Anjel
Lertxundi

1948 (Orio)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Goiko kale

1973, Gero

Ajea du Urturik

1971, Etor

Hamaseigarrenean aidanez

1983, Erein

Urtero da aurten

1984, Erein

Tobacco days

1987, Erein

Carla

1989, Erein

Kapitain Frakasa

1991, Erein

Otto Pette

1994, Alberdania

Lehorreko koadernoa

1998, Alberdania

Zorion perfektua

2002, Alberdania

Ihes betea

2006, Alberdania

Konpainia noblean

2004, Alberdania

Zoaz infernura, laztana

2008, Alberdania

NARRAZIOA

Piztiaren izena

1995, Alberdania

Azkenaz beste

1996, Alberdania

Letrak kalekantoitik

1996, Alberdania

Argizariaren egunak

1998, Alberdania

Lurrak berdinduko nau

1990, Erein

IPUINA

Hunik arrats artean

1970, Lur

Aise eman zenidan eskua

1979, Erein

SAIAKERA

Mentura dugun artean

2001, Alberdania

KRONIKA

Italia, bizitza hizpide

2004, Alberdania / Berria

BIOGRAFIA

Martin Ugalde, leialtasun baten historia

1997, Andoaingo Udala

ETNOGRAFIA

Tresak eta Kordelak

1993, Zarauzko Udala/Itxaropena

ANTOLOGIA

Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)

1991, Erein

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Gizon kabalen piurak

1982, Erein

Tristeak kontsolatzeko makina

1982, Erein

Eskiatzaile herrenaren kasua

1988, Erein

Kaxkajo bahituaren kasua

1988, Erein

Paris de la France-ko pateen kasua

1988, Erein

Alarguntsa sikodelikoaren kasua

1989, Erein

Sardina ezpain gorriaren kasua

1989, Erein

Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe

1993, Erein

Estalaktita rockeroaren kasua

1989, Erein

Nire kuleroak

1999, Elkar

Musubero mon amour

2000, Elkar

Aizak eta aizan elkarrekin dantzan

2002, Elkar

Gogoa zubi

1999, Alberdania

1

 

        Hogeita bost urte dira Franco hil zenetik. Mende eta milurteko berriaren atarian gaude. Esanahi sinboliko nabarmeneko bi data berezi horiek errainua ere berezia ematen diete euskalgintzan sortu diren bi egitasmo handiri: Euskara Biziberritzeko Plangintzak eta Euskararen Kontseiluak iragan beltzari atea itxi eta etorkizunari horizonte itxaropentsua zabaltzea dute helburu. Horren guztiaren inguruan, badira pozteko motiboak ematen dituzten datuak, ere. Ehuneko berrogeita lau igo omen da euskaldunen kopurua: 190.682 herritar gehiagok daki orain euskara 1981. urtean baino, eta igoera hori hezkuntza sistemak ekarri du, batez ere.

        Pisuaren beste platerean, ordea, behar bezalako arretarik eskaintzen ez diogun datu kezkagarri bat: euskararen erabilera ez da ia igo, non?, eta Erkidego Autonomoan, burujabetza politiko handiena duen euskal lurraldean.

 

 

2

 

        Dooinney-Oie iratxo onkoteak, haizearen forma harturik, ekaitza zetorrela abisatzen zien garai bateko irlandarrei:

        —Doooooinney-Oieeee! Doooooinney-Oieeee!

        Damurik, Irlanda burujabean gero eta ulergaitzago zaie haizearen hizkuntza.

 

 

3

 

        Erabilerari eta kalitateari buruzko datuei bizkar ematen dien baikortasun interesatu asko dabil euskalgintzaren plazan. Harriak izerditan jartzerainoko nekeak hartzen ditugu askotan itxuroso agertzeko. Niri, ordea, ez zait baikortasun itsu hori interesatzen (tonto hark ere, hotzik pasatu nahi ez eta, elurraren existentzia ukatzen zuen elur-maluta gizenak artile-printza berogarriak zirela esanez).

        Zer nahi ere den, ez ditut suzirien moduko ekarri eta eskandaluak ere atsegin: zalaparta eta distira asko sortzen dituzte supituan, baiki. Baina, zeru beltzaren erdian itzali orduko, ilunpea eta isiltasuna nabarmenagotzen dituzte.

 

 

4

 

        Jar gaitezen izeneko artikulu bat argitaratu nuen Egunkarian, 1999. urtearen hasierarekin bateratsu samar:

 

        "...Datu guztiek diotenez, euskarari eutsi egin diogu; nabarmena da, halaber, gaurko euskal kulturak orain hogeita bost urte ez bezalako hazpegiak eta edukia dituela. Apustu politiko berriek ere halako baikortasun euforikoa ekarri dute eta ekartzen ari dira euskararen plazara.

        "Hala ere, euskalgintzan jardunaren jardun ari den jende saiatu askok ez ditu gauzak batere garbi; urteak eta urteak lanean ari den askok etsipenez begiratzen dio egindako bideari: hutsuneak eta zuloak ikusten ditu irakaskuntzan, liburugintzan, herritarron eguneroko jardunean; defizitak antzematen dizkio euskararen proiekzioari; pentsatzen du bide gehiago ibil zitekeela baina ez dugula egiten asmatu; konturatuta dago begiak ixten dizkiogula arazo larri askori; ilusionatuko duen proiektu garbi, finko eta eraginkor bat falta zaio; euskararen inguruko eztabaida ezak kezkatzen du; atezuan dago globalizazioaren aurrean, ez baitu globalizazio horri buruzko estrategiarik ezagutzen...

