Egile honen
beste liburuak

NARRATIBA

Hontzaren orduak

1999, Elkar

101 gau

2000, Elkar

Bizitza eredugarriak

2006, Elkar

IPUINA

Albahaka lurrina

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zozoa eta biok

1982, Elkar

Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon

1984, Elkar

Papartxuri eta Biboteluxe

1985, Elkar

Zazpi gelako hodeietako etxea

1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala

Muxi eta Puxi

1987, Elkar

Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa

1989, Elkar

Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan

1991, Elkar

Katixa eta Kroko

1992, Elkar

Indianoa

1993, Elkar

Lau titiriti, bi tatarata..

1995, Errenteriako Udala

Etxerako bidea

1995, Elkar

Agure jakagorria

1995, Elkar

Hiru lagun

1995, Elkar

Katixa, Kroko eta Kokoroko

1997, Elkar

Axa mixa zilarra

2000, Elkar

Kikik Koko nahi du

2000, Elkar

Arreba txiki bat dut, eta zer?

2002, Elkar

Horazio eta jaguarra

2002, Elkar

Jokin Galtxagorri

2004, Elkar

Alfonbra berria

2006, Elkar

Mixi Marrau

2007, Elkar

Zaldun beltzak

2008, Elkar

2.061: antzinako kronikak

1990, Elkar

Non agertzen bait da nortzuk diren historia
honen egileak eta nola burutu eta osatu zuten
benetako historia hau

 

        Kronika zaharrek diotenez, behin batean ba omen zen Euskal Herriko baztertxo batean bizi zen neska-mutil bikote bat.

        Bikoteko neska-mutil hauek hamaseina urte zituzten eta lehen mailako ikasketak eginak, egin berriak. Erabaki zuten beraz, beraiek, edo beren gurasoek hala agindu, erdi mailako ikasketak egiten saiatu behar zutela eta lan horri ekitea hartu zuten helburutzat.

        Asmo sendoenarekin hasi baziren ere laster topatu ziren lehenengo oztopoarekin. Irakasle serio eta biboteluze batek esan zien:

        —Hezkuntza orokorreko erdi mailako ikasketak bukatu aurretik "Unibertsital Mailako Ikasketak Egiteko Gaitasun-Adierazgarri Tesina" egin behar duzue.

        Pentsatuko duzuenez, gure bikotea erabat izututa geratu  zen horrelako erretolikarekin.

        —Ze... ze... zer da hori? —galdetu zion neskak, erabat, ausarta bait zen benetan.

        —A! Gazte halakoak, gazte axolakabeak! Ez dakizuela zer den hori? Eta erdi mailako ikasketak egin nahi dituzuela? Zaila ikusten dut arazoa! Barkatu beharko didazue baina ez dakit zer erakusten dizueten lehen maila horretan. Zer arraio egiten dute horko irakasleek?

        Hori entzunda oraindik larriago geratu ziren neska-mutilak eta berak bezala inguruan zeuden beste hainbat ikasle.

        —Garbi dago serio hasi beharko dugula lanean —esan zuen irakasle biboteluze-kopetilunak, eta lana banatzen hasi zen ikasle bakoitzak zuen ordenagailura ariketa mordo bat bidaliz: Informatematikako lau pantailada bete, Hizkuntza eta Metahizkuntzatik zortzi, Naturako Ekozientziatik bost eta Gizasozio-errobotikaz beste sei

        —Tira, hasi lanean eta ez dut txintik entzun nahi —esan zien lotsagabe hark musikaskoa jantzi eta lasai asko eseri edo erdi etzaten zen bitartean telegunkaria ikuskatzeko asmoz.

 

        Horrelaxe hasi zen kronika hauen historia, hemen esku artean duzuen liburuaren historia.

        Gure kronikako bikotea ikastaroaren lehen egunean UMIE-GATarekin izutu bazen ere, laster hasi ziren hango istiluari bere neurria hartzen eta hura zer zen asmatzen, ikasle onak bait ziren. Zer zen azkenean "Sarrera lan" ospetsu hori? Lehendik ere antzekoak eginak zituzten. Hau luzeago eta serioagoa izango zen agian, baina lan bat besterik ez... eta bi urte oso zituzten burutzeko.

