Pello
Esnal

1950 (Andoain)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Nada de agua en Madrid

1997, BBK-Euskaltzaindia

BERTSOA

Itzuliko naiz

1995, Sendoa

BIOGRAFIA

Manuel Olaizola Uztapide

2007, Bidegileak

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Malkos

1990, Elkar

Nabukodonosor

1991, Elkar

Txukunago ibiltzen da kostako trena

1992, Bruño

Xaxpi

1993, Desclée De Brower

Pello Errota

1998, Sendoa

Txirrita

1998, Sendoa

Salomondarrak

1999, Ibaizabal

Otsogorritxo

1999, Ibaizabal

Azeri-zuloa

2001, Elkar

Egundokoa haiz, Segundo!

2005, Erein

Kutun kutuna

2005, Bruño

Zazpi kolore ditu ostadarrak

1991, Erein

1

 

        Ba omen zen behin Euskal Herrian, aspaldi baino aspaldiago, berdintasuna gehiegi maite zuen erregea: Potolio.

        Bere aita Potolo erregeari ikasi omen zion Potoliok: errazago hazten zirela bi seme-alaba berdin, erosoago gobernatzen bi herri antzeko, eta azkarrago menderatuko litzatekeela mundu osoa, menpeko guztiak berdintsuak izatera.

        Pentsatu ere, bost aldiz pentsatu omen zuen Potolo erregeak zerbait egin beharko zuela seme-alabak parekatzeko. Hain zen eskasa Milia, hain xixtrina eta ezereza. Eta hain ederra, berriz, Estebe, gero Potolio erregea izango zena; hain mardula eta bikaina...       

        Biltzeko ere, zazpitan egon omen zen biltzeko Potolo erregea bere aholkulari, kontseilari, azti, asmagin eta sorginekin, ea denen artean asmatzen zuten zer egin herrietako egoerak orekatzeko. Izan ere, bazter guztietan ura besterik ez Uhaldeko herrixkan eta igelak baitziren gau eta egun hango jaun eta jabe. Lehorretan, aldiz, ez ur eta ez igel bizi ziren, lehortearen menpe jai eta aste, urteak joan eta urteak etorri. Eta, jakina, protesta protestaren gain bizi ziren uhaldearrak eta lehorretarrak. Eta berdin eguzkiz lepazintzurreraino eta eguteraz mendi-lepoetaraino zeuden eguzkitzatarrak. Eta beste hainbeste herria itzal eta laiotz hutsa eta behatzak ospelez beteta zituzten ospeletarrak.

        Deitu ere, hamaika aldiz deitu omen zion Potolo erregeak Salbatore agure jakintsuari. Baina behin ere ez zen bihotz-barreneko galdera egiteko gauza izan: Zer egin behar ote zuen mundu guztian gizonak berdinago izateko, gero mundu guztia errazago, erosoago eta azkarrago beregana zezan?

        Gizena bezain azkarra baitzen Potolo erregea, eta bai baitzekien, gizon guztiak eta herri guztiak eta gauza guztiak berdintzen hasita, azkenean jakiak eta edariak ere zapore berdineko bihurtuko zitzaizkiola. Eta hain zuen gogokoa jatea eta edatea, bateko amuarraina, besteko txekor-okela, orain ardo gorria, gero pastelak ardo goxoarekin...

        Eta Salbatore agure jakintsuak esaten bazion dena berdintzeko, gosariak eta hamaiketakoak eta bazkariak eta siesta-ondorengo meriendak eta afariak berdindu egin beharko zituela? Akabo hainbeste kostatako sabel zabal hura! Izan zezakeen mundu zabala baino gehiago maite baitzuen zeukan sabel zabala.

        Eta bere sabel zabala zabalagotzen jarraitu zuen Potolok. Baina gehiegia beti gehiegi izan, Salbatore agure jakintsuak behin baino gehiagotan esaten zion bezala. Eta azkenean, danba!, gizenaren gizenez itota hil zen Potolo erregea, izenez Edrigu, ezizenez Potolo.

 

 

2

 

        Errege egin zuten egun berean hartu zuen Estebek erabakia. Salbatore agure jakintsuari deitu eta agindu zion:

        —Biharko behar dut gizon guztiak berdintzeko egitasmoaren zirriborroa.

        —Bai, Maiestate. Biharko izango du.

        Luze joan zitzaion eguna Estebe errege berriari. Lehenbailehen nahi zuen egitasmoa. Ez zuen bere aitak izandako beldurrik.

