Martin
Etxeberria

1974 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

POESIA

Katiluaren ipurdia

1999, Alberdania

Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin

2005, Elkar

NOBELA

Itxoidazu Café de Passy-n

2004, Elkar

Ez dadila eguzkia sartu

2006, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Airean ere negu usaina nabari da

2000, Erein

Pako Fakirra eta Zokomokordo

2006, Elkar

Nik dauzkat aitonaren hortzak

2008, Elkar

Arrain abisalak

2009, Elkar

I

 

        Ez dakit orain oso ondo noiz hasi nintzen konturatzen, bizitzak eta heriotzak, elkarren antz handiegia zutela, gauza onerako. Ez dut garbi gogoratzen une hura. Nonbait irakurritako pasarteren bat izango zen beharbada erruduna. Liburu batekoa, akaso. Edo tabako pakete batekoa. Las autoridades sanitarias advierten que...

        Hasieratik dakigu, noski: hiltzeko jaio gara. Baina era horretan hitz egiten dugu gehienetan, aparteko bi gauza balira bezala. Bizi eta hil. Bat hasi eta bestea bukatu. Nahastezinak, itsasoko ura eta haren gaineko olio orbanak legez. Edo, kasu honetan egokiagoa den irudia erabiltzearren, txanpon baten bi aldeak bezala. Elkarren ondoan, baina elkar ikusi gabe. Ez gara ohartzen aurpegi bera dela txanpon faltsu horren bi aldeetakoa. Las autoridades sanitarias advierten que vivir puede matar.

        Eta halere, ez dut gezurrik esango: hasierako une haietan beste edozein bezain itsu nenbilen ni ere. Ez nuen inondik ere susmatzen egun hark hilketa batekin bukatu behar zuenik. Ezta Ugartek, goitik behera beltzez jantzita, Ilargi tabernara sartu eta, Tasio, Maider hil duk, jakinarazi zidanean ere. Besoa altxatuz erantzun nuen. Ugarte une batez isiltzeko eta, aldi berean, tabernariaren arreta biltzeko.

        —Urtekoa ala kriantza?

        Tipo altua zen Ugarte. Bat eta laurogeita hamar pasatxo. Garai batean pisuz arinagoa izana, hiru zenbaki behar zituen aspalditxoan balantzako kiloak neurtzeko. Bere hazpegi finei begira, hamar urtetatik aurrera eskalan bakarrik hazi zela zirudien halere. Zentimetrotan eta gramotan. Aurpegia beti zuri, ia zurbil, eta adatsak korapilotan orraztuak.

        Arratsalde hartan bizarra moztuta zetorren gutxienez. Egokierak merezi zuen, noski.

        Topa egin genuen lehendabizi, kopak goratuta.

        —Eta? Nola izan duk, Ugarte? Klasikoa?

        —Manualekoa.

        Ardoa trago luze batez erdiraino husteko astia eman nion. Davidoff txiki bat piztu nuen bitartean. Tabernako harrizko horma zaharrak zelatatu genituen. Ilargi itxurako ordulariaren ibilera geldiezina, euskal futbol taldeen koloreekin jantzitako iruditxoak eta Branson markako kafe-makinaren gainean hogeita hamar urte lehenago ipinitako karteltxoa. Se sirve café express.

        —Beretzat, oso lagun berezia nauk ni —berrekin zion Ugartek, sekula isildu ez balitz bezala.

        —Berezia... Kaka.

        —Beno, berak, espeziala esan duela uste diat.

        —Hum. Hori hobeto zegok. Horrela ez dik hain mingarria ematen.

        —Bai, arrazoi duk. Gainera, gure adiskidetasunak hemendik aurrera ere berdin jarraitzea nahi dik. Tarteka kafe bat hartzeko geratu... badakik.

        Kopa goratu nuen berriro eta beste trago bat hartu genuen, polikiago, irensten ari ginena dastatzeko gai bagina bezala.

        —Horrela joan al haiz jantzita Donostiaraino?

