Egile honen
beste liburuak

NARRATIBA

Hontzaren orduak

1999, Elkar

101 gau

2000, Elkar

Bizitza eredugarriak

2006, Elkar

IPUINA

Albahaka lurrina

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zozoa eta biok

1982, Elkar

Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon

1984, Elkar

Papartxuri eta Biboteluxe

1985, Elkar

Zazpi gelako hodeietako etxea

1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala

Muxi eta Puxi

1987, Elkar

Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa

1989, Elkar

2.061: antzinako kronikak

1990, Elkar

Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan

1991, Elkar

Katixa eta Kroko

1992, Elkar

Indianoa

1993, Elkar

Lau titiriti, bi tatarata..

1995, Errenteriako Udala

Etxerako bidea

1995, Elkar

Agure jakagorria

1995, Elkar

Hiru lagun

1995, Elkar

Katixa, Kroko eta Kokoroko

1997, Elkar

Axa mixa zilarra

2000, Elkar

Kikik Koko nahi du

2000, Elkar

Arreba txiki bat dut, eta zer?

2002, Elkar

Jokin Galtxagorri

2004, Elkar

Alfonbra berria

2006, Elkar

Mixi Marrau

2007, Elkar

Zaldun beltzak

2008, Elkar

Horazio eta jaguarra

2002, Elkar

Urrutitik etorritako mutikoa

 

        Gelan mutiko berri bat dugu. Gure maisuak, Maisuluisek, esan digu oso urrutitik etorri dela. Urruti-urrutitik!

        Mutikoa ikasgelara sartu denean, denoi aurkeztu digu Maisuluisek:

        —Hau da zuen eskolakide berria —esan digu.

        Gero, esertzeko esan dio Maisuluisek eta, eseri denean, gauza asko galdetu dizkio. Gure maisua horrelakoxea da, kuxkuxero hutsa.

        Dena jakin nahi!

        Beti galdezka aritzen da:

        —Zer dakizu honetaz?

        —Zertarako balio du horrek?

        —Nola egiten da hori?

        —Zer jartzen du hemen?

        Badirudi munduko gauza guztiak ezagutu nahi dituela...

        Maisua galdezka hasi zaionean, urrutitik etorritako mutiko gaixoa isil-isilik geratu da, lurrera begira.

        Seguru asko ez zekien zer erantzun. Baina maisua euskaraz eta erdaraz galde eta galde aritu zaio.

        Halako batean, gaztelaniaz galdetu dio izena:

        —¿Cómo te llamas?

        Eta urruti-urrutiko mutikoak harritu aurpegia jarri, sudur txiki txapala gorantz altxatu eta begiak diz-diz dituela, esan dio:

        —Horacio!

        —Horazio —esan du gure maisuak oihartzun txoroflauta batek bezala—. Horazio izena duzu!

        Orduan, Maisuluisek kokotseko bizarra bihurritu du bi aldiz, hiru eztul txiki egin ditu eta esan digu:

        —Horazio urruti-urrutikoa da.

        —Hori esan diguzu lehen ere -esan diot nik.

        —Zu, Aitziber, zaude isil-isilik, polit hori —esan dit Maisuluisek, eta haserre aurpegiarekin begiratu dit. Gero, bere berriketarekin jarraitu du—. Munduaren beste puntatik etorri da Horazio, eta horregatik ez daki euskaraz.

        —Rara! —ihes egin dit niri, eta maisuak errieta egin dit.

        Nik ez nuen haserrarazi nahi Maisuluis, baina... niri asko kostatzen zait isilik egotea.

        Maisua eta biok berriketan ari ginen bitartean, esandako dena entzun eta buruarekin baietz egiten aritu da Horazio.

        Nik uste dut, hala ere, ez duela ezer ulertu. Begiratu diot eta lehen bezain harrituta eta ez-ulertuaren aurpegiarekin ikusi dut.

        Horazio txikia eta bizia da, bihurria eta jolasti itxurakoa, eta azal beltxaranekoa. Niri iruditzen zait han, urrutiko bere herrian, eguzki gehiegi hartu zuela.

        Ilea ere beltz-beltza du, eta sudurra laburra eta zabal samarra.

        Nondik etorri den eta hori, ez dakit oso ondo. Maisuluisek zerbait esan digu, baina nik ez dut ondo ulertu. Badakit lehen Ameriketan bizi zela, han urrutiko bazterren batean, baina ez dakit oso ondo non esan duen. Ondo ikasi dudana zera da, oihanean bizi tela...

        —Urruti-urrutitik etorri da —errepikatu du zazpigarren aldiz Maisuluisek. Ezin zaio burutik kendu hori—. Ameriketako oihan batetik.. .

        Oso ondo ulertu diot nik hori maisuari: oihan batetik esan du.

        Hotzikara bezala sentitu dut hori aipatu duenean. Oihan hitza entzutearekin batera piztia izugarriak etorri zaizkit irudimenera. Eta errukiz beteta begiratu diot Horaziori.

Berak ere begiratu dit, baina irribarretsu zegoen eta begiek diz-diz egiten zioten, eta pentsatu dut: «Seguru asko ez zuen gaizki pasatu oihanean».

Garapena: Dijitalidadea SL