1948 (Orio)
Egile honen
beste liburuak
NOBELA
1973, Gero
1971, Etor
1983, Erein
1984, Erein
1987, Erein
1989, Erein
1994, Alberdania
1998, Alberdania
2002, Alberdania
2006, Alberdania
2004, Alberdania
2008, Alberdania
NARRAZIOA
1995, Alberdania
1996, Alberdania
1996, Alberdania
1998, Alberdania
1990, Erein
IPUINA
1970, Lur
1979, Erein
SAIAKERA
2001, Alberdania
1999, Alberdania
KRONIKA
2004, Alberdania / Berria
BIOGRAFIA
Martin Ugalde, leialtasun baten historia
1997, Andoaingo Udala
ETNOGRAFIA
1993, Zarauzko Udala/Itxaropena
ANTOLOGIA
Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)
1991, Erein
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1982, Erein
1982, Erein
1988, Erein
1988, Erein
Paris de la France-ko pateen kasua
1988, Erein
Alarguntsa sikodelikoaren kasua
1989, Erein
Sardina ezpain gorriaren kasua
1989, Erein
Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe
1993, Erein
1989, Erein
1999, Elkar
2000, Elkar
Aizak eta aizan elkarrekin dantzan
2002, Elkar
Kapitain Frakasa
1991, Erein
Lehenengo hogei orriak gogor eta helkaitzak egiten zaizkio edonori. Gero, aldiz, aldapa latza gainditu duen karreristaren antzera, perpaus luze kateatu horiek gozatuko ditu irakurle hartara jarriak. Hori ere esan behar bait da, hots, «Kapitain Frakasa» ez dela edozein amasemerentzat egina. Atean geldi bitez, bere onerako, istorio errazen zaleak eta euskara samurraren maitaleak. Irakasleek ez bezate, arren, ikaslerik derrigortu liburu hau irakurri eta laburtzera, euskal literatura osotik uxatuko dituzte eta. Zuek ordea, Literatura —maiuskulaz orain— deitu ohi den bitxikeria urri horren biziotsu zaretenok, bazkaleku oparo eta galanta topatuko duzue berean. On egin!
Xabier Mendiguren Elizegi (Argia, 1991-12-29)
Uraren neurria, zapore gozoa itotzeraino gabea, onetsi nion pastis mahairatu berriari. Egunkari bat hartu nuen gero alboko aulkitik, ondo jakinda beranduegi gertatu zela Moniquerena, egunkariek bart gertatuari buruzko ezer ekar zezaten. Notizien arrenkura tonuko albiste bakar batek ere ez zuen nire begirada gero eta tartekatuagoen arretarik bereganatu. Ahots metaliko bat entzunda, hargatik ere jaso nuen burua. Orduan ikusi nuen neska, aurrez aurre, nire alboko aulki zuria seinalatuz. Libre al dago?, errepikatu eta mahaira eseri zitzaidan, eguzki galgara, berna zuriak mahai pean izkutatuz eta, artean erantzuna emateke nengoen arren, nire balizko baimenaren axola handirik erakutsi gabe. Harritu egingo nintzaion ohi dudan modura kopeta zimurtuz, desenkusatzera egin zidan-eta esanez ez dago mahai librerik. Ez zen, ordea, barkamen eske ari bere traje berdeaz kolore bereko begien distira moteldu izanaren erruduna. Ordurako nabarmenduta nengoen, neskaren jokabidearekiko arrotz bezain atezuan, mahaira eseria zitzaidanaren irmotasun erakutsi berria ezin zitzaiola tenperamentu erabakior bati bakarrik egotzi.
Nire ustearen ezagule bailitzan portatu zitzaidan, libreta tankerako bat aterez astun trazako poltsa beltz sorbaldatik behera zeramanetik.
Azal gorrixtetako pasaporte bat.
Jendez gainezka zegoen terraza zalapartaria. Ezker-eskuin begiratu nuen, izuz nintzelako, artega. Urduri jartzen naiz ezezagun zaidan edonor aurkezten didatenean; ezezaguna emakume bada, izerdi usaina hartzen du nire urduritasunak.
