Andoni
Egaña

1961 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Pausoa noiz luzatu

1998, EEF-Alberdania

IPUINA

Sokratikoek ere badute ama

1989, Erein

SAIAKERA

Zozoak beleari

1997, Alberdania

Hogeita bina

2004, Hariadna

Bat-bateko bertsolaritza

2001, Bertsozale Elkartea

ARTIKULUAK

Aitaren batean

1990, Elkar

BIOGRAFIA

Imanol Urbieta. Luzea da bidea

2002, Ibaizabal

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zaudete geldi pixka batean

1999, Elkar

Txirri, Mirri eta Txiribiton mendian

2000, Alberdania

Popo loritoa

2001, Baigorri

Basarri

1999, Sendoa

SARRERA

 

        Idazmakina naiz, idazmakina zaharkitu eta herdoildua. "Etxintxober" deitzen didate ezagutzen nautenek, baina zergatik azaltzeak luze joko luke eta nahiago dut nire golkorako gorde.

        1946.ean atera ninduten lantegitik eta nora eraman behar ninduten ez jakiteak aztoraturik eduki ninduen hainbat egunetan. Alde ederra bait dago gu bezalako makinentzat ere toki batera edo bestera joan! Zenbaiti lantegi zahar eta hautsez beteetara joatea egokitzen zaio. Horrelakoek bizimodu gogorra izaten dute, eta laburra. Tximiluz edo burdin-hautsez betetzen zaizkie letrarteak, garaia baino lehen hasten dira kirriki-karraka, eta zaborretan amaitzen dute, artean gazterik.

        Beste zenbaitek oso bestelako zoria izaten du. Egokitzen zaio aberatsen etxe bat, eta han hornidura soil izaten da. Ez du kolperik jotzen eta lasai ederrean burutzen du bizimodua, diren musikarik ederrenak entzunez, zoluko argizari usain goxoa arnastuz eta leiho zabaletatik lorategi hezeetara begira.

        Ezinegonean nenbilen, urduri, lantegitik hartu eta kartoizko kutxa handi batean sartuta kamioi gorri baten atzekaldera bota nindutenean. Nora ote neramaten? Non eman behar nituen nire urterik onenak? Ze nagusiren atzaparretan?

        Kamioiaren atzeko oihal-zirrikituetatik ahal zena ikusten ahalegindu nintzen. Sigi-saga zebilen erreka baten bazterrean pasa ginen lehenik. Zubi txiki bat ere igaro genuen. Aldapatxo bat igo gero. Eta azkenik erribera moduko bat jo nuen begiz. Kresala malutak zebiltzan airean eta kaioen txio ugariak entzun nitzakeen kutxa barrutik ere.

        Itsas-herri batera eraman ninduen halabeharrak. Horretan ez zegoen zalantzarik. Baina nora? Lantegiren batetara? Mediku jaunaren etxera? Udaletxeko bulegoren batetara? Apaizarenera? Kalearte estu batean sartu zen kamioia herriko eliza nagusia alde batera utzita. Motor-hotsa lehenik toteldu egin zen eta isildu gero. Atzeko atea ireki zuen kamioi gidariak eta era traketsean besoetan hartu ninduen. Eskaratze ilun batean egin genuen sarrera. Ez zen etxe berria. Zahartasunaren salatari ziren egurrezko eskilarak pauso bakoitzean egiten zituen kirrinkak.

        Izutu egin nintzen. Suerte txarra izan nuela ere pasa zitzaidan buruan. Niri tokatu behar halako etxe zahar batean bizi izatea! Baina laugarren solairuko ate parera iritsi eta kamioi gidaria ate-aldaba jotzen ari zela, burdinezko xafla batek zioena irakurtzeko gai izan nintzen: Iñaki Eizmendi "Basarri".

