Anjel
Lertxundi

1948 (Orio)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Goiko kale

1973, Gero

Ajea du Urturik

1971, Etor

Hamaseigarrenean aidanez

1983, Erein

Urtero da aurten

1984, Erein

Tobacco days

1987, Erein

Carla

1989, Erein

Kapitain Frakasa

1991, Erein

Otto Pette

1994, Alberdania

Lehorreko koadernoa

1998, Alberdania

Zorion perfektua

2002, Alberdania

Ihes betea

2006, Alberdania

Konpainia noblean

2004, Alberdania

Zoaz infernura, laztana

2008, Alberdania

NARRAZIOA

Piztiaren izena

1995, Alberdania

Azkenaz beste

1996, Alberdania

Letrak kalekantoitik

1996, Alberdania

Argizariaren egunak

1998, Alberdania

Lurrak berdinduko nau

1990, Erein

IPUINA

Hunik arrats artean

1970, Lur

Aise eman zenidan eskua

1979, Erein

SAIAKERA

Mentura dugun artean

2001, Alberdania

Gogoa zubi

1999, Alberdania

BIOGRAFIA

Martin Ugalde, leialtasun baten historia

1997, Andoaingo Udala

ETNOGRAFIA

Tresak eta Kordelak

1993, Zarauzko Udala/Itxaropena

ANTOLOGIA

Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)

1991, Erein

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Gizon kabalen piurak

1982, Erein

Tristeak kontsolatzeko makina

1982, Erein

Eskiatzaile herrenaren kasua

1988, Erein

Kaxkajo bahituaren kasua

1988, Erein

Paris de la France-ko pateen kasua

1988, Erein

Alarguntsa sikodelikoaren kasua

1989, Erein

Sardina ezpain gorriaren kasua

1989, Erein

Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe

1993, Erein

Estalaktita rockeroaren kasua

1989, Erein

Nire kuleroak

1999, Elkar

Musubero mon amour

2000, Elkar

Aizak eta aizan elkarrekin dantzan

2002, Elkar

Italia, bizitza hizpide

2004, Alberdania / Berria

Oregano bila arkupeetan

 

Italiako taxi-gidari tristeenak ekarri nau Torinora

Istorio eta desioak darizkio Po ibaiaren kirriari

Alpeetatik dator neguko haize hotza, Alpeetatik udako bero sapa

Salgariren eta Paveseren azken mezuak

 

        Mediterraneoa atzean utzi berri, hegazkina Italiako zeruan sartu da. Nire ezker aldean, Alpe mendiak, gainari gain. Gailur elurtu horietako batek behar du izan Viso mendia, Po ibaiari hasiera ematen dion altzo maldatsua. Ez dago lainorik, argi-argi ikusten dira Val Padana edo Padaniaren iparreko muga egiten duten mendiak eta arrailak. Claudio Magris-ek Danubio liburu gogoangarrian egindako txango erdi literario erdi bidaiaria darabilt gogoan, neuk ere antzeko zerbait egiten saiatu beharko baitut, neure apal laburrean, Po ibaiaren inguruetako hiri, istorio eta desioekin.

        Hegazkina jaisten hasi da. Eskuetan neraman liburua gorde dut zorroan. Kezka bakarra dut —kezka deitzerik badago— etxetik irten naizenetik: erreportajeoi eman behar diedan formak eta tonuak arduratzen nau. Bidaia-koaderno baten itxura izango du testuak? Egunkari bat idatziko dut, dietario baten idazketa-modua hartuko dit idatziko dudanak?

        Hegazkinetik jaitsi garen hamaika bidaiariak, maleta-garraioan aritzen diren langile bakan batzuk eta zigarroa erre beste zereginik ez duten bi polizia: besterik ez dabil Caselle aireportuan. Bertako zerbitzu-postu eta denda gehienak itxita daude. Kanpoan ere urri dira taxiak. Mugimendu gutxiko aireportua da Caselle, Torino bezalako hiri bati legokiokeena baino askoz ere txikiagoa: kilometro gutxitara dago Milango Malpensa, eta hark betetzen omen ditu torinotarren premia gehienak. Hala diote, behintzat, torinotarrek ez beste guztiek.