Egun hartako ezinegonaren izerdiari zor zitzaion, ordea, bi arrazoi horiez gain, izuarena ere. Hiru arrazoien artean nagusiena, nahiz pasaporteak legezkoa zirudien. Antibeseko prefetaren zeilua zeraman. Eta ondotxo ezagutzen nuen firma. Franz Gleizes. Norabide ukatuen zerrenda luzeko pasaporte hark Italiaraino heltzeko badarik ere zerbi zezakeen, eta, beharrik ere, aukera bakar huraxe aski zitzaidan niri, Italiako mugatik Ivreako babesa hain gertu.
—Oker zaude, ez naiz uste duzuna —bota nion, ordea.
Neskaren horzdura distiratsua eguzki galgara nabarmenago. Kolerati mintzatu zitzaidan:
—Amarrugabearen imintzio xelebre horiekin al zatoz? Tira, zabal ezazu behingoz!
Keinu egin zidan aidor buruarekin, pasaportea seinalatuz. Neskaren begiek nire ardura zuten, ni noiz ausartuko, mahai gaineko pasaportearena baino.
Aitzitik nik. Pasaporte bati, baita garai lasaienetan atera daitekeen legezkoenari ere, beti hartu izan diot
arriskuaren traza. Legearekin arazorik ez duzun nor ondratua zarela adierazteko asmatua. Zure fidagarritasuna ziurtatuko duena. Bekosko eskatu dizun poliziari errezeloa ezabatzen diona, luzatua diozun dokumentuarekin zertifikatuz ez zarela klandestinitatearen lanbrotik argitara irten berri.
Passport? Reisepas? Passaporto?
Hizkuntza guztietan daki mintzatzen kontrolak. Mahaitik jaikitzera egin nuen.
Besotik heldu zidan neskak eta eser nendila agindu zidaten haren begi berdeek. Etsita protestekin ez nuela ezer lortuko, ezpainarteko irribarrearekin begirada autoritarioaren zorroztasuna hain ondo orekatzen zekiela adierazten ari zitzaidanari obeditzera deliberatu nintzen. Aulkian hondoratu eta hankak aurreratu nituen, neskaren zapata puntak ikutu ez zitzaten saiatuz, eta ipurmasailak aulkiaren ertzeraino irristeraziz.
Neskak berak zabaldu zidan pasaportea nortasun daten orrialdean.
Ez nuen argazkia ezagutzen. Bai, ordea, argazkikoa. Ez zen aspaldi aterea eta ondo gogoan daukat noiz egin nintzen kanadiar estiloko zamar gorri-beltzaren jabe.
—Touché?—ironiak gizaitxuratu zuen, paradoxa badirudi ere, ahots listor antzaren tinbrea.
Touché? piztu zitzaidan harridura oroimenean.
Touché, Gerald D.k ere ohi zuen bezalaxe, florete bat bailitzan behatza mugituz. Baina Gerald D.rengandik laguntza moduko ezer jasotzea zen une hartan espero nezakeen azken miraria.
Ez. Inoren errukiak, are gutxiago Gerald D.ri hain tantaka darionak, ezin lor zezakeen ahantz nezala, ez
barka, gaurtik eta adabakika —hala badarik ere argia egingo dudalakoan—, kontatzen hasi naizen guztia. Onik burutzerik lortuko banu oroimenon harilkatzea, heriotza ez nuke hartara ezerezaren atari izango, ez behintzat Gerald D.k uste zukeen neurrian.
Ezin nezakeen espero errukiak lekarkidakeen ahanzdurarik, aspalditik irentsia nuen-eta ezin nintzela atzera bueltatu eta Gerald D.ri esaten hasi: Onik ikusten zaitut, amigo. Edo: Ezagutu berri dut jatetxe atsegin askoa Borély parketik gertu. Edo: Ez nizun telefonoz deitu behar, badakit, baina hipodromorako sarrera parea hartu dut...
Ezin zen Gerald D. mendekuaren aukeraz ere baliatu, ez hartarako arrazoirik ez zukeelako, neuk ere, nekien guztiari esker, haren kontra egiteko arma ugariak nituelako baino.
Gutxienera ere, Gerald D.ri adina mugimendu gelditzen zitzaidan bion bizitzak jokuan genituen xake saio moduko hartan. Kasualitateari egotzi behar diot gure egoera laburbiltzen duen xakearen irudi ez batere bitxia. Gerald D.k ere ezagun zukeen filme beretik jasoa, ausaz elkartzen ziren, nire oroimenaren joste lanari esker, filme bakar bateko bi proiekzio desberdinen emaitzak.
