Anjel
Lertxundi

1948 (Orio)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Goiko kale

1973, Gero

Ajea du Urturik

1971, Etor

Hamaseigarrenean aidanez

1983, Erein

Urtero da aurten

1984, Erein

Tobacco days

1987, Erein

Carla

1989, Erein

Kapitain Frakasa

1991, Erein

Otto Pette

1994, Alberdania

Lehorreko koadernoa

1998, Alberdania

Zorion perfektua

2002, Alberdania

Ihes betea

2006, Alberdania

Konpainia noblean

2004, Alberdania

Zoaz infernura, laztana

2008, Alberdania

NARRAZIOA

Piztiaren izena

1995, Alberdania

Letrak kalekantoitik

1996, Alberdania

Argizariaren egunak

1998, Alberdania

Lurrak berdinduko nau

1990, Erein

IPUINA

Hunik arrats artean

1970, Lur

Aise eman zenidan eskua

1979, Erein

SAIAKERA

Mentura dugun artean

2001, Alberdania

Gogoa zubi

1999, Alberdania

KRONIKA

Italia, bizitza hizpide

2004, Alberdania / Berria

BIOGRAFIA

Martin Ugalde, leialtasun baten historia

1997, Andoaingo Udala

ETNOGRAFIA

Tresak eta Kordelak

1993, Zarauzko Udala/Itxaropena

ANTOLOGIA

Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)

1991, Erein

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Gizon kabalen piurak

1982, Erein

Tristeak kontsolatzeko makina

1982, Erein

Eskiatzaile herrenaren kasua

1988, Erein

Kaxkajo bahituaren kasua

1988, Erein

Paris de la France-ko pateen kasua

1988, Erein

Alarguntsa sikodelikoaren kasua

1989, Erein

Sardina ezpain gorriaren kasua

1989, Erein

Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe

1993, Erein

Estalaktita rockeroaren kasua

1989, Erein

Nire kuleroak

1999, Elkar

Musubero mon amour

2000, Elkar

Aizak eta aizan elkarrekin dantzan

2002, Elkar

Azkenaz beste

1996, Alberdania

BARTZELONA

 

Ostatuan sar zaitez gurekin, gizona,

edatera emanen dizugu arnoa.

(«Ote da mundu huntan» balada)

 

        Nire gustuak ez dira egokitu zaidan garaiarenak, ezin ukatuko dut, aukeran nahiago izaten baitut hirietako kale zaharretan zeregin jakinik gabeko asti nagiaz ibili, eta bertako bazter, kalapitak eta usainak ezagutu, beste deus baino. Ezagutzen ez dudan hiri batera heldu orduko, bide-fardelak hotelean utzi eta, ez mapa ez norabide, ibiliaren apetara abiatzen naiz hiri ezezaguneko kaleetan zehar, bertako usain, kolore eta hots propioak ezagutzen ditudan hirietako usain, kolore eta hotsekin erkatu eta, berezitasunak identifikaturik, ordu arteko guztietatik bestetzat jotzeko. Ahal badut, ez naiz itzultzen hori egiterik lortzen ez dudan hirietara.

        Maite ditudan hiriek badute, bada, bereizgarriren bat: arratsalde jakin bateko nagitasun ubelak halako hiria dakarkit gogora; ikasle garaiko hiriraino narama apio usainak; gehiago oroitzen naiz tranbiaren hotsaz, bidelagun nuen neskaz baino, halako hiria aipatzen didatenetan.

        Bidez bide dabilenak, ostatu asko eta adiskide gutxi; hala dio esaerak, eta bidaia-zaletasunak egin nau, beharbada, hain bakarti. Ez naiz egokitu zaidan garaiaren etsai, baina ez naiz oso adiskide ere, hobe baita arretarik ez eskaintzea erremediorik ez duten gorabeherei. Farfailari ahotsa eman ordez, ahoa itxirik gorde behar dela pentsatzen duten horietakoa nauzue. Besterik ezean, nahiago dut jendeak mutu ote naizen pentsatzea, huskeria hauspotzen nabilela entzutea baino.

