Egile honen
beste liburuak

NARRATIBA

Hontzaren orduak

1999, Elkar

101 gau

2000, Elkar

Bizitza eredugarriak

2006, Elkar

IPUINA

Albahaka lurrina

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zozoa eta biok

1982, Elkar

Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon

1984, Elkar

Papartxuri eta Biboteluxe

1985, Elkar

Zazpi gelako hodeietako etxea

1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala

Muxi eta Puxi

1987, Elkar

Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa

1989, Elkar

2.061: antzinako kronikak

1990, Elkar

Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan

1991, Elkar

Katixa eta Kroko

1992, Elkar

Indianoa

1993, Elkar

Lau titiriti, bi tatarata..

1995, Errenteriako Udala

Etxerako bidea

1995, Elkar

Agure jakagorria

1995, Elkar

Hiru lagun

1995, Elkar

Katixa, Kroko eta Kokoroko

1997, Elkar

Axa mixa zilarra

2000, Elkar

Kikik Koko nahi du

2000, Elkar

Horazio eta jaguarra

2002, Elkar

Jokin Galtxagorri

2004, Elkar

Alfonbra berria

2006, Elkar

Mixi Marrau

2007, Elkar

Zaldun beltzak

2008, Elkar

Arreba txiki bat dut, eta zer?

2002, Elkar

        Orain dela egun batzuk Manueltxo nire lagunak esan zidan:

        —Aizu, Iñaki, zure ama asko gizentzen ari da. Masailetatik belarrietaraino gorritzen hasi nintzen.

        —Ez da gizentzen ari —esan nion Manueltxori—, umea dauka tripan eta horregatik...

        —Anaia eduki behar al duzu? —galdetu zidan, esan nahi niona esaten utzi gabe.

        —Anaia ez, arreba —erantzun nion nik.

        —Arreba! Ederra harria erori zaizu gainera! Nik ere badut arreba bat eta...

        Halaxe da. Manueltxok badu arreba bat, eta beti arrebaren eta nesken aurka aritzen da. Tuntunak direla eta jolasten ez dakitela esaten du.

        Nik Manueltxori kontatu nahi nion amak niri kontatutako guztia. Nola aitak hazia jarri zion tripan amatxori, nola elkartu zen hazi hori amaren tripako arrautza txiki batekin, eta nola sortu zen nire arreba, baina Manueltxok ez zidan kontatzen utzi. Berarentzat kalte!

        Orain ez diot kontatuko ez hori, ez nola ikusi nuen nire arreba telebista txiki batean.

        Gu hirurok, aita ama eta ni, klinikara joan ginen nire arreba telebistan ikustera.

        Aurrena, sendagile bata-zuri batek itxarongelan egoteko esan zigun, eta, gero, aita eta ama sartu ziren alboko gelara, eta nik denbora asko samar pasatu nuen, txintxo-txintxo eta bakar-bakarrik, itxarongelan. Halako batean, bata-zuriak esan zidan:

        —Ikusi nahi al duzu zure arreba?

        —Bai —esan nion nik.

        Han barruan, amatxo mahai arraro baten gainean etzanda zegoen. Tripa biribil-biribila bistan zeukan.

        Sendagileak ukendu batekin igurtzi zion tripa eta mikrofonoaren antzeko tresna bat jarri zion gainean. "Zer uste du sendagile txatxu horrek, nire arreba kantatzen hasiko dela?", pentsatu nuen.

        —Begiraiozu horko telebistari —agindu zidan sendagile bata-zuriak.

        Telebista oso zaharra zen. Ez zeukan ezta kolorerik ere!

        Seguru asko klinika hartan diru gutxi samar izango zuten.

        —Hortxe dago zure arrebatxoa.

        Nik begiratzen nion telebistari, baina han marra batzuk besterik ez ziren ikusten. Ez zen ondo sintonizatuta egongo.

        —Hemen burua, hemen eskua, hemen hanka bat —erakutsi zituen telebistaren gainean sendagileak. Nik arretaz begiratu nuen dena, baina marrazki bizidunetakoak baino okerrago marraztuta zegoen nire arreba hura.

        Kezkatuta, aitari begiratu nion, baina hura leloturik bezala zegoen pantailaren aurrean, eta ez zidan ezer esan.

        Amaren aldera joan nintzen, eta, nik ezer galdetu gabe, esan zidan:

        —Zure arreba —eta irribarre egin zuen.

        Amaren irribarrearekin konturatu nintzen gauzak ondo zihoazela.

Garapena: Dijitalidadea SL