        Lauzpabost taxi besterik ez kanpoan, eta Italia osoko taxi-gidaririk triste isilena egokitu behar niri. Bi aireportuen arteko konpetentziaz, eguraldiaz, Torinon sartzerakoan errepide ondoan dagoen kanposantu izugarriaz, orain urte dezente kongresu-leku bihurtu zuten Fiat fabrika zaharraz, gogora etorritako guztiari buruz galdetu diot. Baita Berlusconiri buruz ere, inkesten arabera italiarren arteko jardun ohikoenaz. Ez diot, ordea, bi hitz baino gehiago atera. Burutik pasatu zait fortuna tentatzea Italiak Portugaleko futbol-txapelketan egindako joko txarraren barregarrikeria aipatuz, baina ez naiz hain mendeku gaiztoa hartzera ausartu. Hotel aurrera iritsi eta ordainketaren agiria eskatu diot. Marmarka bete dit orritxoa. Alditan, balentria handia eta psikoanalisiak eman ezin dezakeen oreka behar izaten dira Vàttene! (hoa popatik!) esateko gogoa bridatzeko.

 

 

Ikusiko dugu...

 

        Hiru egunez ostatu eta bulego izango dudan hoteleko gela txikian bide-fardelak utzi eta gero, ez mapa eta ez norabide, lehen espediziotxoa egitera irten naiz. Giro dago paseorako, eguzkiaren malda beherak ordu arteko errea arindu baitio beroari. Idazle-izen goratsuak dituzten kalez osatutako auzo batean dago hotela, Porta Nuova tren-geltoki nagusitik hamar bat minutura. Harlauzez estalitako zoru batena bezalakoa baita Torino hiriaren geometria beti bera, lasai ibil daiteke bertako kaleetan galtzeko beldurrik gabe eta itzulerako zenbat bide geratzen den kalkulatuz.

        Torino desberdindu beharko banu eta bakandu ezagutzen ditudan gainerako hirietatik, ia amaierarik gabeko arkupeak (hogeita bi kilometro) eta oregano-usaina (pizzek eraman ohi duten espezie nagusia) nabarmenduko nituzke hiriaren ezaugarritzat. Geltoki inguruko arkupeetan usaintzen ari naizen oregano-usain bera sentituko zuten Pavesek, Primo eta Carlo Levik, Leone eta Natalia Ginzburg senar-emazteek, Calvinok eta Vittorinik ere Einaudi argitaletxera bidean, edo arkupeotako terrazaren batean...

        Obretan eta hesiz inguratuta dago geltoki aurreko plaza handia. Ipurdiz gora daude hiriaren zentroko hainbat kale nagusi ere. Horixe da azkeneko aldiz hemen egon nintzenetik ateratzen ari naizen alde nabarmenena. Ez dago, ordea, lanen zergatia argituko duen iragarkirik. Terraza batean eseri naiz. Garagardoa atera didan zerbitzariak argitu dit niretzat misterioa eta haientzat endredoa besterik ez dena: metroa egiten ari dira 2008an jokatuko diren Neguko Olinpiadetarako, Torinotik oso kilometro gutxira baitaude Alpeak eta Italiako eski-gune nagusiak. Metroak, hiriko trafikoa arintzeaz gainera, ia eski-pistetan utziko omen du jendea. Hiriarentzat inportantea izango dela iradoki diot. Vederemo come si metteno le cose (ikusiko dugu nola datozen kontuak) erantzun dit zerbitzariak eszeptizismo-puntu batez.

