Anjel
Lertxundi

1948 (Orio)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Goiko kale

1973, Gero

Ajea du Urturik

1971, Etor

Hamaseigarrenean aidanez

1983, Erein

Urtero da aurten

1984, Erein

Tobacco days

1987, Erein

Carla

1989, Erein

Kapitain Frakasa

1991, Erein

Otto Pette

1994, Alberdania

Lehorreko koadernoa

1998, Alberdania

Zorion perfektua

2002, Alberdania

Ihes betea

2006, Alberdania

Konpainia noblean

2004, Alberdania

Zoaz infernura, laztana

2008, Alberdania

NARRAZIOA

Piztiaren izena

1995, Alberdania

Azkenaz beste

1996, Alberdania

Letrak kalekantoitik

1996, Alberdania

Argizariaren egunak

1998, Alberdania

Lurrak berdinduko nau

1990, Erein

IPUINA

Hunik arrats artean

1970, Lur

Aise eman zenidan eskua

1979, Erein

SAIAKERA

Mentura dugun artean

2001, Alberdania

Gogoa zubi

1999, Alberdania

KRONIKA

Italia, bizitza hizpide

2004, Alberdania / Berria

BIOGRAFIA

Martin Ugalde, leialtasun baten historia

1997, Andoaingo Udala

ETNOGRAFIA

Tresak eta Kordelak

1993, Zarauzko Udala/Itxaropena

ANTOLOGIA

Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)

1991, Erein

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Gizon kabalen piurak

1982, Erein

Tristeak kontsolatzeko makina

1982, Erein

Eskiatzaile herrenaren kasua

1988, Erein

Paris de la France-ko pateen kasua

1988, Erein

Alarguntsa sikodelikoaren kasua

1989, Erein

Sardina ezpain gorriaren kasua

1989, Erein

Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe

1993, Erein

Estalaktita rockeroaren kasua

1989, Erein

Nire kuleroak

1999, Elkar

Musubero mon amour

2000, Elkar

Aizak eta aizan elkarrekin dantzan

2002, Elkar

Kaxkajo bahituaren kasua

1988, Erein

I
Jaiki beharra beti da triste,
hori ez da inorentzat albiste

 

        Goizeko zazpi eta erdiak eta erloju koittadua tirrin-tirrinka hasi zenean, hatz lodi batek botoia sakatu eta tirrin-tirrin eskandalagarriak ito zitzaizkion erlojuari. Gero, jergoiak sekulako soinu, hots, istilu eta katramilak sortu ondoren, hatz lodi berak lanparako zintzilikario metalikotik tira, eta argia jabetu zen logela zabalaz.

        Madame Kontxexi Uriberen ehun eta hogei kilo pasatxoko pisu ondradua ohearen ertzean zegoen eserita. Ipurdi bikain, oparoek hondoratuta zeukaten koltxoia, eta, ondoren, jaiki zenean, lasaitasun arnasetan bezala baretu ziren Madame Kontxexiren pisutik libratutako koltxoi hondoratua, jergoi zimurtua, ohe jipoitua.

        —Egun berri bat dinagu, aixkidea! —esan zuen bere baitarako Madame Kontxexik, ia gelako horma guztia hartzen zuen ispiluan begiratu eta bere masail gorri, biribilak sagar koloreko ikusi zituenean—. Egun berri bat, eta, berriro ikastolara lanera joan behar tristea! Noiz demontre iritsiko ote zaie nire ipurdi nekatu hauei ere jubilazioa!

        Bainugelara sartu zen garbiketak egitera. Fantasiazko kamisoi enkajeduna erantzi eta bere haragi mardulak dutxapera sartu zituen, bainuontzi zabala kortina lore fuksiadun batez ezkutatu ondoren.

        Bost minutu luze bota zituen dutxa beroko ur gozoaren pean. Gero, kulero puntilladunak, zetazko titi xorroak, eta haien gainetik, soineko beige dotorea burutik behera sartu zuenean, bainugelako armairutik kristalezko lau pote txiki atera eta kremak nahiz margoak ematen hasi zen: krema gorria masailetarako, rimmel urdin iluna begietarako, margo arroxa ezpainetarako eta arkatz beltza betazaletarako.

        Madame Kontxexiren aurpegiak taxukera itxurosoa hartu zuenean, eta zepiloaz ilea atzeko aldera bildu eta motots biribila taxutu ondoren, bainugelatik sukaldera abiatu zen gosaltzera. Han zegoen, mahaira bapo eserita, unibertsitatean sendagintzako lehen urteko lehen lauhilabetea aurrera ateratzeko jo eta ke lan etengabean zazpi urte neketsu zeramatzan bere seme Bixentiko.

        —Egunon, ama. Zer moduz egin duzu lo?

        —Nik ondo. Ez dakit, ordea, zer pentsatuko duen koltxoiak. Eta zuk, Bixentiko? Nire maitea, zer duzu? Kolore txarra daukazu... Kolore txarra sendatzeko, metal ura edan behar duzu. Ea, ea, begira dezadan... Zerenak dituzu begizulo horiek? Bart ere ikasten aritu al zara auskalo noiz arte?

        —Ez da ezer, ama. Ezin izan dut lo askorik egin, hori da guztia.

        —Ez duzula lorik egin? Zer dela eta, e, Bixentiko? Nire koltxoiaren soinuek esnatu al zaituzte bart ere?

        —Ez, ama, zaude lasai, belarritan argizarizko tapoiak jartzen hasi nintzenetik, zure koltxoiak ez nau batere molestatzen. Gau guztian jo eta jo aritu den telefono madarikatu hori izan da erruduna.. .

        —Telefonoa? Zein telefono?

        Madame Kontxexi esne ontzikada bat berotzen ari zen butanozko su txikian, arrautza eta hirugiharra frijitzen su ertainean, tartamantzana bat berotzen su handian, Bixentiko tostada

beltz, erreak gurinaz busti eta busti ari zen bitartean.

        —Jope, ama, atzo ere esan nizun: gure telefonoaren zenbaki berdintsua ipini dietela Ertzainei ere, eta lapurreta bat den bakoitzean, edo norbaitek ustekaberen bat duenean, urduritasunez edo, hor nahasten direla biktimak eta gure etxera deitzen dutela; senarren bat lagun artean txikiteoan ibili ondoren, bixi-bixi hasten zaiola emazteari erritaka, eta emaztea gure etxera deika; lanerako garaian bizikletaren bila abiatu eta bizikletaren itzala ere topatzen ez duena, hala, hura ere gure etxera deika... Hola ezin dugu jarraitu, ama. Alda dezatela Ertzainek beren telefonoa, geuk haiek baino lehenagotik ipinia genuen eta geurea...

        Madame Kontxexi bere esne ontzi handiaz, arrautza eta hirugiharraren plateraz, tartamantzanaren azpil zabalaz inguratu zen sukaldeko mahaira. Ontziko esnea Bixentikoren katilura zerbitu, ontzia mahai erdian utzi eta esku potzoloetako bat pasatu zuen Madame Kontxexik semearen buru gainetik, maitekor, bigarren esku potzoloaz bezperako ogia arrautzaren gorringoan bustitzen zuen bitartean:

        —Ez zaitez ernegatu... Pasatuko da...

Garapena: Dijitalidadea SL