        Irakasleek zerrenda luze bat eskaini zieten, egin zitzaketen lanak aurkeztuz:

 

                — Erroboten eragina gizartean

                — Munduko azken animalia basatiak

                — Euskararen eragina informizkuntzan

                — Euskal Herriko azken larre-ardiak

                — Izan ote zen behin ere otsorik Euskal Herrian?

 

        Beno, zer esanik ez dago zerrenda oso luzea zela eta lau pantailada betetzen zituela...

        Gai hauen artean hitz bakarreko bat aurkitu zuen gure bikoteak. Hitz bakar bat zerrenda hartan galduta:

 

                — Liburuak

 

        Eta zergatik izan zen ez badakite ere hauxe gustatu zitzaien denetan gehien.

        Historia honetako neska-mutil horiek zeintzuk diren ezagutu eta jakin nahiko duzue agian eta nahi ez baduzue ere berdin-berdin kontatuko dizuegu:

        Mutilaren NATa, nortasun-ageri-txapa, ordenadore baten terminalean sartzen baduzue pantailan irakurriko duzue nor den: 0450170564620450131. Neska berriz 045017052952045-1115. Orain, zenbaki hori izen bezala gustatzea ala ez beste kontu bat da. Gu jada ohiturik gaude, beti horrelako izena izan dugulako, baina gure zaharrei ez zaie batere gustatzen.

        Dena dela, gazteon artean ere izan ohi dugu zenbait gora-behera izen burokratiko hauek direla eta... Horregatik, geure artean beste izen batzuk erabiltzen ditugu, lagunartekoak, nolabait esateko. Niri Haizkorri deitzen didate eta nirekin dagoen neska kaskarin honi berriz Itsaso.

 

        Beno, badakizue nor garen eta liburu santu hau egiteko erabili dugun era ere azkar asko argituko dizuegu: bi grabagailu ezberdin erabili ditugu horretarako. Lehenengoarekin datu, elkarrizketa eta antzekoak jaso ditugu. Zoritxarrez, batzuetan ez dute zer ikusi handirik liburuarekin, Itsasok jaso zuen elkarrizketa honek esate baterako:

 

        —Kaixo maitea! Hire panpoxa pizpirina nauk!

        —Uummmm... Zer? Panpoxa pizpirina? Zer dela eta ari haiz goizeko ordu hauetan deika?

        —Hi haiz, hi, nagi galanta! Goizeko hamarrak dituk eta oraindik ez dituk begietako makarrak kendu?

        —Makarrak kendu! Oraindik ohetik jaiki ez eta makarrak kentzea nahi al dun? Hik esnatu naun...

        —Nagia ezezik alferra eta... ohezalea!

        —Tira, nahikoa dun. Ordu hauetan ez negon hirekin eztabaidetan hasteko moduan. Zer nahi dun?

        —Esnatu al haiz? Umore gaiztoak baztertu al dituk? Hitzegin al dezaket hirekin?

        —Bale! Ongi. Esnatu naun. Zer nahi dun?

        —Lan pittin bat egin genezakeela pentsatu eta hotsegin diat.

        —Eta zergatik ez dun heuk bakarrik egin, ni esnatu gabe? Nire beharrean hintzen, e?

        —Hago isilik harroputza!

 

        Lehenengo grabagailuan jasotako zati horiek ez ditugu beti erabiltzen, egia esan gehienetan baztertu egiten ditugu. Hala ere, batzuetan, eta geuk nahita edo deskuidoz, prozesadorera joaten dira zati batzuk eta horrela, egiten ari garen liburua gure bizitzen zatitxoz kutsatua geratzen da.

        Bigarren grabagailuarekin arreta handiagoa erabiltzen dugu. Jaso ditugun elkarrizketa, datu eta gainontzeko guztiak berriro entzun eta aztertu ondoren, lehengo liburu zaharretako estilo berberan jartzen saiatzen gara, orain ari garen bezala.

        Estilo kontuan asko ahalegindu gara, garai haietako liburuetan gordetzen ziren zenbait ohitura txintxo errespetatuz, liburuetako atalena esate baterako. Liburua osorik agertu beharrean, filme edo kontakizun arrunt batean bezala, zatiak egin ditugu, lehen egin ohi ziren bezala, eta bakoitzari izenburubat eman. Horixe da edo zen liburuko atala. Atal horietako bakoitzari izena ematerakoan, garai hartan erabiltzen ziren atalburuko esaldi ponpoxoen antzekoak aukeratu ditugu guk ere.

Garapena: Dijitalidadea SL