Egile honen
beste liburuak

NARRATIBA

Hontzaren orduak

1999, Elkar

101 gau

2000, Elkar

Bizitza eredugarriak

2006, Elkar

IPUINA

Albahaka lurrina

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zozoa eta biok

1982, Elkar

Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon

1984, Elkar

Papartxuri eta Biboteluxe

1985, Elkar

Zazpi gelako hodeietako etxea

1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala

Muxi eta Puxi

1987, Elkar

Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa

1989, Elkar

2.061: antzinako kronikak

1990, Elkar

Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan

1991, Elkar

Katixa eta Kroko

1992, Elkar

Lau titiriti, bi tatarata..

1995, Errenteriako Udala

Etxerako bidea

1995, Elkar

Agure jakagorria

1995, Elkar

Hiru lagun

1995, Elkar

Katixa, Kroko eta Kokoroko

1997, Elkar

Axa mixa zilarra

2000, Elkar

Kikik Koko nahi du

2000, Elkar

Arreba txiki bat dut, eta zer?

2002, Elkar

Horazio eta jaguarra

2002, Elkar

Jokin Galtxagorri

2004, Elkar

Alfonbra berria

2006, Elkar

Mixi Marrau

2007, Elkar

Zaldun beltzak

2008, Elkar

Indianoa

1993, Elkar

Juaninixio Poloniarra

 

        Tabernaren erdialdean zegoen, ukondoa barran ipinita eta gorputz osoa beso gainera erdi iraulirik. Ez zen gizon handia, baina bai sendo antzekoa, trinkoa. Koadrilakoei aurre eginez:

        —Zuek zer jakingo duzue horretaz! —bota zuen desafio keinuz.

        Ezkerreko ukondoa mugitu gabe, eskua luzatu barra gaineko baxoerdira eta harrokeria punttua zuen irribarre zitala espainetatik ezabatu gabe, ardoari txurrutada eman zion.

        Koadrilakoek ez zioten erantzun. Ezta erantzuteko gogorik ere, horrelakoxea baitzen poloniarra!

        Ezizenez poloniarra baina, ez Polonian jaiotakoa, noski. Adiskideek jarritako gaitzizena zuen «poloniar» titulu hori...

        Juaninixio zuen bere benetako izena. Hala ere, gehienek ezizenez ezagutzen zuten.

        Mutilzahar kasketatsu hutsa, gero eta setatsuago eta umore gaiztokoago bihurturik zegoen. Oraingo

honetan ere, koadrilakoekin topatu eta berehala hasi zitzaien tirabiraka:

        —Kaixo, aspaldikoa! Bizi haiz, ala? —esan zion norbaitek.

        —Horixe bizi naizela! Ez al nauk heure aurrean ikusten.. .

        Poloniarrak berezkoa zuen zakar samarra izatea eta egoskortasuna, azken hitza beti berea izan nahi hori. Nahiko izaten zen norbaitek zerbaiti baiezkoa ematea, berak ezetzari gogor eusteko.

        —Aspaldian ez haugu ikusi ere egin. Ez al haiz kale aldean agertzen?

        —Agertu ez? Egunero ibiltzen nauk hementxe, baina ez diat inor ikusten. Etxe-zokoan egoten zaretenak zuek zarete, ez ni.

        Esandakoa. Nahikoa zen zerbait aipatzea poloniarrak kontrakoari ekiteko. Horrelaxe, denari ezezkoa emanez, eskuratu zuen bere ezizena.

 

        Agian, koadrilako adarjolerik saiatuenak, Anjelek, asmatuko zion ezizena Juaninixiori. Ezezkoak botatzen hain trebea zenez, kaskagogorraren «Ez ba noski!» ugariak «Ezpanoski» ezizenean bildu ziren lehenengo, Spanowsky ondoren eta txantxarekin jarraituz Spanowsky poloniarra edo poloniarra soilik azkenean.

        Koadrilako guztiek gustora erabiltzen zuten ezizena. Edozer gauza Juaninixioren lepotik barre egin edo adarjotzeagatik!

