1948 (Orio)
Egile honen
beste liburuak
NOBELA
1973, Gero
1971, Etor
1983, Erein
1984, Erein
1987, Erein
1989, Erein
1991, Erein
1994, Alberdania
1998, Alberdania
2002, Alberdania
2006, Alberdania
2004, Alberdania
2008, Alberdania
NARRAZIOA
1995, Alberdania
1996, Alberdania
1996, Alberdania
1998, Alberdania
1990, Erein
IPUINA
1970, Lur
1979, Erein
SAIAKERA
2001, Alberdania
1999, Alberdania
KRONIKA
2004, Alberdania / Berria
BIOGRAFIA
Martin Ugalde, leialtasun baten historia
1997, Andoaingo Udala
ANTOLOGIA
Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)
1991, Erein
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1982, Erein
1982, Erein
1988, Erein
1988, Erein
Paris de la France-ko pateen kasua
1988, Erein
Alarguntsa sikodelikoaren kasua
1989, Erein
Sardina ezpain gorriaren kasua
1989, Erein
Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe
1993, Erein
1989, Erein
1999, Elkar
2000, Elkar
Aizak eta aizan elkarrekin dantzan
2002, Elkar
Tresak eta Kordelak
1993, Zarauzko Udala/Itxaropena
Kuriosoa, benetan!
Imajinatzen al duzu orain berrogei bat urteko Zarautz? Egizu ahalegina. Irudika itzazu zure gurasoak, galtza motxetan aita, belaunetatik behera amaren gona. Aitak ubeldu bat dauka begi ondoan: gaztain-gerran ari zirela Txerri-kalekoak Purpurinetakoen kontra, gaztain batek jo dio begian bete-batean. Ama, berriz, Iñurritzan, herriko beste puntan, haserre dago: lagunekin irten nahi luke kalera, baina amak —zure amonak— San Pelaioren kapila izebaren etxera eraman behar duela agindu dio (kapila haiek egurrezko gordailu batzuk ziren; kristala zuten aurreko aldean eta, kristalaren atzean, santu jakin baten irudia —San Pelaio, San Felicisimo, Santa Marina...— gordetzen zen; hogeita hamar bat bezero izaten zituen kapila bakoitzak eta etxe batetik bestera aldatzen zen egunero, hileroko erronda osatu arte).
Irudika itzazu zure gurasoen bi etxeak. Telebistarik ez, herriko etxe gehienetan ez dago irratirik ere. Gauero, afal aurretik, errosarioa errezatzen dute sukaldeko suaren inguruan. Amonak ekonomika handi batean egiten du sua, ez baitago butanorik edo sukalde plakadunik. Aitonak ekartzen du tailerretik tximiloa eta behar adina egur. Ikatz zakukada ere erosten dute astero. Eta, udako egun sargoritsuenetan ere, sua piztu behar izaten du amonak. Ez dago beste erremediorik, arrautza prejituko bada, lentejak egosiko badira.
A ze beroa egiten duen sukaldean! Nola aguantatzen ote dute zure aitaren nahiz zure amaren amak, zure amonek? Ez dago izozgailurik eta, horregatik, egunero egin behar izaten dira erosketak. Txorruan freskatzen da ardo botila eta janariak balkoian gordetzen dira, sarez estalitako freskera batean. Bandeja bat dauka freskerak jelarentzat eta, goizero, kamioi bat ibili ohi da etxez etxe jela partitzen. Emakumeak balde batekin jaisten dira kalera, jela-bloke handiak erostera.
Zure amonek eskuz garbitzen dute zure aitak edo zure amak zikindutako arropa, arraskan daukaten harrizko plakaren kontra xaboiarekin ondo igurtziz galtzak eta gonak; ez baitago garbigailurik; ez baitago lehorgailurik ere.
Telefonorik ere ez dago, eta balkoira irten dira zure aitaren ama, zure amaren ama, bazkaritarako dei egitera:
—Aizak, ez al haiz jolasean aspertuuu?
—Uztan sokasalto txoro hori, eta hator bazkaltzeraaa!
Zure aitak hamar bat urte dauzka. Zure amak ere hor nonbait. Komunio txikia egin zuten zazpi urterekin eta orain komunio handia egiteko prestatzen ari dira. Egunero joaten dira elizara dotrina ikastera. Baina ez ordu berean. Ez dago ondo ikusita neskak eta mutilak elkarrekin ibiltze hori. Eskolak ere bereziak dira neskentzat eta mutilentzat.
Apaizak galdetu dio aitari:
—Zu cristaua al zera?
Eta aitak erantzun dio:
Bai, jauna, ni cristaua naiz Jaungoicoari esquerrac.
