Andoni
Egaña

1961 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

IPUINA

Sokratikoek ere badute ama

1989, Erein

SAIAKERA

Zozoak beleari

1997, Alberdania

Hogeita bina

2004, Hariadna

Bat-bateko bertsolaritza

2001, Bertsozale Elkartea

ARTIKULUAK

Aitaren batean

1990, Elkar

BIOGRAFIA

Basarri

1999, Sendoa

Imanol Urbieta. Luzea da bidea

2002, Ibaizabal

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zaudete geldi pixka batean

1999, Elkar

Txirri, Mirri eta Txiribiton mendian

2000, Alberdania

Popo loritoa

2001, Baigorri

Pausoa noiz luzatu

1998, EEF-Alberdania

Lan anbiziosoa da, ederki idatzita dago eta pasarte batzuk benetan antologikoak dira.

Iban Zaldua (Hegats, 1999-10)

        Ez zion bere buruari goizeroko pasierarik barkatu. Ohikotik ordu bete aurreratu zuen esnaera. Kanpora bidean, sukalde parean, ez zitzaion hain maitea zuen kafearen usain hura iritsi; sudur-mintzetan katigatzen zitzaion eta han eramaten zuen atarira bitarterakoan, eta are harantzago, harik eta itsasertza hurbilagotzen, kresalarenak lehenik berdindu eta lasterrera jan egiten zion arte.

        Kafearen usainaz gain, betiko pasierakidea ere falta zitzaion: Frai Joxe Kruz. Urteak zeramatzaten —bost, sei?—, Joxe Kruz Olitetik heldu zenetik, goizeroko atzera-aurrea elkarrekin egiten. Komentutik irten eta Donostiako kamioa gurutzatzea aski zuten, gainbeheran etxalde bitarteko bidezidor batean barrena, hondartza, luze-zabal, begien aurrean atxikitzeko. Ekialdera joko zuten orduan, Talaimendi atzetik egunak urratzera egin zuela adierazten zuen inguruetara. Kilometro eskas joan ondoren, buelta erdi eman eta atzera lehengo bidean etorriko ziren, harantzako urratsen gainean honantzakoan ere. Bezpera gaueko afalondoan hurbildu zitzaion bidaia on-ona egin zezan desiratuz eta abiatze orduaren demandan.

        —Zortzietan? Ez daukagu orduan betikoa egiterik...

        —Baliteke ni joatea, baina lehenago, ez gure orduan. Gainera —esan egin behar.izan zion—, biharkoagatik nahiago nuke neuk bakarrik egin jira.

 

        «Bakarrik nahiago?», pasatu zitzaion Joxe Kruzi, gutxietsirik, buruan. Lehen ere batera abiatu arren, nahikoa bakarrik ibilizalea zen hura! Izan ere, Joxe Kruz, gainerako fraide pasieratzaile urrien modura, hondartza hesitzen zuen harrizko pasealekuan ibiltzen baitzen; eta Frai Kandido, aldiz, itsasertzera bertara jaisten zen lehenengo egunetik. Marea non, hainbesteko tartea izaten zuten bi fraideek: goian zenean, hamabost-hogei metro. Hogeita bost inguru, marea erdi parean egokitzen zenean, eta hogeita hamarretik gora, berrogei, berrogeita hamar, itsasguneko aparteko indar ezkutu hark ertzetara agertzera ausartu ziren kalparrik zurien eta bihurrienak gogoz zurrupatzen zituen ordu eta egunetan.

        Frai Kandidoren joera honi lotsagabe iritzi zituen hasiera hartan. Sandaliak erantzi, eskuetan hartu eta itsasertzeko olatuei umeen gisan ihes eginez ibiltze hura ez baitzegokion aldi hartan fraidegai zenari. Gona-barrenak blai eginda, hondar-alerik setatsuenak egun osorako oihalari itsatsiak, errietaldi bat edo beste ere entzun behar izan zuen gosari ordurako komentura itzultzean.