        Hura poza nirea! Zarautzen nengoen. Garai hartako bertsolaririk entzutetsuenaren etxean! Hurrengo urteetan bertsolari handi bat bertatik bertara ezagutzeko aukera izango nuen!

 

 

LEHEN EGUNAK ETXE BERRIAN

 

        Sasoiko emakume batek ireki zigun atea, eta kamioi gidariari erakutsi zion bidea. Pasabide estu batean barrena jo genuen lehenik. Gero egongela dotore bat ikusi ahal izan nuen garaikur zilar tankerakoz, oroigarriz eta bitxiz josia. Eta egongelaren ertz bateko atea gurutzatuz sartu nintzen lehen aldiz berrogeitamar urtean nire egoitza izan den honetara.

        —Ez dakizu Iñakik zenbateko poza hartuko duen!— esan zion andereak kamioi gidariari ni mahai gainean utzi ninduenean.

        —Ez al da bera etxean?— galdetu zion kamioi gidariak. Banuen ba nik gogoa Basarri bertatik bertara ezagutzekoa!

        —Bertsotara joana da gure gizon hori —erantzun zion emakumeak ahots etsiz—. San Juanetan Segurara joan beharra izaten du urtero.

        —Uztapiderekin joango zen...— esan zion kamioi gidariak.

        —Norekin bestela!— erantzun zion emakumeak—. Nirekin baino denbora gehiago ematen du Manuelekin!

        Aterako ziola baxoerdi ardo sukaldean eta biak irten ziren gelatik. Bakarrik geratu nintzenean, toki berrietara iristean denak egiten duguna egin nuen: ingurura begiratu behin eta berriz. Gela txikia zen baina argitsua, leihoa bait zuen kalera ematen zuena. Egurrezko apalategia zuen mahaiaren alde batera. Eta hizkiak dardarean jarri zizkidan apaletan hainbeste liburu ikusteak. Ez nuen bertsolari baten etxean halako liburu pila ikusterik espero.

        Denetariko liburuak ziren gainera. Euskarazkoak batzu, Lauaxeta, Txomin Agirre, Lizardi... Gaztelerazkoak ere ez gutxi: Mariano Jose de Larra, Unamuno, Espronceda, Ortega Gasset... Eta baita frantsesezkoak ere: Celine, Maupassant eta horrelako izen ulergaitzak. Auskalo zertarako zituen haiek denak bertsolari batek! Akaso egurrez gaizki ibiliko ziren eta neguko iluntze hotzetan suari indar emateko erabiliko zituzten orri haiek.

        Gero, kamioi gidariak eta emakumeak esandakoak nire baitan ausnartzen ahalegindu nintzen. Kamioi gidaria kamioi gidari zen, besterik gabe. Emakumea Basarriren emaztea zela atera nituen kontuak, elkarrizketaren une batean "gure gizon hori" esan bait zuen. Baina zergatik esan zuen "gure" eta ez "nire"? Emazte bat baino gehiago ote zituen Basarrik? Akaso bai. Jende ospetsuarekin ez da sekula jakiten.

        Garbi zegoen ordea San Juanetan geundela, emakume hark halaxe esan bait zion kamioi gidariari. Eta garbi zegoen baita ere, etxeko nagusia, nirea, Seguran zela, Uztapiderekin joana, Manuelekin, seguraski beste bertsolari asko asko ere ez zelako garai hartan. "Bestela zeinekin!" horregatik esango zuen emakumeak.

        Burutazio horiekin ari nintzela, mahaiaren gainean, nire ondo ondoan, eskuz idatzitako orri bat ikusi nuen. Basarrirena zen. Honelatsu zioen:

        "Iñaki Eizmendi Manterola 'Basarri'. 1913. ean Errezilgo Granada baserrian jaioa. Zazpi urtez geroztik Zarautzen bizi naiz, erri orretara etorri bait ginen familia osoa Azken Portu deritzan taberna artuta. Gazterik asi nintzen bertsotan, tabernan mutiko nintzela ezagutu nituen-eta bertsolari on asko. Euskal Errian burutu zen leen Bertsolari Txapelketa Nagusian, 1935.ean, txapeldun izendatu ninduen epaimaiak, artean ogeitabi urte nituela."

