Egile honen
beste liburuak

NARRATIBA

Hontzaren orduak

1999, Elkar

101 gau

2000, Elkar

Bizitza eredugarriak

2006, Elkar

IPUINA

Albahaka lurrina

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zozoa eta biok

1982, Elkar

Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon

1984, Elkar

Papartxuri eta Biboteluxe

1985, Elkar

Zazpi gelako hodeietako etxea

1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala

Muxi eta Puxi

1987, Elkar

Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa

1989, Elkar

2.061: antzinako kronikak

1990, Elkar

Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan

1991, Elkar

Katixa eta Kroko

1992, Elkar

Indianoa

1993, Elkar

Lau titiriti, bi tatarata..

1995, Errenteriako Udala

Etxerako bidea

1995, Elkar

Hiru lagun

1995, Elkar

Katixa, Kroko eta Kokoroko

1997, Elkar

Axa mixa zilarra

2000, Elkar

Kikik Koko nahi du

2000, Elkar

Arreba txiki bat dut, eta zer?

2002, Elkar

Horazio eta jaguarra

2002, Elkar

Jokin Galtxagorri

2004, Elkar

Alfonbra berria

2006, Elkar

Mixi Marrau

2007, Elkar

Zaldun beltzak

2008, Elkar

Agure jakagorria

1995, Elkar

Neska-mutil maiteminduak

 

        Kontakizun hau aspaldi samar gertatutakoa da, orain baino auto gutxiago ibiltzen zen garai batean, hain zuzen. Orduan, jendeak beste era batera moldatu behar izaten zuen leku batetik bestera joateko, autoaren ordez tranbia, trolebus, autobus edota trena erabiltzen zen.

        Orduko trenak txikiagoak, mantsoagoak eta zahar itxura handiagokoak izaten ziren, baina edozein bazterretako herritxok bazuen bere trenbidea eta bere trentxoa. Hori ona zen, mantso izanda ere, trentxo haiek edozein lekutara iristen baitziren.

        Kontakizun honetan horrelako trentxo bat izango dugu, atzera eta aurrera, soro eta belardiz betetako herri txikiak gurutzatuz, eta etxez gainezka dauden hirietara iritsiz dabilen trentxoa.

        Eta trentxo horretan dabiltzan bidaiariak: Mariela, Joxeanjel, agure jakagorri bat...

        Joxeanjel oraindik gaztea da, goi mailako ikasketak egiten oraintxe hasi berri den gaztea, eta egunero-egunero, goizeko trenean, hirira joaten da. Joxeanjelek sendagile izan nahi du.

        Horixe da bere ametsa eta horretan saiatuko da, nahiz oraindik urte askotan ikasten aritu beharko duen. Baina ez zaio gehiegi axola, ikasle saiatua da eta.

Joxeanjeli asko gustatzen zaio bere herriko tren txikia, neguko arratsaldeetan batez ere. Egun guztia ikasten pasa ondoren, trenera iritsi eta egurrezko aulkietan esertzeak atsegin handia ematen dio.

        Batzuetan trenaren zain egon behar izaten du, zaparradak, txingorrak, edo kazkabarrak geltoki zaharreko teilatuetan egiten duen dantza eroa nola ari duen entzunez. Horrelakoetan amorratzen egoten da trena noiz helduko, eta bagoi epeletara noiz sartuko. Egurrezko hiru leihatila daude geltokiko egongelan txartela ateratzeko, eta bakoitzaren aurrean, egur bernizatuzko eskutoki dotoreak dituen burdinazko hesiz bereizitako pasilo motza.

        Mutila egongelako aulki zaharrean eserita egoten da leihatila noiz ireki zain, eta bera bezala gainontzeko bidaiari asko.

Beste batzuek nahiago izaten dute txanda gorde eta leihatila aurrean jartzen dira errenkada osatuz. Behin baino gehiagotan hantxe elkartzen da Joxeanjel Mariela izeneko neska batekin.

        Marielak ile beltz-beltza du eta kixkur-kixkurra. Kixkur horietako batzuk aurrealdera etortzen zaizkio eta nahiko lanak izaten ditu masailetatik edo begi aurretik kentzen. Hori dela eta, behin eta berriro errepikatuz, bere-berea bihurtu zaio keinua neskari: okotza altxa, burua atzerantz bota, eta eskuarekin kokote aldera indarrez bidali aurpegira ihesi etortzen zaizkion ile-kiribilak.

        Joxeanjeli asko gustatzen zaio keinu hori. Eta Marielak barre egiteko duen era.

        Eta neskaren begi ilunak.

        Eta ibiltzean nola mugitzen den.

        Eta...

        Joxeanjeli Mariela gustatzen zaio, oso-osorik...

        Eta berarengana hurbiltzen den bakoitzean, barrenean zerbait urtu egiten zaiola sentitzen du. Izan ere, Joxeanjel maitemindurik dago eta Mariela da bere maitea.

        Baina inork ez daki hori, ezta neskak berak ere, Joxeanjelek inori ez dio ezer esan-eta... Mutilari Marielaren ondoan egotea gustatzen zaio eta neska txartelak ateratzeko leihatilako txandan zain dagoenean, ahal badu, bere ondoan jartzen da.

        «Kaixo» edo «arratsalde on» edo «gabon» esaten dio eta aurpegiaren erdia liburu eta karpeten atzean gordetzen du, lotsatu egiten delako edo bere sentimenduak igartzea nahi ez duelako.

        Batzuetan, barren-barrenetik igotzen zaion sua sentitzen du masailetan eta karpeta hegalarekin aurpegia ezkutatzen saiatzen da. Beste zenbaitetan, hiztotelka ari dela somatzen du eta liburu ertzekin estaltzen ditu ezpainak.

