Anjel
Lertxundi

1948 (Orio)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Goiko kale

1973, Gero

Ajea du Urturik

1971, Etor

Hamaseigarrenean aidanez

1983, Erein

Urtero da aurten

1984, Erein

Tobacco days

1987, Erein

Carla

1989, Erein

Kapitain Frakasa

1991, Erein

Otto Pette

1994, Alberdania

Lehorreko koadernoa

1998, Alberdania

Zorion perfektua

2002, Alberdania

Ihes betea

2006, Alberdania

Konpainia noblean

2004, Alberdania

Zoaz infernura, laztana

2008, Alberdania

NARRAZIOA

Piztiaren izena

1995, Alberdania

Azkenaz beste

1996, Alberdania

Letrak kalekantoitik

1996, Alberdania

Argizariaren egunak

1998, Alberdania

Lurrak berdinduko nau

1990, Erein

IPUINA

Hunik arrats artean

1970, Lur

Aise eman zenidan eskua

1979, Erein

SAIAKERA

Mentura dugun artean

2001, Alberdania

Gogoa zubi

1999, Alberdania

KRONIKA

Italia, bizitza hizpide

2004, Alberdania / Berria

BIOGRAFIA

Martin Ugalde, leialtasun baten historia

1997, Andoaingo Udala

ETNOGRAFIA

Tresak eta Kordelak

1993, Zarauzko Udala/Itxaropena

ANTOLOGIA

Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)

1991, Erein

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Gizon kabalen piurak

1982, Erein

Tristeak kontsolatzeko makina

1982, Erein

Eskiatzaile herrenaren kasua

1988, Erein

Kaxkajo bahituaren kasua

1988, Erein

Paris de la France-ko pateen kasua

1988, Erein

Sardina ezpain gorriaren kasua

1989, Erein

Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe

1993, Erein

Estalaktita rockeroaren kasua

1989, Erein

Nire kuleroak

1999, Elkar

Musubero mon amour

2000, Elkar

Aizak eta aizan elkarrekin dantzan

2002, Elkar

Alarguntsa sikodelikoaren kasua

1989, Erein

1
Bixentikoren entziklopedia
eta Madameren komedia

 

        Iturriaga kaleko ezker aldeko etxeak, plaza nagusiaren aldera daramatenak, orain berrogei bat urteko modura eginak dira, lauzpabost pisuak eta denak gustu txarreko estilo prosaiko beraz eraikiak. Eskuin aldekoak, modernoagoak baina ez horregatik ederragoak, parke aldera zuzenduta daude. Zortzi bat pisu dituzte, eta galeria pare bat dago hauen behealdean, dendez josita. Janari dendak dira gehienak. Bada arropa denda pare bat ere. Zazpi bat taberna zulo. Eta erloju denda bat, luxu pixka bat adieraziko lukeena. Baina erloju denda bakarra ez da aski kale oso bati tonua emateko.

        Liburu dendarik ez. Ezta disko etxerik ere. Egunkariak erosteko ere parkean dagoen kioskoraino joan behar baita Iturriaga kaletik.

        Baina auzoko jendea ez da horretaz kexu, eta horretaz inor kexu ez bada, zertarako hasi Madame Kontxexi bizi den kaleagatik inolako tonurik gabea dela esaten? Neutroa dela. Bertako biztanleei bost axola zaiela, ez hain zuzen, kultura, hitz hori oso potoloa baita beraientzat, baizik eta dibertsio edo atsedenaldi lasaia...

        Garai batean saiatu zen Madame auzoko kontzientzia kulturala suspertzen, baina «Kulturak askatuko gaitu» pankartarekin bera bakarrik oihuka aritzeaz seko aspertu, eta burutazio nahiz protesta ekintza guzti hauek aspaldi baztertu zituen Madame Kontxexik.

        Filosofo sakonik ez zizun emakumeak irakurriko, baina Maigret-en azkeneko kasua edo Graham Greeneren «Hirugarren gizona» liburua erosteko pare bat kilometro egin behar izaten zuen bere etxetik. Hasieran egoerak ernegatzen baldin bazuen ere, ohitu egin zen bizimodu hartara.