        Txaketa iluna zeraman Ugartek soinean, eta begiratze hutsak itolarria sortzen zuen polo estua. Barra azpian erortzen utzitako aterkia ere, beltza. Euria ari zuen kanpoan.

        —Ez, orain aldatu nauk etxean. Hileta ospatzeko propio. Zehar-begirada luzatu zidan. Bakeroak, buruzagi apatxe baten irudia zeraman kamiseta grisa (color ceniza vieja, saldu zidanaren ahotan) eta betiko panazko jaka beltza. Buruarekin onespena. Balioko zuen.

        —Xanti, animatzen al haiz gurekin prouko?

        Xantik, tabernako nagusiak, ez zuen galdetu noren hileta prozesioan joan behar zuen prou. Bere ohiko bekain altxaketa, irribarre erdia eta arrazoi osoa eskaini zizkigun.

        —Gaur Virginiak jai dik. Norbaitek geratu behar dik hemen, agonian daudenei ardoa ateratzeko.

        Inor gutxi zebilen kalean. Musika Plazako kiosko gainean ume batzuk futbolean eta gurasoak tabernetako atetik tarteka haiei begira. Barru giroa egiten zuen. Zerua koskaz betea eta haizea harro, orain hegotik, orain mendebaldetik erasoz. Baso bustiaren usaina eta olatuen gesala nahasten ziren. Oraindik ofizialki udako azken egunetan geunden, baina eguraldiari inork ez zion hori jakinarazi. Udazkena bezperan iritsi zen haize kolpe batez, hondartzako toldo koloretsuak, surf lehiaketak eta jazz kontzertuak airean eramanaz. Berriro ere herri tamainara itzuli zen Zarautz. Ostera ere lekua zegoen tabernetan.

        Egun berezietako ibilbidea egin genuen. A+ kategoriakoa. Betiko tabernak gehi Manuela gehi Egoki gehi Jai-Txiki. Hileta ospakizunak merezi zuen. Barren Plazatik bueltan, berriz Ilargirako bidea hartu genuenerako, gorpua hilkutxatik irristatzeko adinako balantza generaman biok. Ugartek, behintzat, aterkia ez galtzea lortu zuen. Eskuan zeraman itxita, euria goian behean ari zuen arren.

        —Txirritaren bertsoetan bezala izan duk, e, Tasio? —kantatzeari ekin zion— "Umil eta seriyo hitz egin genduan, baña gusto guztiyak ez dira munduan"... Nola jarraitzen ditek?

        —Horiek ez zekizkiat.

        —Beno, berdin dik. Baina horrela izan duk. Pena duk ha... Ahaztu itzak penak, Ugarte. Begira, Carverrek esan ohi zuen bezala egin behar duk aurrera: itxaropenik gabe, baina etsipenik gabe.

        —Bai, beno... gaur ez. Bihar beharbada. Edo etzi.

        Ilargira sartu ginen berriz. Larunbata zen, baina ordurako ez zegoen inor. Xanti, erratza pasatzen. Txoko bat egin zigun halere barraren ertzean. Benedictine bana eskatu genuen, izotzik gabe. Errespontsurako, Xantik borobildu zuen bezala.

        —Beno, eta Carverren kontu horrekin pedante jarri haizenez gero, nik ere neurea bota beharko diat. Hire moduko idazle handien glamourrik gabe, baina tira.

        —Kontuz aterkiarekin, Ugarte. Hitz egiten jarraituz gero ipurtzulotik sartuko zaik eta.

        Badaezpada ere lurrera begiratu zuen, erorita jarraitzen zuela ziurtatzeko.

        —Ni Dostoievski irakurtzen hasi nauk. Donostiatik itzulerako trenean. Krimena eta zigorra. Ikaragarria duk.

        —Niri hik ematen didak ikara. Neska batekin geratu eta Dostoievski besapean eraman? Zigorra ez, makilakadak merezi dituk hik.

        —Ez, baboa. Ondoren erosi diat, Donostiako liburu-denda batean. Bere hiru lan zetozak batera. Krimena eta zigorra, Karamazov anaiak eta Ergela.

