1961 (Zarautz)
Egile honen
beste liburuak
NOBELA
1998, EEF-Alberdania
IPUINA
1989, Erein
SAIAKERA
1997, Alberdania
2004, Hariadna
2001, Bertsozale Elkartea
BIOGRAFIA
1999, Sendoa
Imanol Urbieta. Luzea da bidea
2002, Ibaizabal
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1999, Elkar
Txirri, Mirri eta Txiribiton mendian
2000, Alberdania
2001, Baigorri
Aitaren batean
1990, Elkar
Dudarik gabe, Egañaren liburua aise irakurtzen da, eta ez du irakurlea entretenitzekoaz landa bestelako goiasmorik ere. Baina horretantxe oso zuzen asmatzen du bertsolariak. Kaleko komentarioak egunkariratzen —eta libururatzen— pare-parean asmatu du Egañak, eta inork halakorik pentsa balezake ere, hori ez da batere erraza.
Agustin Aranzabal (Euskaldunon Egunkaria, 1991-01-19)
KOTXEA
Julio Iglesiasen ateraldi bat aitzakitzat hartuta, euskal idazle batek bere maitale izandakoen kopurua zehazten zigun egunkari honetan bertan aspaldi ez dela. Ez dakit ez ziren hamahiru-hamalau. Antzeko kalkulu bat egin dut nik ere, baina farregarri ez geratzearen aldera, maitaleak kalkulatu beharrean kotxean ematen ditudan orduak zenbatu ditut.
Larehun bat ordu sartzen dut urtean bolantean, segidan balira hamasei egun oso bere gau eta guzti. Euskara ikasleak hiru urrats aise gainditzeko hainbat denbora, berrehun aldiz zinera joan edota bostehun diska entzuteko behar den adina ordu.
Ezinbesteko tresna bihurtu zaigu automobila. «Anton Bonbilla» mende hasierako euskaldunen esanetan Plazido Mujikak jaso zuenez. Orain urte batzu autoa izatea nahikoa milagro bazen, gaur ez izatea da harritzen gaituena, gutxi bait dira nortasun agiriaren ondoan bolantean ere nor direla adierazten duen karneta ez dutenak.
Baina nola erabili denbora onean kotxean goazen bitartean? Bertsolariak bertsotan erabil dezake, aurrez datozenek eta ezkerreko bide bazterreko sastrakek arrisku handixeagoa izango badute ere. Kantatu ere kantatu daiteke kotxean, dutxan tralara tralara jarduteak adinako xarma ez duela onartzen badut ere. Musika ere entzun daiteke tunelak tunel. Udaberriko zenbait ilunabarretan filmerik onenean baino politagoko zeru gorriskak ikus daitezke... eginkizun hoiek denak ordea, Ertzantzaren barne sailetik aholkatzen diguten atentzioaren aurka doaz, eta beraz, ezin izango ditugu egin.
Kotxeak ugaltzen hasi ziren garaietatik bestalde, ostentazioaren muga aldatuz joan da. Garai batean esaterako R-12a izan zen jende xehe samarrak jo zezakeen topea eta handik gorakoei zeharka begiratzen zitzaion pasadan. Orain, muga R-19, Peugeot 405 edo inguru horretan omen dago. Eta bada pentsatzen duenik ez dakit arrazoiz baina bai logikaz, zerbaitetan gastatzekotan kotxean gastatu behar dela dirua, etxea dotore jarriagatik hamar hamabi sendikok eta beste hainbeste lagunek baino ez dutela ikusiko eta kotxe bikain bat berriz ehundaka ezagunek ikusi ahal izango dutela lerde dariela.
Automobilak gainera jendearen izaera ezagutzeko aukera ematen digu. Ni neu ez naiz gehiegi fio larunbatero hartu kuboa eta fregona eta garbitzera eramaten duten hoietaz. Zergatik? Ez dakit. Izan ere, edozer teoria arraro asmatzeko gauza gara geure akatsak zuritzeko.
(89-V-31)
LIBURUTEGIEZ
Hiriko udal liburutegietan jiraka ibili naiz lanbideak hala eraginda. Eta gauza xelebrerik ikusten da, bere xelebrean zer pentsatua ere eskeini arren.
