Anjel
Lertxundi

1948 (Orio)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Goiko kale

1973, Gero

Ajea du Urturik

1971, Etor

Hamaseigarrenean aidanez

1983, Erein

Urtero da aurten

1984, Erein

Tobacco days

1987, Erein

Carla

1989, Erein

Kapitain Frakasa

1991, Erein

Otto Pette

1994, Alberdania

Lehorreko koadernoa

1998, Alberdania

Zorion perfektua

2002, Alberdania

Ihes betea

2006, Alberdania

Konpainia noblean

2004, Alberdania

Zoaz infernura, laztana

2008, Alberdania

NARRAZIOA

Piztiaren izena

1995, Alberdania

Azkenaz beste

1996, Alberdania

Letrak kalekantoitik

1996, Alberdania

Argizariaren egunak

1998, Alberdania

Lurrak berdinduko nau

1990, Erein

IPUINA

Aise eman zenidan eskua

1979, Erein

SAIAKERA

Mentura dugun artean

2001, Alberdania

Gogoa zubi

1999, Alberdania

KRONIKA

Italia, bizitza hizpide

2004, Alberdania / Berria

BIOGRAFIA

Martin Ugalde, leialtasun baten historia

1997, Andoaingo Udala

ETNOGRAFIA

Tresak eta Kordelak

1993, Zarauzko Udala/Itxaropena

ANTOLOGIA

Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)

1991, Erein

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Gizon kabalen piurak

1982, Erein

Tristeak kontsolatzeko makina

1982, Erein

Eskiatzaile herrenaren kasua

1988, Erein

Kaxkajo bahituaren kasua

1988, Erein

Paris de la France-ko pateen kasua

1988, Erein

Alarguntsa sikodelikoaren kasua

1989, Erein

Sardina ezpain gorriaren kasua

1989, Erein

Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe

1993, Erein

Estalaktita rockeroaren kasua

1989, Erein

Nire kuleroak

1999, Elkar

Musubero mon amour

2000, Elkar

Aizak eta aizan elkarrekin dantzan

2002, Elkar

Hunik arrats artean

1970, Lur

Sargoria

 

        Aitonaren hortzak beztuta daude. «Piorrea dauka» esan zuen behin amak. Andoniri galdetu behar diot zer den piorrea.

        Aitona ur bila joan denean, alpargatak busti ditu eta su ondoan jarri nahiko ditu, beti bezala, besorik ez duen egur landuaz egindako aulki zaharraren gainean. Eskuak usaitu eta igurtzi ondoren, ganbarara igoko da akuilu baten diametroa daukan aterkiaren bila. Babarrun zuritu gabeak hartu eta balkoira aterako ditu, aterkia zabalik utziko, babarrunak eguzkiaren beroz gehiegi lehor ez ditezen.

        Hauxe da unea. Atea irikiko dut ixil-ixilik, eskailerak jetxiko eta Andonirengana ibaira joanen.

        Eguzkia oraintxe etzan da zelaian basoaren adar eta ostroen sapaia emeki-emeki hausi ondoren. Gero hementxe etzanen gera gu ere, Andoni eta ni, alegia, gure gorputz bilutsiak lehortu arte.

        —Andoni, zer da piorrea?       

        Gaur urak ez du Andoniren biluts zuria bustitzen. Ibaiak aintzira bat dirudi. Irribarrez dago ur geldiaren bakea Andoniren gorputz bilutsiaren inguruan. Gaztetxoen lehendabiziko muxua dirudi: batetik, muxuaren beharra nabaitzen dute, bainan, bestetik, ikaragarrizko beldurra diote.

        Nere jantziak Andonirenen aldamenean utzi ditut eta harri txiki bat ipini dut gainean. Beldur diot gaur izanen dugun ekaitzari eta haizeari. Geldiune hauek beti ekarri ohi dute hego haizea edo itsasekaitza.

        —Zelan deitzen zaio geldiune huni, Andoni?

        Ama etxeratu baino lehen alde egin behar dut. Ordu hauetan haurtxo batek baino muku gehiago jasoa izanen da.

        Bai, sargoia. Aitonak askotan erabiltzen duen hitza. Esaera zahar bat ere entzun ohi izan diot sarritan: «Anima-sargoiak deabrua inguruan».

        Ama orain sendagailearen etxea garbitzen egonen da. Aspaldi huntan ez nau eramaten. Sendagaileak zelan ordaintzen jakinen banu ez bezala.

