1948 (Orio)
Egile honen
beste liburuak
NOBELA
1973, Gero
1971, Etor
1983, Erein
1984, Erein
1987, Erein
1989, Erein
1991, Erein
1994, Alberdania
1998, Alberdania
2002, Alberdania
2006, Alberdania
2004, Alberdania
2008, Alberdania
NARRAZIOA
1996, Alberdania
1996, Alberdania
1998, Alberdania
1990, Erein
IPUINA
1970, Lur
1979, Erein
SAIAKERA
2001, Alberdania
1999, Alberdania
KRONIKA
2004, Alberdania / Berria
BIOGRAFIA
Martin Ugalde, leialtasun baten historia
1997, Andoaingo Udala
ETNOGRAFIA
1993, Zarauzko Udala/Itxaropena
ANTOLOGIA
Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)
1991, Erein
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1982, Erein
1982, Erein
1988, Erein
1988, Erein
Paris de la France-ko pateen kasua
1988, Erein
Alarguntsa sikodelikoaren kasua
1989, Erein
Sardina ezpain gorriaren kasua
1989, Erein
Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe
1993, Erein
1989, Erein
1999, Elkar
2000, Elkar
Aizak eta aizan elkarrekin dantzan
2002, Elkar
Piztiaren izena
1995, Alberdania
Lilith
MEFISTOFELES.— Begiraiok ondo. Lilith duk!
FAUSTO.— Nor?
MEFISTOFELES.— Adanen lehendabiziko emaztea.
Kontuz bere ile-matazarekin: gazte bat korapilatzen duenean,
ez dik berehalakoan askatzen.
Goethe, Fausto
Haize zakar batek leihoa astindu, eta kandelaren argiak zirti-zarta egin zuen ohantze baten oinetan. Arratoi baten neurriko sagu handi bat korrika hasi zen, kurrixka eta zirkin, norabide jakinik gabeko urduritasun zalapartatsuan, harik eta azkenean, haizea baretu eta kandelaren argia ere sosegatu zenean, ohantzeko gizonaren batere ardurarik gabe gela aldenik alde zeharkatu, eta hormako zulo batean ezkutatu zen arte.
Ohantzeko gizonak ere ohiturik zirudien saguaren ibileretara, ez baitzen mugitu ere egin. Burua esku-ahur uztartuetan atsedendurik, sabaian galduta zeuzkan igel batenak bezalako begi handiak, gau hartako ekaitzaren nahiz saguaren batere axolarik gabe.
Etsipenaren kiratsa aditzen zen gelan: utzikeriak bazkatutako etsipenaren arrasto lizunduak horman, haustuak zoruan, sitsak joak altzari urrietan, desarilduak ohe-arropatan...
Sagua bere zulotik irten zen berriro. Ohe ondoraino joan, eta gizonari begira egon zen pixka batez, hordi batek zahato hustu berriari begiratu ohi dion bezala: etsiak harturik. Eta etsipenez hasi zen zer aurkituko zoru gainean zegoen kandelaren inguruko argitik gertu.
Gizonaren begiradak, ordea, sabaian jarraitzen zuen. Nekeak izendatzen jakiteak ez du nekerik arintzen; gehienera ere, nekea entretenitzen du, eta hartantxe zegoen gizona, nekea entretenitze aldera. Kandelaren pamerialak zituen entretenigai. Pamerial bakoitza neke bat, neke bakoitzak bere isla: errainuak, galtzak bete zorigaiztoarenak; argitzalak, egundoko txalmenak; sasitik arantzara eta lokatzetik lohira zihoakion bizitza baten irudi iheskorrak; kukusoek bazka, zorriek hazkurri eta akainek oturuntz, astalarra baino herabeago jaiotako baten irudikapen norabiderik gabeak...
Gizonak, bada, miseriaren argi-dantza oro zuen ikusgai sabaiko pamerialetan, eta gizonaren miseriak kandela-muturren baten argia izaten zuen lekuko ia gauero, ia gauero esnatzen baitzuen gosearen korrokada amairik gabeak. Gizonari goseak ez zion, ordea, axola handirik, etsipenaren hondoa ohantzea baino biguinagoa baita, eta haren mamia mizpiropilarena baino gozoagoa.
Begiak itxi zituen, etsipen biguina gozagarri. Azal-mintz zurbileko beltzaran bat irudikatu zuen haren lo-zoriko eskulanak.
Aurreragokoak baino haize urrunago baten firfira entzun zuen: Salbatoreee, Salbatoreee... Kandela-muturra itzaltzera makurtu zen irudimeneko beltzarana. Zuri-zuriak zituen izter-masailak, eta haien arteko erreten estuaren miraz sosegatu zen Salbatore.
Sugea lozorrotik bezala esnatu zen eguna, eta astiro-astiro hasi zen argia zeru osoa ibiltzen.