        Juaninixiori ala poloniarrari, deitura gorabehera, eztabaidarako eta edozeri eta edonori kontra egiteko gogoak ez zitzaizkion joan izen berriarekin...

        —Egunero ibiltzen zaretela hemen? Ez ba noski! —egin zien desafio aurrean zituen guztiei—. Irteten naizen bakoitzean bakar-bakarrik ibili behar izaten diat eta asper-asper eginda, etxera joaten nauk.

        Taldekoek ongi zekiten alferrik izaten zela Spanowsky poloniarrarekin eztabaidetan hastea. Erantzunik gabe utzi zuten.

        Joxe zen koadrilakoen artean «intelektuala». Euskara eta literatura irakasten zien batxilerra egiten aritzen ziren gazteei. Beno, horretan saiatzen zen behintzat, bere ustez kasu gehiegirik egiten ez bazioten ere.

        Anjel berriz, itxuraz behintzat, umore ona sekula galtzen ez zuen adarjole horietakoa zen.

        —Zer bizimodu daramak ba? Ondo bizi al haiz? —galdetu zion Anjelek Joxe irakasleari, poloniarraren purrustadak sortutako isilunea apurtuz.

        —Ondo esan beharko —erantzun zion Joxek, komentzimendu handirik gabe. Astebete barru ikasturtea hastekotan zen eta gelan hasi beharrak tristuraz betetzen zion barrena irakasleari—. Badakik, hemen eta guri, ez zaiguk ezer berririk gertatzen...

        —Arrazoi duk horretan —bota zuen Anjelek—. Zahartu egin gaituk abentura bila joateko eta abenturak ez dituk iristen herri kaxkar honetara...

        —Abenturak joandako mendean amaitu hituen —esan zuen Joxek serio-serio—. Orain abentura bat edukitzeko...

        Joxek ez zuen esaldia amaitzeko aukerarik izan. Desafio keinua handiagotuz, poloniarrak ozenki bota zuen:

        —Zuek zer jakingo duzue horretaz!

 

        Horixe izan zen kontua, eta horretan zeuden denak orain: poloniarrak tragoxkada noiz amaituko, eta erretolikarekin noiz hasiko, zain. Izan ere, Spanowskyk arrautzaren gorringoa berbera izan nahi zuen beti, arreta guztia bereganatu, koadrila osoa berari begira jarri...

        —Abenturak joandako mendean amaitu zirela dio gure maixuak! Abentura bila joateko zahartu egin garela eta abenturak ez direla herri kaxkar honetara etortzen, berriz, gure «aingerugoardakoak». Eta ba al dakizue zer diotsuedan nik? Satorrek eguzkiaren koloreaz dakitena baino gutxiago dakizuela zuek abenturei buruz!

        "Hementxe, inora mugitu gabe, zuek diozuen herri kaxkar honetan bertan izan diat nik abentura ikaragarri baten berri. Eta belaun puta honetan dudan erreumarengatik izango ez balitz, ez nindukezuen hemen ikusiko gaur. Amazoniako oihanetan esmeralda biltzen ez banabil, belaun alu honen erruagatik duk, ez besterik.

        Poloniarrak etsi aurpegia jarri zuen. Gezurretako malkoren bat isurtzen saiatu zen, baina lan gehiegitxo zen hori berarentzat. Belaunari begiratzen zion eta kolpetxo bat eman ondoren, istorioren bat kontatzeko prestatu zen.

        Gainontzekoak begira geratu zitzaizkion, mutu, zain...

 

 

 

Juanbargas indiarra

 

        Poloniarra honela hasi zen bere istorioarekin: «Joan zen udaberrian izango zen gaizki ez banago. Oraindik eguraldia nahiko petrala zen eta... Beste inor aurkitu ez nuenez honaxe etorri nintzen. Ohiturak bultzaturik, seguru asko. Sartu eta berehala somatu nuen zerbait arraroa. Atearen atzealdeko bazterrean zegoen indiarra ikusi baino lehen. Etxeko nagusia eta morroia bakarrik zeuden tabernan. Beste bezerorik ez zen inondik ere ageri.