        «Gainera, kioskora bidean, izerdi pixka bat botatzeko aukera dinat. Ez zegon udako oporrak bezalakorik kiloak harrapatzeko... Iazkoetan ere, zazpi kilo... Ea aurtengoetan zaintzen haizen».

        Horregatik, pozik erosi zuen kioskoko gizonari aspaldian eskatua zion Bilintxen liburua —«Bilintx esan al didazu? Zer da? Gastronomiako aldizkari berriren bat?», bota zion gizonak—, eta pozik ari zen Indalezio Bizkarrondo alias Bilintx-en bertso batzuk irakurtzen Madame Kontxexi etxeko gela nagusian, bokata batzuk lanpararen mahaitxoan eta bi pantorrilla sendo, mardulak aurrealdera luzatuz, marmolezko mahai biribil baten gainean jarrita:

 

                Zedorrek uste etzenubela

                egon nitzaizun begira...

 

        Laborriz mugitu zitzaizkion ezpainak, begira zeukana imajinatzen arituko balitz bezala. Madame ez zegoen berriro ezkontzeko adinik txarrenean. Berrogeita hamar urte. Sasoia sobran eta bizitzeko gogoa gainezka. Baina irudimenean begira zeukana aurpegi desberdin askoz jantzi zuen arren, ez zitzaion gizon ugarien irudi bakar bat ere gustatu. Gerritik gora gustatzen zitzaiona, hanka-pattala zen. Edo hamarrak hamar gutxi markatzen zuena bere ibileran. Edo zumea bezalako pantorrilen jabe. Gerritik behera gustatzen zitzaionak, berriz, burusoila zuen aireportua. Edo aza orriaren neurrikoak belarriak. Edo bisigu begi-gorri, tristeak...

        Irakurketari jarraitu zion, etsipenez:

 

                ...lenbizikuan oņetara ta

                urrena berriz gerrira...

 

        Esku batez tolestu zuen gerrialdean mordoilotzen zitzaion soinekoa, keinu eme, neurtu batez. Betidanik izan du gizakiak bestearentzat atsegin aurkezteko beharra, bestearen begietara ikusgai suertatzeko grina, eta Madame ez zen, honetan ere, beste gizakiengandik desberdin.

       

                ... oņak dituzu txiki politak,

                gustagarryak txit dira...

 

        Marmolezko mahai gainean ondo plantaturik zeuzkan bi hankak erretiratu zituen, bertsoan irakurritakoak sinetsi izan ez balitu bezala. Edo, konparaketa mental batean, bere oinak galtzaile zituela etsita. Betidanik izan baitu gizakiak, bestearekiko atsegin izatea lortzen ez duenean, ahuleziak estaltzeko, gabeziak ezkutatzeko jokabidea. Lotsari uztarturik agertzen da, gainera, jokabidea. Horra hor zein giza sentimenduri zor zaien modaren nahiz makillajearen deskubrimendua...

 

                ...gerryan berriz eman litzazke

                kana bat zintak bi jira.

 

        Konparaketa mentalak ez zion mesede handirik egin Madameri, haren ezpainetako okertze haserreak garbi adierazten zuenez.

        Liburua amorrazioz itxi eta arnasestuka hasi zen bere kasa, bote prontoko hizketa arrapaladatsuan:

        —Ez duk, behintzat, Bilintx poeta kaskar hori nitaz ariko... Zer uste ote du donostiar kokots-oker horrek? Aurkituko duela halako emakumerik munduan? Kana bat zintak bi jira emakume baten gerriari, alajaina! A ze hiperbole esajeratua! A ze esajerazio hiperbolikoa! Ondo zegok, ondo zegok! Bazekiat, Bilintx, ze poesia klase irakurri behar ez dudan hemendik aurrera...

        Patez ondo igurtzitako bokata bati eman zion sekulako horzkada.

