1948 (Orio)
Egile honen
beste liburuak
NOBELA
1973, Gero
1971, Etor
1983, Erein
1984, Erein
1987, Erein
1989, Erein
1991, Erein
1994, Alberdania
1998, Alberdania
2002, Alberdania
2006, Alberdania
2004, Alberdania
2008, Alberdania
NARRAZIOA
1995, Alberdania
1996, Alberdania
1996, Alberdania
1998, Alberdania
1990, Erein
IPUINA
1970, Lur
1979, Erein
SAIAKERA
1999, Alberdania
KRONIKA
2004, Alberdania / Berria
BIOGRAFIA
Martin Ugalde, leialtasun baten historia
1997, Andoaingo Udala
ETNOGRAFIA
1993, Zarauzko Udala/Itxaropena
ANTOLOGIA
Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)
1991, Erein
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1982, Erein
1982, Erein
1988, Erein
1988, Erein
Paris de la France-ko pateen kasua
1988, Erein
Alarguntsa sikodelikoaren kasua
1989, Erein
Sardina ezpain gorriaren kasua
1989, Erein
Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe
1993, Erein
1989, Erein
1999, Elkar
2000, Elkar
Aizak eta aizan elkarrekin dantzan
2002, Elkar
Mentura dugun artean
2001, Alberdania
Liburu paregabea gure munduaz gogoetatzeko eta mundua bera pentsatzeko.
Mikel Asurmendi (Irunero, 2002-04)
Noiz ukendu, noiz mendeku
Liburutegi pertsonal oro bizitza baten egitasmoa eta ispilua da:
agerian daude jabearen ametsak eta desioak; haren ahulezien erradio-grafia egiten du,
haren hezibideak dauzkan hutsune izugarriak salatzen ditu. Eta, batez ere,
jakituriaren ateak zabal ditzakeen jakin-minaren neurria ematen du.
Koaderno Gorria
Super Conquérant, 155 x 215 mm.
Orain urte batzuk, bigarren eskuko liburuen dendatxo batean nenbilela, nire ezagun baten sinadura ikusi nuen liburu baten kortesiazko orri zurian. Interesaturik, orri-pasa hasi nintzen. Liburua azpimarratuta zegoen, in margine egindako apuntetxoak eta guzti. Liburua erosi nuen, liburuaren beraren interesagatik baino, adiskidea-ren apuntetxoekiko jakin-minez.
Etxera iritsitakoan, ordea, akotazioak eta azpimarrak irakurtzen hastekotan nintzela, halako har bat hasi zitzaidan barrenean zirtzika. Zer eskubide nuen nik nire lagunak testu batekin izandako elkarrizketa ezkutuko hartan sartzeko? Zer desberdintasun zegoen elkarrizketa haren eta, demagun, nire lagun horrek bere amorante batekin izandakoaren artean? Nik neuk ere ez al nuen, bada, aspaldian erabaki inori ez uztea azpimarratutako libururik? Ahaztuta al nituen lagun batek nik liburu batean azpimarratutakoekin bota zituen algarak eta egunetan jaso behar izan nituen irri-isekak?
Liburua hartu eta gutunazal batean sartzea erabaki nuen etsi-etsian. Lagunaren helbidea idatzi nuen gero, baina ez igorlearen izenik. Ez nion liburua nork bidaltzen zion adierazi nahi, susmo txarrik har ez zezan: seguru nengoen nik bidalia zela jakin bezain aise, ez niola sinestaraziko, munduko juramentu guztiak eginda ere, azpimarrak eta oharrak irakurri gabe gelditu nintzela.
Baina hartan, gutunazala ixtera nindoan instantean, argi bat egin zitzaidan nire baitan: nire lagunak liburua bigarren eskuko denda hartan saldu zuenerako, bazekien zertan ari zen, bazekien ezagunen batek eros zezakeela: arriskuaren jakitun zen. Halatan, bada, berak garrantzirik eman ez bazion bere jokabideari, zergatik eman behar nion nik?