Apaizak galdetu dio amari:
—Zertaco da Sakramentu Santu matrimoniocoa?
—Ezcontzeko eta emateco ezconduei grazia, onequin bizi ditezen paquean eta criatu ditzaten semeac zeruraco.
Amak, eskolatik irten denean, agur esan dio, beste lagunekin batera, maestrari:
—Hasta mañana, si Dios quiere, y si no vengo no me espere.
Aitak, berriz, piper egiten du batzutan. Atzo ere piper egin zuen. Santa Barbara aldean, Montetxiotik gora, ibili zen, adasketan bixka jarri eta txoriak harrapatzen. Bada auzoan txolarreak-eta pezeta batean erosten dituen gizon mixkin bat, txori txikijale amorratua dena.
Goizean, eskolara sartu denean, maisuak zure aitari deitu dio. Atzo non arraio ibili zen galdetu dio maisuak. Txori harrapaketan ibilitako beste mutil haren erantzuna pasa zaio aitari burutik:
«Señor maistro, txoria visto, harria tirado, hankian pegado, txoria eskapado, denbora pasado».
Ez du, ordea, ezer esan. Sorbaldak jaso ditu. Maisuak egurrezko erregla dauka eskuetan. Aitak eskuin eskuko hatzak bildu ditu, mahats mordo bat bailiran, eta maisuak erreglarekin jo dio hatz puntetan.
Arratsaldean zigortuta gelditu da gaueko zortziak arte. Berandu iritsiko da etxera, gurasoek non ibili den galdetuko diote, eta, berriro, jipoia jasoko du. Ama bada jipoitzailea, zapatilarekin emango dio ipurdian edo erratza-makilarekin hanka-zuztarretan; aita bada, gerrikoarekin bizkarrean.
Gustura ibiltzen dira kalean. Beren-berea da kalea. Ez da kamioirik pasatzen, ez da autorik pasatzen, eta kalearen erdi-erdian marrazten dituzte neskek txingotako marrak. Kale erdian uzten dituzte jertse lodiak mutilek, haiek bil-bil eginda tontorrak osatu, eta porteriaren mugatzat balio dezaten.
Txingoarekin aspertu eta sokasaltoan hasi da ama. Al pasar la barca, me dijo el barquero...
Aita eta bere lagunak astoketan hasi dira. Batek mina hartu du; aitak, haren bizkar gainera salto egiterakoan, belaunak bota dituelako aurretik; haserretu eta borrokan hasi dira; apartatu dituztenean, lau iskinetan jolasten hasi dira...
Iluntzen hasi denean, neskak eta mutilak piskanaka-piskanaka elkarrengana arrimatu eta batera hasi dira, jiji eta faja, jolasten Munoan. Mutilek oihu egin dute:
—Tres navíos en el maaar!
Eta neskek erantzun dute:
—Y otros tres en alta maaar!
Gero harrapaketan hasi dira. Kuriosoa da, benetan: mutilen bat baldin bada harrapari, neskaren baten atzetik joango da lehendabizi; neska baldin bada harrapari, mutilen baten atzetik. Garaiak hain diferenteak izanda, zergatik ote dira nesken eta mutilen arteko jolasak hain berdinak atzo eta gaur?
Kuriosoa, benetan!
Zarautz, bere txikian
Valladolidek eta Madridek urte askoz bizi izan zuten, Espainiako gorte izan nahi-eta, bien arteko liskarra. 1561.az geroztik da Madrid Espainiako hiriburu, Felipe II.ak gortea Valladolidetik Madrilera eraman zuenetik.
Ia ehun urte beranduago liskarrak jarraitzen zuenez, Alonso Núñez de Castrok, Felipe IV. aren kronistak, liburuxka bitxi bat idatzi zuen izenburu bitxiagoarekin: Libro histórico político, sólo Madrid es Corte y el cortesano en Madrid. Madrid Espainiako hiriburu izatearen aldeko apologia bat da.
Ordutik honantza sarri erabili da Sólo Madrid es corte esaldia Madridi egindako alabantza gisa. Baina hemeretzigarren mendean, liskarra ahaztuta zegoenean, Madrileko idazle ezagun batek, José Selgasek, hala idatzi zuen Zarautza etorri zen batean:
«Zarautz herri txiki bat da. Bertan, ordea, gorte deitzen diogun gauza handi hori ederki kabitzen da».
Esaldiak badu bere arrazoia: Isabel II.ak Zarautz hautatu zuen uda pasatzeko toki, eta bertara ekarri zuen gortea eta Narros-eko jauregian egin ziren ministrari-kontseilu zenbait.