        Hogeita bi urte eta txapeldun! Ez zen marka makala! Horregatik entzuten nuen Basarriren izena halako miresmen handiz idazmakinen lantegiko jendearen ahotan! Horregatik ikusi nahi zuen aurrez aurre kamioi gidariak! Horregatik nengoen ni ere gizon hura gelara noiz sartuko zain! Eta horregatik.. . jakiminak gainditu ninduelako, jarraitu nion paperekoa irakurtzeari.

        "Anai arteko gerrak sasoirik onenean arrapatu ninduen. Ogeitairu urte nituen asi zenean. Gerra ondoren kanpoan eman bear izan ditut urte zorigaiztoko batzu, Espainian eta Prantzian barrena. Errira itzuli nintzenetik, piskana piskana asita, Manuel Olaizola 'Uztapide' eta biok ekin genion erriz erri, erromeriz erromeri eta jairik jai bertso lanari. Ez dago ondo neuk esatea baina derizkiot gozatu galanki eman diogula euskaldunei joan den lau edo bost urtean".

        Gerran ere ibilia zen, alajaina! Nik, idazmakina berri-berria nintzenez, ez nekien ziur gerra zer zen, baina gure almazenean baziren gerra aurreko makina zaharrak ere, eta haiek kontatu zidaten gerra zela munduko gauzarik itsusienetakoa, dena eztanda, su, ke, tiro... Gogoan dut gainera eztabaida sortu zela behin lantegiko bi gizonezkoren artean. Batak esaten zuen Basarri ertzaina izan zela gerra garaian. Eta besteak ezetz, ezetz eta ezetz zerbait entzuten hastean belarriak garbitzeko. Erizaina izan zela Basarri gerran.

        —Nola izango zen ba ertzain? —erantzuten zion besteak. Erizainak gehienak emakumezkoak dira eta zuriz jantziak. Eta hik ikasi al duk inoiz Basarri zuriz jantzita?

        Nik gerora jakin nuen, oso gerora, ertzain izan zela Euskal Gudalostean. Tartean-tartean, liburu artean ongi izkutaturik zeukan argazki bat atera eta hari begira egoten zen luzaroan begi biak bete-bete eginda. Gazteagoa ageri zen Basarri argazki hartan. Guda jantziak zituen soinean. Eta argazki barrenean, IGNACIO DE EIZMENDI, ERTZAINA, ipintzen zuen. "DE" horrek erabat harritu arazi ninduen. DE EIZMENDI? Berak lehenxeago kontatu zuenaren arabera DE ERREZIL edo DE ZARAUTZ jarri behar zuen!

        Baina horiek denak gero ikasi nituen. Bere gelara eraman ninduen lehen egun hartan orria irakurtzen segi nuen.

        "Izparringi edo egunkarietan badut eskarmenturik asko. Gerra aurretik EGUNAn eta EUSKAL ESNALEAn, itz lauz bezala itz neurtu edo bertsoetan, lan ugari ditut argitara emanak. Uste dut ordea, naikotxo luzatu naizela nire buruari buruzko kontakizun onetan. Eskatzen dizut, LA VOZ DE ESPAÑA egunkari edo izparreko zuzendari txit argi horri, ar ezazula aintzakoz egunkari orretan idazten asteko eske hau."

        Orduan ulertu nuen den dena! Banekien zertarako behar ninduen BASARRI bertsolari handiak! Egunkarietara bere idazkiak txukun-txukun bialtzeko! Egia esan, orri hari begira erabaki nuen bazuela nire premia. Oso hizki txiki eta narrasa zuen, inurri ilada baten antzekoa.

 

Garapena: Dijitalidadea SL