1948 (Orio)
Egile honen
beste liburuak
NOBELA
1973, Gero
1971, Etor
1983, Erein
1984, Erein
1987, Erein
1989, Erein
1991, Erein
1994, Alberdania
1998, Alberdania
2002, Alberdania
2006, Alberdania
2004, Alberdania
2008, Alberdania
NARRAZIOA
1995, Alberdania
1996, Alberdania
1996, Alberdania
1998, Alberdania
1990, Erein
IPUINA
1970, Lur
1979, Erein
SAIAKERA
2001, Alberdania
1999, Alberdania
KRONIKA
2004, Alberdania / Berria
BIOGRAFIA
Martin Ugalde, leialtasun baten historia
1997, Andoaingo Udala
ETNOGRAFIA
1993, Zarauzko Udala/Itxaropena
ANTOLOGIA
Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)
1991, Erein
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1982, Erein
1982, Erein
1988, Erein
Paris de la France-ko pateen kasua
1988, Erein
Alarguntsa sikodelikoaren kasua
1989, Erein
Sardina ezpain gorriaren kasua
1989, Erein
Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe
1993, Erein
1989, Erein
1999, Elkar
2000, Elkar
Aizak eta aizan elkarrekin dantzan
2002, Elkar
Eskiatzaile herrenaren kasua
1988, Erein
Mapa, foileto eta egunkari,
ekin dio Madamek abentura berriari
«KULTURA EZ DA ERRENTA» izena zuen herriko liburudenda ponpoxoenean erositako mapa eta folleto turistiko kolorin kolorekoak besapearen babesean zituela igo zituen arnasestuka eta birikak ahotik bota beharrean Madame Kontxexi Uribe emakume mardulak bere etxeko eskailerak.
Ateko tinbrean jo baina inortxok ere irekitzen ez zionez, beste bitan ere sakatu behar izan zuen tinbrea, etsipenez bigarren aldian, bestekaldetik ireki behar liokeenaren patxada ondo ezagutzen duenaren jarrera arnegatuaz, amorrazioz hirugarrenean, lo goxoenean zeundenean esnatu zaituen arkakusoa bi behatzen artean kraskatzen duzunean bezalatsu.
—Arranopola gorri! Noiz arraio ireki behar ote dit atea kakati horrek?
Bost minutu luze eta beste bost segundu ez hain luze pasa ziren Madame Kontxexiren seme Bixentikok, galtzetako kremailera zaratatsua ixten zuen bitartean etxeko atea ireki zionerako:
—Zu al zinen, ama?
—Nor izango huen, ba, demonio iñuxentea! Orain ere hire habia horretako atea ixten ari al haiz? Komunean hengoen, beti bezala, ezta?
Arrapaladan botatako hitzak amaitzerako Madame Kontxexi iritsia zegoen egongelara, eta mapa eta foileto kolorin kolorekoak bota zituen besapearen babesetik sofa baten gainera, bere neurrira egina zirudien bigarren sofa zabal batera bere ipurdi xamur bezain mardulak deskantsura botatzen zituen bitartean.
Eta Madame eseri zenean, plof! egin zuen sofa koittaduak lehendabizi, ñeee! ñeee! hasi zen kexuka gero, eta baleeee! lasaitu zen azkenik.
—Isilik egoten dakien sofa bat erosi beharko diat egun hauetakoren batean... Ez didak erantzun, Bixentiko? Komunean al hengoen orain ere?
Kremailera itxi bezala zabaldu zuen Bixentikok ahoa; fundamentu haundirik gabe:
—Ba, bai... komunean...
—Eta, beti bezala, egunkari txororen bat irakurtzeari emanda, ez duk hala? A ze kakaldi ilustratuetan lasaitzen haizen, Bixentiko! Kanta ezagun harri jaramon egingo bahio eta aurretik bezala atzetik ere ibiliko bahu sikiera papera...
Baretzen ari zitzaion amasa Madame Kontxexiri, ekaitzaren ondoren haizea zuhaitzetako adarretan babesten denean bezala.
—Esposizio batera eramateko modukoak egongo dituk orain ere hire kantzontziloak!
Gero, suspirio batez:
—Ai, Picassok ezagutu izan balitu hire kantzontziloak! Gaurko pintura abstrato hori beste modu batekoa izango huke, bai!
Haserre begiratu zion Bixentikok eta egunkaria luzatu bere kakaldi ilustratu haien garrantzia frogatu nahi izan balio bezala:
—Ikustazu, ama, irakurri ezazu zer gertatzen ari den guk oporretara joan behar omen dugun Echo-ko haran alde horretan...
Egunkaria luzatu zion Bixentikok amari. Ondoren, salto txiki bat eman eta galtzak erretenetik askatzeko keinu nabarmena egin zuen.
—Eta nork esan dik hiri Echo-ra joan behar dugula? Zergatik ez ote gaituk Candanchu-ra joango? Edo Luz Ardiden-era? Edo, hegazkina hartu eta Calgary-ra? Horretarako erosi dizkiat mapa eta folleto turistiko guzti hauek, oporretara nora joan ongi pentsatzeko eta antolatzeko asmoz.
—Tira, tira, ez zaitezela hasi, ama, primeran ezagutzen dugu elkar eta! Irakurri iezaiozu egunkariari dioena eta badakit Echo-ko Siresara abiatuko garela.
Egunkaria zabal zezala eskatu zion amari eta gero eta tonu haserretuagoa hartzen ari ziren Bixentikoren hitzak, berriro ere salto txikiak emanez, erretenetik askatzen ez zitzaizkion galtzak bere onera eraman nahiz:
—Gainera, han oso ondo ematen omen dute jaten... Ez al da egia Candanchun eta beste toki guzti horietan plastikozkoa dirudien janaria ematen dutela, e? Hala esaten duzu zeuk behintzat, urtero, amorrazioz...
