1948 (Orio)
Egile honen
beste liburuak
NOBELA
1973, Gero
1971, Etor
1983, Erein
1984, Erein
1987, Erein
1989, Erein
1991, Erein
1994, Alberdania
1998, Alberdania
2002, Alberdania
2004, Alberdania
2008, Alberdania
NARRAZIOA
1995, Alberdania
1996, Alberdania
1996, Alberdania
1998, Alberdania
1990, Erein
IPUINA
1970, Lur
1979, Erein
SAIAKERA
2001, Alberdania
1999, Alberdania
KRONIKA
2004, Alberdania / Berria
BIOGRAFIA
Martin Ugalde, leialtasun baten historia
1997, Andoaingo Udala
ETNOGRAFIA
1993, Zarauzko Udala/Itxaropena
ANTOLOGIA
Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)
1991, Erein
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1982, Erein
1982, Erein
1988, Erein
1988, Erein
Paris de la France-ko pateen kasua
1988, Erein
Alarguntsa sikodelikoaren kasua
1989, Erein
Sardina ezpain gorriaren kasua
1989, Erein
Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe
1993, Erein
1989, Erein
1999, Elkar
2000, Elkar
Aizak eta aizan elkarrekin dantzan
2002, Elkar
Ihes betea
2006, Alberdania
Historia egon zitekeen kokatuta beste leku batean, beste denbora batean, giza portaerak hurbilak baitira beti. Baina Alemania nazian kokatzeak badu abantaila bat, irudi ezagunekin jokatzen duela Anjel Lertxundik, eta horretan zinearen eta gaiaren inguruko liburu anitzak idazlearen aldeko jokatu dute pertsonaian sakontzean, konfliktoa agertzean. Ez hainbeste historia bera. Baina literatura lerro artean ere irakurri behar baita, Wernerren historia hurbila egiten zaigu. Arriskatu egin da Anjel Lertxundi, bere irakurleak beti eskertzen dioguna, bide batez esanda.
Lorea Amilibia (Deia, 2007-10-09)
Ondo gogoan dut, gaur balitz bezain berri, hamasei urte bete nituen eguna: gure tropak Renanian sartu dira eta Alemaniaren etsaiek ez dute erreakzionatzeko astirik izan; Hitlerren ahots bipilak adoretu egin gaitu Goetheplatzen jarri dituzten bozgorailuetatik:
Gaur hurbilago daude bakea, justizia eta askatasuna!
Gozoa da arratsaldea, gereziondoak loretan daude; zozabarren saldoek plazako zeru hodeirik gabea edertzen dute beren akrobazia alaiekin, Messerschmitt hegazkinen gisara.
Urteak ere saldoka pasatu dira judua nintzela jakin ez eta juduak gorroto nituenetik.
Hitlerren harenga bukatu zenean, txalo egin genuen gogotik, ez nuke jakingo esaten zenbat denboraz. Halako batean, plazan bildutako gazteak, eta ez hain gazteak, hiriko kaleetan barreiatzen hasi ginen, zozabarrak zeruan bezala, orain kantuan, orain kontsigna aberkoiak oihukatuz. Hiri guztia zalaparta hutsa zen.
Etxe sendo eder bat seinalatu zuen gutariko batek. Pertsianak itxita zeuden. Harriak eta zernahi botatzen hasi ginen. Eta oihuka, ardaila batean.
Alferrik ari gaituk, entzun nuen esaten nire gibelean. Hor ez duk aspaldi inor bizi.
Katedral aurreko arkupetara joan, banderak bildu eta billar-aretoan sartu ginen. Esku-soinu bat entzuten zen fox-trot bat jotzen.
Ea, uztak musika degeneratu hori eta jo ezak Sieg Heil! Benetako musika entzun nahi diagu!, Kaskagorri deitzen genion Marck izeneko mutil batek.
Gehiegi eskatzen ari haiz belarri-gor horri, nik.
Soinujoleak kemen osoz ekin zion guk agindutako piezari, Sieg Heil! Sieg Heil! hasi ginen lagunok, eta, kanta bukatutakoan, nik garagardoak atera nizkien lagunei eta baita soinujoleari ere nire urtebetetzea ospatzeko. Pitxerra esku batean, zigarroa bestean, Frantziaren harrokeria kritikatzen hasi ginen berotasun handiz. Zigarroen kea, zirimolaka, billar-mahaiaren gaineko argiaren inguruan. Keaz gain legeak errespetatzen ez zituzten juduen lotsagabekeria ere atera zen ez dakit noren ahotik. Neurri gogorragoak hartu behar zirela besoko horia eramaten ez zutenen kontra. Eta kontatu zuen goiz hartan bertan bereizgarria ez zeraman judu bat bota zutela ostikoka tranbiatik.