Coup de dés, beraz.
Gerald D.ren maltzurkeria ere baztergai ez, baina errekamaran, erraiak kiskaltzerainoko errezelo gordina nagusitu zen nire baitan, pentsatuz jendarmeen lazoa zatekeela hain baldar tentatu nahi ninduen pasaportea. Bidea erakutsi nahi zidan norbaitek neskaren baliantzaz. Alde egin nezala. Ivreako lagunengana apika, aspaldiko nire amets kunplitu ezinari pasaporte baten formalismoa emanaz. Baina hartaratzera, esku-eskuan ipiniko nien hain desio zuten zioa. Harrapatuko ninduten, bazter batera eraman eta irri karkarka esango zidaten, ongi etorria , beti hirea ere izan den ostatu honetara, belaunburu baten kolpeak arnasa itoko zidalarik eta nire eskuak hankartea babestera eramanerazi.
Neskaren lakirio hura ez zen, ongixe nekien, loredun korbata bailitzan, nire lepoa edertzeko txirikordatua. Ttu pilatuak altzairu zorrotzaren hotz gordina zuen nire zintzurrean behera.
Neska ez zegoen, ordea, nire listuaren ataka gaiztoko eragozpenez erreparatzera jarria. Argazkiaren ondoko izen-abizenak irakurri zizkidan. Ismael Osorio Abad. Izena errepikatu zuen gero, berritan entzundako hitz baten oihartzun arrotza oroimenera dadin dastatzen den modura:
—Ismael.. .
—Gustokoa duzu Moby Dick —ordurarte komikietan batez ere irakurria nuen izena berrikitan entzuna Antibeseko zine kaskar batean, neskak ere balea zuriaren filmea ezagutu behar zuela imajinarazi zidan Ismael izenak, pentsatuz ez zuela ezagutuko inor, neuk ere ezagutzen ez nuen bezala, izen bitxi haren jabe lasai izan zitekeenik.
Hitz egin izanaz damu nendila lortu zuen, ordea, neskak, sorbaldak aiherga jasoz. Ez zetorren oso bat nire ustearekin, baina ez ninduen desadostasunak bekaiztu, haren ondorengo hizjarioaren tonuak baizik:
—Edozeinek daki ez dagoela Biblia bezalakorik izen sinesgarriak asmatzerakoan. Abrahamek nola
deituko Agar neskamearekin legez kanpo munduratutako seme putakumeari, eta Ismael!
Erasoaren zakarrak ez zuen lortu izkutatzerik eskura jartzen ari zitzaidan pasaporteari buruzko gorabehera guzti haren argibidea. Ausardia handiegia, izenik ere ezagutzen ez nion neska arrandiak.
—Bo, bo... Eskaintzen didazun pasaporte honen motiboak ezagutzera jarrita, neuk ere izanaren neurriko izena eraman dezadala nahiko zenukete... putakumearengandik libratu...
—Ez nago ni inoren hain uste errotuak eztabaidatzera ohitua...
Hizketa modu harroak gogaituta, protestatzera ekin nuen arren, neskak berean jarraitu zuen:
—Jakingo duzu, noski, zer esan nahi duen Ismael izen horrek —Ez zidan betarik eman nire ezjakina ager niezaion—. Adi dago Jainkoa.
Bat: Abisu eman nahi zidan. Entera nendila. Ismael, adi daukak guztiz ahaltsua. Habil tentu.
Bi: Niri putakume deitu berri, mehatxuka ari zitzaidan neska, ezin nintekeen hain itsu izan: Hago adi, aspertu gaituk-eta hirekin, zornontzi saldua!
Arretaz begiratu nion. Luzeska zen, argala. Ile hori uhinxketan harrotuak zurbilagotu egiten zion aurpegi leuna.
Isiltasun luze baten ondoren, ezpainak zabaldu zituen horzdura distiratsua berriro eguzki galgara distiraraziz.
Zerbait eskatu zion neskak mahairik mahai zebilen mutilari. Italiarra izan arren, ohieza zitzaidan edariren bat, exotikoa, oroitzen naiz-eta harritu egin ninduela edariaren bitxiak. Millefiori? Nocino bat, agian. Zerbait zakarra behintzat, nahiz ez dakidan garbi likore baten ordez ez ote zuen aperitibo bat eskatu. Punt e Mes, behar bada. Edo Carpano...