Nire liburutegiko apaletako batean gordeta daukat liburua. Ez naiz, ordea, tentaldian erori, liburuko azpi-marrak irakurtzeko gogoak baino irrika larriago batek, inoiz burutuko ez dudan irrikak, bizi bainau ordutik: azpimarratuta dauzkadan nire etxeko liburuen —nire irakurketen— istorioak oroitzearen obsesioak.
Nola idazten dugun galdetzen zaigu beti; oso bakanetan gure irakurtzeko moduez eta irakurtzerakoan izaten ditugun bihotz-zimikoez, memoria argitzera etorritako deiez, adimenaren bideetan barna egindako joan-etorriez.
Baina ni nago idazteko erak adina informazio eman lezaketela idazle baten irakurketek eta irakurtzeko moduak. Idazle baten liburutegiak (apaletan haustutako liburuek; liburuetako azpimarrek eta in margine egindako oharrek; zein sasoitan zein liburu-klase irakurtzen zituen jakiteak) informazio ugari eman dezake idazle horren obraz. Nabokovek, eleberri bat idazten amaitu orduko, desagerrarazi egiten omen zituen eleberria prestatu eta idazterakoan baliatutako liburu guztiak. Bada gurean, guztiz kontrako bide batetik, Lizardik Tolosan omen zeukan liburutegiaren labur arruntagatik Biotz-begietan labur arruntzat juzkatu zuenik: ez zuen kontuan hartu 36ko gerra hasi zenean, Lizardiren alargunak Oria ibaira bota omen zituela liburu gehienak; arrunkeriaren salatzaileak edo ez zekien datua edo ez zitzaion datua aintzat hartzea komeni, Lizardiren poesiari buruz zeukan a prioria hondoratzen baitzion horrek. Nik ezagutzen ditudan liburutegietatik, Barojarena da argigarriena idazlearen nondik norakoak ulertzeko. Hala ere, egingo nuke Itzean ere arrasto garrantzitsu asko falta dela Baroja ulertzeko: ikasle-garaiko liburuek, bidean galdu zituenak, irakurri izanaren lotsaz ezkutatutakoak...
Bere bizitzaren eta bere irakurketen zakarrontzian zer-nola baliatuko ari den eskekoa da idazlea, zein loretan nolako polena bilduko dabilen erle urduria. Bizitza eta tradizioa, nire esperientzia eta nire aurrekoena, oraina eta lehena: bi-bietatik datorkio idazleari errealitatea deitzen duguna, eta literaturaren egitekoa da —egitekoen artean bat, alegia— inguratzen gaituen errealitatetik abiaturik, imajinatzen dugun mundua kontatzea. «Gauzei buruzko arrotza ez den ikuspegi oro faltsua da» graffitia agertu zen Sorbonako horma batean, 68ko maiatz gazte eta berde hartan. Bidaia baterako gonbidapena da ikasle matxinatuek Valéry-ri hartu zioten esaldi hori: errealitatearen alde arrotza argitzen saiatuz gaindituko dugu errealitatearen alde arrunta.
Bidaia horrexetarako gonbita da literatur liburu bat ere. «Egun batez, konpainia on batean, euskaldunik baizen etzen lekuan nengoela.. . »; «Mantxa-aldeko herri koxkor batean, bere izenik ez nuke gogoratu nahi...»; «Aberriaren abots eztia, gogamenaren ezkon xuria...!»; «Izkribuak hamaika orrialde ditu, holandarra deitzen den tamainakoak...».
Hasi da bidaia, portu miresgarrien ametsa, altxor preziatuenen desira, miseria gogaikarrienen ispilu-lana. Nork bere barruko zaurien ukendua nahi luke aurkitu, nork bere baitako mendekuen kitapena lortu. Hasierak bere altzoan du bukaera, zapalduen gainean eraikitzen dira heroiak, egoismoak eragindako porroten galeria da maitasuna. Horra historia ere amesgaiztotzat harturik, edo eredu gisa, edo izugarrikerien metaketa baten moduan, edo oroimenaren bazter ezkutuenak argitu nahi dituen kriseiluaren moldean, edo horiek guztiak biltzen dituen emaitza baten maneran. Mundua pentsatuz munduak eraikitzen dakien tresna; menturaz baliaturik, menturari aurre egiten dion arma; erantzunik gabeko galdera etengabea; komertziorako produktu miserablea eta utopietan sinesteak merezi duela erakusten digun miraria...