Azoka-eguna zen katedral inguruko kale-zirkiluetan.
—Zaude! Begiraiozu antzar honi. Ez duzu sekula ikusi hain gibelalde gizenik! Infernuan berean ere ez da hoberik!
—Hots! Hots, gero! Pasaiok eskua: ez duk bizitzan oihal leunagorik ukitu. Zikin-estalia eta sitsen etsaia. Pasaiok, pasaiok eskua!
—Maria Kirikitun sorginaren bertso paregabeak! Jakizue, jakizue zer egiten zuen, nola josten zituen atorrak, zein amarruz lotzen zituen gure alabak!
—Tableau de l'Inconstance. Bi sos, bi sos besterik ez Pierre Lancre jaunaren liburu harrigarria!
Azoka-eguna zen, eta sastrakak biltzen ari ziren katedral aurreko plazan.
Salbatorek ez zuen bururik jasotzen, ez zien saltzaileei begietako izua erakusten. Sitsak zirtzildutako atorraren barneko patrikaren kontra zeukan eskua, munduan geratzen zitzaion pitxirik preziatuena babesteko.
Txoriak ikusten zituen jendearen oinetan, hobe baita burumakur ibiltzea arriskuaren begi zabal-zabalak ikusi nahi ez direnean. Usoak, ogi-muturren bila okindegien aurrean; belatxingak, ahariren edo oilaskoren baten hondakinak mokoetan; erle ezten-zorrotzak denda-atarietako klabelin gorrien inguruan eta lespada bizkar-berdexkak arraindendetako sarreretan; zozo ipur-lokaren bat kale bazterretan putzurik putzu; txolarreak, non-nahitar izan-minez...
Hamabiak jo zuten katedraleko kanpandorrean. Borreroak su eman zion katedral aurreko txondorrari:
—Kiskal hadi, Maria Kirikitun: hire izenaz nehor oroituko ez dun!
Maria Kirikitunek irrintzi lazgarri bat jaurti zuen zerura. Plazako txori guztiak aztoratu zituen irrintziak. Pierre de Lancre katedralean sartu zen eguneroko meza entzutera, eta, aldiberean, saguzar bat irten zen katedralaren hormako zulo batetik.
Saguzarrak kurrixka egin zuen bizpahirutan. Marmarka hasi zen zeru urdina. Behi baten ibilera hartu zuen argitasunak, eta dorrearen itzalak txondorra ilundu zuen.
Burua jaso zuen Salbatorek. Saguzarrari segitu zioten haren begi lainotuek, eta begi lainotuen aginduei haren oinek.
Barride zaharreko denda zahar-zahar baten aurreraino heldu zen, haraino heldu baitzen saguzarra ere: ateko txilinean pausatu, eta bertatik zintzilik geratu zen saguzarra, txilinaren mihia bera baino luzeago.
«Hainbatetan pasatu nauk hemendik, eta ez diat denda hau ikusi!», otu zitzaion. Argizari egin berriaren usaina hartu zuen Salbatorek.
Txilina jo ez jo egon zen gizona, ez baitzuen saguzar lokartu berria esnatu nahi.
Izotz puskatuaren krakatekoa. Ez zegoen jakiterik lustrerik gabeko txirrinari ala saguzarrari zor zitzaion hotsa.
Atea zabaldu zuen agure batek. Sudur-zubiraino jaitsiak zituen anteojoak eta makulu baten laguntzara alderotua gorputz osoa.
Eskuak igurtzi zituen ia lurreraino heltzen zitzaion lan-ator argizari-koipez dizdizarituan.
—Hauek al dira orduak? —erretxindu zitzaion agurea. Eztulka hasi zen gero, hitz egin behar soila itogarria balitzaio bezala.
Eskusoinu bat entzun zen urruti, eta ahots lodi bat gero, maitale galduren bat malkogai. Akuilu batek ziztaturik bezala botatzen zituen ahots urrunak bere saminak.
Salbatorek burua makurtu zuen bere benetako saminak gizonezko bati agertzeko lotsaz, eta arranguraz mintzatu zitzaion agureari: gosea zuela bidaiakide, eta etorkizun izarrik gabea ostatu.
Agureak ezpain-ertzetan bildutako lerdea kendu zuen esku-gainaz.
—Harira, zakilnarru, harira! —esan zuen agureak, katar batek bezala ut!ut! eta marmarka.
Salbatorek, ezker-eskuin begiratu, eta ahotsa mehetu zuen:
—Maria Kirikitunek lagun gintuen!
Agurearen begiak txingar bi. Salbatoreri sar zedila agindu, eta atea itxi zuen gibelean.
Pertza handi bat zegoen dendabazter bateko tximiniako laratzetik zintzilik. Bor-bor egiten zuen pertzako argizariak. Katedral aurreko txondorrarekin gogoratu zen Salbatore. Eta Pierre de Lancrerekin. Bor-bor.