        Barraren ertzean, morroia bai baina langilea inoiz izan ez den Juan Handia, egunkaria zabal-zabal eginda eta atzeko horman bizkarra lasai ipinita zegoen.

        —Horrela ez haiz ba ehun kilo izango! —pentsatu nuen.

        Barra atzean Jexux zegoen, harraskan baso bat edo beste garbitzen.

        —Ez zegok enbarazu handirik bazterretan! Eguraldi alu hau... —bota nion tabernariari egunon gisa.

        Eta orduan ikusi nuen. Indiarra esan nahi dut. Ate ondoko txokoan zegoena.

        Zalantzarik gabe indiarra izan behar zuen. Aurpegiak berak ondo erakusten zuen hala behar zuela. Ameriketako jatorrizko biztanleen ezaugarriak argi eta garbi zituen. Gainera, zalantzak uxatzeko edo, kolore ugari eta biziak izandako pontxo zikina zeukan burutik behera sartuta eta sorbalda estuetatik esekita, gorputz ttattarra nola edo hala estaliz.

        Pontxoaren goreneko zulotik ageri zen burua ere estalita zegoen. Larruzko kapela ziztrin batek estaltzen zuen, herriko festetara etortzen diren ferianteek saldu ohi dituzten gaizki zurratutako larru gordinezko kapela. Kapelapetik, agerian geratzen ziren indiarraren txima beltz-beltzak.

        Nik ez dakit ondo zergatik, Kolonbiako kafea iragartzen duen Juan Vargas morroia etorri zitzaidan burura».

        —Ondo hasi gaituk! —esan zion Anjelek Joxeri belarrira—. Gure Spanowsky izenak nahasten hasi duk. Juan Valdés esan-ordez Juan Vargas bota dik. Auskalo non bukatuko duen horrela hasitako istorioa...

        Juaninixio poloniarrari ez zitzaion batere gustatu bi haiek txutxu-mutxuka ibiltzea bera kontakizunarekin ari zen bitartean. Ahotsa zertxobait altxatu eta lehen baino kemen handiagoarekin jarraitu zuen:

        «Juan Vargas kafe-biltzailea gogorarazten zidan barra ertzeko indiarrak. Hark adinako bibotea zeukan eta gorputzez aski meharragoa eta eskasagoa bazen ere, bazuen halako aire bat.

        Ez zuen burua lurretik horrenbeste altxako —eta eskuarekin metro t'erdi baino askoz gehiago ez zen altuera adierazi zuen— eta ehun libra ez zen izango kaka eta guzti... baina antza somatu nion nik, zer nahi duzue esatea, eta nere barnerako Juanbargas deitzea erabaki nuen.

        Esaten dizuedan bezala, han zegoen Juanbargas ate zokoan, eta tabernan berriz, jasan ezinezko isiltasun horietako une luzea.

        —Aingeru bat pasatzen ari dela esaten omen dute ingelesek horrelakoetan —esan nuen isiltasun astun hura gorde ezinik.

        Bere aurreko horman esekita zeukan andre zenaren aurpegia irudikatzen zuen marrazkiari begirada luzea bota zion Jexuxek, baina ez zuen ezer esan.

        —Hemen baduk zerbait —esan nion neure buruari.

        Juanbargas nigana hurreratu zen. Eskuak pontxo azpitik atera zituen. Esku txiki eta mamitsuak ziren».

       

        Juaninixio poloniarrak berezkoa zuen istorioak kontatzeko sena. Oraindik umemokoa baino askoz gehiago ez zenean, Juanin Historiketas deitzen zioten. Bezperan ikusitako pelikulak kontatzen zizkien astelehenetan gelakideei eta hauek pelikula ikusia bazuten ere, txintik atera gabe egoten ziren, arretaz, Juaninixiok kontatzen zuena entzuten.

Garapena: Dijitalidadea SL