Egile honen
beste liburuak

NARRATIBA

Hontzaren orduak

1999, Elkar

101 gau

2000, Elkar

Bizitza eredugarriak

2006, Elkar

IPUINA

Albahaka lurrina

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zozoa eta biok

1982, Elkar

Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon

1984, Elkar

Papartxuri eta Biboteluxe

1985, Elkar

Zazpi gelako hodeietako etxea

1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala

Muxi eta Puxi

1987, Elkar

2.061: antzinako kronikak

1990, Elkar

Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan

1991, Elkar

Katixa eta Kroko

1992, Elkar

Indianoa

1993, Elkar

Lau titiriti, bi tatarata..

1995, Errenteriako Udala

Etxerako bidea

1995, Elkar

Agure jakagorria

1995, Elkar

Hiru lagun

1995, Elkar

Katixa, Kroko eta Kokoroko

1997, Elkar

Axa mixa zilarra

2000, Elkar

Kikik Koko nahi du

2000, Elkar

Arreba txiki bat dut, eta zer?

2002, Elkar

Horazio eta jaguarra

2002, Elkar

Jokin Galtxagorri

2004, Elkar

Alfonbra berria

2006, Elkar

Mixi Marrau

2007, Elkar

Zaldun beltzak

2008, Elkar

Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa

1989, Elkar

        Aspaldiko behin batean, antzarei lumak jaio aurretik inolaz ere, munduan beste asko bezala, ba omen zen ume asko zituen familia pobre bat. Jateko beste gauza askorik ez zuten itxuraz eta amonak, familiarekin bizi zen amona xaharrak, taloa eta esnea prestatzen zien denei egunean bi aldiz: gosaltzeko eta afaltzeko. Beste guztiek txintik egin gabe jaten zuten taloa, baina seme gazteenari ez zitzaion batere gustatzen eta egunero esaten zion amonari:

        —Amona, gaur ere taloa eta esnea?

        —Bai, eta ez daitezela inoiz falta —esaten zion amonak egunean bi aldiz, gosaltzerakoan eta afaltzerakoan.

        —Egunero taloa eta esnea! —zioen mutikoak asperturik—. Egunen batean aspertuko naiz erabat eta alde egingo dut etxe honetatik!

        —Hara hemen markesaren semea! —erantzuten zion amonak—. Egunero kontu berarekin, ez al dira, ba, goxoak nik egindako taloak?

        Mutiko hura asper-asper eginda zegoen eta etxe hartatik alde egiteko asmoa gero eta sendoagoa egin zitzaion.

        Halako batean, denbora luzez pentsatu ondoren, etxetik alde egitea erabaki zuen. Etxeko guztiek ez alde egiteko esatera joan zitzaizkion, baina mutikoak hartua zuen erabakia eta berean jarraitu zuen. Izan ere, mutiko hura ez zen edozein, mutil ausarta eta balientea zen hura. Bai horixe! Herriko jendeak Mutiko Ausarta izena jarri zion eta izen horrekin ezagutzen zuten bailara osoan.

        Esan dugun bezala, etxeko guztiek ez joateko eskatzen zioten, baina berak baietz eta baietz esaten zuenez, azkenean baimena eman behar izan zioten. Hala ere aita ondora joan zitzaion etxean pasa zuen azken gauean eta esan zion:

        —Ondo pentsatu al duk zer egin behar duan? Ez al duk hobe etxean geratu eta familian pozik bizi, inora joan gabe?

        —Ez, aita —esan zion Mutiko Ausartak—. Ondo pentsatu ondoren, mundua ezagutzera joan nahi dut. Konponduko naiz, ez zaitez arduratu.

        Aitak ikusi zuen mutilak erabaki sendoz hartu zuela eta ez zegoela ezer egiterik, eta amore eman behar izan zuen. Hala ere joan aurretik erregalo bat egin nahi izan zion eta; urrezko txanpon bat jarri zion eskuan, esanez:

        —Hauxe duk etxean dugun urrezko txanpon bakarra, baina guk baino gehiago beharko duk mundu zabal horretan eta eramazak.

        Aitak alde egitea besterik ez zuen egin Mutiko Ausartaren anaia zaharra etorri zenean:

        —Alferrik izango duk etxean geratzeko esatea, ezta? —galdetu zion honek bere anaia txikiari.

        —Bai, alferrik duk. Erabaki diat joan egin behar dudala eta bihar bertan joango nauk. Agur eta ondo bizi!

        —Beno, beno, beno... —errepikatu zuen anaia zaharrenak zer esan asmatu ezinik, eta zekarren kaiolatxo bat eman zion txikienari.

        —Zer duk hau? —galdetu zion honek.

        —Nire zozoa. Hemen baino hobeto biziko duk mundu zabal horretan eta eramazak heurekin.

        —Eskerrik asko -esan zion Mutiko Ausartak zeharo hunkiturik.

Garapena: Dijitalidadea SL