1950 (Andoain)
Egile honen
beste liburuak
NOBELA
1997, BBK-Euskaltzaindia
BERTSOA
1995, Sendoa
BIOGRAFIA
2007, Bidegileak
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1990, Elkar
1991, Elkar
1991, Erein
Txukunago ibiltzen da kostako trena
1992, Bruño
1993, Desclée De Brower
1998, Sendoa
1999, Ibaizabal
1999, Ibaizabal
2001, Elkar
2005, Erein
2005, Bruño
Txirrita
1998, Sendoa
ATARIKOA
Haurra jaiotzeko zegoenean, amak jakinaren gainean jarri zuen auzoko andre bat:
—Iñaxi, etorriko al zara laguntzera?
—Joango ez naiz, ba, Juana Joxepa! Ordua iritsi zenean, zintzo asko joan zen Iñaxi. Eta lagundu ere bai amari, haurra munduratzen. Baina pixka bat edan eta zertxobait berotu Iñaxi.
Eta haurra jaio orduko, hor eraman du sukaldera. Eta han, amak egun haietarako jarrita zeukan oilo-saldatik, Iñaxik katilukada bat hartu; eta haurrari, berriz, eguerdirako zegoen baba-saldatik eman. Eta haurrak hartu!
Eta, haurra berriz amarengana eraman zuenean, esan zion:
—Hau da honen apetitua, hau! Nahikoa ematen badiozue, egin behar du galanta! Eta, hizketarako zegoenez, honela jarraitu zuen:
—Ez. Mutil hau ez zaizue alferrik galduko. Ez du ezer izango, baina ez zaio ezer faltako ere.
Doinu berezia zuten hitz haiek. Juana Joxepak, berriz, sorgin-itxura hartu zion Iñaxiri. Eta igarle baten modura jarraitu zuen honek, mutiko jaio berria besoetan zuela:
—Etxeko eta auzoko marka guztiak hautsiko ditu. Barre egingo die denei; eta bere buruari lehenengo. Ziri ederrak sartu behar ditu bere bizitzan. Eta egindako apustu guztiak irabaziko ditu, bat izan ezik: itsu batekin galduko duena.
Harrituta begiratzen zion Juana Joxepak. Iñaxiren etorriak ez zuen amaierarik:
—Eta jolas bihurtuko du hizketa. Jolas bihurtuko du lana. Eta jolas bihurtuko du bizitza bera ere.
Azkenean, hitz-jario hura ere agortu behar eta, honela bukatu zuen Iñaxik:
—Hitz batean esanda, egundoko bertsolaria izango da. Eta mundu honetan xelebre ibilita gero, gizon ospetsua izango da hil ondoren ere.
Eta haur jaio berria amaren besoetan utzi zuen.
Beteko ote ziren Iñaxik egun hartan esandakoak?
"EZ DU EZER IZANGO,
BAINA EZ ZAIO EZER FALTAKO ERE"
Goizeko hiruretan jaio zen, 1860ko abuztuaren 14an, Hernaniko Latze baserrian. Eta egun berean bataiatu zuten, arratsaldean, Latzetik zortzi kilometrora zegoen elizan. Eta Joxe Manuel izena j arri zioten mutiko eder eta apetitu oneko hari. Eta lehenengo deitura, Luxanbio idatzi zuen apaizak elizako liburuan. Bai, horrela: Luxanbio; nahiz eta Joxe Manuelek berak, beti, Lujanbio esan. Idatzi, berriz, ez Luxanbio eta ez Lujanbio; ez baitzuen idazten ikasiko. Baserri hartan bertan jaioa zen Joxpinixi, Joxe Manuelen arreba zaharrena, bi urte t'erdi lehenago. Eta ondoren jaioko ziren gainerako anai-arrebak: Migel Joxe, Juan Mari, Axentzi, Juana eta Ixabel.
Joxe Manuelek hamairu urte zituenean, Latze baserria utzi eta beste batera aldatu zen familia osoa.
