1950 (Andoain)
Egile honen
beste liburuak
NOBELA
1997, BBK-Euskaltzaindia
BERTSOA
1995, Sendoa
BIOGRAFIA
2007, Bidegileak
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1990, Elkar
1991, Elkar
1991, Erein
Txukunago ibiltzen da kostako trena
1992, Bruño
1993, Desclée De Brower
1998, Sendoa
1999, Ibaizabal
1999, Ibaizabal
2001, Elkar
2005, Erein
2005, Bruño
Pello Errota
1998, Sendoa
ATARIKOA
Pedro Elizegi Maiz zen izen-deituraz. Baina Pello Errota deitzen zioten Asteasun. Eta. berdin inguruko herri guztietan ere: Larraulen eta Aian; Zizurkilen, Billabonan eta Tolosan; Adunan, Andoainen, Urnietan, Lasarten... eta Euskal Herri osoan. Errotaria baitzen; eta Euskal Herri osoan gizon ezaguna. Ez errotaria zelako, ordea. Bertsolari zelako baizik. Eta zer-nolako bertsolaria, gainera! Orain dela ehun eta urte asko jaio zen Asteasun: 1840an. Eta Asteasun bertan hil zen, 1919an, ia laurogei urte zituela. Bitarte horretan zenbat gorabehera, poz eta estuasun, bertso eta ateraldi, joan-etorri eta buruhauste...! Karlisten bigarren gerra ere ezagutu zuen; oso gertutik ezagutu ere. Ameriketan ere izan zen, hango batzuek bertso kantari entzun nahi zutela eta deituta, alajaina! Garai hartako bertsolari handi guztiak izan zituen bertso-lagun: Xenpelar, Udarregi, Joxe Bernardo eta Pedro Mari Otaño, Gaztelu, Tkirrita...
Oraindik ere, herriak gogoan ditu Pelloren zenbait bertso eta ateraldi, nahiz eta gehienak haizeak eraman dituen. Liburuxka honetan, bakar batzuk bildu ditugu: bitxi, polit eta barregarrien iruditu zaizkigunak...; eta zazpi ataletan eskaini.
Lehenengo atalean, apustu eta desafio-giroan sartuko gara. Giro horretan bizi izan Pello Errota. Eta giro horretan, hobeto ulertuko ditugu haren ziriak (bigarren atalean bildutakoak), handikiei sartutako eztenkadak (hirugarren atalekoak) eta Pelloren arreba zen Sabinaren ditxoak (laugarren atalekoak). Ondoren, bostgarren atalean, bete-betean sartuko gara bertsoen munduan. Seigarrenean, berriz, Txirrita handiaren ondoan ikusi eta entzungo dugu Pello txikia bezain azkarra; zer-nolako bikotea! Zazpigarrenean, azkenik, Aiako herrian izango dugu Pello Errota, bateko ziri eta besteko bertso, bazterrak eta bihotzak gozatzen.
Atal horiek Pello Errotaren erretratu bat osatzen dute; edo, hobeto esanda, karikatura-moduko bat. Baina badugu beste erretraturik ere. Esaterako, bere alaba Mikelak utzi diguna; honako hitz hauetan:
Beti esaten zigun:
-Gizonari egizue ondo! Beti egiozue gizonari ondo! Etorriko zaizue handik edo hemendik ondo eginarena; baina bai gaizki eginarena ere.
Gure aita gizarajoak ez zuen pobrea izatea besterik.
Bai. Gizon txiki hura ere handia izan zen bihotzez. Horregatik izan zen maitea. Eta horrexegatik maite du oraindik ere Euskal Herriak Asteasuko errotaria.
1
APUSTUAN
Garai hartan, eguneroko ogia izaten ziren erronka eta desafioak, apustu eta lehiak, norgehiagokak eta abarrak. Eta apustu asko eta klase askotakoak egiten ziren gure herrietan: apustu handiak eta txikiak, barregarriak eta serioxeagoak, bitxiak eta normalagoak... Batzuetan, dirua jokatzen zen; beste batzuetan, berriz, afariren bat edo beste... Eta apustu batek, tartean-tartean, herri oso bat ere ateratzen zuen bere onetik.
Baina kontuz ibili beharra zegoen apustuekin. Beti izaten zen zerbait tartean: batek ez zuela garbi jokatu, beste batek tranpa egin zuela, halakok aldez aurretik konpondu zuela apustua... Tranpa eta zikina, alegia. Eta argi ibili beharra. Horrexegatik dio esaera zeharrak "jokoa ez da errenta".
Pello Errota ere, jakina, ibili zen apustuetan. Nola ez zen ba ibiliko, Asteasuarra izanda?
Pello Errotak, gaztetan, apustu xelebre bat egin zuen; eta irabazi ere, xelebre samar irabazi zuen.
Akerra deitzen zioten zizurkildarra izan zuen aurkaria. Eta apustua, berriz, ea zeinek lehenago eraman zaku batzuk gari, leku batetik bestera, aldapa bat igoz. Baina baldintza xelebretan: Akerrak ganaduekin atzeraka eta Pellok astoarekin, nahi zuen bezala; baita berak bizkarrean eraman nahi bazuen ere. Ez omen zuten, ordea, diru askorik jokatu. Ez baitago jokatzerik izan gabe.
Eguna etorri eta han azaldu omen zen Akerra bere ganadu bizkorrekin. Eta Pello ere bai, Loma izeneko asto azkarrarekin. Epailea ere han zuten zain: artzain argi horietako bat. Jendea, berriz, jokoa ikusteko amorratzen.
Hasi da apustua, eta hor ekin diote Akerra-ren idiek atzeraka eta Loma-k aurreraka. Baina aldapa erdian, tak!, zaku bat lehertu astoari, eta gari pixka bat lurrera erori, eta bi mokadu egin gure Loma saiatuak.
Eta irabazi ere, astoak irabazi omen zuen apustua. Baina Akerra-k auzi eman: Ahoan sartu duena falta du —esaten omen zion epaileaki.
Alegia: behar baino gari gutxiago eraman zuela astoak.
Epaileak, ordea, honela erantzun omen zion:
—Bai, baina barrenean pasa dik horrek lurretik hartu duena.
Noski! Tripan pasa baitzuen. Marra pasa zuela behinik behin, eta Loma astoaren alde egin zuen epaileak.
Apustu hura, behintzat, Pellok irabazi zuen.