Anjel
Lertxundi

1948 (Orio)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Goiko kale

1973, Gero

Ajea du Urturik

1971, Etor

Urtero da aurten

1984, Erein

Tobacco days

1987, Erein

Carla

1989, Erein

Kapitain Frakasa

1991, Erein

Otto Pette

1994, Alberdania

Lehorreko koadernoa

1998, Alberdania

Zorion perfektua

2002, Alberdania

Ihes betea

2006, Alberdania

Konpainia noblean

2004, Alberdania

Zoaz infernura, laztana

2008, Alberdania

NARRAZIOA

Piztiaren izena

1995, Alberdania

Azkenaz beste

1996, Alberdania

Letrak kalekantoitik

1996, Alberdania

Argizariaren egunak

1998, Alberdania

Lurrak berdinduko nau

1990, Erein

IPUINA

Hunik arrats artean

1970, Lur

Aise eman zenidan eskua

1979, Erein

SAIAKERA

Mentura dugun artean

2001, Alberdania

Gogoa zubi

1999, Alberdania

KRONIKA

Italia, bizitza hizpide

2004, Alberdania / Berria

BIOGRAFIA

Martin Ugalde, leialtasun baten historia

1997, Andoaingo Udala

ETNOGRAFIA

Tresak eta Kordelak

1993, Zarauzko Udala/Itxaropena

ANTOLOGIA

Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)

1991, Erein

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Gizon kabalen piurak

1982, Erein

Tristeak kontsolatzeko makina

1982, Erein

Eskiatzaile herrenaren kasua

1988, Erein

Kaxkajo bahituaren kasua

1988, Erein

Paris de la France-ko pateen kasua

1988, Erein

Alarguntsa sikodelikoaren kasua

1989, Erein

Sardina ezpain gorriaren kasua

1989, Erein

Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe

1993, Erein

Estalaktita rockeroaren kasua

1989, Erein

Nire kuleroak

1999, Elkar

Musubero mon amour

2000, Elkar

Aizak eta aizan elkarrekin dantzan

2002, Elkar

Hamaseigarrenean aidanez

1983, Erein

Narrazioaren erritmoagatik irabazten du nobelak arreta. Balio literarioetatik at, interesa lortzen jakin du: climax-eraino eraman gaitu irakurleok. Gustora eta jesarraldi batean irakurtzeko nobela dugu hau.

Jon Kortazar (Jakin, 1983-09)

        Ez nuen leihorik ireki behar izan gertatuko zitzaidana ezagutzeko. Etxeko atearen danbatekoak esnatu ninduenean jakin nuen jazoko zitzaidana. Begiak ireki eta gelako aulki bakarra senarraren erroparik gabe ikusi nuen unetik. Kolpe batean irentsitako etsipena. Hala ere xehetasunak ez nituen zehatz ezagutu leihorantz joan, pertsianaren gibelean aire bizi eta eraginkorra usaindu apirileko goiz ilun, euritsuan eta haize boladak leihoaren oinarriak astindu zituen arte.

        —Martzelina, ustekabean gertatu da!

        Edo:

        —Ez dugu ezer egiterik izan.

        Hala esango zidaten atea irekitzen nienean. Eta hainbeste urtetan beldurra izan nion espantu harrapagaitza sartuko zitzaidan etxera. Esango zizkidatenak eta isilduko zitzaizkidanak hausnartu nituen, haurtzaroko oroitzapen maiteenen gardentasun berdinaz ikusi eta usaindu bainuen zortzi bat ordu barru etxeratu behar zitzaidana.

—Dios, iritsi da! —pentsatu nuen, eta baita ozenki esan ere horrela eginak indartuko banindu bezala.

Baina ez nuen indarraren arrastorik somatu. Zirrara zorrotz batek hoztu zidan une batez bizkar hezurra.

        Ohe sakabanaturuntz begiratu nuen. Gelako aulki bakarra senarraren erroparik gabe ikusi nuen bigarrengo aldiz eta aulkiaren berniz horixkatuan irriztatu zen goiz jaio berriko argi hezea.