        Nesken artean zenbaterainoko irrikak sortu ote ditu Andoniren gorputz zuri horrek? Eta ni ere, uretan murgiltzean, bere gorputza mirestera inguratuko natzaio.

        —Hotz al dago?

        Alferrikako galdera egin diote eta berak ere ba daki hainbeste. Erantzuna irribar batean gelditu da eta «hator lehenbailehen» esan dit. Hondarra kixkalduta dago. Gaur ibaiaren beste ertzeraino joan behar dut. Andoni lagun dudala, noski, ni bakarrik ez bait naiz ausartzen. Zuhaitzetara igoko gera eta kabiak aurkitzen saiatuko. Joan zen asteko txoriak hogei duroz ordaindu zizkidaten. Alkatearen loretegian kabi bat dago eta, jakin dudanez, datorren astean argiaren ez dakit ze auzi zuzentzera joan behar omen du hirira. Andonik biharko ziur jakinen du alkateak noiz alde egin behar duen, bere aita baserritarren alderdiko edila baita. Kabia lapurtuko dugu berak alde egin bezain laister eta txorikumeak haziko ditugu handiak direnean txori-merkatariari saltzeko.

        Ura epela dago. Aurten udara udazkenari egunak kentzen ari da eta udazkenak neguari kentzen badizkio, negua urtearen hasieratik martxoa amaitzeraino luzatuko da eta nik hamalau urte betetzen ditudanean, elurra izanen dugu eta itsasoan erabiltzen dugun txapaz jetxiko naiz Andoniren baserritik nere etxeraino. Andoniren baserrira aginduak egitera joan behar dudanean, tipulak erostera adibidez, handik txaparekin jetxiko naiz, baina hortarako, txapari atzean plastikozko zorro bat erantsiko diot tipulak barruan ekartzeko. Gaztainak eta intxaurrak ere bai.

        —Gaur txoriak ez dituk bere kabietatik irtenen.

        Ahoa urez beteta zeukala hitz egin du eta bere aboza barrika baten barruan egindako oihuaren hotsa iruditu zait.

        Txoriak beldur diote beroari, noski. Sargoi dago eta «anima-sargoiak deabrua inguruan». Beldur diote. Gaztetxoek muxuari bezala. Aitonak esaten duenez, gauza txarra da garai hauetan zeruan txoririk ikusten ez denean.

        Iparrekoa hasia da. Hura geldirik dago bainan hondarrak jolasa nahi duela dirudi. Hodei beltzak datoz iparretik.

        —Gauerako ekaitza izanen diagu.

        Zer pentsatuko ote luke aitonak ni hemen bilutsik ikustean? Hasieran, lotsa ematen zidan Andoniri begiratze hutsak bainan orain ohitu egin naiz. Gauean oheratzean, kolunpioan nabaitzen den bezalako daldar goxoa nabaitzen dut gerritik hasi eta belaunetaraino. Aitonak ez ditu gauza hauek ulertzen baina amak bai, amak ondo ulertzen ditu; horregatikantxe joaten da sendagailearen etxera. Eta ulertzen baditu, zergatik ez nau eramaten?

        —Aitonak baratzara joan behar du eta geldi zaitez etxea zaintzen.

        Harrezkeroztik ez nau berarekin eraman.

        —Andoni...

        —Zer?

        —Ezerrez.

        Ez ote naiz piorrea zer den galdetzera ausartuko? Lehen ere galdetu diot bainan ez dit erantzun.

        —Andoni...

        —Zer nahi duk?

        —Zer da... piorrea?

        —Hortzetako gaitz bat.

        —Beste ezerrez?

        Beldur nintzen. Asko maite dut aitona eta ez diot ezer txarrik desiratzen. Piorrea ilea erortzearen antzeko gaitz bat zelakoan nengoen.

        —Eta ilea erortzen denean?

        —Batzuetan sifilisaren seinalea. Bestetan, zahartzaroarena.

        Euriaren hotsa kristaletan entzutea da hunelako gauetan gehienbat atsegin dudana. Gaur gogotik ari du. Bihar aitonaren aterki handia eramanen beharko dut ikastolara eta lotsatu eginen naiz. Azkeneko aldiz euria egin zuenean Andonik «noren sotanaz egindako aterkia duk hori?» galdetu zidan eta lagun guztiak barre egin zuten. Zergatik ote zen? Behin, neskak desiratzen egoten direla esan zuenean bezala. Zer desiratzen ote dute? Harrokeria handia iruditzen zait Andoni bere gorputzez jardutea.

Garapena: Dijitalidadea SL