Martin
Etxeberria

1974 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

POESIA

Katiluaren ipurdia

1999, Alberdania

Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin

2005, Elkar

NOBELA

Itxoidazu Café de Passy-n

2004, Elkar

Ez dadila eguzkia sartu

2006, Elkar

Arrain abisalak

2009, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Airean ere negu usaina nabari da

2000, Erein

Pako Fakirra eta Zokomokordo

2006, Elkar

Nik dauzkat aitonaren hortzak

2008, Elkar

        Orain dela bi egun hil zen aitona eta nik dauzkat haren hortzak. Amak ez daki ezer. Aitak ere ez, noski.

        Buruki azpian dauzkat gordeta. Mesanotxe barruan neuzkan orain arte, kromoen tartean, baina gaur lekuz aldatzea erabaki dut. Badaezpada ere. Marmarra ozenegia bihurtzen ari zen, kaxoia ondo itxita ere. Ipuin batzuk gainean jarrita ere probatu dut, baina alferrik. Aitona egoskor jartzen denean tematu egiten da. Itolarria sartzen omen zion leku estu hark. Kartzela ematen zuela esaten zuen eta ateratzeko handik behingoz.

        Nirekin ohera sartu dudan arte ez du onik izan. Eskerrak ama agurtzera pasa denerako lasaiago zegoen. Buruki azpian ezkutatu ditut hortzak, eta gabon esan dit amak, oraindik triste. Ez da ezertaz konturatu.

        Atzo ere ez. Atzo topatu nituen aitonaren hortzak. Bere logelaren aldameneko komunean zeuden; iturri alboan, kristalezko edalontzi handi batean sartuta. Lo egiteko hortzak han uzten zituen ohera sartu aurretik. Aitona gauean presaka eraman zuten ospitalera, ordea, eta inor ez zen hortzez gogoratu. Nahikoa zuten bihotzarekin, itxuraz. Gero aitona hil egin zen. Eta ez zen inor gehiago bere komunera sartu. Ni izan ezik.

        Jaso izanaz pixka bat damututa nago, halere. Aitonaren hortzak nirekin daudenetik, izan ere, ez dut lo gehiegi egiten. Ez dira gau osoan isiltzen. Gerrako pasadizoak kontatzen beti. Uste gutxienean, gainera, elkarren kontra kax-kax-kax egiten hasten dira geratu gabe.

        —Hemen Terueleko frontean baino hotz gehiago egiten dik! —kexatzen dira.

        Bizi zenean ere zeharo hozkila zen aitona; bi tapaki bota behar izan ditut gauean, lo hartu zezan. Eta orduan ere ez da askoz hobea izan. Marmarrak zerra-hotsari eman dio txanda gau osoan. Aitonak ahoa irekita egiten du lo.

        —Katarroa harrapatu al duzu, maitea? —galdetu dit amak gosaritan—. Bart gauean zurrungan ari zinela iruditu zait.

        Komuneko ispiluan nire aurpegia aztertu dut. Gero eta begizulo handiagoak dauzkat. Motxilan aitonaren hortzak gorde eta eskolara abiatu naiz. Ahalik eta lasterren egin behar dut egin beharrekoa. Honek ezin du honela segi.

        —Hi, Anton, hortzak garbitu al dituk? —aitona da, lehen agurtzerakoan etxeko atetik esaten zidana orain nire motxila barrutik errepikatuz—. Gozoki eta litxarreria gehiegi jaten dituzue gaurko umeok!

 

        Anton dut izena, eta zortzi urte dauzkat. Jaio nintzenetik aitona gurekin bizi izan da etxean. Lehenago ere bai, uste dut. Aitonak, orain dela bi egun arte, laurogeita zortzi urte zituen. Orain ez dakit zenbat urte dituen, ze hil ondoren ez dakit nola kontatzen diren urteak.

        Marinela zen aitona. Aspaldi, lan ekiten zuenean, eta artean aitona ez zenean. Gero ere bai, berak esaten zuenez. Marinel jaio omen zen txikitan. Eta gerran ere marinel gisa egokitu zitzaion borroka egitea. Arrainak arrantzatzeko babo ez zuen itsasontzi handi batean. Tubal zuen izena.

        Ez dakit gerra noren aurka egin zuen aitonak. Edo noren alde. Galdu egin zutela bakarrik dakit. Eta Tubal hondoratu egin zutela itsasoan.

        Aitonak, ordea, egoskorra bera, beste Tubal bat egin zuen etxean. Zurezko itsasontzi txiki bat, kanoi eta guzti. Urtebete baino gehiago pasa zuen, madarikazio artean, zati guztiak elkarri itsasten. Bukatu zuenean, etxeko egongelan jarri zuen, pozez gainezka. Telebistaren gainean, aitaren iritziaren aurka. Ez omen zen Tubal bera, baina bai oso antzekoa.

        Gauean, eguneko albisteak ikustera sofan esertzen zenean, gustatzen ez zitzaion berriren bat aditzen bazuen, garrasika ekiten zion haserre.

        —Bota danba, Tubal! Bota danba kaiku horri!

        Ze galdu ala irabazi, aitona beti zegoen gerran.

Garapena: Dijitalidadea SL