1950 (Andoain)
Egile honen
beste liburuak
NOBELA
1997, BBK-Euskaltzaindia
BERTSOA
1995, Sendoa
BIOGRAFIA
2007, Bidegileak
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1990, Elkar
1991, Elkar
1991, Erein
Txukunago ibiltzen da kostako trena
1992, Bruño
1993, Desclée De Brower
1998, Sendoa
1998, Sendoa
1999, Ibaizabal
1999, Ibaizabal
2001, Elkar
2005, Bruño
Egundokoa haiz, Segundo!
2005, Erein
1
Goiz esnatu eta, klik! , irratia piztu zuen, ohetik jaiki gabe albisteak entzuteko. Oso gutxitan egiten zuen, baina bihotza azkartu zion bezperako telefono-deiak. Eta oso lo zakarra egin zuen ondoren, ohean jira eta bira.
Irratia ohiko albisteak ematen ari zen, hitz eta bits. Beste lehergailu batek beste hamazazpi lagun hil dituela Iraken. Beste greba bat egiteko mehatxua egin dutela sindikatuek. Beste %0,2 garestitu dela bizimodua joan den urrian...
Bestelako albiste baten zain zegoen Martin, begiak zabal eta belarriak zabalago. Baina hotz eta motz ari zen irratia. Aspaldi saldu zirela Lleidan, Sorteko herrian, Gabonetako loteriako zenbakirik bitxienak.
Tenporek iragarri bezalako eguraldia egiten ari dela udazkenean. Datorren astean direla neguko tenporak...
Klik! , piztu zuen argia, ondorengo albisteak hobeto entzuteko-edo. Baina, brast! , salto egin zuten esatariek kirol-albisteetara. Berehala ziren huts eta putz: Errealak 0, Athleticek auskalo. Klok! , itzali zuen irratia. Osasuna zaindu beharra zeukan.
Jaiki eta, taaarrat, taaarrat, taaarrat, pertsiana jaso zuen. Leihoko lausoak ez zion utzi elizako erlojua ikusten. Ezta plaza ere, nahiz eta herriko argiak piztuta egon. Ezkerraldean izango zuen udaletxe dotorea, erdian atzealdean eliza luzea eta eskuinean frontoi pintatu berria. Parez pare zabaldu zuen leihoa. Orduan, bai, ikusi zuen erlojua.
—Erori samarra daukak bibotea, Segundo —esan zion irribarrez—. Eta laburtxo, aukeran, ezkerreko aldea.
Inork ez zekien hizkera haren berri. Jakitera, hor nonbait asmatuko zuen zer ordu markatzen zuten elizako orratz biboteek: zazpiak eta hogei paseak. Matematika erabiliz, gehiago ere zehaztuko zuen: zazpiak eta hogeita hiru minutu.
Ezkerreko begiaz keinu egin zion Martinek erlojuari. Erlojuak, eskuineko orratza kolpe batez jaitsiz erantzun zion. Oker gelditu zitzaion bibotea.
—Berehala nauk hor, Segundo.
Leihoa itxi aurretik, sakon hartu zuen arnasa, eta zeru izartsuari begira gelditu zen pixka batean. Seguruenik, oraindik ez zuten zabalduko albistea. Hotza zen kanpoan.
Berriro piztu zuen irratia. Laster joko zituen zazpi eta erdiak. Ea puntu-puntuan zerabilkien eskumuturreko erlojua.
2
Plazan, taberna bakarra ikusi zuen zabalik.
—Egun on —agurtu zuen tabernaria. Bakarrik zegoen. Kafea egiteko makina garbitzen ari zen.
—Egun on? Ba ote? —erantzun zion tabernariak umorez.
Begira gelditu zitzaion Martin, galderak zirikatuta.
—Berri txarren bat ala?
—Ez dakit, ba. Zu hemen horren goiz... —jarraitu zuen umorez tabernariak
Martinek, kafesnea eskatu eta egunkarien txokora jo zuen zuzenean. Hiru egunkari zituen aukeran, artean inork zabaldu gabeak. Banan-banan hasi zen hiruen orriak miatzen, atzekoz aurrera. Albistea etortzekotan, azken orrialdeetan etorriko zen, kultur albisteekin batera.
—Egun on, Txilipitero eta konpainia —sartu zen tabernan Nikolas, iraina jolas.
Kopeta-zimur begiratu zion Martinek.
—Sesio bila, dagoeneko? —egin zuen tabernariak Martinen alde.
—Tira, tira! Ez huen, ba, txantxa gaizki hartuko, Martin Txilipitero? —hurbildu zitzaion Nikolas, burlarien eskolaz.
Kopeta-zimur begiratu zion berriro Martinek. Burua astindu zuen gero.
—Berri txarren bat? —galdetu zion tabernariak, burua astintzen ikusita.
Egunkariak txukun tolestu eta katilua hustu zuen Martinek, erantzun aurretik.
—Zaharra berri.
Zortziak jotzen hasi zen elizako erlojua.