 

        Noan, bada, harira. Goiz osoa libre neukan bazkal-garaia arte, eta kalez kale nenbilen, norabideekiko batere ardurarik gabe, Bartzelonako Unibertsitatearen atzealdeko auzoan. Inguru haietan bada liburu zaharren txosna ugariz beteriko kale bat, eta banekien nire ibiliak hara eramango ninduela lehenago edo geroago. Negu betean bageunden ere, eramangarria zen itzalguneetako hotza, gozoa eguzkiak epeldutako kale bazterren epela, ez baitzebilen batere haizerik. Garai joanen oihartzun apalduak dira inguru haietako etxe eta jauregi asko; autoengatik ez balitz, kaleak denboraren harian gelditu direla pentsa zitekeen. Neguko dirdai errauts-koloreak eta espaloietako ezki biluziek areagotu egiten zuten inoiz luxu handikoa izandako barridearen, ez dut esango hondamendia, baina bai halako abaildura naroa.

        Ez nuen, nonbait, behar adinako arretarik hartu, eta uste baino askoz ere lehenago heldu nintzen liburu zaharren kalera. Niri beste inori ez dio ardurarik goiz hartan nire bibliofilia ezproinatu zuten bitxikeria zaharren aipamenak. Are gutxiago txosnaz txosna xahutu nituen sosenak. Orduan erositako liburu bat eta grabatua ekarri behar ditut, hala ere, hona.

        Hilotzen baltsamentuei buruzko iragan mendeko tratatu bat ikusi nuen saltegietako batean. Infolioaren edizio txukunak harritu ninduen. Berri-berri zeuzkan orri-azalak, liburua egin zenetik inork oihaletan bildurik baltsamatu izan balu bezala. Kalitate handiko grabatuez hornitua, dena zuen eder liburuak.

        Ez naiz medikuntza gorabeheretan aditua, baina anatomiako irakasle bibliofilo ezagun batez gogoraturik, liburuaren prezioaz galdetzea pasatu zitzaidan burutik, aurreko ordu parean xahututako sosen zatiren bat bederen kita nezakeelakoan adiskideari liburua saldurik.

        —El puc ajudar en alguna cosa, senyor? —galdetu zidan saltzaileak, hizketamodu erre batez. Denbora asko neraman orri pasa, eta liburua zarbailduko niola pentsatzen ari zen, antza, gizona.

        Liburuaren prezioaz galdetu nion. Hogei mila pezeta eskatu zizkidan saltzaileak. Ezezkoa egin nion buruaz. Nekez ikusten nuen anatomiako irakasle bibliofiloa liburu hargatik hogeita hamar mila pezeta baino gehiago ordaintzen.

        —No, no, grácies, senyor. Es mansa per a mi  —esan, eta liburu zaharren pila handi baten gainean utzi nuen tratatua. Haren pisuak liburu-dorrea desorekatu zuen eta, liburu guztiak bertan behera eroriko zirela zirudienean, liburuen gainean ukalondoa bermaturik eutsi zion saltzaileak dorreari. Pila antolatu zuen gero beste eskuaz.

 

        Saltzailearen zakarkeriaren bat espero nuen. Oso adeitsu hitz egin zidan, ordea, hanka artean babesturik lurrean neukan liburu-poltsa ondo beteari erreparatu ziolako-edo.

        —Tingui, profesor! —eta grabatu bat luzatu zidan, gardentasuna aspaldi galdutako plastiko zahar batean bildurik.

        Adin onaren muga-mugan zegoen gizon baten grabatua zen; marrazkera txukunekoa, begirada sukartsuko gizonaren grabatuak ez zuen, ordea, aparteko dohain artistikorik. Bekainak jaso, eta, begiak grabatutik saltzailearengana, eskaintza hari buruzko argibideren bat eskatu nion.

        Grabatuko gizona eta gorpu-gantzuketei buruzko tratatuaren egilea pertsona bera zirela esan zidan saltzaileak.

        —Pedro González de Velasco, un bon metge.

        Etxekoei-edo inoiz entzundako nekrofilia kasuren bati buruzko kontakizuna eta balada ezaguna («Zazpi urtez etxeki dizut gizon hila kanberan...») ekarri zizkidan gogora gorpu-gantzutzailearen izenak. Etxean entzundako kontakizunean, ordea, alaba zen hildakoa, eta ez senarra.