        —Hori, hori. Azkeneko hori irakurri behar duk hik.

        —Ba, gogoa zeukaat. Handia. Baina ordena jarraituko diat. Ordena garrantzizkoa duk bizitzan.

        —Erabat.

        Benedictinea hustu arte jarraitu genuen han. Gero, Xantik bere lanak amaitu zituenean, harekin batera gin tonic bat hartzeko. Bere kontura hura, hildakoaren ospakizuna behar bezala bukatzeko. Trukean, Gardelen tango bat kantatu genion, jada atetik. Adiós muchachos. Hiru edo lau ahotsetara. Abestian bezala, gure gorputz gaixoek ez zuten guri eusteko kemenik etxerako bideari ekin genionean. Ateri zegoen.

        —Ilargi betea zegok.

        Ni ere orbitan. Nekez ulertu nuen Ugarte zerura begira ari zela. Zorabioari aurre eginez, gora begira jarri nintzen. Hodeien artetik ageri zen, borobil-borobila. Baina apur bat falta zitzaion.

        —Ez, Ugarte. Hi bezalakoa duk. Argia ematen dik, baina ez duk bete-betea.

        Kostatu egin zitzaion berari ere nire hitzak ulertzea, antza. Kale Nagusiaren erdiraino bidea isilik egin genuen. Torre Luzea pasa. Gero, bat-batean, arrantza batean hasi zen barrez. Ugarte ez zen negar asko egitekoa, baina apur bat kezkatuta zelatatu nuen, eztanda hura nola bukatuko zen asmatu ezinik. Mozkorregia nengoen ni ere, ordu haietan inor kontsolatzen hasteko.

        Elkarren bideak banatzen ziren kale kantoiraino iritsi ginen ordea. Ordurako baretu zen Ugarteren antzar algara. Bere pilotari-eskua luzatu zidan serio. Agurraren garaia.

        —Hi, Tasio. Eskerrik asko. Portatu haiz.

        —Gu beti portatzen gaituk tabernetan.

        Baiezkoa buruarekin. Horregatik etorri zen niregana, jakina. Kokots azpia hazkatu zuen.

        —Zera, ez diat galdetu... eta hi, zer moduz?

        —Esan diat lehen: Carver irakurtzen: ez itxaropenik, ez etsipenik.

        Beste buru kolpe bat. Bere begiak nireetan. Besoa sorbaldan ipini zidan. Besarkatu egingo ninduela pentsatu nuen,

baina ez. Gabon pasa Tasio esan eta etxerako bidea hartu zuen, kalearen zabalerari neurriak hartuz.

        Hari begira geratu nintzen une batez. Ugarte xaharra. Zori beltza zuen gizarajoak andre kontuetarako. Buelta eman nuen. Eta nork ez.

        Lagunari tabernaz taberna eskainitako gomendio guztiak etorri zitzaizkidan burura. Gezurra gezurraren atzetik. Denborak sendatzen du dena. Itxaropenik gabe, etsipenik gabe. Kaka. Gezurra dena.

        Ordulariari erreparatu nion. Zer ordu zen? Ordu biak. Hirurak eta laurden. Ez nintzen garbi antzemateko gauza. Berandu zen, erabaki nuen. Etxeratzeko garaia. Ez nuen gogo handirik ordea. Zertarako. Inor ez nuen han zain.

        Hondartzarako bidea hartu nuen. Olatuak lehertzen entzutea norbere ausikiak jasatea baino hobea izaten da, zalantzarik gabe. Davidoff bat piztu nuen itsasotik zetorren haizearekin borrokan. Malekoia hutsik zegoen. Kaio baten kurrixka baino ez, molla aldetik. Arnasa hartu nuen. Ugartek egin bezala, niri ere Mirenen hileta ospatzeko ordua iritsi zitzaidan beharbada. Hiltzeko, sekula ez da berandu.

Garapena: Dijitalidadea SL