Egile honen
beste liburuak

NARRATIBA

Hontzaren orduak

1999, Elkar

101 gau

2000, Elkar

Bizitza eredugarriak

2006, Elkar

IPUINA

Albahaka lurrina

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zozoa eta biok

1982, Elkar

Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon

1984, Elkar

Papartxuri eta Biboteluxe

1985, Elkar

Zazpi gelako hodeietako etxea

1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala

Muxi eta Puxi

1987, Elkar

Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa

1989, Elkar

2.061: antzinako kronikak

1990, Elkar

Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan

1991, Elkar

Katixa eta Kroko

1992, Elkar

Indianoa

1993, Elkar

Lau titiriti, bi tatarata..

1995, Errenteriako Udala

Etxerako bidea

1995, Elkar

Agure jakagorria

1995, Elkar

Hiru lagun

1995, Elkar

Katixa, Kroko eta Kokoroko

1997, Elkar

Axa mixa zilarra

2000, Elkar

Kikik Koko nahi du

2000, Elkar

Arreba txiki bat dut, eta zer?

2002, Elkar

Horazio eta jaguarra

2002, Elkar

Jokin Galtxagorri

2004, Elkar

Alfonbra berria

2006, Elkar

Mixi Marrau

2007, Elkar

Zaldun beltzak

2008, Elkar

        Maider eta Jokin leihoaren ondoan zeuden, etxe ondoko baratzeari eta urrutiragoko baso txikiari begira.

        Maiderrek haserre aurpegia zeukan; Jokinek, berriz, gaizki portatu eta barkamena eskatu behar duenaren kera.

        —Aspaldi-aspaldiko garaietan, oraindik denbora gaztea zenean, hemendik ez oso urrutiko Meer erresuman, baziren errege-erregina batzuk, eta ez zuten seme-alabarik —hasi zen Jokin antzinako ipuin zaharrak hasten diren eran kondaira bat kontatzen.

        Maiderrek ez zion kasurik egin, edota kasurik ez egiteko plantak egin zituen, behintzat.

        —Haserre nago, Jokin, eta ez dut ezer jakin nahi zurekin, galtxagorri bazter-nahastatzaile halakoa!

Jokinek ez zuen etsi, ordea. Neskaren arreta bereganatu nahi zuen, eta bereari jarraitu zion, egoskor.

        —Zaldun beltzen kondaira! Ez al duzu ezagutu nahi zaldun beltzen kondaira? —galdetu zion neskari.

        —Zaldun beltzak? Seguru asko kolorez nahastu zara. Zurikerian ari zara zu! Nirekin adiskidetu nahian, alproja hori!, baina ez duzu hain erraz eskuratuko nire adiskidetasuna! Ez dut berehala ahaztuko egin didazun alukeria galant hori, ez! Goxoa jarri zait andereño Begoña!

        Jokinek ordurako ahaztua zuen zer izan zen neskari egindakoa. Ez zen gogoratzen. Etxeko lanekin zuela zerikusia etortzen zitzaion oroimenera, baina ez zehatz-mehatz zer izan zitekeen hainbesteko haserrea sor zezakeena.

        Seguru asko gehiegizkoak ziren istilu haiek guztiak. Seguru asko txikikeriaren bat izango zen guztia, eta ez «alukeria galanta», neska ahobero hark zioen bezala. Baina alaitu beharra zegoen neskatoaren aurpegia, bestela zoratuko zuen bere aginduekin, bere erretolika eta errietekin, eta ez zion zuku goxorik emango.

        —Kondaira eder bat...

        —Zoaz zakurrari ipurdian muin egitera!

        «Arraioak! Lapikoa gainezka egiteko puntuan zegok! », pentsatu zuen Jokinek.

        Galtxagorriak hori esaten zuen Maider haserretzeko bidean zegoela sumatzen zuen bakoitzean. Bazekien neska hark asko maite zituela kondairak, eta espero zuen kopeta ilun hura zerbait alaituko ziola kontakizun batekin, baina gauza ez zegoen erraza...