 

 

Keinu bat

 

        Alpeetatik jaisten den udako haize beroak eragindako sapak, bat-batean badator behintzat, pertsonarik zuhurrena erotzerainoko dilatazioa eragin omen dezake neguko haize hotzak uzkurtutako burmuinetan. Hala dio, behinik behin, Torinoko jendeak, kaleetan ikusten diren zoro, buru-ments eta begirada galduko pertsonen ugaritasuna zuritzeko seguru asko. Horregatik eraiki omen zituzten etxadi arkupedunak, Alpeetako haize bero eta hotzen eraginetik babesteko.

        Haizeak eragina ala ez, Torinok altua du suizidio-tasa. 1911n, bero sapa handia egiten zuen uda aurreko egun erre batez, Emilio Salgarik bere buruaz beste egin zuen Torino inguratzen duten muinoetan hain ugariak diren landetxetako batean. Zorrez lepo eta emaztea minbiziaz hil berri, azken-mezu izugarri bezain ozpina utzi zien bere abentura-liburuekin diruz lepo egindako editoreei:

 

        «Zuei, nire larrutik aberastu zaretenoi, ni eta nire familia erdi miseria batean edo are egoera latzagoan eduki gaituzuenoi, gauza bakarra eskatzen dizuet: eman dizkizuedan irabazi ugarien ordainetan, ordain itzazue nire hiletaren gastuak. Nire luma puskatuz agurtzen zaituztet».

 

        Sandokanen arerio malaysiarren eskuetan deskribatu zituen aizto zorrotz beldurgarri haietako bat sartu zuen sabelean. Odolustuta hil zen. Piraten abentura gogoangarrienak idatzi zituen gizon hura ez zen sekula Po inguruetatik urrutiratu. «Ikusi ditudan benetako pirata bakarrak editoreak dira», aitortu zion behin kazetari bati.

        Salgarik bere buruaz beste egin eta berrogei bat urte geroago, «suizidioak hilketa herabetiak dira» idatzi zuen Cesare Pavesek Bizitza lanbide izeneko bere egunerokoan. 1950eko abuztuaren hamazazpia zen. Hurrengo egunean, abuztuaren hemezortzian, «aski da adore apur bat». Eta pixka bat aurrerago, literatur zaleen artean nahiko ezagunak diren hitzekin amaitu zuen Pavesek egunerokoa:

        «Hitzik ez. Keinu bat. Ez dut gehiago idatziko».

        Biharamunean, katu beltz bat topatu zuen Albergo Roma ostatuko zerbitzari batek Paveseren gorpua zaintzen.

        Aise bilatu dut ostatua, bigarren eskuko liburuen saltokiz beteriko arkupe batzuetan. Orain Hotel Roma da, neoizko argi gorri batek adierazten duenez. Ez du Paveseren garaiko argazkietako zahar itxurarik. Sarrerako alfonbra, harrera-gela, altzari eta gortinak, dena da berria hemen. Argazki pare bat atera ditut. Harrera-gelako gizonak gaizto begiratu dit. Asko izango dira ni bezala hurbiltzen diren jakin-gose morbosoak.

        Jiraturik, bigarren eskuko liburuen ikusmiran egon naiz liburu zaharren saltokietako batean. Einaudik argitaratutako Paveseren gutunen bi tomo eta Natalia Ginzburg-en Ritratto d'un amico (Adiskide baten argazkia) erosi dizkiot bouquiniste bati.

 

 

Orratzek hamabietan bat egin zutenekoa

 

        Trattoria txiki bateko ke artean afari-pasa egin eta gero, gau giro ederra egiten zuela baliaturik, grappa bat hartu dut Piazza San Carloko terraza batean. Ez zait entretenimendurik faltatu atzera-aurrera dabilen jendea aztertzen, halen bizitzei buruzko nondik norakoak asmatzen, liburu erosi berrien orri-pasan.

        «Gure hiriak antza handia du, orain konturatzen gara, kaleok hainbeste maite zituen eta orain galdu berri dugun lagunarekin».