        "Honela laburbilduko nuke nik auziaren muina: lehendabizi, eztabaidatzen ez diren bidean bideko hutsune eta arazo larriak. Segidan, eztabaida faltak eragozten dituen etorkizunerako proiektu garbiak. Eta horren guztiaren erdian —edo gainean, eguzkitik babesten gaituen baina eguzkia kentzen digun palio gisa—, euskararen inguruko sakralizazioak eraiki duen totemaren itzal luzea, akritizismoaren tabu-sistema osoa hedaturik euskalgintzaren bazter ezkutuetaraino.

        "Jar gaitezen, bada. Har dezagun larritasunik eta erresuminik gabeko jarrera eraginkorra eta, serio baina patxadaz, has gaitezen hausnarketan. Hitz egin dezagun ditugun kezkez eta nabarmentzen ditugun hutsuneez. Baita frustrazioez ere. Bidera ditzagun ilusioak, kemenak, proiekzioak, perspektibak. Har dezagun etorkizuna aztergai.

        "Amesten hasi eta, halako urtebete sabatiko bat emango nioke euskalgintzari, bide-bazterreko mugarrian eseri, kirioak eta birikak lasaitu, eta atseden har dezan. Egin dugun bideari begiratuko genioke, begiratuko genioke aurrean zain dugunari ere, eta, hausnarketari hausnarketa metatuz, aurrera egiteko arnasa berrituko genuke. Hitz gutxitan: plazara ditzagun kezkak, arazoak eta ezinak, egin dezagun autokritika, eskain ditzagun proposamenak.

        "Eta, amesten segituz, demagun urtebeteko hausnarketa hori sektoreka egiten dela, eta sektore guztiak euskararen halako biltzar orokor batean biltzen direla hemendik urte batera, proposamen guztiak aztertu eta eztabaidatzeko.

        "Euskarari mende berri itxurosoa eskaini nahi dioten guztiek lukete tokia eztabaidaren plaza guztietan. Horretarako, ordea, etxean utzi beharko genituzke aurrejuzguak; etxean, hurkoa larrutuz egiten diren autokritikak; eta etxean, halaber, euskararen mundua bat eta kolore bakarrekoa dela hedatu zaigun ustea.

        "Baina hori guztia nola eraman aurrera? Ez naiz oso erakundezalea, eta ditugunetatik at —handi zein txikietatik at; ofizial, sasiofizial eta herritarretatik at; arautu zein asanblearioetatik at— eramango nuke nik eztabaida aurrera, asmoa biziaturik jaio ez dadin. Begi-bistakoa da, ordea, nola-halako antolamendu bat behar dela hori guztia bideratzeko. Autonomoa eta eraginkorra. Ezeren eta inoren aurka jaioko ez litzatekeena, ez baldin bada euskalgintzari aurrera egiten galarazten dioten inertziak zirtziltzeko. Ez luke handia izan behar. Ez luke —ez du!— zertan garesti jo behar. Urte sabatikoarekin jaio eta urte sabatikoarekin hilko litzateke.

        "Baina bigarren mailako gorabeheratzat dut nik antolamenduarena: helburuaren morrontzan egon behar luke, eta ez alderantziz. Bada, garbi utzi nahi nuke eztabaida bera dela proposamenaren helburu eta jomuga bakarra.

        "ltalo Calvinok sei proposamen interesgarri egin zituen datorren milurtekorako. Bakarra dut nik neure xaloan eta, oraingoz, zehaztapen handirik gabea: jar gaitezen".

 

        Artikuluak ez zuen prentsan-eta zirkinik eragin. Ez naiz, ordea, hain etsikorra, eta hemen nator berriro ere arlo honetan zer esanik duenak bere uste, iritzi eta iniziatibak plazara ditzala eskatuz.

 

        Ager dezadan nire kezka nagusia, zuzen eta ez bidenabar, 1596. urteko Refranes y sentencias bildumako oihartzun elegiako halako bat duen esaera bat hizpide harturik:

 

        "Handia da ene mina: esan nahi eta esan ezina".

 

        Esan nahi eta esan ezina, horixe da, ezer izatekotan, hiztun batek bizi lezakeen trajediarik lazgarriena.

        Begira dezagun geure inguruan: euskaldun asko trabuka eta espainola mutu-makilatzat harturik ikusten dugunean, badakigu olioztatu gabe eta herdoilak joak dituela bere hizkuntzaren bazterrak. Logikoa denez, hiztun horrek objektu bat -diskurtsoa— eraiki nahi du, baina diskurtso hori baldarra ateratzen zaio, kiskun-kaskunez tupustua, ertzik eta sakontasunik gabea; xehetasuna, ironia edo anbiguotasuna bezalako barne-ibilerak falta zaizkio; bizi-kemenik gabea du jarduna, indargea, herrena.

        Begi-bistakoa da euskaldunoi ez zaigula zer eta nolakoak garen esateko gogorik falta.

        Handia da, ordea, gure mina.

        Baina hitzak hitza du zor, eta hitzak hitza du sortzen. Esan nahi da erabilerak bakarrik trebatzen eta arintzen duela hitza. Dabilen harriari goroldiorik itsasten ez zaion bezala, dabilen hitzari ere ez zaio herdoilik lotzen.

 

Garapena: Dijitalidadea SL