1974 (Zarautz)
Egile honen
beste liburuak
POESIA
1999, Alberdania
Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin
2005, Elkar
NOBELA
2004, Elkar
2009, Elkar
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Airean ere negu usaina nabari da
2000, Erein
2006, Elkar
2008, Elkar
Ez dadila eguzkia sartu
2006, Elkar
Nire ustean, nobela honen alderdirik aipagarriena Aresorengan makurturiko ikuskera horixe da, Areso pertsonaia haragiztatzen duen ikuskera horixe. Fokalizatze horrek Aresoren begietako paisaia ezin hobeki deskribatzen du, baita haren begietan iltzaturiko zalantzak eta ezinegonak ere. Protagonista nagusi hori sinesgarritasunez hurbilaraztea lortu da, eta haren barne-kezketan irudikatzen da, 36ko gerra lubakitik kanpo ez ezik, herritik kanpo ere igaro zituztenen kontraesanak: eginbeharraren eta egindakoaren arteko tenka, herriminaren eta bizinahiaren arteko tenka, arduraz jokatzearen eta grinek esandakoaren arteko tenka. Begi mindu horien bidez jakinaraziko zaio irakurleari Gernika suntsitu dela, edota Bilbo erori dela. Gertakari ezagunei hurbiltzeko begirada ezezaguna, oinaze ezezaguna, nortasun handiko pertsonaia baten begietan iltzaturikoa.
Iratxe Retolaza (Berria, 2007-02-11)
Bat
Urduņa, 1937/03/31
—Kabenlarrusia, horrela segituz gero, itota hilko gaituk eta balak aurreztuko ditik Mola alu horrek!
Eskuak metrailadorean eta begiak San Pedro mendian gordetako etsaien lerro oraingoz geldian iltzatuta, irribarre egin zuen Kepak. Lubakiko bere kidearen arrosarioa etengabea zen, hezurretaraino bustitzen zituen zaparradaren pareko. Martxoarekin batera hasi zuen euria, eta hilabete osoan ia atertu gabe zirauen, erremedio gabe bazter guztietako errekak gainezkatu eta zelaiak urpetuz. Mendeku biblikoen traza hartzen zihoan ur-jasa haren bitartez zeruak lurreko gerraren mantxa ustela garbitu edo, gutxienean, estali nahi balu bezala.
—Lasai, Ugalde, ez hadi kezkatu euriagatik: kaka ez duk sekula hondoratzen.
Ugaldek bekain bat altxatu eta Kepari begiratu zion. Lagunak hitz egiteaz harrituta. Edo bera baino altuagoa ez zen morroi segail eta beltzaran hura muturreko batez lurrera botatzeko gai izango al zen zalantzan. Barre egin zuen azkenean, ordea, zakur-eztularen moduko algara marrantatu bat, hortz artean zuen erantzuna ia kontrako eztarritik sarrarazi ziona. Kaiku potro-ustel hori.
Motxila barrenetik bere kantinplora mailatua atera eta, zurrutada azkar baten ostean, Kepari eskaini zion.
—Saltaparapetos apur bat edan eta itxi ezak muturra, Areso! Bakea behar diagu.
Nor duk hemen azken ordu erdian mihia dantzatzen aritu dena, egin zuen berekiko Kepak; baina, pentsatzen zuena ahoratu gabe, Ugalderen kantinplora hartu eta trago labur bat eman zion koņakari. Bestela ere bazen nahikoa sesio bazterretan.
—Ederki berotzen dik honek barrua, ez duk? —eta hitza ekintzarekin baieztatuz, kantinplorari beste tragotxo bat eman zion Ugaldek, zorroan ezkutatu aurretik.
Txorizo ogitarteko eder batek gehiago, pentsatu zuen Kepak, baina isildu egin zen ostera ere. Ongi zekien Iparreko Fronte guztian hornidura eskasia zela nagusi, eta ahora eramateko jakia iritsi bitartean, morala zen Euzko Gudarosteko miliziei geratzen zitzaien elikagai bakarra. Eta, hau ere eskasten hasiz gero, koņaka, noski. Sekula falta ez zen saltaparapetos ugerdo, edanezin, paregabe hura.
