1951 (Zarautz)
Egile honen
beste liburuak
NARRATIBA
1999, Elkar
2000, Elkar
2006, Elkar
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1982, Elkar
Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon
1984, Elkar
1985, Elkar
1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala
1987, Elkar
Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa
1989, Elkar
1990, Elkar
Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan
1991, Elkar
1992, Elkar
1993, Elkar
1995, Errenteriako Udala
1995, Elkar
1995, Elkar
1995, Elkar
1997, Elkar
2000, Elkar
2000, Elkar
Arreba txiki bat dut, eta zer?
2002, Elkar
2002, Elkar
2004, Elkar
2006, Elkar
2007, Elkar
2008, Elkar
Albahaka lurrina
1996, Elkar
Albahaka
Bazekinat leiho bat baino askoz gehiago ez dela nire begiratoki hau, baina zer nahi dun esatea, niri dagoen-dagoenean gustatzen zaidan. Horrelaxe, ekialdera zuzen-zuzenean zabaldua... Bazekinat begiratoki txiki bat baino ez dela, baina...
Makina bat aldiz esan zidaten seme-alabek eta suhi-errainek:
—Ama, obra handirik gabe sekulako miradore ederra geratuko litzaizuke hemen. Balkoitxo hau itxi, eta sukalde ondoan txoko apain askoa izango zenuke eguzkia hartzeko, edo ikusmiran egoteko. Aluminiozkoak egiten dituzte dotoreak, taxuzkoak eta modernoak, kristal handiekin eta... eta nahiko merkeak gainera. Txoko dotorea, eguzkitsua, epela eta haize-korrienterik gabekoa geratuko litzaizuke. Kortina batzuekin ederki asko apainduko genuke eta...
Hor ibiltzen zaizkidan denak erretolika luzean, baina niri horrelaxe gustatzen zaidan. Babesik gabe, irekia, haize-korrientez betea, iparraldetik datozen itsas usainak jasoko dituena... Ni ez naun berotegiko larrosa, eta oraingo miradore berri horiek horixe ditun, negutegiak, aluminiozko kaiolak, pixkanaka-pixkanaka muxintzen joango diren barruko lore eta kristauak kristalpean gordetzeko egindako berotegi apainak. Besterik ez.
Nik garbi esaten zienat etxeko gazteei:
—Eguzkiak hementxe ematen dio lehen musua etxeari... Iparraizea honaxe etortzen zait itsas zabaleko albisteak ekarriz... Nola nahi duzue hainbeste urtetan etxeko nire leku kuttunena izan dena aluminiozko kaiola bihurtzea?
Eta hik ondo dakinan bezala, etxeko gainerako bazter guztiak baino gehiago maite dinat nik begiratoki hau. Nire bizitzaren atal asko hementxe korapilatuta ditudalako, eta ez bakarrik hi hemen hagoelako, harroxko halako horrek hala uste badun ere...
Urte asko ditun etxe honetara ohituta, eta ez naun orain, lurrera baino zerura begiratzeko edade egokiagoa daukadanean, bazter bakoitza neure bizitzaren zati bat den etxe honetan aldaketak egiten hasiko.
Zenbat bider, esate baterako, ez ote zen ibili gure Antonio zena balkoiko barra hauek pintura beltzez margotzen! Eta gaztaina kolorez egurrezko eskulekua!
Gauzak alferrik galdu egiten ditun, bazekinat, hemengo burdinak, adibidez, herdoildu xamarrak zauden, eta ez dun itxura horrelako begiratoki xaharra kalebistan edukitzea, baina zer esatea nahi dun, ni bizi naizen bitartean... lehengoari eusten saiatuko naun, eta ez lehengoa xaharra dagoelako urrezko kaiolengatik ordezkatzen hasi.
Joantxo —esan beharko zionat—, arratsalde bat hartu eta txukundu beharko didak ba begiratokia, zintzo horrek. Hik beti izan duk esku ona horrelako gauzetarako eta...
Eta egia dun. Gure seme zaharren hori abila atera dun horrelako lanetarako. Esku trebea din aroztegirako eta edozein eskulanetarako...
Beldur naun berak ere miradoaren kontu hori aipatuko ote didan, baina hasi aurretik esango zionat:
—Burdinak garbitu eta margotzea nahikoa izango duk, egurrezko eskulekua itxurosoa zagok oraindik.
Gainerakoa egingo duk beste batean.
Horrela hitz egin behar zaien oraingo semeei, gero eta lotsagabeagoak baitira. Ez zagon, ez, lehengo errespeturik! Gure Joan honi ere, zer egin behar duen zehatz-mehatz adierazten ez badiot, laster izango dun betiko leloarekin:
—Aluminiozko miradorea jarri beharko zenuke hemen, ama. Balkoi xixtrin hau erabat xa-hartuta daukazu eta pintura eman eta apaintzeak ez dute berrituko...
Baina, nik esaten dudana: burdinak pixkatxo bat herdoilduak egongo ditun, baina eskulekua primeran zagon oraindik ere. Egur onekoa izan! Pinutea. Ondo esaten zinan gure Antonio gaixoak harro-harro:
—Pinutea!, bizitza guztirako egurra, pittin bat zaintzen bada.
