Egile honen
beste liburuak

NARRATIBA

Hontzaren orduak

1999, Elkar

101 gau

2000, Elkar

Bizitza eredugarriak

2006, Elkar

IPUINA

Albahaka lurrina

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zozoa eta biok

1982, Elkar

Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon

1984, Elkar

Papartxuri eta Biboteluxe

1985, Elkar

Zazpi gelako hodeietako etxea

1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala

Muxi eta Puxi

1987, Elkar

Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa

1989, Elkar

2.061: antzinako kronikak

1990, Elkar

Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan

1991, Elkar

Katixa eta Kroko

1992, Elkar

Indianoa

1993, Elkar

Lau titiriti, bi tatarata..

1995, Errenteriako Udala

Etxerako bidea

1995, Elkar

Agure jakagorria

1995, Elkar

Hiru lagun

1995, Elkar

Katixa, Kroko eta Kokoroko

1997, Elkar

Axa mixa zilarra

2000, Elkar

Kikik Koko nahi du

2000, Elkar

Arreba txiki bat dut, eta zer?

2002, Elkar

Horazio eta jaguarra

2002, Elkar

Alfonbra berria

2006, Elkar

Mixi Marrau

2007, Elkar

Zaldun beltzak

2008, Elkar

Jokin Galtxagorri

2004, Elkar

Galtxagorriak

 

        Aitona Martinek kontatutako istorioetatik izan zuen galtxagorrien berri Maiderrek.

        —Galtxagorriak izaki indartsuak dira oso —esan zion aitonak behin batean.

        —Galtxagorriak? Eta zer dira, bada, galtxagorriak —galdetu zion Maiderrek aitonari.

        —Baina... Ez al dakizu zer diren galtxagorriak? Nik ez dakit zer erakusten dizuten eskolan! Galtxagorriak jeinu txiki-txiki batzuk dira, zomorro baten tamainakoak...

        —Eta zer egiten dute galtxagorri horiek? Zertarako balio dute? Jolas egiteko?

—Ez, maitea! Galtxagorriak ez dira jolaserako kontuak. Esan dizut jeinuak direla, eta oso indartsuak, gainera.

        —Indartsuak? Hain txikiak badira...

        —Txikiak dira, bai. Lau sar daitezke orratzontzi batean. Baina bizkorrak eta indartsuak... berak bezalakoak! Ontzia ireki bezain azkar handik kanpora irten, ontzia ireki duenaren buru parean biraka hasi, eta galdetzen dute: Zer egitea nahi duzu? Zer egitea nahi duzu?

        —Eta agindutakoa egiten al dute?

        —Bai, agindutako guzti-guztia.

        —Mendi tontorreraino eramateko eskatuz gero, eramango al nindukete?

        —Nola ez! Lipar batean! Oraintxe hemen egongo zinateke eta begiak itxi eta ireki bitartean mendi tontorrean.

        —Eta harraskako lanak egiteko aginduz gero? Ontziak garbitu, lehortu eta kontu horiek egiteko aginduz gero?

        —Seguru galtxagorriek amen batean egingo lituzketela lan horiek guztiak —esan zion aitonak Maiderri—, horrelako lanak txikikeriak besterik ez dira haientzat.

        —Goiko mailetako harroputzei jipoi bat emateko aginduz gero, beteko al lukete agindua?

        —Oso itsusia da jendea jipoitzea! Nola esan dezakezu hori?

        —Beno, jipoia ez, baina eskarmentu eder bat?

        —Seguru baietz! Horiek baino gauza harrigarriagoak egiten dituzte galtxagorriek. Kontutxo bat esan behar dizut orain: Zarauzko Euskal Jai egunean antzerki bat egiten da eguerdian, eta antzerki horretan galtxagorriak agertzen dira. Urtero agertu izan dira orain arte, baina iaz ez zituzten gonbidatu, eta antzerkia galtxagorririk gabe egin nahi izan zuten Zarauzko Alproja taldekoek. Eta badakizu zer geratu zitzaien? Eguraldi txarra sorrarazi zutela galtxagorriek, eta antzerkirik gabe geratu zirela herrian. lkusi nolakoa den galtxagorrien indarra...

        —Eta seguru galtxagorriak izan zirela eguraldia aldatu zutenak?

        —Seguru!

        Horrela aritu ziren Maider eta aitona Martin denbora luzean, eta aitonak esandako kontu horiek buruan zituela, ideiak dantzan eta dantzan hasi zitzaizkion Maiderri.

Garapena: Dijitalidadea SL