—Bartzelonan edari hau izan bazenute —jarraitu zuen Ugaldek, solasa bakarka egitera ohituta—, zuena zuan txapelketa, Kepa!
Atzera ere irribarrea marraztu zuen Kepak. Beti gai bera. Beti. Futbolzale porrokatua zen bere lubakikide altzatarra, izan ere. EAJk Loiolan zuen erreklutatze gunean, beste hainbeste gazteren artean elkarrekin suertatu ziren lehen egun hartan bertan ezagutu zuen Ugaldek.
—Hi ez al haiz Areso? Kepa Areso? Bartzelonakoa?
Ez, Villafrancakoa, erantzun zion Kepak orduan, txantxa merkearen bitartez bihotza poztu zion harrotasuna ezkutatzeko. Ezustean harrapatu zuen. Ez zegoen miresmen begiraden azpian ezagutua izatera ohitua. Ez Euskal Herrian behintzat.
Kanpoan jokatu zuen beti berak. Murtzian lehendabizi eta Sevillan gero. Guadalquivir ertzean lortu zuen, hain zuzen, ordura arteko bere garaipen handiena: Espainiako Liga. Areso-Ahedo euskal atzelari bikotea txapelketako seguruena izan zen urte hartan. Burdinazko defentsa, El Liberal egunkariko Coronillas kazetariak bataiatu eta kirol prentsa guztiak zabaldu zuen legez. Euren jokoaren sendotasun hutsik gabekoa goraipatzen zuten igandeetako irrati esatariek. Ahedoren azkartasuna. Eta, batez ere, Aresoren joko ikuspegia, espainiar ligan ordura arte ez bezala, baloia betiko ostiko luzeaz urrundu ordez atzetik ondo jokatuta ateratzea baimentzen zuena. Horregatik fitxatu zuen hurrengo denboraldian Bartzelonak. Eta, urte hartan ere, txapelketa irabazteko zorian egon ziren azken jardunaldira arte. Real Madrilen aurkako partida hura hobetoxeago jokatu izan balute...
—Ez ala, Kepa? Mister O'Donnell ere lepotik gora beteko zuan dagoeneko koņak honekin, e?
Ardiak hesolari bezala begiratu zion Kepak, astiro, eta baiezkoa egin zion buruaz gero. Bai, jakina. Isil hadi behingoan.
Metrailadoreari heldu eta arreta etsaien mugimenduetan finkatzen saiatu zen. Kontu haiek gogoratzeak ez zion onik egiten. Bederatzi hilabete lehenago arte ezagutu zuen futbolari bizimodua eta hezurmamitzen hasitako bere amets distiratsu guztiak beste norbaiten oroitzapenak iruditzen zitzaizkion orain. Abuzturako «aspaldi» bihurtu zen uztail madarikatu hartan galdu zuen hura guztia. Gerra hasi zenean. Hasi zutenean.
Nekez ekarri zituen gogora Kepak lehen egunetako urduritasuna eta ezinegona. Udako oporrak pasatzen zegoen bera herrian, eta irratiaren bidez Errepublikaren aurkako matxinadaren berri izan zuenean, lau militar zororen istilu hark futbol txapelketaren hasiera atzeratuko ote zuen izan zen bere lehen kezka. Kolpetik, baina, albisteak zurrumurru eta isiltasunak mehatxu bilakatu ziren, eta egunek hileta bezperako baretasun gaiztoa hartu zuten. Uste baino sagar gehiago zeuden ustelduta ganbaran.
Beldur gutxi eta kontzientzia urriagoz, Ordiziako batzokitik ezagutzen zituen lagun batzuekin elkartu eta Loiolara abiatu zen Kepa orduan, bitan pentsatu gabe, aberriaren erasotzaileei aurre egiteko gogotsu. Besoak antxumatuta zain egotea baino hobea, dudarik gabe. Eta falangista mutur-oker haiei lezio on bat emateko aukera izango zuten gainera.
