Pello
Esnal

1950 (Andoain)

Egile honen
beste liburuak

BERTSOA

Itzuliko naiz

1995, Sendoa

BIOGRAFIA

Manuel Olaizola Uztapide

2007, Bidegileak

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Malkos

1990, Elkar

Nabukodonosor

1991, Elkar

Zazpi kolore ditu ostadarrak

1991, Erein

Txukunago ibiltzen da kostako trena

1992, Bruño

Xaxpi

1993, Desclée De Brower

Pello Errota

1998, Sendoa

Txirrita

1998, Sendoa

Salomondarrak

1999, Ibaizabal

Otsogorritxo

1999, Ibaizabal

Azeri-zuloa

2001, Elkar

Egundokoa haiz, Segundo!

2005, Erein

Kutun kutuna

2005, Bruño

Nada de agua en Madrid

1997, BBK-Euskaltzaindia

Pello Esnalen idazkera bikaina da.

Javier Rojo (El Correo, 1998-07-29)

1

 

        Seiak hamar gutxitan gelditu zuen tornua. Soineko hautsak astindu, aldagelan txapela eta laneko buzoa erantzi, lanean jarraitzen zuten lankideak eta bulegoan zegoen nagusia agurtu, eta irten egin zen. Kanpoan, udazkeneko arraltsaldeak agintzen zuen, zerua gorri eta ingurua eder. Aroztegi aurrean zain zeukan kotxea: mini txiki bat. Gorri iluna zuen gaina, eta zurixka gainerakoa. Garaiz iritsi zen seietako albisteak entzutera. Irratia eta motorra piztu, eta berehala abiatu zen aldapan gora, etxerako bidean. Irratiak ez zuen aparteko berririk eman. «Zaharra, berri» pentsatu zuen; eta «gazteen amorragarri» esanez jarraitu, arrebak umore onez zegoenean bezala. Irratia itzali, eta kasetea piztu zuen. Haizea taldearen musika eztiak lagunduko zion etxeraino. Ondo etortzen zitzaion lasaitzeko.

        Horixe egiten zuen egunero. Ohituraren eskuetan zeuzkan utzita erabaki txikiak. Lan-egunetan, hamar minutu lehenago sartuko zen lanera, hamar minutu lehenago irteteko, bai eguerdian eta bai arratsaldean. Aukera hori ematen zion ordutegi malguak. Eta kotxean sartu orduko, irratia piztuko zuen lehenik, eta gero motorra. Berriak entzuteko garaiz iristea gustatzen zitzaion. Hala, errazago ahazten zituen lantegiko hautsak eta hutsak.

        Arratsalde hartan ere etxeko bidea hartu zuen. Ezeren okerrik izan ezean, bertan izango zen seiak eta laurdenetarako. Dutxatu egingo zen lehenik. Gero, ogia eta gauza-puska bat jan, ardo-tragoxka egin, paperez betetako karpeta urdina hartu egongelatik, eta gau-eskolara. Gau-eskolan ordu t'erdiko saioa egin, eta etxera berriro, arrebarekin batera afaltzera. Bai. Biek elkarrekin afalduko zuten, ostegunero eta ostiralero bezala. Bost urte lehenago hartu zuten erabakia, Gorostietara bizitzera joan eta berehala.

        —Astean bitan, bederenik, elkarrekin afalduko diagu hemendik aurrera. Bestela, legea besterik ez diagu egiten, eguna joan eta eguna etorri: afari-legea eta hala-holako bizimodua. Eta horrela ez zegok segitzerik. Horretarako, hobe genian herrian geratu izan bagina —esan zion arrebak egun batean.

        —Bai, horrela ez zeukanagu segitzerik —aitortu zion Felixek—. Hemen ere kateatuta eta harrapatuta gauden, betiko zurrunbilo zoro eta zorabiagarrian. Arrazoi dun.

        —Hona etorrita lasaiago biziko ginelakoan, baina ikusia zegok hemengo martxa ere: presa presaren gain.

        Osteguna eta ostirala iruditu zitzaizkien egunik aproposenak. Ostegunetan, Mirenek prestatuko zuen afaria, hiriburutik lehenago itzultzen zenez; eta ostiraletan, Felixek. Eta hala egiten zuten astero-astero, huts askorik gabe. Sakratua zitzaien elkarri emandako hitza. Hamarretarako bilduko ziren etxera, eta gero afari lasaia egingo zuten elkarrekin, afaldondo eta guzti, astean gertatutakoa hizpide eta zetorren asteburua mintzagai.

