Pello
Esnal

1950 (Andoain)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Nada de agua en Madrid

1997, BBK-Euskaltzaindia

BERTSOA

Itzuliko naiz

1995, Sendoa

BIOGRAFIA

Manuel Olaizola Uztapide

2007, Bidegileak

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Malkos

1990, Elkar

Nabukodonosor

1991, Elkar

Zazpi kolore ditu ostadarrak

1991, Erein

Txukunago ibiltzen da kostako trena

1992, Bruño

Xaxpi

1993, Desclée De Brower

Pello Errota

1998, Sendoa

Txirrita

1998, Sendoa

Salomondarrak

1999, Ibaizabal

Otsogorritxo

1999, Ibaizabal

Azeri-zuloa

2001, Elkar

Egundokoa haiz, Segundo!

2005, Erein

Kutun kutuna

2005, Bruño

1
ZAZPIGARREN KATE-MAILA

 

        Zuk gaur bezala, nik ere bost urte bete nituen egunean, bere ondora deitu zidan aitona Joxemarik.

        —Anttoni, zeu zara katearen zazpigarren eta azkenbigarren malla —hasi zitzaidan hizketan, egun handietan egiten zuen moduan: hitzak neurtuz eta esaldiak borobilduz.

        Distira berezia sumatu nuen, zein distira samurra!, oso maitea nuen aitona Joxemariren begietan.

        —Iritsi da eguna, Anttoni. Gaurtik aurrera zeurea izango duzu kutuna, nik gaurdaino izan dudan bezala eta nire aurreko bost aitonek ere soinean erabili zutena: nire aitona Gaxparrek, aitona Gaxparren aitona Agustinek, aitona Agustinen aitona Nikolasek, aitona Nikolasen aitona Joakinek eta aitona Joakinen aitona Joan Sebastianek.

        Eta poliki-poliki jarraitu zuen, ordurako lepotik kendu eta eskuetan zeukan kutunari begira:

        —Egun handia da gaurkoa zuretzat. Neu izan naiz katearen seigarren eta azkenirugarren malla. Eta zeu izango zara, Anttoni, zazpigarrena eta azkenbigarrena. Harik eta amona egin eta zure biloba zaharrenak bost urte betetzean...

        Eta historia osoa berritzen hasi zitzaidan, nik orain zuri, Ainhoa, bost urte bete dituzun egun honetan, berrituko dizudan bezala.

 

 

2
SAMAR IZENEKO IRLA BATEAN

 

        Historia berritzen hasi aurretik, ordea, eskuetan zuen kutuna eman zidan aitona Joxemarik, esanez:

        —Torizu kutun hau, eta erabili beti soinean. Honi esker uxatuko dituzu, nik uxatu ditudan bezalaxe, izpiritu gaiztoak eta zorte txarrak. Noizbait ezinean bazaude, heldu estu-estu kutunari eta hortzak estututa esan zeure buruari: "eutsi etsi gabe". Eta onik irtengo zara. Aitona Joan Sebastianekin hasten da kutunaren historia, Filipinetan dagoen Samar izeneko hirian eta Joan Sebastian Elkano getariarraren garaian: orain ia bostehun urte.

        Oso maitea omen zuen Elkanok gure lehenengo aitona hura. Marinel ona zelako aitona; baina baita herrialde berekoak zirelako ere.

        Izena ere berdina zuten biek: Joan Sebastian. Joan Sebastian Elkanok horrexegatik aukeratuko zuen, noski, gure aitona Joan Sebastian, munduari itsasoz lehen bira hura elkarrekin emateko. Gizon zailduak behar zituen aldamenean; baina batez ere bihotz onekoak eta konfiantza osokoak. Eta halakoa izan gure aitona Joan Sebastian!

        Ez zen txantxetakoa gertatu munduari egindako lehenengo jira hura. Gorriak ikusi zituzten Ozeano Barean eta gorriagoak lehorrean, zenbait irla galdutan. Kontuak atera: berrehundik gora gizon irten ziren Andaluziako Sanlúcar de Barramedatik, Guadalquivir ibaian dagoen portutik, eta dozena t'erdi bakarrik itzuli bertara, hiru urteren buruan.

        Baina egun gozo samarrak ere izan omen zituzten tartean. Filipinetako Samar izeneko irlan, besteak beste. Harik eta egun batean... Samar irlako aztiak isilean deitu zion gure aitonari, gau ilunean. Pulapula omen zuen izena aztiak. Eta ordu arte berak lepotik zintzilik erabilitako kutun hau eman zion. Kutun ederra omen zen, bertako abere-larruz egina eta kontu handiz josia, nahiz eta ibiliaren ibiliaz gaur hondatu samarra egon.

        —Torizu kutun hau —esan zion aztiak—, eta erabili beti soinean. Honi esker uxatuko dituzu, nik uxatu ditudan bezalaxe, izpiritu gaiztoak eta zorte txarrak. Noizbait ezinean bazaude, heldu estu-estu kutunari eta hortzak estututa esan zeure buruari: "eutsi etsi gabe". Eta onik irtengo zara.

        Harrituta geratu omen zen gure aitona, itsasoz betetako marinel-begi urdinak zabal-zabalik, han gertatzen ari zena ulertu ezinik. Ulergaitzak zitzaizkion hitz haiek eta ulergaitzagoak egingo zitzaizkion ondorengo hiru pasarte misteriotsuak. Amaierako erregua, bai, hura ondo ulertu omen zion Pulapula aztiari:

        —Hitz emadazu ez diozula inori kutun honen berri emango, harik eta zeure lurraldera iritsi arte. Denboraren poderioz ulertuko dituzu, eta denboraren poderioz ulertuko dituzte zure ondorengoek ere, gaur hemen zuri esanak.

        Baietz erantzun omen zion aitonak. Eta elkarri bostekoa emanez amaitu omen zuten hitz-aspertu luze hura, ilargi zuria testigu bakar; itxuraz behintzat.

 

Garapena: Dijitalidadea SL