 

        Nire burua behartu nahi izan nuen egin behar nituen lanak ohizko automatismoaz egitera baina ohea egiten hasi nintzenean ez zitzaidan bizkar hezurreko zirrara baretu. Nire bizitza guztian ohea lehendabiziko aldiz egiten arituko banintz bezala jokatu nuen: ohe gaineko estalkia, mantak, burukoa eta maindireak alfonbra gainera bota ondoren, banan-bana zabaldu, koltxoi gainean jarri, banaka tolestatu eta itxuratu nituen. Muebletako hautsak kendu, gamuza pasa, detaile ttipienak ere zaindu eta zortzi ordu barru gertatu behar zuen zeremoniaren lehen antolakizunak zirela haiek pentsatu nuen. Etxea oroitzen ez nintzen bezala pasa bainuen. Nire burua lanean isilarazteko ala zetorkidanari aurre hartzeko,—berdin da, agian pentsamendu hauek oraingoak dira eta ez ordukoak—, ohizko automatismotik ihesi nahi eta beste maila bateko automatismora, premonizio mingarriak dakarkizun jokaerara pasa nintzen konturatu gabe, hala uste dut orain behintzat.

        Ze aspaldian egin ez nuen moduan ere ispiluratu nintzen nire kamisoipeko gorputzaz eta ispiluak difuminaturik eskaini zizkidan forma helduek gordetzen zuten niri oraindik ere atsegin zaidan oreka gustagarririk. Hala hitz egiten zidan, hala entzuten nion, gelako margorik gabeko ispiluak.

        Une batez ispiluko nire irudiaz beldurtu banintzen ere, maindireen ertzak koltxoi azpian sartu ondoren gorputz osoa zutitu nuenean, indar hartze tankerako hartan su bizia nagusitu zitzaien nire begiei. Sentitu nuen beroan eta ispiluko imajinean nabarmendu nituen misiolarien suaz, eroen txinpartaz beti aurpegi beltxaranean tinko izan nituen begi biziak.

 

        Orain guzti hauez oroitzeak ez du zentzurik agian baina kamisoia kendu eta igandetako soinekoa burutik behera sartu bitarteko une laburrean inoiz indartsuak izan ziren baina urteek makurtzen dituzten bularrak ikusi nizkion ispiluko ene gorputzari.

        Eta zehaztu egin behar ditut oroitzapenak, inoiz etxeren batetan zintzilik ikusi ditudan tximeleta disekatu horiek bezala josi orratz batez, inportantea baitzait eta guztiz beharrezkoa oroitzapenak nireganatzea eta haiei eustea, nahiz jakinaren gainean egon gehienak aurkakoak ditudala, baina horregatikanxe agian harrapatu eta gorde behar ditut, hamar urte igaro dira harrez geroz, berrogeita bi urte bete berriak nituen igande hartan, nahiz jendeari oso zaila gertatu zaion beti niri adinarik asmatzea. Berrogeita bi urte, hogeita bi urte lehenago hogei urteko neskats herrira azaldu nintzela kontutan hartuz gero.

        Egia da herriratu nintzenean begi lausoz desiratzen ninduten Joakin eta antzekoentzat nire adinak ez zuena garrantzirik, inoiz hankartaratzea lortu ez zuten ustezko nobedadeak baizik, Iñaxi bezala inbiriaz begiratu nindutenentzat, berriz, ahitua omen nengoen, guztiz trapuzahartua herriratzerako.

 

        —Hona agertu zenean, ongi astindutako gorputza zinan —esan ohi zuen garai hartan nitaz Iñaxik, gero Mariak inoiz aitortu zidan bezala. Iñaxiri guzti hau orain axola gutti baldin bazaio ere, aski baitu ohera lotzen duen hipokondriaz, herriratu nintzeneko garai haietan, Iñaxiren begietan nireganako ezinikusia irriztatzen zenean, hogeita hamar urtetik gora botatzen zizkidan:

        —Ongi astindutako gorputza din.

        Ez adinik, ez nondik-norakorik ezagutu zidaten herritarrek. Nitaz esan direnak Mariarengandik jaso ditut senarrarengandik baino gehiago, senarrarengandik hasieran jaso nituen eta huskeriak gehienak, begien bistan dago, eta hasieran esames bakoitza, huskeria bakoitza arantza gertatzen bazitzaidan ere, orain barrari ekiten diot konbentu batetik ihes egina nintzela, hizketan nabarmentzen zitzaidala hiri haundietako gela txikietan itzaltzen den bizitza heze bezain saldua, herriko norbaitek aurreratu zuen amorio ixtorio izugarri bat nuela atzetik ere, ez nau batere harritzen garai haietan nire senarrak nirekiko halako ezbai izkutukoren bat gordetzeak, baina, egia esan behar badut, senarrak ere ez zidan inoiz ezagutu herriratu arteko bizitzaren berri txikienik, ez ezer izkutatu nahi niolako, ezer kontatzekorik ez zegoelako baizik.