Tximiniaren aurrera hurbildu, eta agureak ostikada bat eman zion bere baitako epelean kiribildurik zegoen katarrari, baina katua ez zen mugitu ere egin. Marmarraldi etenik gabearengatik izan ez balitz, bizirik gabeko pildatzat har zitekeen animalia.
Agureak kaxa bat hartu zuen tximiniaren ondoko arasa batetik, eta orratzontzi txiki batzuk atera zituen. Umeen ipur-mokorrez eginak zirela guztiak.
Salbatorek hezur-biguinena hautatu zuen.
—Honek... zera... Seguru al zaude honek bizitza aldatuko didala? —ausartu zen Salbatore.
Pertzaraino joanik, agureak burruntzali bat sartu zuen bertan, eta argizariz gainezka atera. Gero, argizaria botatzen hasi zen pertzaren ondoan zeuzkan giza irudiko molde txiki-txikietara. Argizariak txirrit-hotsa atera zuen bost moldeetara isurtzerakoan.
Bost moldeetako argizaria hoztu zenean, giza itxurako bost irudi atera moldeetatik, eta pintzel fin-fin bat sartu zuen pintura gorriko pote batean. Galtzak eta txanoak margotu zizkien bost irudiei. Bular, aurpegi eta besoek argizariaren zurbilez segitu zuten.
Atorraren barrualdeko patrikaren kontra estutu zuen eskua Salbatorek.
Agureak, arnasa harturik, hats egin zien bost irudiei, eta katuaren marmarra areagotu egin zen.
—Txerren-golem sutan zu,
credon-fidem zakilzun...
Bost irudiek bizia hartu zuten supituan, eta sekulako zalaparta batek eztanda egin zuen, dendako hormak eta zimentarriak dardarazterainokoa. Bost agure txiki-txiki haiek haize zakarrak puztutako orbela ziruditen, alde batetik bestera airean: batek zotin, besteak usin, urliak zintz, sandiak ok eta berendiak korrok, uzker egiten zuten bostek tximiniaren aurretik pasatzerakoan, eta su hartzen zuen haien uzker-zirimolak, sufrearen kiratsaz beterik bazter guztiak:
—...bringun-lanetan esku bi,
kuku-lubitan kikili!
Ume-mokorrez egindako orratzontzian sartu ziren bost agure txiki-txikiak.
Agureak kortxozko estalki batez itxi zuen orratzontzia. Kiratsa ez zen, ordea, desagertu.
—Horiek aberastuko haute! —esan, eta hainbat aholku eman zion agureak Salbatoreri: behin orratzontzia zabalduz gero, lanean eta lanean eduki beharko zituela galtxagorriak. Bestela, gorriak eta bi ikusiko zituela.
Agureak orraztegia luzatu zion Salbatoreri, baina Salbatorek ezezkoa egin zion buruaz. Ez zuela aberastu nahi.
—Zer deabru nahi duk, orduan? —erretxindu zitzaion agurea.
Pertzako argizariak gainezka egin zuen, eta haren lurrunak denda osoa hartu zuen.
—Salbatore, Salbatore... kontuz gero sorginekin! —esaten ari zitzaion oroitzapenetako ama gandutua.
Amaren ahotsak, hortz bakarreko leize sakonetik irtenik, koipeztu gabeko gontzaren soinua zuen. Salbatorek ez zuen, ordea, hozkirik sentitu, semetasunaren abantaila nabarmena baita amaren ahots kirrinkariari esnearen usaina eta eztiaren gozoa hartzea.
—Eta nola konturatuko naiz nor den sorgin? —galdetu zion Salbatorek, muki-kandela xurgatu, eta haur batek amagatik gorde ohi duen uste on xaloenaz. Esne katilukada bat zeukan aurrean, eta ogi puska lizunduak botatzen ari zen bertara. Euli saldo ikaragarria zebilen katiluaren ertzean. Salbatorek euliak eskuaren kolpe baldar baten uxatu, eta ahora eraman zuen katilua.
Gardantz zegoen esnegaina, garratz esnea, Salbatorek bizitza osoan hartutako esne guztiak bezala. Zurrutadak adina iraun zuen kaosak, eta, erasotik oso denbora gutxira, euli gehienak katilura itzuli ziren. Eulietako batek, ordea, nahiago izan zuen amaren bekaina, katilu ertzeko baretasuna baino.
Emakumeak beso zaintsu mehexka astindu zuen airean, erratz baten modura. Euliak ihes egin zuen erasoaren zurrunbilotik.
Kurrixka-sorta batek osatu zuen amaren erantzuna, eta haizeak astindutako ihiaren moduan mugitu zitzaion hortz bakarra:
—Gonadun guztiak dituk sorgin!