1951 (Zarautz)
Egile honen
beste liburuak
NARRATIBA
2000, Elkar
2006, Elkar
IPUINA
1996, Elkar
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1982, Elkar
Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon
1984, Elkar
1985, Elkar
1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala
1987, Elkar
Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa
1989, Elkar
1990, Elkar
Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan
1991, Elkar
1992, Elkar
1993, Elkar
1995, Errenteriako Udala
1995, Elkar
1995, Elkar
1995, Elkar
1997, Elkar
2000, Elkar
2000, Elkar
Arreba txiki bat dut, eta zer?
2002, Elkar
2002, Elkar
2004, Elkar
2006, Elkar
2007, Elkar
2008, Elkar
Hontzaren orduak
1999, Elkar
Txilikuren liburuak nabaritzen du sakonagoa dela ez dakiguna, dakiguna baino; erabakigarriagoa gordea, ageria baino. Duguna ez da dagoenaren itsaso zabalean bakarturiko potxingoa baizik. Zientziak bezala, gizakiok osotasunaren esparru bat zedarritu eta bertan kosmostxo bat sortzen ahalegintzen gara; baina zeinen hauskorra den oreka gune hori, zelako danbatekoak datozkion anitzez gogorragoak diren indar kaotiko ilunetarik... Hontzaren orduak-en txoko gastronomikoa, kuartela, benta, epaitegia bera ere hein batean, ageri dira gizakiek eraikiriko gune hertsi ulergarri gisa, indar kontrolagaitzek ezustean zapartatuak.
Markos Zapirain (Euskaldunon Egunkaria, 2002-02-26)
Ilunabarrean
Sarrerako atearen erdian, beste ate batzuek Jesusen bihotzaren irudia eduki ohi duten parean gutxi gorabehera, elkartearen ikurra den hegaztiaren irudia, eta letra zuritan: Ollagorra. Sociedad de caza y pesca.
Sarrerako atea gurutzatu eta berehala, pasabide txiki ilun baten erdi aldean, beste ate bat eskuinetara. Elkarteko jantokitik etorrita, Demetriok ireki berri du pasabide txikiko ate hori, eta parrilak eta butanozko sukaldeak dauden patiora atera da.
Euria ari du, eta patioko lau hormei itsatsitako tejabanek estaltzen ez duten erdigune karratuan euri tantak zurrunbiloan dabiltza, parrilako keak eta udazkeneko bisutsak dantzan ariko balira bezala.
Lau elementuen bilera gogora diezaioke filosofo bati: sua eta ura airean dantzan, lurrari eman beharreko zorra berantetsi nahian. Baina ez dago filosoforik elkarteko su kaldean. Pasiloko atea ireki eta Demetrio bakarrik dago han, esku batean saiheski zerrendaz betetako erretilu luze bat duela sartu berria.
Egur-ikatza brasa bihurturik dago parrilan. Demetriok gatza eman die saiheskiei eta parrilako burdinaren gainean ipini ditu.
—Ordu erdi barru zuenak egin dik! —esan die. Sukaldetik irten eta gela nagusira abiatu da. Han ditu beste bi kide zain.
—Hori egina zegok! Has hadi entsalada maniatzen, Maurixio, okela prest duk-eta ordu erdi bat baino lehen.
Maurixio gogo txarrez altxatu da mahaitik eta, han duen basoerdiari dangatekoa eman ondoren, sukalde aldera doa.
—Hi, Motxa, hi ez hadi mugitu behintzat, zaintiraturen bat igual egingo zaik eta...
Joxemiel, Motxa, Maurixioren atzetik abiatu da, irri-barre baten keinua duela ezpainetan.
—Ikusten al duk, Demetrio, entsalada puta bat maniatzeko ere laguntza behar dik gure Maurixiok —esan dio Joxemielek, oraindik saiheskiak parrila gainean zabaltzeko erabili duen txista eskuan duen Demetriori, Maurixiok ere ondo entzuteko moduan.
—Hobe duk isilik egotea... nahi ez dituanak entzun nahi ez badituk... -Maurixiok mehatxua.
Patio ireki bateko lau ertzei erantsia dago soziedadeko sukaldea: parrilak, butanozko sukaldeak, harraskak, mahai luze bat... denak tejabanapetan babestuak. Han sartu direnean, lehen euri-bisutsa zena zaparradatxo bihurtu dela ikusi dute.
—Eguraldi puta hau... -bota du Maurixiok.
Ertz bateko harraskara jo dute, «Hi, Motxa, gogoratzen al duk noiz egin huen lana azkeneko aldiz...»,
«Hago isilik, Maurixio, ezagutzen ez dituan gauzak aipatu gabe...», oraindik ere elkarri mokoka biak.
Hala ere, uretan dauden entsaladarako letxugak hartu eta lanean hasi bezain laster mututu egin dira biak, elkarri zipoka ibili behar mingots hori lanean hastearekin ahaztu balitzaie bezala.
Baina isiltasunak ez du asko iraun.
—Nik ez zekiat zer bilatzen diogun belar honi... —hasi da marmarrean Maurixio.
—Niri gustatu egiten zaidak entsalada.
—Baita niri ere! Ba al dakik nola gustatzen zaidan entsalada niri? —Maurixiok Joxemieli—. Erbi bihurtuta. Ez zegok gauza hoberik erbi gizen-gizen bihurtutako belarra baino
—Hi, kontra eginez gero, gustura...
—Hago isilik, Motxa; heuk ere gusturago jango huke erbia saltsan belar puta hau baino.
Lagun berri bat sartu da patiora.
—Gabon. Berandu al nator?
—Lanerako ala afaltzeko? -bota dio Maurixiok.
Etorri berriari mokoa okertu zaio. Itxuraz, ez zaizkio asko gustatzen horrelako txantxak.
—Ibil hadi kontuz honekin, Joxe, ezparaz jositako mandoa baino aztoratuago zebilek eta... —esan dio Joxemielek.
—Hi hago isilik, Motxa —Maurixiok Joxemieli—. Hemen bakoitzak eduki behar dik lau hatz kopetan gauzak ulertzeko, eta ez daukak alkahuete lanetan zer ibili. Behar adina umore badik Joxek nik esandakoa jasateko, eta ozpinik ere ez zaiok falta niri txantxa itzultzeko... eta umorea, edo ozpina, edo biak falta bazaizkio, beretzat kalte!
Bazterrak miatzen hasi da Maurixio. Bilatu nahi duena ahaztu duenaren moduan, zertan ari den jakingo ez balu bezala.
—Umorea eta ozpina... —esan du halako batean— Eta ozpinez ari garenez, non Kristo daude olio-ozpinak sukalde santu honetan? Entsalada kaxkar bat prestatzeko gairik ez al dago hemen, edo? Gero eta pulamentu eskasagoa ikusten diat nik soziedade honetan...