1974 (Zarautz)
Egile honen
beste liburuak
POESIA
1999, Alberdania
Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin
2005, Elkar
NOBELA
2004, Elkar
2006, Elkar
2009, Elkar
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Airean ere negu usaina nabari da
2000, Erein
2008, Elkar
Pako Fakirra eta Zokomokordo
2006, Elkar
Joxemiel ipotxak zirkuko autobusetik maleta jaisten lagundu zion Pako fakirrari.
—Ondo pasa oporrak, Pako!
Gero, pare bat salto eman eta autobusaren bolantea hartu zuen berriro.
—Zaindu zaitez! —esan zion Ofelia trapezista gizenak, leihotik musuzapia astinduz.
—Eta gogoratu burrdina ez duzula irrentsi beharr! —aholkatu zion Kaiserlatzen doktoreak atzetik.
Pakok, zer esan asmatu ezinik, eskua altxatuz agurtu zituen zirkuko lagunak. Autobusa bide aldapatsuan behera abiatu zen, elefantearen puzkerra zirudien BROOOOMM ozen bat eginez.
Pakok besoa jaitsi eta sabelera eraman zuen eskua. Goseak amorratzen zegoen. Goseak, baina pozik. Bidaia luzearen ondoren, bere herrian zegoen azkenean: Pakistanen.
Pakistango bere herrixkan.
Maleta hartu eta bere etxera abiatu zen. Herrian sartu bezain laster, ordea, zerbait oker zebilela sumatzen hasi zen. Kaleak erdi hutsik zeuden. Eta ikusten zen jende apurra etxe aurreko aulkietan erdi etzanda zegoen, nekatuta eta ahituta. Ia gehienek, gainera, komuneko papera zeramaten buruan kiribildua, betiko durbantearen orden.
Baina zer demontre gertatzen zen, ordea? Pausoa bizkortu zuen Pakok. Ez zion tankera onik hartzen hari guztiari.
Korrika txikian iritsi zen etxera.
—Ama?
Atea zabaldu eta ez zuen inor topatu sarreran. Kezkak beldur bihurtu zitzaizkion Pakori eztarrian. Zerbait larria gertatu zen han, zalantzarik gabe. Maleta lurrean utzi eta indar handiagoz egin zuen oihu.
—Ama!!
—Banoa, seme. Banoa.
Ahots ahul hura bere amarena zen, inondik ere. Pako lasaitu egin zen apur bat. Ama komunean zegoen, eta hara hurbildu zen. Ate erdi irekiaren ertzetik, esku bat agertu zen, agur keinuak eginez.
—Kaixo maitea, ongi etorri. Itxaron pixka bat. Oraintxe naiz.
Pako hotz samar geratu zen. Ez zen hura berak espero zuen harrera. Ama bere zain beso zabalik ate aurrean egon beharrean, komunean zegoen. Eta aita eta aitona eta anai-arrebak? Non arraio zeuden?
Uraren bonba zaratatsua entzun zen.
—Pako! Maitea. Zer moduz zaude? —ama beso zabalik atera zen komunetik.
Besarkatu eta amari erreparatu zion Pakok, kezkatuta. Ama, bere antzera, meharra izan zen beti, gorputz finekoa, baina begi bistakoa zen soberan zeuzkan kilo apurrak ere galduak zituela.
—Ama! Zer duzu? Gaixo al zaude?
—Gaixo? Kaka zaharra! —aitona Abdullah bere logelatik irten zen bat-batean—. Pozoituta zagok hire ama, Pako, gu denak eta herri osoa bezalaxe. Zokomokordok pozoituta!
Aita eta gainontzeko senideak ohetik altxatu eta balantzaka azaldu ziren pasillotik.
Hilabete lehenago hasi zen guztia. Goiz batez, herriko errekako ura berde bihurtu zen. Zaporea apur bat garratzagoa zuen, bai, baina herrian zeukaten ur bakarra huraxe zen.
Alkatearen asto beltzari eman zioten ur hura probatzeko, eta, hark gustura edan zuenez, lasaitu egin ziren denak, eta beti bezala bete zituzten ontziak eta pitxarrak. Gauean etorri ziren bueltak. A zer korrika saioak komunera! Ezin kakalarriari eutsi! Astoak ere sekulako mendi tontorra egin zuen udaletxe aurrean, plazaren erdi-erdian.
Errekako ura kutsatuta zegoen, pozoituta. Herriko zaharrenek zioten Zokomokordok zerbait bota zuela errekaren iturburura, ura zikintzeko. Zokomokordo Iparramendiko puntan bizi zen, eta haserre zegoen herrikoekin, nahiz eta inork ez zekien zergatik.
Herritar guztiak ahulegi zeuden, ordea, Iparramendiko puntara joateko, hura guztia egia ote zen ziurtatzeko.
—Urruti al dago Iparramendi? —galdetu zuen Pakok.
—Ez motel! —erantzun zion aitonak—. Meskitaren atzeko bidezidorra hartu, aldapan segi goooora, Beleen Muinoan eskuinera okertu, jaitsi, igo, jaitsi, egurrezko zubia igaro, Mila eta Bat Ardi Lotien Borda pasa (zakurra esnatu gabe), bidean gora igo, Zeharka Ezineko Sasitza zeharkatu eta hantxe bertan topatuko duk!
Isilunea egin zen. Denek Pakori begiratu zioten.