Egile honen
beste liburuak

NARRATIBA

Hontzaren orduak

1999, Elkar

101 gau

2000, Elkar

Bizitza eredugarriak

2006, Elkar

IPUINA

Albahaka lurrina

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zozoa eta biok

1982, Elkar

Papartxuri eta Biboteluxe

1985, Elkar

Zazpi gelako hodeietako etxea

1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala

Muxi eta Puxi

1987, Elkar

Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa

1989, Elkar

2.061: antzinako kronikak

1990, Elkar

Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan

1991, Elkar

Katixa eta Kroko

1992, Elkar

Indianoa

1993, Elkar

Lau titiriti, bi tatarata..

1995, Errenteriako Udala

Etxerako bidea

1995, Elkar

Agure jakagorria

1995, Elkar

Hiru lagun

1995, Elkar

Katixa, Kroko eta Kokoroko

1997, Elkar

Axa mixa zilarra

2000, Elkar

Kikik Koko nahi du

2000, Elkar

Arreba txiki bat dut, eta zer?

2002, Elkar

Horazio eta jaguarra

2002, Elkar

Jokin Galtxagorri

2004, Elkar

Alfonbra berria

2006, Elkar

Mixi Marrau

2007, Elkar

Zaldun beltzak

2008, Elkar

Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon

1984, Elkar

1

 

        —Maixu hori ere! —esan zuen Garbiñek, etxera ailegatu eta arratsalde onak emateko astirik ere gabe.

        Aita egunkari atzean erdi ezkutaturik zegoen. Garbiñe etxera etorri eta ikastolako kontuak kontatzen hastea dena bat izaten zen, eta gizonak ez zeukan istilu haiei ekiteko batere gogorik.

        —Gero eta erotuago dago! —jarraitu zuen neskak bere esan beharra ezin gorderik—. Ezetz asmatu zer bururatu zaion oraingo honetan...!

        Aita oraindik gehiago ezkutatu zen egunkari atzean. Bertan bera desagertzeko aparatoa eduki izan balu eskura, momentu berean emango ziokeen martxan jartzeko botoiari eta afalordurarte beste nonbaitetara desagertu. Baina haren faltan, egunkari atzean desagertu zen eztultxo bat eginez.

        Liburuak eta poltsa bazter batetan utzi eta aitaren aurrean zutik geratu zen neskatoa. Salbaziorik ez zegoela somatzen hasi zen aita, baina badaezpada ere irakurtzeari adi-adi jarraitu zion: «Dirurik gabe eros ezazu..» «Opariak...». Zer arraio ote du orain alaba honek...? «Kreditua...» «%15 ... ». Neska isilik. Eskuak gerrian jarririk. Haserre aurpegiarekin.

        «Isiltasun hau ezin daiteke gauza ona izan» —pentsatzen zuen gizonak bere baitan eta paperen atzetik begi erdi izutu erdi irribartsuak agertu zituen.

        —Mmmm —edo antzeko zerbait esan eta oso interesantea izango balitz bezala, berriro, hirugarren edo laugarren aldiz, banketxe batek propagandarako zuen iragarkia irakurtzen saiatu zen: «Zure intereseko zera...» «Dirua ordu guztietan...» «Opariak». Zer arraio nahi ote du orain nire alabatxo honek...? «Kreditua...» «% 15...»

        Baina alferrik zitzaizkion jukutriak, begiak altxa eta han zegoen oraindik Garbiñe zain.

        —Mmmm —egin zuen berriro aitak.

        —Ederki, aita! Ziur nago ez duzula aditu zer esan dizudan! —jaso zuen erantzuna aurpegi-muzin batengandik.

        —Horixe baietz, maitia! Ez nizun ba adituko! Ez dakit zein eroturik dagoela edo...

        —Ikusten! Paretari hitzegiten ihardun banu bezala. Konturatu zen gizona gerra hura galduta zuela. Etsipen, aurpegia jarri, mahai gainean egunkaria utzi eta ikastolako gora-beherak entzutera prestatu zen. Alabak hartutako bideari segitzen zion:

        —Ikusten! Ez didazu batere kasorik egiten. Ezta enteratu ere ez zara egin! Gure maisua txoratuta dagoela esan dizut. Txo-ra-tu-ta. Begira, begira zer agindu digun egiteko.

Bazterrera joan, poltsa hartu, ireki eta fitxa mordo bat handik atereaz berriro hurbildu zen mahairaino.

        —Hemen! Ez... hemen! «Zu ere fantasma, monstruo,; ireltxu, mamu edo antzeko izakia agertzen den ipuin bat egiten saia zaitez» —irakurri zuen.

        —Ba, hori ba..., saia zaitez. Ez dut uste ipuin bat egitea hain zaila denik.

        —Ezetz, e? Has zaitez zu ere gure maisua bezala, ez dela zaila esanez. Ipuin bat egin eta gainera fantasmak eta mamuak tartean direla. Horrelakoek ez dute existitzen!

        —Ejem... mmm... beno... Gauzak ez dituzu horrela ikusi behar. Irudimenak egin behar du lan, irudimenak... Ipotxak, galtxagorriak, erraldoiak, tartaloak, damak, lamiak, herensugeak, maitagarriak... denetik da Euskal Herrian. Ez dutela existitzen, beno... hori egia da, baina egiaren erdia bakarrik. Hortara jartzen bagara gure irudimenak erraz asma ditzake, eta esan dezakegu gure irudimenean badirela, existitzen dutela.

        —Ba, nirean behintzat ez. Nire irudimena lehorra dago ala garbiegia behinik behin. Nik ez dut somatzen hor barruan fantasmarik. Tira, aitatxo, izan zaitez ona eta egidazu ipuintxo bat, atera ezazu mamu horietako bat zure irudimenetik. Bene-benetan, niri ez zait ezertxo ere bururatzen.

        —Baina lana zuk egin behar duzu! Zertarako balioko dizu nik egindako ipuinak? Bakoitzak bere garaian bere lanak. Nik egin nituen dotoretxoak nirean, asko gainera. Ez dizut esango gelako hoberena nintzenik, baina ipuinak egiten... abila benetan. Zuek duzuen aukera izan banu, ministro ere izango nintzen ni honez gero...

        —Ez da izango egia! Ederki! Lehen izan zuenak zerbait gordeko zuen gerora ere eta jar ezazu ipuinak egiteko zure makina martxan eta bota. Ni hementxe eseriko naiz eta den-dena arreta handiz entzun ondoren, neuk moldatuko dut taiuzko zerbait. Horrela nik egindakoa izango da, nahiz zuk asmatua izan.

        Zepoan harrapatutako azeriak zer sentitzen duen somatu zuen Garbiñeren aitak...

Garapena: Dijitalidadea SL