Hermannek, ohi zuen legez, bere labana ireki zuen eta odola zioen xaflaren ahoari hats egin eta galtzetan igurtzi zuen distira ateratzeko, gero ohorea zioen beste aldeari hats egin, eta galtzetan igurtzi zuen hura ere. Hiruzpalau aldiz egin zuen gauza bera. Orain odolari hats, orain ohoreari. Eta hartan ari zela, zapatari kopetatsu baten berri ematen hasi zitzaigun, eta haren dendaren helbidea ere esan zigun. Oso aldarte onean ari zen.
Hauetako egunen batean eskarmenturen bat eman beharko zioagu zapatari alu horri, erantsi zuen. Labanaren alde biak berriro garbitu zituen, oraingoan jertsearen mahukaren kontra.
Nik ere ezagutzen nuen Hermannek aipatutako judua. Inoiz joana nintzen haren lantegitxora etxekoren baten oinetako-zoruak errepasa zitzan. Adeitsu hartu ninduen beti. Hala ere, Hermannek zapatariaren kontra esandakoak gizendu nituen:
Hildako soldaduak biluztu eta haien arropak eta botak salduz aberastu omen zuan Gerra Handiaren sasoian!, eta zapatariari egotzi nion hainbatengatik esaten zen gerra-pasadizoa.
Zikin madarikatua!, erantsi zion taldeko beste batek nik esandakoari.
Baina ondo bizkorra hala ere!, esan zuen Hermannek, eta ikusirik bereganatua zuela denon arreta, jarraitu zuen: Gure kontura aberastu, hori egiten ditek urde-lerde horrek. Zer uste duzue direla itxura apal faltsuko beren zapata-dendak, eta okindegiak, eta burdindegiak? Beren lapurreten estalkiak, horixe besterik ez.
Han geundenak bat etorri ginen hitzokin. Hermannek labana itxi zuen eta patrikan gorde zuen azkenik. Orduantxe erabaki nuen labana bat erosi behar nuela Amona Erikak gau hartan nire urtebetetzeagatik emango zidan diruaz. Etxekoak haserretuko zitzaizkidan labana ikusitakoan, baina niri bost axola zidan horrek.
Soinujoleak Nik banuen kamarada bat piezari ekin zion. Kantuan lagundu genion, eztarriak urratu beharrez. Beste garagardo bana jokatu genuen billarrean eta neska kontuekin hasi ginen algara batean. Hermannek titi handiak gustatzen zitzaizkiola esan zuen.
Mozkortu ondoren titi artean lo egiteko?, galdetu zion lagunetako batek.
Egur eske habil, ala?, erantzun zion Hermannek, baina ez gogorregi, esate hutsagatik baizik. Oraindik ez zegoen mozkortzen hasia. Askoz ere garagardo gehiago behar zuen guztiz petraltzeko.
Sabaitik zintzilik zegoen ordulari handi biribilari begiratu nion. Afaltzera joateko ordua. Nire txandaren zain egon nintzen, billarrean jokatzeko. Aise egin nituen lehen bi karanbolak. Hirugarren joaldian kale egin nuen, bolak ez zuen-eta nik nahi nuen beste indarrik hartu bandaren kontra jotzean, eta bide erdian gelditu zen. Sos batzuk utzi nituen nire porrotaren ordainetan.
Lastima, esan nien lagunei, baina banoak, honezkero etxean zain izango ditiat-eta.
Hoa, hoa, zaharrak berotu eta ahia hoztu baino lehen, bota zuen Hermannek.
Hura esatean egin zuen irri makurragatik, usaindu nuen esaldiak gaiztakeriaren bat ezkutatzen zuela, baina ez nuen harrapatu. Gainerako lagunak barre zantzoka hasi ziren, gordin-gordin. Ezentzunarena egin eta bostekoa eman nien denei. Lagunak, haien burrundara eta esku-soinuaren musika atzean utzi eta kalera irten nintzen.
Geunden sasoirako, giroa ohi baino epelagoa zen. Burua arin sainar sentitzen nuen. Eztarria, berriz, lakar, zigarroen eta billar-arreoko kearen eraginez. Karkaxa bildu eta jaurti egin nuen, marranta kentze aldera. Kaleak hutsik zeuden eta etxera eraman ninduen tranbia ere, antzera.
Esandako ordurako iritsi nintzen. Ama sukaldean ari zen, aurreko mantal zuri bat jantzita, arrautzak jotzen. Zigarro-gustua nuen ahoan. Musu ematera hurbildu ez hurbildu egon eta gero, atetik agurtu nuen.
Amona Erikarenean izan naiz, amak. Dirutxo hau eman dit zuretzat.
Hurbildu egin behar izan nuen. Marko batzuk jarri zizkidan eskuan. Nik, diruari begiratu gabe, eskua itxi nuen.
