1974 (Zarautz)
Egile honen
beste liburuak
POESIA
1999, Alberdania
Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin
2005, Elkar
NOBELA
2004, Elkar
2006, Elkar
2009, Elkar
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
2006, Elkar
2008, Elkar
Airean ere negu usaina nabari da
2000, Erein
Martxel bere bi kalparreko ile motza hazkatu eta sukaldera sartu da; betiko lapiko eta usainen nahaspila. Egunon, esan du apal.
—Egunon, Martxel. Tira, esnea beroa dago eta eseri, gaur presa daukat-eta.
Ama. Sukaldearen bihotza eta ahotsa. Amak beti dauka presa, beti dauka zerbait egiteko. Zartaginean erretako ogia busti du kafesnetan eta poliki zurrupatu du Martxelek. Ondo egoten da etxe barruan. Kanpoan hotz dago eta euria ari du. Tarteka, eguzkia ere ateratzen da, eta orduan kolore arraroak hartzen dituzte teilatuek. Beti bezala, ogia kafesnetan gehiegi busti du eta gero leihotik begira geratu da, eta pusketa bat katilu barrura erori zaio PLUF eginez. Beti bezala, amak errieta egin dio.
—Martxel! Zer esan dizut? Ez ibili gosaria lardaskatzen eta mugitu, mahaia libre behar dut-eta!
Martxelek gosaria bukatu du eta laster mahaia ilar eta patataz bete da. Ilarrek kanika bigunak ematen dute. Kanika berde eta txikiak. Bat hartu eta jolasten hasi da, kax eta kax, txokoan dauden beste ilarrak jo nahian. Amak, ordea, ez dio bere helburua lortzen utzi eta MARTXEEEL marru nekatu batez sukaldetik bidali du.
Unairen bila abiatu da orduan. Bere anaia zaharragoaren hila. Armairuko kaxoitik poltsa gorria atera eta Unairekin pasilloan kanika desafioa jokatzeko asmotan.
Etxe guztia miatuta ere ez du aurkitu, ordea. Batera lo egiten duten gelan ez dago. Bera baino lehenago jaikiko zen gaur eta Martxel ez da konturatu. Egongelan ere ez dago ba. Ezta sukalde partean ere. Non gorde ote da? Kanpora joan al da akaso? Une horretan atea irekitzen aditu du eta korrika batean hurreratu da.
Baina ez da Unai. Aitona Xebero da, ganbaratik egur zahar batzuk hartuta datorrena.
—Egunon, Martxelo! Ondo egin al duk lo? —galdetu dio aitonak irribarretsu.
Baietz erantzun dio Martxelek. Grazia egiten dio aitonak Martxelo, Martxelino edo antzeko moduan deitzen dionean. Hitz jokoak egitea ikaragarri atsegin du aitona Xeberok. Bertsolari sena dauka. Garai batean trikitilari aritutakoa da, izan ere, eta tarteka bere Larrinaga & Guerrini soinu txikia hartu eta piezaren bat jotzen du, nahiz eta hori ez duen dagoeneko lehen bezain sarri egiten. «Burua lehengoa dut oraindik, baina bizkarreko min petral hau...», esaten du aitonak.
Amari bere aitaz esatea gustatzen zaion moduan, gaztetan tunante samarra izandakoa baita. Herriz herri ibiltzen zen, erromeriatik erromeriara, txirrindu xahar batean izugarrizko aldapak igoz bere soinua bizkarrean hartuta.
«Horregatik jotzen genian soinu txikia», azaldu zion behin aitonak, «handiarekin ere moldatzen ninduan ni, horixe ikasi bainuen lehenbizi, gure baserrian sarri geratzen zen biajante batek libre zituen orduetan irakatsita. Ez solfeo, ez musika ikasketa, belarri hutsez, sasoi haietan denok bezalaxe. Hala ikasi nian nik soinu handia jotzen, eta poliki egiten nian gainera, tangoak eta guzti, irratitik genekizkienak. Jaietan jotzen hasi ginenean, aldatu beharra izan nian, ordea, oso astuna zuan-eta inora harekin joateko. Soinu txikia eramaten genian beti, motxila moduan kargatu eta gora, joan behar zen lekuraino. Eta ez pentsa hala ere lanik izaten ez genuenik. Makina bat bide egin diagu guk modu horretan. Horren erruz geratu zaidak bizkarra geratu zaidan gisan, Kaiserraren biboteak baino okerrago».
Gaur, ordea, ez da bizkarreko minaz gogoratzen, aidanean, eta egongelara sartu da aire zaharren bat txistukatuz, pozik. Martxel bere atzetik doa. Aitona kutxa gaineko jaiotzari azken ukituak ematen ari zaio. Ganbaratik ekarri dituen egur ezpalduak jaiotzaren ertzetan kokatzen hasi da, proba ezberdinak eginez. Goroldioz betetako poltsa bat ere badago, eta Martxel horrekin jolasean dabil. Leun-leuna da. Kotoi berdea ematen du.
—Ze, Martxel? Lagundu nahi al didak?
—Non dago Unai?
Aitonak irribarre egin du. Martxelek oraindik goroldioa ukitzen jarraitzen du, baina aitonari begira dago.
—Ehizara joan duk, hire aitarekin batera.
Martxel isilik geratu da. Horregatik ez du sumatu jaikitzen. Ehizara joateko oso goiz esnatzen dira aita eta Unai. Eta horregatik ez zioten ezer esan atzo; berari ez zaio ehiza gustatzen.
—Biharko afariaren bila joan dituk! Ea zer ekartzen duten; usoa edo oilagorra edo zer.
Oraindik irribarrez dago eta keinu egin dio Martxeli.
—Basurdea beharbada! E? Zer iruditzen basurde bat? —aitona basurdearen hotsa egiten hasi da ezpainak okertuz.
Benetako basurdeek aitona Xeberoren antza ote duten galdetu dio bere buruari Martxelek.