Traste guztiak gurdiz eta zaldiz eraman zituzten, karga-karga eginda, Bautista etxekojauna gidari zutela. Ez ziren urruti izango hiru mutilak: hamairu urteko Joxe Manuel, hamaika urteko Migel Joxe eta zortzi urteko Juan Mari. Ama Juana Joxepak, berriz, nahiko lanak izango zituen alabekin. Eskerrak Joxpiñixiri. (Garai batean, ba ote zen baserririk, Joxpiñixiren bat ez zuenik?) Nahiz eta hamabost urte besterik izan ez, asko laguntzen zion amari; batez ere, urtebeteko Ixabel zaintzen. Beste bi ahizpa txikiak ere alboan zituen: sei urteko Axentzi eta hiru urteko Juana.
Hala, Astigarragatik Errenteriara doan kamiotik ezkerrera, kaletik kilometro erdira, hantxe aurkitu zuten baserri zabala bezain handia:
—Hementxe biziko gara hemendik aurrera.
Muino batean zegoen baserria, eta toki erosoan, San Markos mendiaren azpialdean.
Baserria ez ezik, jauregia ere bazen, euskal etxe bezala oso itxura jatorrekoa...
Lehendabizi, egutera aldea ikusi zuten, arkuzko bi ate zituela: bata dena biribila, bestea puntaduna. Horien gainean, alde batetik besteraino, etxeari aurre guztia hartzen zion balkoia, bere zurezko baranda zaharrarekin. Balkoipeko pareta, guztiz harrizkoa; goikoa, berriz, adreiluz eta habe zaharrez egina. Goian, teilatuaren ertzaren parean, usoentzako zuloak...
Iparraldean, atzealdean, arkuzko beste ate bat aurkitu zuten, eta San Markos aldean ere beste bat. Barrenean, berriz, ukuilu zabala, jiran saietera bat edo beste zuela. Eta mandioa. Eta mandioan... dolarea: Joxe Manuel mutikoak hain maitea izango zuen sagardo-iturria.
Balkoira irten ziren ondoren:
—Hau parajea!
Aurrez aurre zituzten, inguru guztian, berdez jantzitako muinoak. Eta han eta hemen, baserriak. Eta atzean, mendiak: Aiako Harria, Urkabe, Bianditz, Landerbaso, Aldurako gaina...
Eta bakoitza ametsetan hasiko zen:
"Nire amarentzat ere bizileku aproposa", pentsatuko zuen Juana Joxepa amak.
"Morroi bat ere ekarri beharko diagu, ba", Bautista aitak.
Baina zer-nolako ametsak egin ote zituen Joxe Manuel gazteak?
Etxe berrian zeuden: Txirrita izeneko baserri jauregi hartan. Eta baserri eder hark emango zion izena Joxe Manuel mutiko azkarrari. Eta mutiko azkar hark egingo zuen baserri haren izena ospetsu. Hain ospetsu ere! Orduan gerran zebiltzan militar askoren izena baino ere ospetsuago. Gori-gori baitzegoen karlisten bigarren gerratea.
Berez, Joxe Manueli zegokion Txirritaneko maiorazkoa, mutiletan zaharrena izaki. Baina horretarako, gogotik lan egin behar baserrian, eta ezin parranda askorik egin. Txirritak, ordea, bere neurrian maite zuen lana eta neurriz kanpo parranda.
Behin batean, denbora asko kanpoan igaro ondoren, etxera etorri zen. Baina lanik
ez egitearren, berriz ere alde. Abiatzerakoan, bertso hau bota zuen:
Bart arratsean etorri nintzan,
gaur atera naiz etxetik,
aita ta ama errietan ta
zakurra zaunka atzetik.
Ni etxerako ona ez izan,
gauzak itxura bazetik...
Gure Jainkoak libra nazala
komeni ez dan gaitzetik.
Beste egun batean, Txirrita, gaupasa tabernan egin eta, goizaldean azaldu zen etxera. Etxekoek, noski, errietan eman zioten, eta Txirrita atzera ere tabernara. Sartzean, bertso hau bota zuen atetik:
Gure etxean haserre daude,
jaunak, ez dago atsegin.