Ez da afaltzera etorriko?, galdetu nion sukaldeko ateraino itzulirik.
Ezin du. Elizako bilera bat du parrokian. Badakizu eltzeko domeketako diruen arduradun egin dutela aurten.
Ez nekien edo ez nuen, behintzat, gogoan. Eta gogoan izanda ere: zaila zen amonaren saltsa guztiez akordatzea. Ez zen, ez, geldirik egoteko jaioa. Alargundu zenetik, eta baziren hamar bat urte aitona hil zela, ez zuen, berak halaxe zioen behintzat, aspertzeko astirik izaten.
Amak labea seinalatu zuen eta esan zidan afaria ez zegoela artean prest.
Lagunek billar-aretoan segituko zutela otu zitzaidan. Neure burua madarikatu nuen puntualegia izateagatik.
Zer eginik banuen, ordea, eta logelako bidea hartu nuen. Pasaeran, Annette ikusi nuen jangelan. Mahaia prestatzen ari zen afarirako eta gurasoen arreoko zilarreriaren piezei banan-banan distira ateratzen, eskuan zuen piezari hats egin ondoren zapi batez igurzten zuela. Ez zen ohartu ni han nintzenik, eta gelara igo nintzen arreba agurtu gabe.
Burua freskatu eta ahoa garbitu nuen konketan. Gero, Elsbethek goizean oparitu zidan egunerokoa estreinatu nuen Goetheplatzen entzundakoak eta jendeak izandako erreakzio kartsuak kontatzeko. Gymnasium-ean irakasten ziguten literatur prezeptibari buztan-ziri egin, eta idazten hasi nintzen zehaztasuna ugaritasunaren jarioan itotzeko kezkarik gabe. Aise ateratzen zitzaizkidan hitzak, eta letrek zozabar saldo nekaezinak ematen zuten paper zuriaren gainean: txikiak bezain ugariak. Pare bat orri bete nuen, sentimenduak gainezka nituela garagardo zerbitzatu berriari ateratzen zaion aparraren gisa. Kezka bat nuen hala ere: idazten ari nintzenak motz islatzen ote zituen Goetheplatzen bizi izandako emozioak. ldatzitako guztia errepasatu nuen. Ez nuen ezer ezabatu.
Burua jaso nuen egunerokotik, eta idatzitakoaren errematearen hausnarrean egon nintzen pixka batez.
«Jendez gainezka zegoen plaza, bertako gereziondoak nola, halaxe ari da loratzen alemantasuna», idatzi nuen halako batean.
Errematea onetsi eta egunerokoa itxi nuen. Txera osoz ferekatu nuen. Sorpresa handia izan zen niretzat Elsbethen oparia eta sorpresa, halaber, Elsbeth nire urtebetetzeaz gogoratu izana. Esker oneko ohar bat idazten hasi nintzen. Ez nituen hitz egokiak aurkitzen. Oheratzerakoan berriro saiatuko nintzela erabakirik, afaltzera jaitsi nintzen.
Ordurako aita mahaian zegoen, ukondoak jarrita festa egunetarako harizko zamau zuri brodatuaren gainean. Ez zirudien zakur-umorez zegoenik. Horrek lasaitu egin ninduen. Agurtu nuen adeitsu eta nire tokian eseri nintzen.
Goetheplatzekoa kontatzen hasi nintzaion. Aitak ahoa zabaldu zuen, baina ezer esan ordez, ogi egin berrian gurina zabaldu eta ahoan sartu zuen. Ama eta Annette sukaldetik etorri ziren. Annettek, esku banatan, bi erretilu zekartzan, labean erretako patataz betea bata eta sagar-konpotaz bestea; amak, berriz, saiheskia zekarren.
Ondo-ondo errea, Werner. Batere odolik gabe, zuri gustatzen zaizun moduan, esan zidan amak. Esker onez begiratu nion.
Gero amak errieta txikia egin zion aitari mahaia bedeinkatu baino lehen jaten hasteagatik. Eta aitak, erantzun gisa, begirada makurtu zuen. Ohartua nintzen nekeak erasanda zebilela aspaldiko egunetan. Amak askotan esaten zion: Gauza bera gertatzen zaizu udaberri oro, erle-jelea hartu behar zenuke gosaltzeko. Aitak, ordea, ez zuen erle-jelea atsegin, eta ezta ama kontu harekin horrenbeste tematzea ere.
Amak mantala erantzi eta ohiko otoitzarekin bedeinkatu zuen mahaia. Annettek zilarrezko koilararen distirari begira egin zuen otoitz.
Afaltzen hasi ginen.
Nik Goetheplatzeko ekitaldiaren gaiari ekin nion berriro, gogamena bizi-bizi nuela eta mingaina, berriz, jario errazeko. Amak aitari begiratu zion, haren erreakzioaren beldur balitz bezala. Aitak okela-zati bat busti zuen sagar-konpotan eta ahoan sartu zuen.