Baina alferrik dun horrelakoak gogoratzea gaurko gazte hauei. Berdin hasiko zaidan mar-marrean gure seme hori, hain zaharkitua dagoen zerbait konpontzen aritzeak ez duela merezi esanez, eta horrelakoak, baina azkenean egin egingo din. Esaneko mutila izan dun beti...
Zer arraio! Neuk ere jakin bazekinat gauzak zaharkitu egiten direla, eta pipiak jotzen dituela, edo herdoildu, edo gaixotu, gastatu edo ahitu egiten direla... Hauxe bezala: eskulekuan, ada-begi horretatik eguzkiak erretxina kanporarazi egin din eta garatxo antzeko koxkorra sortu zaion balkoiaren erdi aldean, juxtu ni begira jartzen naizen parean. Baina zer egingo dinagu! Edadeak ez din barkatzen! Eta urte mordoa din balkoi honek ere! Nola ez da ba zaharra egongo, Joan jaio baino lehenago egindakoa dun eta...
Inori barkatzen ez dion gaitza dun zaharreria!
Neu ere gero eta zaharragoa sentitzen naun, egia esan. Antonio hil zitzaidanetik triste sentitzen naun, nahiko etsita bezala, zer esatea nahi dun!
Azken urte hauetan, iparraldetik itsasoko gesalaren usaina ekartzen didan haize hori hotza eta mingotsa iruditzen zaidan. Eta eguzkiak berak ere lehen baino gutxiago berotzen duela esango niken. Bakardadeak bihotzean uzten didan hutsune beteezina izango dun hozkirri hau sortzen didana... Zer bestela?
Ez zekinat hik ere sentitzen dunan hoztasun eta mingostasun hori, baina bada-ezpada ere,
hortxe jartzen haut gau osoa freskeran, babesean eta goxoan.
Bazekinat albahaka landare bat bakarrik haizela, eta hire zentzuak nireak baino ahulagoak direla, baina ezagutzen ditinat, bestalde, hire mi mo eta kariño beharrak. Seguru nagon gau bakar batez hi freskeran sartzea ahaztuko banintz erabat zapuztuko hintzatekeela.
Eta ez ezan pentsa, seme-alabak ere ohartuta zauden gu bion arteko maitasun honetaz:
—Zeure seme-alabak baino gehiago maite duzu albahaka landare hori -esaten zidaten, xeloak jota.
Eta egia esan, nik asko maite haut eta elkarrekin bizi garen bitartean ondo zainduko haudala ziurtatzen dinat. Gaua freskeran pasatuko dun, eta eguneko lehenengo eguzki-izpiekin batera freskeratik atera eta apaltxoan ipiniko haut, goxo-goxo egoteko moduan.
Bazekinat balkoiaren ertz batean, hor iparraldera begira dagoen freskera horretan, gauak pasatu, eta apaltxo honetan eguzkiak noiz goxa tuko zain egotea ez dela izugarrizko bizitza, baina gu bion arteko harremanek beste ezerk baino gehiago balio diten.
Gainera, gordailu dotorea dun delako freskera hori, ez ezan ezetz esan. Txukun eta eroso zagon, behar den bezala jarrita.
—Oraindik ondo gogoratzen dinat gure senarrak nola ekarri zuen Zizilio arotza, eta esan zion:
—Hementxe nahi diagu freskera, iparraldera. Haragia eta arraina fresko edukitzeko moduan, balkoiaren ertzean jarrita eta erabilera ona izateko moduan. Horrela, buruaren parean edo...
Ezkonberritan izan zunan hori, eta Ziziliok bukatu eta bere lekuan ipini zuenean, ia festa eguna izan geninan hemen etxean.
Pertsiana veneziarrak bezala dena oholtxoz egina zagon, ikus dezakenan bezala. Haizea erraz sartu eta jakiak fresko edukitzeko antolatua, bai na eguzki-izpiek freskera-barrena sekula uki ez dezaten moduan egindakoa.
—Albahaka landare batentzako a ze nolako asmakizuna! —esango dun hik, eta ez zain arrazoirik faltako. Baina ez dun ahaztu behar zertarako egin zuten, ez zela albahakak gordetzeko, alegia.
Gogoratzen dinat nola esan zuen arotzak:
—Etengabeko itzala, gerizpea eta freskura. Hori da gure freskerek eskaintzen dutena. Ez duzu hoberik bilatuko munduan.
Hitz eta irribarre errazekoa zunan Zizilio arotza, eta zuri samarra, emakumeak liluratzen zekien horietakoa. Gaixoa! Eraman zinan hura ere gure Jainkoak. Xomorroek jango zitenan honezkero.
Erabilera handikoa izan ninan nik freskera hau urte askotan. Orain, hozkailua eta izozkailua ditudala, ez dinat benetan ezertarako behar freskera xahar hau, hi gauetan gordetzeko ez bada behintzat, eta horretarako erabiltzen dinat.