1951 (Zarautz)
Egile honen
beste liburuak
NARRATIBA
1999, Elkar
2000, Elkar
2006, Elkar
IPUINA
1996, Elkar
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1982, Elkar
Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon
1984, Elkar
1985, Elkar
1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala
1987, Elkar
Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa
1989, Elkar
1990, Elkar
Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan
1991, Elkar
1992, Elkar
1993, Elkar
1995, Errenteriako Udala
1995, Elkar
1995, Elkar
1995, Elkar
2000, Elkar
2000, Elkar
Arreba txiki bat dut, eta zer?
2002, Elkar
2002, Elkar
2004, Elkar
2006, Elkar
2007, Elkar
2008, Elkar
Katixa, Kroko eta Kokoroko
1997, Elkar
Katixa eskolan
Kaixo!
Ni Katixa naiz.
Ez dakit ezagutuko nauzun.
Gogoratzen al duzu Katixa eta Kroko liburuan agertzen zen neskatoa? Bada... liburu hartako Katixa naiz ni. Orain zazpi urte eta erdi dituen neska beltzarana.
Baina ez naiz hasiko Katixa eta Kroko liburuko kontuak kontatzen, ez. Lotsa ematen dit horrek. Badakizu zer gertatzen den? Ni orduan askoz txikiagoa nintzela eta oraindik ez nekizkiela gauza asko... Baina orain asko ikasi dut!
«Erre» esaten ondo baino hobeto ikasi dut, esate baterako. Eta ikastolan kantatzen hasten garenean, inork baino indartsuago kantatzen dut nik:
-Rrran rrroberrra, tu-tu-tu-tu-tu-tu-tu-tu, rrran rrroberrra, tu-tu-tu-tu-tu-tu.
Beste gauza batzuk ere ikasi ditut bitarte honetan. Gauza asko. Eta batzuk oso harrigarriak gainera!
Ba al dakizu Jurgi ez dela nire anaia?
Ez, ez. Ez naiz txoratzen hasi. Andereñoak esan dit Jurgi ez dela nire anaia:
—Jurgi ez da zure anaia, zure neba da. Mutilek arrebak dituzte eta neskek nebak. Ulertzen al duzu?
Nik ez diot ezer erantzun eta bera arbelera joan da neben kontu hori argitzera.
—Begira —esan digu—. Hau mutil bat da.
Eta klarionarekin zirriborro galtzadun bat egin du arbelean.
—Ikusten duzue —esan du andereñoak—. Hau mutil bat da, bere galtza eta guzti.
—Nik ere galtzak ditut eta ez naiz mutila —esan du Maiderrek.
Maider oso bizkorra eta indartsua da, eta gainera futbolean oso ondo jokatzen du. Mutilek baino hobeto. Horregatik, mutilak beti bere kontra daude, baina berari ez zaio batere axola.
—Nik ere galtzak janzten ditut ia gehienetan —esan diot nik ere andereñoari.
Niri gutxi inporta zait galtzen kontu hori, baina ni beti Maiderren alde nago. Mutil denak harroxko batzuk dira eta ez dakit zer uste duten...
—Nik ere galtzak janzten ditut —esan du Oihanak.
—Baita nik ere! —esan du Maiderrek, baina beste Maiderrek, Oihanaren ahizpa bikiak.
—Nik ere bai! —esan du Tamarak aulkitik zutituta.
—Nik ere bai! —errepikatu dugu gelako neska guztiok.
Eta egia da! Gelako neskak ia beti galtzak janzten ditugu, neguan behintzat.
—Ixo! —esan du andereñoak. Eta haserretuta zegoela zirudien.
Nire anaiari, barkatu, nire nebari, haserretzen denean izar bat pizten zaio kopetan. Gorri-gorri jartzen zaio izarra kopetan. Niri ere gauza bera gertatzen omen zait. Andereñoari, berriz, begiak pizten zaizkio, gure amari bezala, eta gainera sudurra txorroxten zaio. Mutturra eta sudurra aurrera luzatzen ditu eta sudurra behin ere baino luzeagoa daukala dirudi.