        —Beti otordu berdinak egin behar baditut, hobeto. Argaldu egingo naiz hartara. Eta ez didate aitari jarritako ezizenik jarriko.

        (Errege berriak ez zekien, baina jarria zeukan aspalditik ezizena. Ez zioten aitari jarritakoa erantsiko: ez zen, beraz, Potolo Il.a izango. Bai, ordea, Potolio. Eta Potolio gora eta Potolio behera, batek baino gehiagok ahaztua zuen errege berriaren berezko izena.)

        Biharamunean eraman zion Salbatore agure jakintsuak egitasmoaren zirriborroa. Berehala deitu zien Potoliok bere aholkulari, kontseilari, azti, asmagin eta sorgin nagusiei. Eta giltzaz itxita utzi zituen denak, Salbatore agure jakintsua giltzazain zutela.

        —Biharko nahi dut gizon guztiak berdintzeko egitasmoa. Ez badidazue biharko bukatzen, ogia eta ura besterik ez duzue izango bihartik aurrera zuen gose-egarriak berdintzeko.

        —Bai, Maiestate. Biharko izango du egitasmoa.

        Bai izan ere.

        Hitz dotorez hasi zitzaion Garzea aholkulari nagusia Potoliori azaltzen egitasmoa, Salbatore agure jakintsuak egun batean zirriborratu eta beste bostek biharamunean burutua.

        —Zeharbidez jokatuko dugu gizonak berdintzeko. Horixe iruditzen zaigu biderik egokiena. Gizonak ez baina, ingurua berdinduko dugu. Eta ingurua berdindu ahalean berdinduko dira gizonak ere. Bi osagai nagusi ditu inguruak, berorrek ondo dakien bezala, Maiestate: denbora eta espazioa. Denbora eta espazioarekin ere zeharbidez jokatuko dugu, ez zuzenean...

        —Luzeegi doa azalpena gauza onerako —eten zion Potoliok Garzea aholkulari nagusiari hizketaldia—. Zeharbide gehiegi dago hemen gauza onerako. Labur eta zuzen jardun.

        —Bai, Maiestate. Ahaleginduko naiz. Denbora berdintzeko, astegunak berdinduko ditugu. Eta astegunak berdintzeko, astea egun bakarrekoa izatea onena.

        —Ez dago gaizki pentsatua, baina zailegia iruditzen zait —eman zuen bere iritzia Potoliok.

        —Horrexegatik pixkanaka eta apurka jokatzea pentsatu dugu: zazpi urteko zazpi alditan —jarraitu zuen Garzea aholkulari nagusiak.

        —Hau katramila! —erantsi zuen Potoliok, koroa apur bat jaso, eskua azpitik sartu eta buruan hazka eginez—. Ea zuk, Azenari sorgin nagusi horrek, errazago azaltzen didazun zuen egitasmoa. Emakumeak beti zarete hizketan abilagoak-eta.

        Zorrotz-zorrotz hasi zen Azenari sorgin nagusia:

        —Guztira, berrogeita bederatzi urte beharko dira gizon guztiak berdintzeko: zazpi urteko zazpi aldi.

        —Horrelako hizketa argia atsegin zait —animatu zuen Potoliok Azenari sorgin nagusia.

        —Eskerrik asko, Maiestate.

        —Aurrera, Azenari.

        —Lehenengo zazpi urteetan, egun bat kenduko diogu asteari, eta kolore bat eta musika-nota bat inguruan. Bigarren aldian, hurrengo zazpi urteetan, bost egunekoa utziko dugu astea, eta bost kolorekoa eta bost hotsekoa ingurua.

        —Eta seigarren aldia bukatzean, egun bakarra izango du asteak, eta kolore eta hots bakarra inguruak —jarraitu zuen Potoliok, koroa bere lekuan jarri eta dena ulertu zuela adieraziz.

        —Eta zazpigarren aldia hastean, gizon guztiak ia-ia berdinak izango ditu eta zazpi urte geldituko zaizkio mundu guztia, ri-rau!, berorrena egin eta garaipena handikiro ospatzeko.

        —Ederra egitasmoa. Biribila. Luzea, baina bikaina. Biziko ahal naiz azkena ikusteko adina!

        —Biziko ez da, ba! —esan zioten seiek batera.

        —Biziko ez da, ba!!! —azpimarratu zuen Salbatore agure jakintsuak—. Ni baino askoz errazago.

        —Hala izan dadila! —bukatu zuen Potoliok—. Hemendik zazpi urtera bilduko gara berriro.

Garapena: Dijitalidadea SL