1950 (Andoain)
Egile honen
beste liburuak
NOBELA
1997, BBK-Euskaltzaindia
BIOGRAFIA
2007, Bidegileak
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1990, Elkar
1991, Elkar
1991, Erein
Txukunago ibiltzen da kostako trena
1992, Bruño
1993, Desclée De Brower
1998, Sendoa
1998, Sendoa
1999, Ibaizabal
1999, Ibaizabal
2001, Elkar
2005, Erein
2005, Bruño
Itzuliko naiz
1995, Sendoa
Edozein bertsozaleren gustukoa izateko moduko liburua da Pello Esnalen «Itzuliko naiz». Jarraitzeko moduko adibidea da Esnalena.
Joxe Beristain (Euskaldunon Egunkaria, 1995-07-16)
BERTSO BERRIAK,
KENDU ZIDATEN GOARDASOLARI JARRIAK
Mi-la-la-la-si-do-do,
la-la-si-la-sol-la,
behin batez galdu nuen
neure goardasola;
txokoan gelditu zen
ura zeriola...
Norbaitek kendu zidan;
esango dut nola.
Guztia gertatu zen
afari batean,
denak adiskideak
ginen elkartean;
inuxente samarra
bainintzen artean,
Judasen bat izango
genuen tartean
Euria ari zuen
eta ez hain ezti,
afaltzera joan nintzen
aterki ta guzti,
hobe nuela neure
burua ez busti...
Despedida atera
zitzaidan garesti.
Atarian uzteko
aterki bipila,
ez zen txikia hango
goardasola-pila;
gero joan nintzenean
neurearen bila,
zer aurkituko eta
ordezko zirpila.
Txokoan utzi nuen
ziri eta kirten,
haren berri gehiagok
ere bazekiten;
berriarekin sartu,
zaharrarekin irten,
Zumarragan sortu da
zenbait lapur kirten.
Zaharra utzi zidaten
berriaren truke,
artean espetxean
zegoen El Lute;
egun hartan lapurra
salatu balute,
bere izena hemen
aurkituko luke.
AITONA GORRA NUEN
Aitona gorra nuen,
halaxe dut aita,
ni ere gortuz noa
gaitzak hala nahita.
Nire mindura ezin
hitz arruntez aita;
bertsotan jarriko dut
doinuz eta sailka,
kantatutako pena
pena erdi baita.
Neure umetan zorrotza
nuen belarria;
gaur bat ia galdua,
bestea erdia.
Lehen dena entzuten nuen:
haize bihurria,
eulia hegan eta
urrun zintzarria...
Orain isiltasuna
dut hots-iturria.
Gaitzak belarriari
gaina hartu dio,
hamaika hots bihurtu
zaizkit murmurio.
Alai hazi nintzena
gaur nabil serio,
gorreriaren zama
dudala medio.
Beldur den gizonari
dardara dario.
Gorraren inguruan
dena isiltasun,
ba al dakizu, gaitza,
zer dakarkidazun?
Umetako larrosa
bihurtu zait asun,
gaztetako ametsen
eztia behazun.
Goizaren irrintziak
arratsa oihartzun.
Lagunaren ezpainei
darien hitz-hotsa
nigana iritsita
bihurtu izotza;
iturburuan epel,
amaieran hotza.
Hau isolamendua,
hau itzal mingotsa!
Bakardadeak ez du
urrun heriotza.
Betiko isiltasun
zaren heriotza,
belarrietara zait
heldu zure hotza.
Umetan egutera
nuen nik bihotza,
gaur itzalaren mende,
neguko laiotza:
ez daukat entzuterik
kukuaren hotsa.
Negu dut bihotzean,
ez epel, ez kuku,
itsasoa bera ere
ia-ia mutu.
Zientziak ezin du
hormatzarra sutu;
hormak ere ez, ordea,
bizi-poza urtu.
Jaio izana ez zait
oraindik damutu.
Ai, zenbat abentura
zoriona aitzaki!
Gaztearen odolak
su gabe diraki.
Nire bizi-pozaren
izarrak badaki
bere bila ibili
naizela ausarki.
Kanpoan uste eta
barruan izaki.
Isildu zaidanean
kanpoko alorra,
barnean aurkitu dut
urrezko altxorra.
Nire bizi-pozaren
izar iheskorra,
zu galtzeko bildurrak
zulatu nau, horra!,
hain zara eskuragaitza,
hain zara hauskorra.
Bihotzean sartua
daukat hotzikara:
gaitza, ez zaitez pasa
seme-alabetara.
Mundualdi hau minez
bizitzeko al da ba?
Lehen ere joa duzu
gurean aldaba.
Errugabeak dira
Haritz eta Ainara.