloko urre-altxor hura guztia pilatu zuten Ali-Baba eta berrogei lapurrak hurbiltzen ari zitzaizkiola atzetik...».
Berehala aspertu nau, ordea, bi hiztegietan ageri den pertsonaia-izen huts hori abian jarri nahi zuen ahaleginak, eta, elezaharraren eremu eguzkitsuetatik egunerokotasun lazgarriaren tristurara itzulirik, aurreko guztia kurtsoreaz bildu, eta ezabatzekotan egon naiz. Ez nago ados ahaleginarekin, ez diot zentzurik ikusten istorio betikoak errepikatzen jardun beharrari. Hortik —kontu zaharren errepikapenetik alegia— nahikoa eta gehiegi egiten dugu egoitza honetan gauden guztiok ere.
Horregatik idatzi dut koadernoan:
«Alferrik ari naiz: iraganarekiko izan dugun arreta-falta da, gurean, Abaxi bezain ohoin» (Koaderno beltza, Super Conquerant, 22 x 17).
Gero, ordea, bururatu zait horrelakoek ere ekar dezaketela etekinen bat, zaborrik baztertuena ere birzikla dezakeen artea baita literatura. Eta atzera-aurrera horretan nondik jo nezakeen frogatzeko, hautsa kentzen hasi naiz memoriaren ganbaran erdi galduta neuzkan Abaxi bezalako hainbat pertsonaiei. Horiei buruz idazten hasiko banintz, ordea, ez nituzke beren betiko forman eman behar. Pertsonaia hortik kantu eta abarretan duten presentziak nire lanaren abiapuntua izan beharko luke, ez jomuga, ez bertan goxo egiteko aitzakia. Egile anonimo batek bizia eman zienei izaera klonikoa eman ordez, hortik abiaturiko izaera berria ematen saia naitekeela pasatu zait burutik. M'exalta el nou, m'enamora el veu, zioen J.V. Foix poetak. Zaharrak berri, beraz. Hori da. Hori izan daiteke hari bat. Gautxo baten kantako narratzailea dama gazte baten bila dabilen bezala, neu ere hor has naiteke hainbat pertsonaien ateak kax-kax jotzen:
—Nire kapak magala zabala du, biok tapa gintezke —egin dut gonbita lehendabiziko atean.
Lotsatu itxura eman nahi duen algaratxo batek erantzun dit lehendabiziko atetik:
—Handik tira eta hortik tira, kapa apurtuko genuke.
Hurrengo atean, goitik behera aztertu nau atea zabaldu didanak:
—Ez al zara zaharregia inor gorteiatzen hasteko?
Hirugarren atean, berriz, hizketako doinu bihotzoneko batek:
—Ate txikitxo hori pasatuta da nire gelako bidea.
«Bat-bateko intuizioei ez omen zaie behar duten baino garrantzi gehiago eman behar. Baina behar dutena eman beharko zaie gutxienez», pentsatu dut. Eta hori ere, hitzez hitz, Super Conquerant koadernora pasatu dut.
Ukitu leuna du koadernoak. Identifikatu ezin dudan zerbait gogorarazten dit usainak. Aspaldi irakurri nuen liburu baten paperarena seguru asko. Edo txikoria-belarrarena. Ez dakit: geriatrikoko gernu-usainak berehala berdintzen ditu gainerako guztiak.
In tenue labor: identifikatu ezin dudan usaina gogoan, lehendabiziko pertsonaiaren atzetik abiatu naiz, geriatrikotik irten gabe.
KATTALIN
Larruzko zigor baten klaska entzun da airean, bortitz eta firrindari. Zaldiek trosta bizkortu dute hirirako bidean. Klask!, entzun da ostera. Zalgurdiko gidariaren zigor fin minak berunezko bolatxo bat darama puntan.
Arri, eia, arri!
Gero eta hurbilago dago, hiruzpalau legoatara, araberako hiriaren perfila, alditan zuria, alditan urdindua. Harantz doa zalgurdi dotorea.
Antzokiko argiek piztuta behar dute honezkero.