        —Munduan beste asko bezala, baziren Meerreko erresuman errege-erregina batzuk, eta ez zuten seme-alabarik... —ekin zion berriro ere Jokinek.

        —Printzesen eta printzeen ipuin zozo horiek bezala hasten da —esan zion        Maiderrek, oraindik bere haserrean egoskortuta.

        Maider, andereñotxo kopetabeltza, hamaika urte oraindik bete gabeko neskatoa da, nortasun handikoa, egoskor samarra eta, noizbehinka, umore txarrekoa.

        Jokin galtxagorri bat da, ipuinetan bakarrik agertu ohi diren galtxagorri horietako bat. Galtxagorriak jeinu txiki-txiki batzuk dira, zomorro baten tamainakoak... eulia baino zertxobait handiagoak, baina matxinsaltoak baino txikiagoak. Galtxagorriak, bere txikian, bizkorrak eta indartsuak dira, ordea. Oso bizkorrak, oso indartsuak eta... oso langileak. Egia da berritsu hutsak direla, eta, tarteka, endredamakila galantak ere bai, baina zer egingo diogu! Ezin dena ona izan. Ezta galtxagorrietan ere!

        Galtxagorri bat beretzat edukitzeko Maiderren nahia aspaldi samarreko kontua zen. Buruan sartu zitzaion galtxagorri «partikular» bat nahi zuela beretzat bakarrik, eta horretan egoskortu zen.

        Aspaldiko kontua zen, bai. Aitonak esan zionetik:

        —Munduan dauden langile bizkorrenak dira galtxagorriak. Edozein gauza aginduta ere, ziztu bizian egiteko gai dira haiek.

        «Horrelako morroi bat behar dut nik», pentsatu zuen Maiderrek, «eta bat lortu arte ez dut hartuko deskantsurik».

        Aitonak esan zion Donibane bezperako gauean iturri baten ondoan harrapatzen zirela galtxagorriak. Ur-korronterik zeharkatu gabe joan behar zen iturrira: ez ibai, ez erreka, ez ubide, ez zanga eta ez erreten... Etxera ura dakarten hodiak ere ezin ziren gurutzatu.

        Neskak, hala ere, aurkitu zuen iturri batera joateko bidea ur-korronterik «hautsi» gabe, eta Donibane bezperan, ekainaren 23ko ilunabarrean, kutxatxo bat ipini zuen hantxe. Hurrengo goizean, Jokin Galtxagorri harrapatu zuen kutxatxo txiki hartan.

        Maiderrek bere probetxurako nahi zuen galtxagorria, noski. Hori oso garbi zeukan: lanak egingo zizkion laguntzaile bat nahi zuen. Horretarako ibili zen galtxagorriaren ehizan, zer arraio!

        Kokoteraino zegoen etxean egin beharreko lanekin: gela txukundu, oinetakoak garbitu, mahaia jarri eta horrelakoak... Eta erabat nazkatuta zegoen eskolan agintzen zizkioten lan aspergarriekin ere: lankoadernoko etxeko lan gogaikarriak, andereñoak idazteko agintzen zizkion ipuin zozo haiek eta egunero egin beharreko ariketa lehor eta luze haiek guztiak.

        Garbi esanda, morroi on bat nahi zuen. Horixe eta ez beste... Eta zein tokatuko, eta Jokin Galtxagorri tokatu kutxa txikiaren barruan! Jokin: ederra pajaroa

        Maiderrek ehizatu zuen galtxagorri hura ez zen besteak bezalakoa. Berritsua eta endredamakila, besteak baino handiagoa; baina bizkorra, indartsua eta langilea... Hortik falta zuen pixka bat! Batez ere langile kontu horretatik.

        Izan ere, Jokinek alferretik asko samar zuen, behar baino gehixeago...

        —Ni zahartuta nago —esaten zuen—, eta hanka honetatik herren egiten dut. Nola nahi duzu bizkorra eta indartsua izatea?

Garapena: Dijitalidadea SL