Udaberria badator eta
pentsatuko det zer egin.
Aitzurra eta pala hartuta
Nafarroara aldegin...
Aberastuko ez banaiz ere
begin bistatik aldegin.
Nekazaritza utzi eta hargintzan hasi zen. Txirritak, seguru asko, etxetik urruti gabe ikasiko zuen langintza horretan, San Markosko fuertea egiten ari zirela edo.
Gero, lana sortzen zitzaion tokietan jarduten zuen. Gehienetan, Errenterian, Hernanin, Irunen eta halakoetan. Baina urruti samarrera ere joan izan zen: Zaragozara, Frantziara... Donostiatik Bilbora doan burdinbideko paretak jasotzen ere ibili zen. Eta lantegia zuen herrian, etxeren batean ostatuz jarri eta horrela bizi izaten zen. Txirritaneko maiorazkoa izan behar zuena!
Gizaseme ederra izan zen Txirrita gaztetan. Eta neska asko ibiltzen zituen atzetik. Baina inorekin lotzen ez.
Azkenean, Hernaniko neska bat eta biak hasi ziren tratabidean. Baina Txirritak garaiz antzeman bere buruari ez zela senar prestu ona izango.
Eta andregaiarengana joan eta honela esan zion:
—Aizu, ba al dakizu zer pentsatu dudan?
—Zer, Joxe Manuel?
—Ni egunean bost pezeta irabazteko kapaz naiz. Baina egun berean sei gastatzeko ere bai. Eta biok gaizki bizitzea baino, hobe izango da bat bakarrik gaizki bizitzea. Eta ez dut ezkontzerik pentsatzen.
Eta mutilzahar gelditzea erabaki zuen. Mutilzahar, herri batetik bestera, lantegiz lantegi, ostatuz ostatu, tabernaz taberna, festarik festa, bertsoz bertso eta parrandaz parranda ibili ondoren, herrena hasi zitzaion hirurogei urte zituela. Eta lanerako gutxi balio zuela gelditu zen Txirrita.
Eta lehenik, Juan Mari anaiarekin jarri zen bizitzen Altzako Arriaga baserrian. Eta gero, Ixabel arreba gazteenarekin, Gazteluene baserrian, Altzan bertan.
Hor, Gazteluenen, arreba, koinatu eta ilobekin bizi izan zen, enbarazu handirik egin gabe eta umore onez beti. Etxetik kanpora, bertsotara-edo joatean, bueltakoan beti eramaten zituen paxientxiak edo goxoren batzuk ilobentzat.
Bertso kantatzera hara edo hona joango ote zen eskatzera ez ezik, halako istilu edo kontua gertatua zela eta bertsoren batzuk jarriko ote zituen galdetzera ere maiz joaten zitzaizkion. Bertsolari oso gutxi izango da, bai, Txirritak hainbeste bertso jarri eta argitaratu duenik!
Eta hori, berak idazten ez zekiela. Testamentua egitean ere, ez zen bere firma jartzeko gauza izan, firmatzen ere ez zekielako.
Egun batean, paperen bat egiteaa zihoala, honela esan zioten:
—Paper honetan firmatu behar duzu. Eskolarik ba al duzu?
Eta Txirritak:
—Eskola? Gure etxeko azpiko aldean bai galanta!
Irakurtzen bazekien; moldeko letrak bakarrik, ordea; ez, eskuz egindakoak. Baina oso gutxitan saiatzen zen.
Gazteluenen bizi zelarik, bere iloba Joxe Ramon hartzen zuen idazkaritzat.
Hil, hirurogeita hamasei urte betetzera zihoala hil zen Txirrita, 1936ko ekainaren 3an, asteazkenez, arratsaldeko lauretan. Handik hilabete t'erdira hasiko zen gerra.
Ordurako, beteak ziren Iñaxi azti eta asmaginak, Joxe Manuel jaio berritan, esandako ia guztiak. Azkenekoa betetzea besterik ez zen falta: "Eta mundu honetan xelebre ibilita gero, gizon ospetsua izango da hil ondoren ere". Beteko ote zen hau ere?