        Esaldi horretako hiria, Torino da. Laguna, Cesare Pavese. Paveseren eta Torinoren arteko parekotasun hori azpimarratu duena, Natalia Ginzburg.

        Pavese irakurri duenak ezin du Pavesez gogoratu gabe ibili haren antza omen duen hiri honetan.

        Il mestiere di vivere (Bizitza lanbide) irakurri duenari Paveseren isla irudituko zaio arkupe batetik bestera pasatu den kapeladun gizon garai argal hori. Gizonak zigarro bat du ezpain artean. Inork baino hobeto ezagutzen ditu kale eta arkupeok; hala ere, arrotz erdi galdu baten itxura ematen dio darabilen pauso luzeko ibilera urduriak. Laster sartuko da kez beteriko taberna txiki batean. Grappa bat eskatu, eta poema baten zirriborroa saiatzen hasiko da:

 

Gaurko egunez terrala esnatu zaio ibaiari;

belaze eta muinoen artetik hiri ederreraino

barreiatu da oroitzapen baten gisa...

 

        Bidaiak eta beroak eguneko nekea areagotu didatenez, goiz erretiratzea erabaki dut. Hotelera bidean, geltokian sartu naiz, bihar Aostara eramango nauen treneko billetea erostera hango makina automatiko batean. Berandu da eta apenas dabil jenderik: lo egiteko bazter erosoren baten bila dabilen eskekoa; azkeneko trena hartzera doazen bidaiari bakan batzuk. Sortu berri den haizeak arrapaladaka egiten du bidea ate nagusitik nasatara. Geltokian dagoen usain trinkoa saretzen ari dela ematen du.

        Txalo-zaparrada eta algara sekulakoak entzun ditut nire atzean. Buru-ments bat da zalapartaka: geltokiko erlojutzarraren abilezia txalotzen ari da, bi orratzek bat egin dutelako hamabi-hamabietan. Mirácolo, mirácolo!

        «Etorriko da Herio, eta zure begiak izango ditu» Paveseren poema famatua burutik kendu ezinik itzuli naiz hotelera. Haize-kirri atsegin bat dator hurbiletik, bere betiereko bidea egiten ari den Po ibaiaren aldetik.

 

 

Il diavolo

 

        Hoteletik hurbil, plaza izena dotoreegia zaion Piazza di Arturo Graf atseden-leku apala dago, luzea eta triangelu mehe baten antzekoa. Hamar bat lizar haustu, eserleku pare bat, eta haurrentzako tobogan bat. Ez da aparteko ezer, ez dago inor bertan, baina poztu egin nau hotela plaza honetatik hain gertu dagoela konturatzeak. Berdin poztu nintzen orain urte batzuk, Patxi Zubizarreta lagun nuela, plaza berau deskubritu nuenean. Pozaren arrazoia agertzeko, idazle batek sekula egin behar ez omen lukeen konfidentzia xume horietako bat egin nion orduan Patxiri eta egingo diot orain irakurleari: deabruari eskaini dizkiodan nire liburuetako orrialde askoren atzean Arturo Graf dago. Edo, hobeto esateko, Arturo Graf-en Il diavolo liburua (Torino, 1889), deabruak mendebaldeko artean bete duen tokiari buruzko saio sakon irakurterraza.

        Elezahar batek dio deabrua Torinoren jabe egin zela Danteri infernura jaisten uztearen truke. Beste elezahar batek, berriz, infernuko ateak Ponte Isabellaren inguruetan behar duela. Hiria ezker-eskuin zeharkatzen duen Corso Danteren segida da Ponte Isabella. Bi elezaharrak lotu, eta istorio berriak sortzeko gogoa dakar ibaiari darion gaueko kirriak.

        Egia da, bai, irudimena eta melankolia eragiten dituzten hiriak direla ederrenak...

Garapena: Dijitalidadea SL