Hona, beraz, non, errealitatea berrasmatzearen kontuaz ari garelarik, poesia-liburu on bat zabaltze hutsak mugaz bestalde jartzen gaituen:
Hauskorra da helar ebaki berria:
Laburra, galburuei darien hatsa.
Luzea, luzea, heriotza.
Philip Larkinen hiru bertso horiek gure misteriozko izaeraren altzoan —airean jasotako eraikuntza ikusezin batean— soilik dagoen unibertso bateko legeen araberakoak dira, eta Balbearen sega-epaiak gizakion bihotzean utzi ohi duen urradura iradokitzen dute. Hori bakarrik? Ez, begi-bistakoena adierazi dut: gauza jakina da poesiak oso berea duela heriotzaren hurbiltasuna —Kafkak zioen kanturik hunkigarriena infernuko kondenatuena dela—, baina, hori esanda, ez dut agortu ez agortuko Larkinen poemak eragindako oihartzunen nondik norakoa. Kriseilu askoren argitara irakur daiteke poema eta autoreak berak ere ez du ulertzen eta ezin du argitu hitz bakan horiekin lortu duena. Jean Rostandi galdetu zioten batean zer esan nahi izan zuen bere maxima batekin; biologoak erantzun zuen:
—Maximak dituen zortzi hitzak baino zerbait gehiago esan nahi izan banu, idatziko nituen.
Poesiaren ikuspuntutik begiraturik, Larkinen testua ez da batere hermetikoa, aise hartzen zaizkio iradokizun agerikoenak, Coventryko poetak ez baitzuen besterik bilatu: metafisikari bizkarra erakutsiz, esperientziari -enpirismoari— ateak zabaltzea. Halatan ere, guk enpiristatzat jo arren, hizkera zientifikoak inpertinentetzat —desegokitzat, alegia— joko luke Larkinen poesia. Zertara dator belar ebaki berriari hauskorra deitzea? Zer logika klase du hatsaren laburra eta heriotzaren luzea lotzeak? Zergatik da heriotza luzea, luzea?
Baina poetikak berak ere ez daki erabakitzen nola, nondik, norantz, non sustraituta eta zein elementurekin sortzen den irudi bat. Ez daki erantzuten Borgesen galderari: «zergatik mundu guztiko eta garai orotako poetek jo dute metafora beren sorta berera, nahi adina aldaeren aukera genuenean nahi adina metafora berri sortzeko?». Halaber, poetikak ez daki zehazten zer nolako eragina duen irudi berak gaur eta atzo, nigan eta poema hori irakurri berri duen irakurlearengan.
Zilegi bazait aitormen bat egitea, adiskide min baten heriotzaren oroitzapena berritu zidan Larkinen poemak, lehenbizikoz irakurri nuenean. Adiskide mina uztail batez hil zen. Belar ebaki berriaren usaina zekarren aireak eta adiskide minak idatzitako poema baten zatia gogorarazi zidan Larkinenak...
Denbora hire esku artean zagok:
Ukitu, ukitu.
Luzea, luzea eta ukitu, ukitu errepikapenengatik ez bada, denboraren aipamenak heriotzarenera eramaten ez bagaitu, Claudio Rodriguezen poema horrek ez du zerikusi handirik Larkinenarekin, baina oroitzapenak horrelako lotura misteriotsuak egiten ditu.
Kontua da batek bestea ekarri zidala. Baina oroitzapen sentitu horren berri emateak ere nekez agor dezake poemak bere baitatik nire baitara ekarri zuena: porrota dute zigor testua bera baino luzeagoak diren itzulingurukako ahaleginek. Poema baten mezua poemakoak baino hitz urriagoetan zehazterik balego, poema ez zelako da.
Kontua da, halaber, idazketa bezain ekintza sortzailea dela irakurketa, kontua da plaza berean elkartu behar dutela biek literatur miraria gerta dadin. Joseph Conrad-ek zioen idazleak liburuaren erdia soilik idazten duela eta irakurlearen kontura doala beste erdia.