        Eta hori ez zuen senarrak inoiz ulertu. Ezkon berritan samur eta gogor, ozenki eta irainka galdetu zidan nire nondik-norakoaz, baina nik erantzun berdintsuak eskaintzen nizkion beti:

        — Herrian esaten diren guzti horiek irentsi behar al dituzu?

        Honelakoetan senarra zalantzan bezala antzematen nuenez, beti erasten nion berdina:

        —Akabo, bada!

 

        Gauza gutxi esan nion baina nuen guztia, beraz, senarrari. Biori gertatzen zitzaigun bakarra ez zen hark uste zuena eta nik nuena desberdina izatea besterik. Esan nion nire gaztaroa nuen adinari ez zegokien lanetan hustu eta urtu zela eta nire hitzok gaizki ulertu zituen, ziur nago orain. Ez zidan galderarik egin. Gaztaroa urtu eta hustu ilunpetako ohetan bakarrik egingo balitz bezala. Ez zidan, ez, ezer galdetu. Orain dakit zergatik. Edo gurasoak hamabi urteko neskats galdu nituela esan nionean bezala. Irentsi nik esana eta aski zuen itxuraz. Haren isiltasunak min ematen zidala eta inoiz hasi nintzaion xehetasunik eskaintzen baina senarrak ez zidan sekula gurasoen berririk eskatu, ezta niri behin ere ahaztuko ez zaidan gurasoen baserriko su ikaragarri eta haien oihu lazgarriez ere. Orain uste dudanez, itzaltzen ari den suari haize eskaintzeak oroimenek berpizten dituelako edo. Eta nire bizitzan, geratzen zaidan bizitza urrian, berpiztu nahi ez dudan oroimenen bat baldin badago su ikaragarriarena da; hantxe erre zitzaidan herriratu aurreko guztia eta aski da.

        Garbi dago beldur ziola senarrak nire lehen ezezagunari, ez zela nire hitzez eta iraganaz fidatzen, ez zela sekula bion arteko zubi eroria konponduko. Ez bait zen zubirik egon inoiz gu bion artean.

        Horregatik, senarraren jakimina ez zen nire ahaidetara luzatzen, nire gorabeheretara baizik. Gorabehera barnekoienetara, haren gizatasuna gainbehera jarriko luketen gertakizunetara.

 

Noiz ezagutu zenuen lehenengoa? —galdetu zidan behin senarrak eta nik hortzak estutu nituen.

        —Lehenengoa? Zer lehenengo?

        — Denbora irabazten ari al zara? —senarrak estutu zituen oraingoan hortzak eta benetan ari zenez zuzen bidetik jotzea erabaki nuen.

        — Lehenengo gizonaz ari baldin bazara, zu zaitut lehendabizikoa. Ganbaran hartu ninduzun hartan jakin behar izan zenuen egia diodala.

        — Eta zergatik utzi zenidan belar gainean etzaten lehenengorik ez bazegoen?

        — Zergatik? —aspertzen ari nintzen elkar hizketaz.

        —Bai, bai, zergatik galdetu dizut. Errazegi gertatu zen guztia. Ez nuen indarrik egin behar izan, ezta dirurik erabili ere.

        Nola esan senarrari garai hartan nekatuta nengoela mundu guztiari uko egiten, nola adierazi uko egiteak ateak ixten bazizkidan, hanka zabaltze soilak ateren bat irekiko zidala, Jainkoa errukitu dadila nitaz, eta ongi pentsatu ondoren erabaki nuela zeinen atea ireki behar nuen? Nire hitz guztiak alferrikakoak zirenez, bota banuen bota nuen senarrak espero zuen aitzakia:

        —Zer uste duzu naizela?

        —Mina emango lizuke entzuteak

Garapena: Dijitalidadea SL