 

        Orain, hogeitaka urteren buruan, adintsuagoak asko artean komentuan, inor ez zen ausartzen Eskolako Zuzendariari tamainako gutiziaren aipamenik ere egiten. Ongi zekiten erretxina zela bere-bereak ziren gauzetan. Frai Kandidoren kasketaldiak, gaineaa, ez ziren purrustada huts. Parrastada izaten ere bazekiten. Gizon zotz artean, goizeroko pasierek sorturiko murmurio eta zehar-begiratuez gogaiturik, hitzaren jabe egin zen afalondo batean, errezuen ondoren eta nor bere gelara bildu aurretik. Han ziren garaiko sermolaririk entzutetsuenak, herriz herriko misioetan hitz-zurrunbilo kementsu izaten ohituak. Eta haiek ere harriduraz, miresmenez, entzun zuten Frai Kandidok bere joeraren alde egindako arrazoiketaren hezurdura trinkoa eta modu esanbetea.

        Ea inor bazen nor, ekin zion, bestelakoari bestelakoa delako harri-tiraka hasteko. Ea zenbatek zekiten han, kaioak zenbat oin-marea uzten zituen oineko, hondarretan pausatzean. Ea lurrarekiko atxikimendua baratzean lau aitzur-kolpe jotzearekin agortzen zen. Ea karmeldar ortozak ere San Frantziskoren ondorengo zirela inork ez zuen gogoan.

 

        Hiru zirela, segitu zuen isilaldi neurtu baten ondotik, kaioaren oin bakoitzak uzten zituen lorratzak. Hiru, San Frantziskoren estigmak adinaxe. Harrigarri zitzaiola, minzorri, komentuko anaiakideek itsas txori hurbilekoekiko zuten ganorarik eza. Hankagorritan ibiltzea izan zela joandako mendeetan txirotasunaren ezaugarririk behinena, esku-hutsik ibiltzearena baino antzinagokoa. Eta harrokeriazko bekatutzat hartuko ez ziotela jakitera, Jesukristo urazalean ibili zenekoa ere aipa zezakeela, baina hobe zukeela bere golkorako gorde. Barkatzeko, amaitu zuen, bere ausardia, hitza xehetzen maisu zirenen aurrean berea baldres jalgi bazen. Baina ez zuela, akorduan behintzat, okerrik egiten oinutsik paseatzera irtenda. Halaxe egiteko asmoa zuela gerora ere indarrak akitu artean. Hitzemanari eutsi zion urteetan.

 

        Gehienek pausotan neurtu ohi zuten mundualdia. Berak pausajean neurtzen ikasi zuen.

        Gogoenean, Nafarroako Labaienen irekizitzaizkion begiak hemezortzi-hemeretzi urte zituela. Gurdibide narras batek lotzen zituen orduan herriko bi guneak: kaskoa, non baitzeuden Eliza eta zimitorioa, eskola eta ostatuetako bat; eta sakana, non ziren baserririk gehienak, kontzejua eta ostatuetan berriena. Labaien behekoari zeritzan; eta goikoari, Beintza.

        Egunero sei bat biderrez egiten zuen batetik besterako zortziehun metroko atzera-aurrera. Zituela haurrak bidelagun, zituela nagusiak, behetik gorakoan pare-parean joango zitzaizkion. Goitik behera baina, ume, emakume, heldu nahiz agureek ihes egingo zioten pixkana eta, elkarrizketa ez etetearen aldera, korrika txikian pauso batzuk eman beharko zituen, haien parean kokatu nahi bazuen. «Ongi kalekoa da berori» bota zion behin basomutil batek Beintzatik Labaienerakoan, tartean-tartean, nahi gabe, atzean uzten zuela ohartzean. Berari berorika ez egiteko arren, erantzun zion.

        —Ez diot egingo... Baina berorrek ez al daki pausoa noiz luzatu?

        Bi urte eta erdi izan zituen pausoa noiz luze noiz labur jo ikasteko ere. Azkenerako bertakotu egin zen. Aldapan gora, sarria eta motza; aldapan behera, bakana eta luzea; zelaian, tamainan. Noiz komeni zena.

Garapena: Dijitalidadea SL