Martin
Etxeberria

1974 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

POESIA

Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin

2005, Elkar

NOBELA

Itxoidazu Café de Passy-n

2004, Elkar

Ez dadila eguzkia sartu

2006, Elkar

Arrain abisalak

2009, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Airean ere negu usaina nabari da

2000, Erein

Pako Fakirra eta Zokomokordo

2006, Elkar

Nik dauzkat aitonaren hortzak

2008, Elkar

Katiluaren ipurdia

1999, Alberdania

Niri tonua gustatu zait, itxurazko arintasun hori esan nahi dut, adierazteko moduak ez dirudi benazko; azalekoa izan nahi du, baina, askotan, ez da azaleko. Esaterako, oso gustatu zaizkit Martin Etxeberriaren konparazioak, oso xumeak baitira, eguneroko elementuek edo gauzek (sukaldekoak dira batik bat) osatuak, baina beste testuinguruan erabiliak, eta surrealista samarrak gertatzen dira horregatik. Surrealismoa ere ez da pisua, jostaria baizik.

Felipe Juaristi (El Diario Vasco, 2000-02-26)

LARRAITZ

 

Arrozezko paperez eginda dago

neskatila hori.

Horregatik zubipetan

gordetzen dut.

Horregatik babesten dut

oilarrengandik.

Horregatik nire malkoek

akuarelak marrazten dituzte

bere izterretan.

 

 

 

MARTIN

 

Martinek uste du

zikina izatea

dutxan pixa egitea dela.

Begirada batek

atzamarra sudurrean

duzula harrapatzea.

Martinek uste du

koloreak ez direla

ikusmenaz bereizten,

hitzen bidez baizik.

 

Martinek beldurra dio

bere buruari.

Baina beste ezeri ez.

 

Martinek beti

hodeiak begiratzen

ari denaren

soa du.

 

Martinek

haizearen bokalak

dakizki,

eta horregatik

egiten du txistu

triste dagoenean.

 

Martin gezurtia da,

eta horregatik

idazten du,

bere gezurrak

ahalik eta ederrenak izateko

Martin

haserre dago beti,

eta inork ez daki.

 

Martin

haserre dago beti,

eta hori

beti begiratzen dituen

hodeiek

bakarrik dakite.

 

Martinek

harrizko ibaia

izan nahi zuen,

baina hori aspaldi zen.

 

Orain nahiago du

bi hankako

itsaso izan;

bere belauna

uharte bihurtu.

 

Martinek

isiltasunaren aditzak

maite ditu.

 

 

Martinek zu maite zaitu.

Zuk badakizu

nor zaren.

 

 

 

BIDELAPUR HILA

 

Bidelapur bat nintzen.

Haritz amerikarren basoan

egiten nuen lan.

 

Bidaztiei eta agureei

sosak ehotzen zizkien

errota nintzen.

 

Bidezidorren zainak ezagutzen nituen,

eta beldurgarria nintzen

aiztoa eskuan.

 

Noiz edo noiz

emakume gazterik ere erail nuen.

Gaur ni naiz hildakoa.

 

 

Miruen buztanen uveek

nire begietako ilunpea zelatatzen dute,

gaueko iluntasun handiagoaren aiduru.

 

Urdaila usteltzen hasi baino lehen,

hazten jarraituko dute

azazkalek eta adatsek.

 

Heriotzaren isekak dira:

berak orraztuko ditu

nire adats luze hilak,

 

erroraino jango dizkit azazkalak,

urduri balego bezala,

harrei zati bigunak lagata.

 

Laster murriztuko da belarria

bere uztai eta guzti.

Ipurdia tomatea bezala onduko zait.

 

Arrabioei hitz egiten nabil:

bidelapurra nintzela esaten diet.

Orain ezin diet hitz bat bera ere lapurtu.

 

 

 

GURE PORTUAK

 

Gure portuetatik

itsasontzi bustiak irteten dira

eta itsasontzi lehorrak iristen.

 

Hau ez da

inolako kontraesana.

 

Galdetu bestela kalatxoriei.

Eta marinelaren andreari.

Gauza bera esango

dizute.

 

 

Gure portuetatik,

arrastirian,

itsasontzi bustiak irteten direla

eta itsasontzi lehorrak iristen direla

edozein egunetako

goizean.

 

Horren aurka

ezin du ezer egin

ezta txo galaiak ere.

Korapiloak eta korapiloak

baino ez.

 

 

Eta hau ez da

inolako kontraesana.

 

 

Itsasoak lehortu egiten gaitu,

bizitzak, hil.

 

 

Itsasbelarrez zamatutako olatua

bezain astiro

doa gure begirada argitzen.

Garapena: Dijitalidadea SL