—Hago isilik, kakalardo arrania, eta errespetu piskat, Siresako arkume txuleta erreak gogoratze hutsak gaisotu egiten natxiok eta! Ez haiz orain nire tripa zorriak dantzarazten hasiko, ezta? Ekatzak sukaldetik mortadela ogitarteko bat eta pasa hakidak egunkari txoro hori, ea zer dioen...
Bixentiko purruztadaka abiatu zen sukalderantz; eta gelako atetik:
—Sukaldera baino lehen bainura noa, ez diodala bonbari tiratu iruditzen zait eta...
—Ondo zegok, ondo zegok... Papera astintzea ahaztuko zitzaian, ezta? A, eta bitartean galtzak erretenetik askatzen baldin badituk?
Madame Kontxexik semea izkutatu zitzaionean bakarrik zabaldu zuen egunkaria, bi esku pottoloez maindire baten oihalaren erresistentzia frogatu nahi izaten dugunean bezala:
«Heinrich Von Salchichen industria gizon alemaniarra Pirinioetara joan da bere oporrak pasatzera. Inork ez ditu bere benetako asmoak ezagutzen, baina jakina da industrial superaberatsak egiten duen bidaia bakoitzak diru usaina eramaten duela beti bere atzetik...»
—Diru usaina bakarrik balitz... —esan zuen Madame Kontxexik begiak egunkaritik jasoz. Gero, irakurketari jarraitu zion arreta haundirik gabe:
«...eta kontsultatu ditugun iturriek diotenez, lurralde haietako agintariak kezkaturik daude zein diru usainak eraman ote Heinrich Von Salchichen ardi eta mando kakak bakarrik usaintzen diren Pirinioetara jakin nahi tristean».
Bixentiko agertu zen galtzak kendu eta bata eroso bat jantzi ondoren. Eta amari:
—Zer iruditu zaizu berria?
Madame Kontxexik harrituta bezala begiratu zion Bixentikori:
—Zergatik pasa didak berri txoro hori? Hire amari senargai aberatsa aurkitu nahian ari al haiz? Heu haiz, heu, andregaia behar duena, baina ez diat uste bata horrekin eta pantorrilak bistan dituala inongo neskarik liluratuko duanik...
Bixentikok ezer ulertzen ez duenaren modura ireki zuen ahoa eta lerdea erori zitzaion ezpain artetik.
—Gainera —jarraitu zuen Madame Kontxexik— ez duk nire gustoko tipoa, eraztun sofistikatu eta diktadore ezagun batena dirudien bibote mehe eta guzti. Izango dik nahi duen diru guztia, baina niri gustatzen zaidan xarma falta zaiok...
Bixentikok begiratu zion ama irakurtzen ari zen orrialdeari, eta beste bat seinalatu ondoren, bere mingainaz ezpainetatik zerion lerdea eztarriratuz:
—Ez da hori orrialdea, ama, bosgarrena baizik. Begi bistakoa zen Madame Kontxexi nekatuta zegoela eta gogoz kontra bezala egin zion jaramon semeari eta ditxosozko bosgarren orrialdea irakurtzen hasi:
«TURISMOA BELDURTURIK ECHO HARANEKO PISTETAN.
Siresako gure korrespontsalak adierazi digunez, Echo Haraneko agintari guztiak etsita omen daude aurten turismo gutxi izango ote duten, bertako eski-pista ezagunetan inoiz baino istripu gehiago gertatzen ari omen direla eta. Han gertatzen ari diren elur jauziak ez omen dira eguraldiak eraginak eta, horregatik, agintariak beldur dira...»
—Ebarixto gaixoa, zenbat sufritzen ari ote da gizona! Ez daukan beste erremediorik, Kontxexi, auskalo hire adiskidea zein arrisku izugarrietan dabilen eta laguntza eskaini beharko dion...
Ogitartekoa eskaintzen ari zitzaion Bixentikori begiratu zion Madamek, maindirearen kalitatea erabaki ondoren oihala askatzen denean bezala egunkaria ixten zuen bitartean. Sekulako horzkada eman zion bokadiloari eta aho betez hasi zen hizketan:
—Beldurtuko ez duk, ba, turismoa? Noski, eskiatzen ikasten ez duen bitartean... A ze kuixidadea izaten duen jendeak pistetan ibiltzeko garaian! Halere, hago lasai, Bixentiko, turismo haundi uste hori beldurtuko duk baina ez hire ama, alajaina!
Eta, ondoren, horoskopoaren orrialdean ireki zuen Madamek egunkaria:
—Ikusten al duk? Egun zoragarriak pasa behar ditudala ziok nire horoskopoak:
«Izarren konjunzio guztiak zure alde daude eta aprobetxa metxa!».
Etsipenez makurtu zuen burua Bixentikok Negar egiten hasi behar zuela zirudien.
—Orduan, ez duzu etsitzen, ezta?
—Etsi? Hire kaskezur gogor hori pitzatzen hasi al zaik, Bixentiko?
Eta mapa militar batean eskiatzeko pista bakoitza banan banan seinalatuz:
—Siresara joango gaituk, erabakita zegok. Nola utziko diagu, ba, Ebarixto, laguntzarik gabe? Gainera, aurten jende gutxiago baldin badoa, hobe, pista guztiak libre izango dizkiagu biontzat.
—Bestela ere guretzat bakarrik izaten ditugu pista guztiak eskiatzaileek zu ikusten zaituzten bezain laster, ama...
—Ez duk, ba, amari adarra jotzen hasi nahiko? Inbiriaz begiratzen dik jende guztiak nire eskiatzeko modua, grazia, eta abilidadea...