Isiltasunaren bitartez espresatzen ziren bi aktore ematen zuten. Ez ezazu esan gero damutu egingo zaizun ezer, zioten amak aitari zuzendutako begiradek. Eta aitarenek, berriz: Mutila horrela babesten baduzu, beti izango ditugu arazoak.
Haize-bolada batek leihoko ateak astindu zituen. Ama jaiki egin zen jangelako leiho hura ondo ixtera eta sukaldera joan zen gero, hurrengo plateraren bila. Aitak burua jaso zuen eta begiratu egin zidan. Haren begietan zalantzazko bristada bat ikusten zen. Ahoa zabaldu zuen, baina ez zuen asmatu ezer esaten eta nik korridorera begiratu nuen, ama baitzetorren sukaldetik kristalezko erretilu bat zekarrela.
Ea, bada, zer moduzkoa atera zaidan!, amak.
Hildakoak pizteko moduko usaina du, aitak. Konplimendu bera esaten zion beti.
Annettek lekua egin zuen mahaiaren erdian eta amak hantxe jarri zuen erretilua, nire omenez prestatutako strudelaz. Gero eseri egin zen, afari osoan lehendabiziko aldiz patxada pixka batez.
Aitak kasurik egiten ez zidanez, amari eta Annetteri hasi nintzaien kontatzen Goetheplatzen ikusi eta entzundakoa. Tamala zela berak bertan ez izana. Aitak orduan aiztoa eta sardexka platerera bota zituen. Annettek amorruz begiratu zidan. Amak ez zekien zer esan, zer egin.
Aitak kontu eske hasiko zitzaidala ematen zuen. Zerbait esan ez esan egon eta gero, jaiki eta, herren txikian, musika-salara erretiratu zen (jangela ondoko salatxo hartan beti egon omen zen piano bat, Gerra Handiak pianoa eta etxeko hainbat altzari saltzea ekarri zuen arte. Musika-sala izaten jarraitu zuen, agian amak sekula galdu ez zuelako beste piano bat izateko esperantza. Edo irratiko musika-saioek betetzen zutelako pianoaren falta, ez nuke jakingo esaten).
Aitak arasa ondoko lanpara piztu zuen. Gero, irratia. Ematen ari ziren musika klasikoa onetsiz, bere butaka tapizatuan eseri zen. Eskua jertsepean sartu eta betaurrekoak atera zituen alkandorako patrikatik. Egunkaria zabaldu zuen eta haren atzean ezkutatu zen. Hindenburg zeppelinaren irudi nahastezina ikusten zen egunkariaren azalean. Hirian bolo-bolo zebilen zurrumurruaren albistea ilustratzen zuen argazkiak: airetiko tzar bikaina hiritik hurbil gelditzekoa zela egun batzuk barru.
Amak labana sartu zion strudelari, eta lau zatitan banatu zuen. Nik strudel zati bat hartu eta ahora eraman nuen.
Ezin al duzu besteen zain egon?, haserretu zitzaidan Annette, baina ez hitzez, begiradarekin baizik.
Alferrik, ordea, ordurako aho barruan bainuen. Mamia ondo hanpatua zegoen, gozo-gozo desegiten zen nire hortzen eta mingainaren artean.
Amak strudel zati bat platertxo batean jarri eta aitari eraman zion musika-salara. Gero, botila bat kirch atera zuen arasatik eta, aitari kopatxo bat zerbitzatzen ari zitzaion une berean, gaueko albistegiak tokia hartu zion musika klasikoari. Sintoniaren ondoren, Goetheplatzen entzundako Hitlerren hitz berak errepikatu zituen irratiak:
Gaur hurbilago daude bakea, justizia eta askatasuna.
Begiak egunkaritik jaso eta butakatik jaikitzeko keinua egin zuen aitak. Amak eskua jarri zion bizkar gainean, eserita jarraitzeko adieraziz, eta dialari eragin zion. Hitler ari zen irrati guztietan. Amak, orduan, irratia itzali zuen, aitari iritzia eskatzeko premiarik gabe.
Hori guztia bizkor-bizkor eta isilean egin zuen amak, gau hartan bertan norbaitek etxetik botako ote gintuen balego baino izutuago. Haren aurpegiak kezka islatzen zuen. Hala ere, irribarre egiten saiatu zen jangelara itzuli eta nire parean eseri zenean.
Zeren zain zaude?, esan zion amak Annetteri, haren platereko hostopil zatia artean probatu gabe zuela ikusirik.
Ez zela gose esan eta platera erretiratu zuen arrebak.
Ez dakit gorrotoa ala amorrua deitu Annettek zuzendu zidan begiradan ikusi nuenari.