Hasperen batek egin zion ihes. Orduko alaitasuna agudo galdu zitzaien. Instrukzioan astebete eskas egin eta, fusil banarekin kamioi batean sartuta, borrokara eraman zituzten lehen egunean bertan. Ugalde astapotroa ere han zen, berarekin batera. Errezil aldeko mendi-zoko batera iritsi eta sasi artean ahal zuten moduan babesteko agindu zien Saseta kapitainak. Muinoaren bestaldean, tontortxoaren magaleko baserriaren inguruan kanpaturiko nazionalen talde bat zen euren jo puntu. Urduri bezain grinatsu ekin zioten aldapa igotzeari. Iritsi zen, azkenean, sasikume haiekin neurtzeko ordua.
Gailurreko harkaitzetara heldu eta, haien babesetik, inguruari lehen begiratua eman ziotenean, espero ez bezalako ikuskizuna aurkitu zuen Kepak ordea. Etsaiek ez zuten etsai itxurarik. Baserriaren atariko zelaitxoan pare bat dozena gizaseme gazte pilatzen zen, eguerdiko eguzkitan belarretan etzanda, zerua arakatzen batzuk, seko lo gehienak. Beste batzuek, baserriaren atondoko banku luzean lekua harturik, alkandoraren tarrata josteko, fusilari koipea emateko edota, etxejaunak ateratako sagardoaren arrimuan, lagun zituzten baserrikoekin solas alairako aprobetxatzen zuten atseden une hura, gerrari hain arrotz zitzaiona.
Euskaraz. Euskaldunak baitziren, entzun zezaketenaren arabera, hango gehienak. Nafarroa aldeko erreketeak. Hala salatzen zuen haien hizkerak eta, baserriko horman bermatuta, Dios, Patria y Rey aldarrikatzen zuen bandera zaharrak. Etxe aldameneko lizarraren gerizpean zigarroa erretzen ari ziren ofizialetako batek, gainera, azken karlistadako uniformea zeramala ohartu ten Kepa, bere txapel borladun eta botoi doratuko jaka gorri dotorearekin. Osaba zenaren argazki haragitua zirudien.
Zaila egin zitzaion, horregatik, kapitainaren aginduari men egin eta fusila mendi gaineko uda giroa axolagabe gozatzen zuen jende hari begira ipintzea. Bat-batean, airea eskastu egin zen bere inguruan, kosta egiten zitzaion arnasa hartzea. Ez zuela pentsatu behar pentsatu zuen.
Beste ezerk baino gehiagok, albokoen bat-bateko tiro hotsak bultzatu zuen katua sakatzera. Han behekoak bezain ezustean harrapatu zuen erasoak Kepa. Bere kide guztiek bezala, azken bala xahutu arte egin zuen tiro ordea. Lizarpeko ofizial borladunei, baserriko hormaren aurka harrapatuta gerátu zirenei edota zelaian, zizareak euripean bezala, ustekabeko zaparradatik narraska ihes egiten saiatzen zirenei tiratzen ote zien ziur jakin gabe. Baina azken bala xahutu arte, hala ere. Uharka altxatu ondoren, geratu ezinezko erreka basatia zen heriotza.
Tiroen zarata sorraren ondoren etorri ziren garrasiak. Zaurituenak eta bizirik suertatu zirenenak. Saseta kapitaina tartean. Marruka, etsaiak berunari berunaz erantzun aurretik alde egiteko aginduz. Mugitzeko agudo, bertan oinak hoztuta bukatu nahi ez bazuten. Ez zuen bi aldiz esan beharrik izan. Aldapa muturrak txikitu beharrez jaitsi eta atzera begiratu gabe bilatu zuten denek kamioiaren babesa.
Ardi izutuak bezala sartu ziren arrapaladan barrura, arnasestuka eta mutu, fusilak eta motxilak ordenarik gabe kokatuz. Arditik baino, otsotik gehiago zutela pentsa tu zuen Kepak. Eta Loiolarako bide guztian, eten ez zen isiltasun lodi hartan, eskuei begira egon zen, gertatu zenaren ostean ahurrak horren zuri nola zituen ulertu ezinik bezala.