        Marielak beti itzultzen dio agurra, beti egiten dio kasu. Eta askotan irribarre.

        Neska alaia delako, Joxeanjel mutil jatorra dela uste duelako, eta maitemindurik dagoen ala ez oraindik oso garbi ez badaki ere, dexente gustatzen zaiolako.

        Marielari oso atsegina zaio mutila, eta gustatu egiten zaio bere ondoan egotea.

        Txartelak hartzeko leihatila aurrean itxaron behar duten bitartean, berriketan aritzen dira hau edo bestea komentatuz. Berriketa nahiko txoroa izaten dute. Ez batak, ez besteak, ez du benetan esan nahi duen guztia esateko kemenik izaten eta elkarri garrantzirik gabeko gauzak esaten aritzen dira, trenerako txartelak jasotzeko txandan esan daitezkeen axalkerietan.

        Gero, bagoira joateko garaian, irribarre batekin amaitzen dute elkarrizketa eta bakoitza bere lagunekin eta bere aldetik joan ohi da trenera, gehienetan behintzat.

        Baina gaurkoa egun berezia izan da. Nahita ala nahi gabe, konturatu gabe ala konturatuta, biak bakarrik geratu dira. Lagunek aldegin egin dute, desagertu egin dira, galdu egin dituzte... eta bikotea, berriketan eta berriketan geltokiko lehiatilatik treneraino joan ondoren, elkarren ondoan eseri da.

        Etorri berria den treneko bagoietan nahiko epel dago berogailuak piztuta ekarri dituztelako aurreko bidaian, nahiz eta jende gutxi etorri herrietatik hiriburura.

        Nahiko berandu da eta neguko arratsaldeetan goiz heltzen da gaua. Etxeratzeko garaia egokiagoa da hirira etortzekoa baino.

        Gure neska-mutilak berriketan ari dira, elkar ezagutu nahian edo. Gaur baztertu egin dituzte ohizko axalkeriak eta bakoitzak ondo esplikatu nahi dio besteari nor den, nolakoa den, zer duen atsegin eta zer jasanezin, nolako asmoak dituen, zer eskaintzeko prest sentitzen den...

        Eta gauza gehiago...

        Neska-mutilen artean bakarrik esplikatzen diren gauza ezkutu horiek...

        Maitasunak pizten omen dituen kontu horiek...

        Maitasuna sortu ahal izateko, bakoitzak bestearen bihotzean amodioaren hazia jarri behar omen du. Eta gero, hazi hori ongi ernetzeko, norberaren bihotza eta batez ere bestearena, ongi samurtu.

        Elkarri bihotzak samurtzen ari da bikotea.

        Joxeanjelek bere ikasketak eta asmoak aipatu dizkio Marielari. Honek berriz, bere lanak eta nahiak. Bakoitzak berea erakutsi nahi dio besteari. Zertan aritzen den, nolako asmoak dituen, ikasketak zein zailak diren...

        Bere apunteak atera ditu mutilak, eta urduri dagoelako edo, ia lurrera joan zaizkio.

        Paperak bildu eta pilatu ezinik ari den bitartean, zein liburu irakurtzen ari den galdetu dio Marielak. Joxeanjelek paperak karpetan sartu eta liburu lodikote bat erakutsi dio.

        Neskak, bera irakurtzen ari dena atera du poltsatik.

        Liburu horiek eta beste gauza batzuk izan dituzte mintzagai. Honetaz eta hartaz jardun ondoren, bukatu egin zaie etorria, ahaztu esan behar zutena eta isildu egin dira biak, elkarri zer esan jakingo ez balute bezala. Bakoitza bestearen bihotza nola dabilen ikusteko isildu da... Bakoitzak bestearen begininiei begiratu die...

        Hori tontokeria bat dela irudituko zaizue, baina maiteminduek horrelakoxe gauzak egiten dituzte...

        Maiteminduek txorakeria asko egiten dute...

        Marielak Joxeanjelen esku bat harrapatu du mutilaren liburu, apunte, orri, karpeta, txamarra, bufanda eta gainontzeko tramankulu guztien artean. Goxo-goxo heldu dio.

        Joxeanjelen eskua, biskarekin harrapatutako txoritxo zalapartaria bezala sentitu da aurrena. Gero, zer egin asmatu ezinik geratu da, neskaren esku arteko habiaren goxoan geratu, ihes egiten saiatu, ala kaiolatik irten eta jolasean hasi.

        Zalantzak ez du, ordea, denbora luzez iraun. Aurrean eserita dagoen agureak galde egin die ozenki:

        —Ba al dakizue nor naizen ni?

        Eta neska-mutilak, itsuskeria batean harrapatu izan balituzte bezala, erabat asaldatu dira eta eskuak askatu dituzte.

        —Eh! Ba al dakizue nor naizen ni? —galdetu die berriz.

        Mariela eta Joxeanjelek ez dute erantzun, baina berdin dio agureari, badirudi berriketan egiteko prest dagoela eta erantzunik jasotzen ez badu ere, jarraitu egiten du:

        —Ni aztia naiz —esan die ahopeka, eta txoko eta bazter guztietara begiratuz, sekretu bat kontatzen ariko balitz bezala—. Euskal Herriko azken aztia. Entzun eta ikas ezazue nik esandakoa. Ni azti ahaltsua izandakoa naiz, orain indarrak galdu samarrak baditut ere.

        Oraingoan Joxeanjelen eskua izan da Marielarena bilatzera joan dena. Urduria, epela eta leuna bilatu du eta gogor eutsi dio, ihesi joateko beldur balitz bezala.

        —Zuek baino gazteago nintzen, ia mutil koxkorra oraindik eta azti egin ninduten. Baina istorioa oso-osorik kontatu behar dizuet...

Garapena: Dijitalidadea SL