Neri, gutxi ala gehiago, irakurtzea beti gustatu izan zait, txikitatik, eta lehen oroitzapenek euskarazko Fernando Amezketarra barregarri hartara eta gaztelaniazko Edmundo D'Amicis-en «Corazón»en itzulpenerantz naramate. Gogoan dut nola seko harrituta uzten ninduen hamar-hamaika urte genituela nire adiskideen joera batek: komikiak, irakurri ordez, ikusi egiten zituzten eta nahikoa zuten autobusaren zai ematen genuen minutu urria ipuin bat goitik behera ikusteko. Abstraziorako gaitasuna nere dohaien zerrendan inoiz azaldu ez denez, ez nintzen gauza ikusi soilaz komikiaz gozatzeko beste haiek ziren bezala.
Gaztetatik irakurtzeko ohituraren jabe izateak badu eragina gerora. Adiskide haiek orain desastrea dira; ni ere bai.
Ba auzo-liburutegi hoietan haurrak dira itxurarik gabe gehien azaltzen direnak. Eta lehen bezala komikiak hartzen dituzte nagusiki, eta asko dira begiratu bat eskeini eta berriz estanterietan jiji eta jaja berrien bila hasten direnak. Azken batean umeak dira eta ezin gehiago eskatuko diegu.
Zaharrak dira bigarren liburutegietara joateari dagokionez. Nekez hauen bista nekatuak izango du liburukote bat arakatzeko kemenik. Egunkariak dituzte beren maiteak, bat bestearen hurrena. Informazioa, beroa eta errainak etxetik kanporatu izana dira beraz aiton-amonen arrazoi nagusiak liburutegi publikoetan hankak arrastaka azaltzeko orduan.
Helduak berriz, zoritxarrez, apenas joaten diren. Zaletasuna duenak nahiago du etxeko goxoan lerroak xehetu, haur eta agurez beteriko toki inpertsonal hoietara jo baino. Zaletasunik ez duenari berriz, alperrik jarriko dizkiozu sudur puntan mila liburu ale zintzilik, hari ez diote-eta talan egingo. Badira bai, joateak lotsa ematen eta haurrak Agatha Christie-ren liburu baten bila bidaltzen dituzten amak. Uste litekeena baino gehiago gainera. Ez da gutxi. Txalogarriak benetan.
( (90-1-17)
OINETAKOAK
Ez da batere erraza izaten, oinetakoak aukeratzea. Neri behintzat zail gertatzen zait oso. Lehenengo joan, aukeratu, probatu eta hori dena egitea astuna delako eta bestetik nekez geratzen naizelako gustora erositako haiekin.
Sail osoa zabala izan arren badira batzuk aldez aurretik bistan ikusi ere egin nahi izaten ez ditudanak. Sandaliak esate baterako. Hozkia sortzen didate. Txikitan uda partean jazten zizkidaten, eta gogoan dut nola gorrotatzen nituen batipat behatz tarteetan hautsa sartzen zitzaidala konturatzean. Bentilazio onaren aitzakiak ez dit inoiz balio izan. Sandalo usaia eta sandalia kiratsa ez dira gauza bera.
Txarolezko zapatak, zapata errejiladunak eta hoiek ere ez didate balio. Garai batean oso preziatuak ziren, erosoak izango dira nahi baduzu, baina ez dakit ze fijazio arraiorengatik «Hamaseigarrenean aidanez»en azaltzen den gizarte klasearekin lotzen ditut eta utik bidaltzen.
Mokasinak lirateke beste aukera bat, baina inoiz jantzi izan ditudan arren horterak iruditzen zaizkit neri. Zer egingo diogu ba! Gainera galtzerdien zati bat bistan eramaten da eta koloreak konbinatu beharra eta abar gehitxo da kalera beti presaka irteten den batentzat! Fuera mokasinak ere!
Txorkatilez gaineko bota modu horrek ere ez nau asetzen. Kutreak dira. Axolarik gabe jazten denarena egiten dabilenak jazten ditu horrelakoak eta hori azkenekoa da.
Zapatilak, banbak, plaierak... Bai, ongi daude, baina lehorte urte hauetarako bakarrik eta ze galtzarekin, ze jakarekin erabili ondo pentsatu ondoren.
Beraz, eta zerrenda begien aurrean jarri eta gero, konturatzen naiz arrazoi osoz izaten ditudala problemak oinetakoak aukeratzerakoan. Oinetako normala aurkitzen ez da batere erraza. Eta aurkitu arren, ez dakit ni oso maniatikoa naizen, batzuk ez datoz ondo halako galtzekin eta katiatuta erabiltzen dituzu barrenak egun osoan. Besteek izango dute beste zerbait. Dena dela, beti problemak.
( (90-11-14)