Bide bazterreko soroan artajorran ari diren baserritar batzuek, eskuak aitzurretan bermatu, eta markesaren zalgurdiari segitu diote begiradaz aldirietatik hirirainoko galtzadan aurrera. Pozez daude baserritarrak, beren arteko batek, dantzan artajorran baino hobeki zekien neska pinpirin hark, dantzaririk onena izatea lortu baitu: handiki gehienek beren guztia emango lukete Kattalinen jabe egiteagatik, horixe egiteko prest omen dago markesa bera ere. Baina agian ez da pozarena, eta bai gaitzespenarena, nekazarien begietako distira hori, pobreari ez zaiolakoan komeni aberatsaren klasea. Agian. Nork daki. Pobretasuna ez da sekula harrokeriaz hartu behar: pobretasunaz txantxa egitea bezain baldarra litzateke hori.
Nola ere den, iritsi da zalgurdia hirira eta antzokirantz hartu du bulebarrean aurrera. Ez da bakarra: hiriko txalet dotoretsuenetako eta aldirietako gaztelu eta jauregietako zalgurdi ugari dator bulebarrera ematen duten kale eta zumardietatik, tropelean dator oinezko jendea ere; handia eta koloretsua da guztien artean osatzen duten anabasa.
Zein gizon ondo hezik ez lituzke begien aurrean ikusi nahiko Kattalin, Kattalinen dantza limurkorrak, ezpainetako karmin gorriak indartutako Kattalinen irribarrea? Zein damak egingo lioke uko bere senarraren edo bere maitalearen ametsetako izaki zerutiarra in praesenti ezagutzeko paradari?
Gela ez da handia. Lorez beterik daude bazter guztiak, eta haien usain sarkorrak, ia mareagarriak, hartua du airea. Batzuen ametsetako eta besteen kezketako Kattalinek jantzi berri du tulezko gonatxo txuri arina. Dantzarako abarketatxoak lotu ditu gero. Ez darama etxekoek oparitu zioten artalez egindako lepoko bat beste pitxirik soinean. Ispilu inguruko bonbilla ugarien argitasun gorrikarak dantza egiten du Kattalinen tutu-jantzian. Hanka puntetan jarri, eta ttikun-ttakun, erdi kantuan hasi da neska eta pauso airoso batzuk ematen kamerinoaren erdian. Dantzatu behar duen piezaren erritmoa markatu nahi luke, baina ostera ere —hainbestetan gertatzen zaio!—, neska koskorretan kantatzen zioten txantxa baten airea nagusitu zaio:
«...dantzan hobeto daki, artajorran baino».
Atea jo dute. Kattalinek ezer erantzun baino lehen, galaz jantzitako gizon bat sartu da kamerinoan, bastoia eta kapelua esku batean, orkidea bat bestean. Ibilera, itxura, esku-mugimendua, longainaren hegaletan bildutako buru patrizioa, dena du gizonak dotore. Ez, ordea, begirada. Ezta hizketa-modua ere. Halakoak hobeto nabarmentzen dira leku itxi estuetan: belar moztu berriaren azpian gordetako sugeak bezala, beroa behar dute suspertzeko.
Markes jaunak neskaren esku zuri-zuria hartu eta muin eman dio. Ziurretsirik dago errendituta daukala dantzaria, jauregira eramango duela ikuskizuna amaitu bezain aise, lihozko maindireen artean elkar maitatzen erreko dutela gaua...
Oihu egin diote Kattalini kamerinoaren kanpoko aldetik. Bost minutu falta omen dira ikuskizuna hasteko. Orkestra, koroa eta dantza-taldea prest omen daude.
Kattalinek, irribarre bat behartu, eta beste loreen artean utzi du markesak oparitutako orkidea. Desenkusazko hitz bi egin dizkio gizonari. Gero, agertokirantz abiatu da presaka. Markesak gonbiteren bat egin dio pasilloan —afaria... zalgurdia... jauregia... horrela biziko ginateke beti...—, baina Kattalin agertokiaren erdian dago ordurako, oihala noiz jasoko eta orkestrak Eleder suitearen preludioari noiz ekingo.