Egile honen
beste liburuak

NARRATIBA

Hontzaren orduak

1999, Elkar

101 gau

2000, Elkar

Bizitza eredugarriak

2006, Elkar

IPUINA

Albahaka lurrina

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zozoa eta biok

1982, Elkar

Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon

1984, Elkar

Papartxuri eta Biboteluxe

1985, Elkar

Zazpi gelako hodeietako etxea

1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala

Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa

1989, Elkar

2.061: antzinako kronikak

1990, Elkar

Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan

1991, Elkar

Katixa eta Kroko

1992, Elkar

Indianoa

1993, Elkar

Lau titiriti, bi tatarata..

1995, Errenteriako Udala

Etxerako bidea

1995, Elkar

Agure jakagorria

1995, Elkar

Hiru lagun

1995, Elkar

Katixa, Kroko eta Kokoroko

1997, Elkar

Axa mixa zilarra

2000, Elkar

Kikik Koko nahi du

2000, Elkar

Arreba txiki bat dut, eta zer?

2002, Elkar

Horazio eta jaguarra

2002, Elkar

Jokin Galtxagorri

2004, Elkar

Alfonbra berria

2006, Elkar

Mixi Marrau

2007, Elkar

Zaldun beltzak

2008, Elkar

Muxi eta Puxi

1987, Elkar

Muxi eta Puxi

 

        Muxi eta Puxi zuten izena eta anai-arrebak ziren, baina ez pentsa mutikoa eta neskatxa zirenik, ez. Muxar jolastiak ziren Muxi eta Puxi. Zer?... Nola?... Ez dakizuela zer diren muxarrak?... Ez da egia izango!

        Zer den muxarra? Oraintxe esango dizuet: pentsa ezazue sagu eta urtxintxa arteko animaliatxo bat nolakoa izan daitekeen, eta konturatuko zarete nolakoak ziren Puxi eta Muxi. Muxarrek buztan iletsua, belarri borobilak eta saguen antzeko hanka motzak dituzte. Horretaz aparte zeharo jolasti eta gosetiak dira animaliatxo hauek. Baina ez dira beti hain jolasti eta mugikorrak; hori eguraldiak onak direnean bakarrik gertatzen da. Izan ere, neguan zeharo alferrak eta munduko lotienak bihurtzen baitira: bilatzen dute basoan zuhaitz zahar bat, zulotxo batean antolatu habia gozoa, sartu han eta... lo egitera lasai asko hiru edo lau hilabete! Pentsa zein alferrak bilakatzen diren neguan...!       

        Baina eguraldi onarekin animalia bizkor eta jolastiak dira, bihurriak, saltariak, eta... frutazale amorratuak gainera. Txoko guztiak miatzen dituzte fruitu eta fruta gozoak bilatzeko asmoz eta irrikaz.       

        Janari bila zebiltzan, Kattagorri aurkitu zutenean ere. Puxik sagar-arbola baten azpiko belarrak mugitzen ikusi zituen. Pixkat beldurtu zen, baina ikusmina handiagoa zuen beldurra baino, itxura denez, eta zer izan ote zitekeen ikustera joatea erabaki zuen. Horrela esan zion bere arrebari:

        —Aizan, Muxi. Ez hadi asko mugitu, eta ez zaratarik egin. Hor aurrean norbait zebilen. Hoa hi alde horretatik, ni joango naun hemendik, ea nor topatzen dugun.

        —Ondo zegok —esan zion isil-isilik belarri ondora Muxik. Eta han joan ziren biak ea nor zebilen sagar lapurretan ikustera.

        Urtxintxa gazte bat topatu zuten belar artean ezkutaturik, gorputza bil-bil eginda zuela, begi handi beldurtuak zabalik, dardar bizian, kokildurik eta izuturik.

        Puxi zen bi anai-arreben arteko ausartena eta lotsagabeena. Pentsaturik zeukan sagar azpian aurki zezaketen edozein animaliarekin haserretzea eta borrokatzea; lapurretara etorri zela pentsatzen baitzuen, eta betidanik haiek Puxi eta Muxiren janari-biltegiak ziren. Edonor etor zitekeen, edozein ibili, nornahi pasa, baina lapurretarik egin... hori ez, inola ere ez.        Horrelakorik gertatzen bazen, gorriak ikusi beharko zituen ausartzen zenak.

        Hasieran horrelako pentsamenduak bazituen ere, gero, hain izutua eta kokildua ikusi zutenean urtxintxa gaixoa, Puxi errukitu egin zen eta, errieta egin beharrean, galdetu zion goxoki:

        —Aizu, nor zara zu eta zer egiten duzu hemen?

        —Bada, ni Kattagorri naiz eta ihesi etorri naiz honaino —eta hori esatearekin batera negarrez hasi zen.

        Muxi eta Puxi Kattagorrirengana hurbildu eta musu txikiak eman zizkioten ea horrela lasaitzen zen.

        —Ez zaitez beldurtu —esaten zion Muxik— eta kontaiguzu zer gertatzen zaizun.

        Zaude lasai, gu zure laguntxoak izango gara eta...

        Kattagorrik hau kontatu zien:

        —Izugarrizko trumoi hots bat entzun nuen eta nire gurasoek azkar ihes egin nezala agindu zidaten, ehiztariak zetozela eskopetak hartuta eta hil egingo nindutela...

Garapena: Dijitalidadea SL