        Zazpietan hasten zen gau-eskola, baina garaiz iristea gustatzen zitzaion Felixi. «Irakasle batek aurren izan behar dik sarreran eta azken irteeran», esan ohi zien sarritan irakaslekideei. «Bestela, laster hustuko dituk gure ikasgelak, iaz bezala. Eta akabo eskolak eta kanpaina guztiak», argituko zien ondoren, deskuiduan norbait zalantzan sumatuz gero. «Horixe duk fundamentua, euskara jasoan: oinarria, gauza guztien oinarria. Ez al gara, ba, alfabetatzen ari?», erantsiko zuen ondoren, umore leungarri batez. «Fundamenturik gabe, hondar gainean ari gaituk etxea egiten», biribilduko zuen azkenik.

        Halakoxea zen Felix: gozoa eta gozagarria, baina aldi berean zorrotza eta sakona; hotza eta beroa, baina ez epela. Harekin ari zenak bazekien norekin ziharduen. Bromak broma, herringintza ez zuen txantxetan hartzen. Bestalde, entzule ona zen, eta erantzule azkarra eta bizia. Esker oneko hartzailea eta emaile eskuzabala. Langile eta irakasle saiatua, nahiz eta leku guztietan berdin estimatu ez. Ulertu ere, ez baitzituzten denek berdin ulertzen haren joerak eta jokabideak... Berak ere lanak izaten zituen, tarteka, bere kontraesanak itxuratzen.

        Arratsalde hartan ere, eskola aurrean utzi zuen mini-a, zazpiak laurden gutxitarako. Harrizkoa zen ikastetxea. Eta arratsalde gorri hartan, harrizkoagoa eta bikainagoa iruditu zitzaion Felixi eraikin handi eta bikoitz hura. Bikoitza zen egituraz eta bikoitza zerbitzuaz, nola egunez hala gauez ere. Bi hegal handik osatzen zuten, erdian sarrera eta idazkaritza zituelarik: eskuinekoan, oinarrizko hezkuntzako gelak zeuden; eta ezkerrean, lantegi-eskolakoak, tailer, makina eta guzti. Han ikasten zuten, egunez, herriko eta inguruko mutil askok. Neskak ere ibiltzen ziren, baina gela gutxi batzuetan; idazkaritza ikasten gehienak, eta delineatzailetza bakarren batzuk. Hori, egunez eta ohizko ordutegian. Ilunabarrean, berriz, astelehenetik ostegunera, helduak alfabetatzeko eta euskalduntzeko gau-eskola bihurtzen zen ikastetxea, zazpietatik zortzi t'erdietara bitartean.

        —Arratsalde on, Felix —agurtu zuen ikasle batek.

        Eta elkarrekin sartu ziren ikastetxean. Ikasgelan itxarongo zieten gainerako hogeita zazpiei edo; gutxitan biltzen baitziren den-denak.

        —Kanpoan geldituz gero, berandu sartuko gara. Eta berandu sartuz gero, berandu datorrena sarituko dugu...

        —Eta hori geure buruari harrika egitea da —erantsi zuen ikasleak, Felix irakaslearen betiko erretolika jakina osatuz. «Zahartzen ari nauk», pentsatu zuen irakasleak berekiko. «Gehiegitan errepikatzen ditiat gauzak, lelo bihurtzeraino. Eta hori ez duk oso seinale ona: ni ere lelotzen ari naizela, alegia. Ikasleak ere hasi zaizkidak adar joka». Hala ere, gustukoa zuen gazteagoen adar jotze hura. Urteak kentzen zizkion eta gazteago sentitzen zuen bere burua.

        Idazkaritzaren aurretik pasatzerakoan, makinaz idatzitako orri-klitxe bat karpeta urdinetik atera eta mahai gainean utzi zuen, ohar batekin: «Ana: zortzietan etorriko da norbait kopiak ateratzera. Txanda gorde. Eskerrik asko, Felix».

        Eskaileretan gora igo, ikasgelako atea giltzaz ireki eta bertan sartu ziren, ikaslea aurretik eta irakaslea atzetik. Berehala hasi ziren gainerako ikasleak sartzen. «Bi, hiru, lau...» begiz kontatu eta «arratsalde on» esanez agurtu zituen Felixek sartu ahala eta ahalean, «irakasle on batek egin behar duen bezala». Zazpiak eta lau minuto ziren. Jon sartu zen hogeita bosgarren; ia beti bezala, azken.

        —Arratsalde on —aurreratu zitzaion irakaslea.

        —Primerakoa! «Arrats gorri, goiz argi» —erantzun zion Jon zalapartariak.

        Hastera zihoazen aste hartako azken saioa.

Garapena: Dijitalidadea SL