Horregatik, haserre itxura zeukalako, «ixo» esan duenean denok isildu egin gara. Baina Anttonek beti tontakeriak egin behar izaten ditu eta:
—Ba nik gonak janzten ditut inauterietan —esan du.
Eta andereñoak zigortu egin du, noski.
—Beno —hasperen handi bat egin du andereño Jonek eta berriz ere neba, anaia, ahizpa eta kontu horiek esplikatzen hasi da—. Hemengo bi hauek mutilak dira eta beste hauek neskak, eta denak anai-arrebak dira, edo nahiago baduzue, neba-arrebak.
Hori esaten ari zen bitartean lau panpintxo marraztu ditu arbelean.
Aurrena bi panpintxo galtzadun egin ditu eta baten elastikoan «Jon» jarri du eta bestearenean Asier jartzen hasi da, baina ez zitzaion sartzen eta «Asi» bakarrik jarri du.
Gero, beste bi egin ditu, hauek gonekin, eta bati «Pili» idatzi dio, eta besteari «Ane», izen luzeagoak sartzeko lekurik ez zegoelako seguru asko.
—Nire amak Pili izena du —esan du Ainitzek.
—Eta nireak Kontxu —esan du Hodeik.
—Eta nireak... —esan dute beste askok.
—Ixo! —egin du oihu andereñoak, eta denok ikaratuta geratu gara. Andereñoa oso txintxoa da baina urduri dabilela iruditzen zait. Sarri samar errepikatzen du «ixo» hori.
Arbelera joan eta Jon eta Asi elkartzen dituen gezi bat egin du:
—Jon Asierren anaia da —esan digu andereñoak.
—Jon Asierren anaia da —errepikatu dugu denok.
Jon eta Pili elkartzen dituen gezi bat egin du arbelean.
—Jon Piliren neba da —esan du.
—Jon Piliren neba da —guk.
Alderantzizko gezia marraztu du oraingoan, Pili Jonekin elkartzen duen gezi bat.
—Pili Jonen arreba da —andereñoak.
—Pili Jonen arreba da —egin dugu oihu guk.
—Isilago, isilago —esan digu andereñoak—. Oraindik ez naiz gor bihurtu eta hemen bertan nago, ez Parisko kale batean.
Pili eta Ane lotzen dituen marra egin du andereñoak; eta gero:
—Pili Aneren ahizpa da.
Eta guk denok:
—Pili Aneren ahizpa da!
—Beno, ea ulertu duzuen —esan du andereño Jonek—. Esaidazu, Gorka, Ane Piliren zer izango da? Ane, Ane... —esan du Gorkak—. Ane... Piliren... arreba... izango da.
—Nola izango duk ba arreba, biak neskak dituk eta, tonto arraioa! —esan dio Xabik—. Bere ahizpa izango duk!
Xabi baserrikoa da eta asko daki animalia eta landare kontuen gainean, eta baita familiako gauzak, eta euskarakoak eta horrelakoak... Baina oso gaizki konpontzen da Gorkarekin.
Neskak ere oso gaizki konpontzen gara Gorkarekin. Harroputz bat da. Eta mingainluzea. Eta... Beno, berdin dio. Ez dut Gorkaz gaizki hitz egin nahi, baina beti denekin haserretu egiten da eta hitz oso itsusiak esaten ditu.
Gaur ere, Xabik hori esan dionean, haserretu egin da eta hura zegoen lekura begiratu du eta erantzun dio:
—Zu isildu, baboa, kaxeroa, mari... Eta oso hitz itsusi bat esan dio.
Xabi altxa da orduan bere aulkitik eta Gorkarengana abiatu da, muturreko bat ematera seguru asko. Gorka ere altxa da, eta gainerako guztiok isil-isilik geundela, andereño Joneren deiadarra entzun da:
—Geldi hor biok! —esan du.