Pello
Esnal

1950 (Andoain)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Nada de agua en Madrid

1997, BBK-Euskaltzaindia

BERTSOA

Itzuliko naiz

1995, Sendoa

BIOGRAFIA

Manuel Olaizola Uztapide

2007, Bidegileak

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Malkos

1990, Elkar

Nabukodonosor

1991, Elkar

Zazpi kolore ditu ostadarrak

1991, Erein

Txukunago ibiltzen da kostako trena

1992, Bruño

Xaxpi

1993, Desclée De Brower

Pello Errota

1998, Sendoa

Txirrita

1998, Sendoa

Salomondarrak

1999, Ibaizabal

Azeri-zuloa

2001, Elkar

Egundokoa haiz, Segundo!

2005, Erein

Kutun kutuna

2005, Bruño

Otsogorritxo

1999, Ibaizabal

1

 

        Ez zekien zer egin. Ez zekien zer pentsatu. Ez zekien nola jokatu. Ezta nola asmatu ere. Ez zekien ezer; nola zuen izena besterik.

        —Andereño Nahikari —inguratu zitzaion, isilka, Ane isila—. Gaur ere ez daukagu otsorik.

        Laugarren aldiz gelditu ziren otsorik gabe. Bosgarren aldiz aukeratu beharko zuten otsoa... Baina ez zuen etsiko. Nahikari baitzuen izena. Eta izana. "Zer nahi, hura lortu", zuen goiburu. Eta "nahikariak edertzen ditu gauza itsusiak" esaera zaharra, denetan gogokoen.

        —Moldatuko gara. Aurkituko dugu bosgarren otsoa ere, Ane.

        —Baina inork ez du otsoa izan nahiko.

        —Moldatuko gara.

        Andereño Nahikarik ez zekien, ordea, nola moldatu. Ez zekien zer egin. Ez zekien ezer; nola zuen izena besterik.

 

 

2

 

        Zortzi aste lehenago hasi zen dena, ikastaro berriaren lehenengo ostiral arratsaldean, ikastolako antzerki-aretoan. "Bat, bi, hiru, lau... hogeita zortzi". Hogeita zortzi neska-mutil kontatu zituen, banan-banan, Nahikari antzerki-andereñoak. Hogeita zortzi haiekin bilduko zen hantxe bertan, ostiralero-ostiralero, arratsaldeko bostetan, antzerkiak asmatu, prestatu eta... gero ikastolako neska-mutil txikienen aurrean antzezteko. Gabonak baino lehenago antzeztuko zuten estreinakoa. Baina prestatu egin beharko zuten aurretik, eta asmatu...

        Lehenengo ostiral arratsalde hartan, Nahikari andereñoak argi azaldu nahi izan zien estreinako antzerkiaren gaia.

        —Behin batean, neska bat bizi omen zen amarekin basoan... —hasi zitzaien ipuin zahar bat kontatzen.

        Baina gelako isiltasunak ez zuen asko iraun.

        —Eta neska beti txano gorri batekin ibiltzen omen zen eta...

        Handik aurrera denek zekiten nola segitu. Nola segitu eta... nola amaitu: ehiztariak otsoa hil eta neska-amonak bizirik aterata sabeletik.

        Eta hogeita zortziek beren kontaketa bukatu zutenean, honela esan zien Nahikari antzerki-andereñoak:

        —Nik beste modu batera dakit. Utziko al didazue azkeneraino kontatzen?

        Eta ustekabeko ipuina kontatu zien. Hobeto esan, ustekabeko amaiera zuena.

        —Eta ehiztaria? Non dago basoko ehiztaria? Eta non dira basoko ehiztariaren tiroak? —galdetu zion Mikel berritsuak, inoiz baino berritsuago.

        —Ehiztaririk ez dago ipuin honetan.

        —Eta Txanogorritxo eta amona? —galdetu zion Jone patxadatsuak, inoiz baino urduriago.

        —Otsoak jan zioen. Eta kito. Horrela amaitzen da nire ipuina.

        —Bai ipuin zatarra!!! —bota zioten hogeita zortziek, aho batez.

        —Ba, horrela argitaratu zuen, orain dela hirurehun urte, 1697an, Charles Perrault idazle frantsesak.

        —Bai idazle zatarra! —eten zion Haritz kaskagorri bezain biziak.

        —Eta nork asmatu zuen amaiera polita? —galdetu Hodei pinpirinak.

        —Bi izan ziren, bi idazle alemaniar: Grimm anaiak...

        —Gora Grimm anaiak! —eten zion Mikel berritsuak, beti bezain zalapartari.

        —Gora Grimm anaiak!!! —egin zioten oihartzun gainerako hogeita zazpi neska-mutilek: Jone patxadatsuak, Haritz kaskagorriak, Hodei pinpirinak eta... beste guztiek; baita Ane isilak ere.

        Denak isilarazi eta honela amaitu zuen Nahikari andereñoak, ostiral arratsalde hartan:

        —Bai. Gora Grimm anaiak. Eta gora Charles Perrault idazle frantsesa ere!

        —Ba, gora frantsesa ere! —egin zuen oihu Mikelek, haren izen-deiturak esaten asmatuko ez ote zuen beldurrez.

        —Gora frantsesa ere! —errepikatu zuten ondoren gainerako hogeita zazpiek; eta ondoren, urrutiko oihartzunak.

        —Ba, Charles Perrault idazlearen omenez —jarraitu zuen Nahikari andereño gazteak—, Txanogorritxo antzerkia antzeztuko dugu Gabonak baino lehenago, ikastolako neska-mutil txikienen aurrean. Horrela ospatuko dugu, handikiro, ipuina argitaratu zeneko hirugarren mendeurrena.

        —Aufi! —egin zuen oihu Mikelek. —Aufi!!! —egin zuten oihartzun gainerako hogeita zazpiek.

        —Aufi!!! —itzuli zien oihua urrutiko oihartzunak.

 

Garapena: Dijitalidadea SL