Andoni
Egaña

1961 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Pausoa noiz luzatu

1998, EEF-Alberdania

IPUINA

Sokratikoek ere badute ama

1989, Erein

SAIAKERA

Zozoak beleari

1997, Alberdania

Bat-bateko bertsolaritza

2001, Bertsozale Elkartea

ARTIKULUAK

Aitaren batean

1990, Elkar

BIOGRAFIA

Basarri

1999, Sendoa

Imanol Urbieta. Luzea da bidea

2002, Ibaizabal

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zaudete geldi pixka batean

1999, Elkar

Txirri, Mirri eta Txiribiton mendian

2000, Alberdania

Popo loritoa

2001, Baigorri

Hogeita bina

2004, Hariadna

POESIAREN HEGOEK...
SENTIMENDUZKO BERTSOEK...

 

        Duela zazpi urte Alexis Díaz Pimienta lagunarekin izan nuen eztabaida Mexikoko Veracruzen. Bere txosten bat irakurtzen ari zelarik, «para ser poeta hay que vivir en la cuneta» esaldi ponposoa bota zuen. Hots, poetak bohemioa izan behar du, bidertzekoa.

        Ez nentorren guztiz bat, eta hala eman nion aditzera. «Para ser poeta hay que estar en la cuneta» batekin erantzun nion. Bohemio jarrerak izan gabe izan daiteke ertzekoa. Ez dago bidertzekoa zertan izanik, gunetik ihes ibili nahi izateko.

        Horretan datza egungo bertsolaritzaren apustu eta eztabaida. Badakigu Euskal Herrian aski guneko kultur adierazpena dela bertsolaritza. Urte mordoxka egin genuen ertzeko samar hartu genuena guneratzeko ahaleginean. Irratietan zerbait egiten zen, baina telebistagarri egin nahi genuen gure jarduna. Bildu zerbait biltzen zen, baina Dokumentazio Zentru indartsua nahi genuen osatu. jaialdi eta txapelketak egiten ziren; Belodromoa bete nahi genuen ordea...

 

        Guneko bihurtu genuen bertsolaritza, horrek dituen alde on eta makurrekin. Aparraldia ere izan zuen bertsolaritzak 1990eko hamarkadako lehen bi-hiru urtetan. Faktore askok hartu zuten bat horretarako: Belodromoa betetzen ikasi genuen, bertsolari gazte andana bat sortu zen punta puntakoa, telebistak arrakastaz ematen zuen bertsoen berri... Aparretan ez itotzea erabaki genuen arte.

 

        Azken sei-zortzi urtetan gure gogoetagai izan da zenbateraino guneratu edo zenbateraino ertzeko izan. Ez genuke nahi izar mediatiko bilakatu. Baina arriskua hor dago. Zorionekoa arriskua, erakusten baitu gure eskuetan daukagula modua batera edo bestera jo ahal izateko. Eta gure kulturaren esparruan ez du edozeinek hainbesteko aukera izaten! Halere... eta irrati-telebistak orohar norantz doazen ikusita, kontu handiz ibili beharko dugu. Jon Sarasuak ederki laburbildu zuen: «Sorginen Laratza-koek nahi luketena da Bernardo Atxaga aurreskua dantzatzen jarri euren programan. Bere azken nobelaren nondik norakoak azaltzea ez zaie batere interesatzen. Eta gainera, barre-sortzaile delako edo, halaxe aitortuko diote aurpegira».

 

        Kanpoko inprobisatzaileekin topo egiten dugunero sortzen den eztabaida da «poeta»-rena. Baina poetaren izateaz haratago, poetatasunaz eztabaidatzen dugu. Niri minutu erdi bat jaten ez didan kontua da, baina askoren kezkagai da nonbait.

        Kanpoko inprobisatzaileek poetatzat dute euren burua. Poesia landuaren ondoan berea ere poesia dela, poesia herrikoia, dute aldarri. Niri, poesia ez ona ez txarra ez delako berez, oso urrutiko zait ardura bera ere. Esango nuke, bertsolaria bederen, beste arte-mota askotarik hurbilago dagoela poesiatik baino. Bertsolaria da graffitigilea komikigilea, komiki-tirak egiten dituena, kantautorea, sermoilaria, egunkarietako zutabegilea... poeta hainbat edo gehiago.

        Bi faktore garrantzitsu ahazten dituzte inprobisatzailea poetatzat hartu nahi dutenek Inprobisatzeak denboraren kudeaketarekin du zerikusi zuzena. Erlojupeko sortzailea da bertsolaria. Graffitigilea edo egunkarirako eguneroko zutabea egin behar duena bezala. Eta poesia, zerbaitetik urrun badabil, erlojuaren morrontzatik dabil urrun.

        Gainera, bertsolariarentzat ezinbestekoa da aurrez aurreko entzulea. Eta komunikazioa helburu, bere mezua itxirik emango dio entzuleari, bat-batean eta modu bakarrean jasoa izateko moduan. Poesia berez da erabat kontrakoa. Irakurle balizkoari mezua erabat itxi gabe emango dio poetak, entzuleak bere irakurketan osa dezan. Mezu-modu bata eta bestea, guztiz desberdinak dira, beraz.

 

        Besterik da uste izatea jaso itxurako oro poesia dela. «Maritimos espejos» bere horretan esateagatik poesia egiten ari dela uste duenak ez du poesiari buruz nik dudan iritzi bera. «Graka» eta «kaka» errimatuz ostera, egin daiteke itsasoari buruzko poesia. Are gehiago Prestige-renaren ondoren.

Garapena: Dijitalidadea SL