        Hark bare eta bake samartu zuen emakumea. Butakatik jaiki eta bere gelara abiatu zen pauso baldarrez. Armairua ireki zuen. Zalantza handirik gabe, zintzilik zeuden pertxa ugarietako batetik sagar gorri koloreko soineko bat hartu zuen. Soinean zeraman etxeko soineko koipetsua erantzi eta burutik behera sartu zuen sagar kolorekoa. Bere gorputza ispiluari erakutsi zionean, kantari hasi zen, arnasa hartu eta bularrak puztu ondoren. Irakurketak sorrarazi zion nahigabeari aurre eman behar zion («autoestimuak asko balio din, Madame!»), eta aurkako egoerei aurre ematen zekien Madamek arerioari aurre egitea erabaki zuen, Bilintxen bertsoa errepikatuz:

                Zedorrek uste etzenubela

                egon nitzaizun begira,

                lenbizikuan oņetara ta

                urrena berriz gerrira.

 

        Ez zuen jarraitu, eta pentsakor geratu zen, bertsoari bat-bateko segida berri bat asmatzeari ekin nahi izan balio bezala.

        Soinekoari ondo zetorkion gerriko gorri bat lotu zuen, gogor, gorputza nola estilizatuko, eta odolkiak lotzen direnean bezala, plof! egin zuten haragiek gora, plaf! egin zuten haragiek behera.

        Gelako atetik ahots mehe, dardartia iritsi zitzaion, aldrebes samar kantari:

 

                Oņak dituzu handi galantak,

                ikaragarryak dira,

                gerriyan berriz ezin dezake

                bi kilometrotako soka luze batek eman jira.

 

        Laster batean bota zuen azken ahapaldia Bixentikok, eta ez doinuaren nota bakoitzean hiruzpalau silaba sartu beharrean aurkitzen zelako bakarrik. Abiadura hartara Madame Kontxexik lurretik hartu eta bota zion txarolezko zapatak ere derrigortu zuen mutila:

        —Txotxolo malapartatua!

        Bixentikoren ihesarekin batera jo zuen zapataren kolpeak atearen haritzezko markoa bete-batean, bertan zapataren zenbakia ere markatuz.

        —Inuzente petral arrania! Bizitza eman zian amari adar joka?

        Semea komunean ezkutatu zitzaion eta kisketaz itxi zuen atea.

        Madamek, komuneko ate aurrean, hitz bota berrioz damutu izan balitz bezala, ahapeka:

        —Arrazoi din Madame Jenobebak. Gogorregi tratatzen dinat seme koitadua...

        Esana zion eskola lagunak, kurtso bukaerako despedida afarian, goxo hartu behar izaten direla semeak. «Alargunenak lainezatzen ditun gehiena» errepikatzen zion Madame Jenobebak, alargunaren seme bakarra beti dagoela galbidetik gertuago erantsiz.

        —Eta zuek, alargunek, izaten dituzue kulparik handienak.

        —Xanpainak mozkortu hau! —bota zion Madame Kontxexik, lagunaren hitzek sorrarazi zioten ezinegona gogor disimulatuz.

        Ez zuten, ordea, oroimen hauek gehiegi errukiarazi Madame, marmarari ekin baitzion berriro, ahoan mihia turmix bat bezala mugituz:

        —Ez dezala, ordea, Bixentikok inoiz jakin errukitzen natzaionik... Goxotasuna bai, baina esku gogorrez dosifikaturik. Bestela, lainezatu egiten ditun mutil guztiak. Zer ba? samurtasunezko jokabidea bakarrik eskainiko banio, burutik behera egingo lidake horrek pixa.

        Deiadar egin zuen gero:

        —Bixentiko!

        Erantzunik ez.

        —Bixentikooo!

        Erantzunik ez.

        Ezpainak okertu zitzaizkion, buruan irakiten zebilkionak poztu izan balu bezala:

        —Bilintxen poemak ekarri dizkiat! Hiretzat erosi dizkiat propio!

Garapena: Dijitalidadea SL