        Zer ikusteko ote zuen Velasco hark, haren izena entzute hutsak harrotutako oroitzapenarekin?

        —És del tot fiable —erantsi zuen saltzaileak, eta hausnarretik atera ninduen.

 

        Ez dakit Velasco sendagile haren, esaten ari zitzaidanaren edo grabatuaren kalitearen fidagarritasunaz ari ote zitzaidan. Hainbat xehetasun eta bitxikeria kontatu zidan gero, instant bakar batez ere katalanerari uko egin gabe eta Velascori buruzko iritzi onaren eztia ezpainetan: Segoviatik legoa t'erdira zegoen herrixka batean jaio, umetan zerrizain ibili, eta, makina bat bizi-minduraren ondoren, garaiko anatomistarik entzutetsuena izatera heldu omen zen Velasco sendagile hura. Hark sortua zela Madrileko Antropologia Museoa ere, eta berriro és del tot fiable, és del tot fiable esanez amaitu zuen liburu saltzaileak bere jarduna. Gero, oreka ozta-ozta gordetzen zuen liburu-dorrearen gainetik Anatomia-tratatua harturik, lehen esandako prezio berean eskaini zidan, liburuaz gainera, Velascoren grabatua.

        Arestian baino itxurazkoagoa iritzi nion prezioari, eta, eskatutakoa ordaindu eta gero, Plaça del Pi-rantz hartu nuen, hango jatetxe batean, Santa Maria del Pi elizaren aurrez aurre, bazkaltzekotan bainintzen adiskide batzuekin.

 

        Barride Gotikoko usaina guztiz desberdina da, argitasuna bezala, urte-sasoi bakoitzean. Berriro itsasoratzeko garbiketaren premian dauden itsasontzi herdoilduen usain gazia hartzen diet nik neguan hango kale bihurriei.

        Jatetxe jendetsu batean eta elizara ematen zuen leihatetik guztiz urruti bazkaldu genuen. Lehendik ere egona nintzen han, eta ez ninduen harritu ikasle gazte, bulegari presatu eta zeregin handirik gabeko errentista itxurako jende nahas-mahas haren barailak. Bazkaldu genuena ere ez zen kartako jaki-izen puztuek idarokitzen zutenaren galgakoa izan.

        Bazkaltiar guztiok hausnarrean generabilen han bildu gintuen auzia, baina horrelakoetan gertatu ohi denez, bildu gintuena ez beste guztia izan genuen solasgai kafe-garaia arte. Gero, ordu laurdenean berdindu nahi izan genituen hara eraman gintuen auziari buruzko koskak, mahaikide gehienek arratsalde hartan omen zituzten axola handiko zereginak aitzakiatzat harturik. Helbide-txartelen trukaketaren ondoren, udaberri partean-edo bilerari berriro ekitea izan zen hartutako erabaki bakarra.

 

        Ez nintzen haserre, aspaldi sentitu gabe bainengoen Barride Gotikoak udaberriero hartu ohi duen ontzi pintatu berriei itsatsitako kresal-usain hura sudur-mintzetan. Kriskitinka itzuli nintzen, bada, hotelera, bizpahiru hilabete barru berriro itzultzeko aukerak gogo-pizturik. Nire Departamendukoek goiz hartan egindako dei pare baten berri eman zidaten harreragelan. Ez nien deitu, lo-kuluxkaren ordu nagi haietan hotelean zer egiten ote nuen trufa-ziritan hasteko aukerarik izan ez zezaten.

        Gelara igo, erantzi, eta ohe gainean etzan nintzen. Pertsianen zirrituetatik sartzen ziren argi-txirrinda jolastiek halako sosegua ematen zioten gelako erdi ilunbeari. Irrikatan nengoen erositako liburuak ukitu, haien paper eta tinta usaina sentitu, eta orriak banan-banan pasatzeko, baina ordu laurdentsuz lo-ez-lo atseden hartu eta gero, zigarroari zigarroa egon nintzen sabaira begira, eta argi-txirrintek distira zeharo galdu zuten arte luzatu nuen ohe ondoko lanpara piztu arteko denbora.

Garapena: Dijitalidadea SL