—Demonioaren esposatzea.
—Zer?
Harrituta begiratu zion Kepak Ugalderi. Begiak estutuz, haitzulo batetik irtetean bezala.
—Demonioaren esposatzea —errepikatu zuen Ugaldek egoskor, atzamar batez ekialdea seinalatuz—. Horrela esaten zioagu guk Altza aldean behintzat.
Lagunak erakusten zion aldera begiratu zuen Kepak. Zaparradak atertu gabe zirauen, baina San Pedro mendiaren atzetik, eztiaren koloreko izpiek hodei ubelduak ebakitzen zituzten Urduņako paraje haietan. Eguzkia. Euria. Azeria dantzan.
—Perico! Nora arraio ari haiz begira?
Ustekabean harrapatu zuen Serafin Rezolaren ahots ozenak. Haserre begiratzen zion, bere aurrean zutik, metrailadorearen kargu egonik etsaiak arretaz zelatatu ordez zerura begira atzeman zuelako. Garaia eta gorputz zabalekoa zen Serafin, eta bere matrailezur sendoak irudi indartsua ematen zion. Bote motzean erantzutekotan egon zen Kepa hala ere. Bere izena ez zela Perico, ezta Pedro ere, herrian zenbaitek deitzen zioten bezala. Txikitatik zen bere laguna Serafin eta ondo zekien hori berak. Makina bat aldiz kontatu zion bere aitajaunak, abertzale goiztiarra berau, Kepa izenez bataiarazi zuela, eta jakinaren gainean zegoen beste ordezko erdaldunek sortzen zioten amorruaz. Mingaina txuloan gorde, hortzak estutu eta ez zuen ezer erantzun ordea. Serafin, bere laguna izateaz gain, Rezola tenientea zen orain.
—Demonioaren esposatzea, teniente! —sartu zen Ugalde ordea, irribarretsu—. Atertuko duela ematen du, azkenean!
Rezolak lepoa jiratu zuen. Eta lepoarekin batera, bere suminaren noranzkoa.
—Zer diok, ordea, tontolapikoa! Euria duk oraintxe bertan gure defentsarik leialena! Edo nahiago al duk bonba zaparradaren pean egon?
Ugaldek ez zuen, gauza harrigarria, ahorik zabaldu. Arrazoi zuen Serafinek izan ere, onartu zuen Kepak baretasuna berreskuratuta. Hainbeste madarikatzen zuten euriagatik ez balitz, martxa bete-betean izango zen Iparreko Ofentsiba. Molak, lurralde osoan airetik jaurtiriko milaka papertxotan behin eta berriz mehatxatu zuenez, errenditu ezean Bizkaia osoa suntsitzeko asmoa baitzuen.
—Tira, tira, gehiegi kezkatzen zarete zuek! —Ugalde ez zegoen kopeta erraz zimurtzeko prest—. Borrokarako hainbeste gogo badute, etor daitezela nigana! Erakutsiko diet dantza egiten, bala bat begitartean dutela!
Rezolak, haserre, ahoa zabaldu zuen, baina hitzak ezpainetara iritsi aurretik mututu ziren. Hodei artetik iragazia heldu zitzaien harrabots urrun batek erantzun zuen tenientearen ordez. Zerura begiratu zuten hirurek, jota. Itzal beltz batek estutu zituen bat-batean denen bihotzak. Aspalditik beldur ziren ekaitza lehertzera zihoan.
—Hasi duk —esan zuen Rezolak, berea ez zen ahots batez.
Kepak ez zion lagunari begiratu. Bere soa zerua estaltzen zuten hegazkinen mantxan katigatua zegoen. Amarauna zekarten euli ilunak ziruditen.
Hurbildu ahala, uzkurtu egin ziren denak bonbarderoen beldur, baita Ugalde ere. Zomorroek, baina, euren gainetik igaro eta aurrera jarraitu zuten. Durangora.