1961 (Zarautz)
Egile honen
beste liburuak
NOBELA
1998, EEF-Alberdania
IPUINA
1989, Erein
SAIAKERA
1997, Alberdania
2004, Hariadna
ARTIKULUAK
1990, Elkar
BIOGRAFIA
1999, Sendoa
Imanol Urbieta. Luzea da bidea
2002, Ibaizabal
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1999, Elkar
Txirri, Mirri eta Txiribiton mendian
2000, Alberdania
2001, Baigorri
Bat-bateko bertsolaritza
2001, Bertsozale Elkartea
Bertsolaritza, orain arte, euskal herri-literaturaren azpisail moduan agertu izan dute ia beti aztertzaileek beren lanetan. Beste literatura, literatura idatzia, «landua», edo besterik gabe «literatura» esan ohi zaion hori, berantiarra da euskararen kasuan. Gainera, XX. mendea ondo sartu arte behintzat, euskal literatura idatzia anakronikoa eta sasiliterarioa izan da gehienetan. Anakronikoa, garaian garaiko joeretatik kanpo ibili izan delako maizenik; sasiliterarioa, literaturaz kanpoko beste asmoren batez egindakoa izan delako (katekesia, hizkuntza normalkuntza...)
Aitzitik, Koldo Mitxelenak ondo dioenez, euskal herri-literatura nagusiki ahozkoa da, eta beste edozein herrirena bezain aberatsa.
«Euskal herri-literatura» hori, ordea, traste zaharren kutxa halako bat da, literatura idatzi edo landuan sartzen ez den guztia sartzeko erabili ohi dena.
Izenburu horren pean, nahi adina genero eta agerkari sailkatu ohi da, nahas-mahas sailkatu ere.
Generoei dagokienez, orotarik sartzen da herri literaturaren izenburupean: poesia, antzerkia, narrazioa, eta baita beste genero sailkagaitzago batzuk ere, hala nola atsotitzak eta lokuzioak, esaterako.
«Euskal herri-literatura» esaten dugunean «euskal ahozko literatura» etortzen zaigu burura, eta sinonimotzat erabiltzen dira bi izendapenok sarri. Hala ere, herri literaturaren kutxan sartzen diren genero eta agerkarien artean denetik dago. Juan Mari Lekuonak berak, «ahozko euskal literaturaren sailkapena» deitzen dio aipatu berri dugun bere sailkapenari. Garbi dago, hala ere, sailkapen horretan sartzen dituen genero guztiak ez direla berdin ahozko. Eleberriak eta autobiografiak, esaterako, idatziak dira, beharbada ahozko estrategien arabera idatziak izan badaitezke ere. Horietako batzuk diktatuak izango dira akaso, baina, jaso, begiz jasotzekoak dira, ez belarriz. Herri antzerkia, pastoralak, dekorazio-olerki gehienak eta kantutegi zaharra zein gaur egungoa, berriz, belarriz jasotzekoak badira ere, idatziz sortuak dira gehienak.
Azkenik, asmo estetikoari (edo literario-artistikoari) dagokionez ere, gora-behera handiak daude euskal herri-literaturaren sailean sartzen diren genero eta agerkarien artean. Lokuzioak, esaterako —eta, neurri handi batean, baita atsotitzak ere— hiztunen hizkuntza gaitasun arruntaren emaitza dira, asmo estetiko berezirik gabe sortutako esamoldeak dira.
Euskal herri-literaturaren genero eta agerkariak elkarren hain diferente izanik, zentzugabea litzateke genero eta agerkari horiek guztiak metodo bakar baten bidez aztertzen saiatzea. lkerketak, jakina denez, ikergaia gero eta gehiago zatikatuz, atalduz, egiten du aurrera, eta euskal herri-literaturari dagokionez ere halaxe egin behar genukeela iruditzen zaigu. Bestela, nekez iritsiko gara euskal herri-literatura osatzen duten genero bakoitzaren nondik norakoak eta balioa taxuz ulertzera.
Liburu honen aztergaia ondo zehatza eta mugatua da: bat-bateko bertsogintza du aztergai, eta ez besterik. Bat-bateko bertsogintza zer den zehatz-mehatz azaldu, eta bat-bateko bertsogintza taxuz ulertzeko moduko metodo bat lantzen hasteko lehen urratsak egitea beste helbururik ez du, beraz, liburu honek. Orain arteko metodoek ez digute balio bat-bateko bertsogintza behar bezala ulertzeko, eta guk horrexetara mugatu dugu azterketa, gainerako generoak eta agerkariak bazter utzita. Ez, noski, balio gutxiko irizten diegulako gainerako horiei, baizik eta geure aztergaia, bat-bateko bertsogintza, guztiz genero berezia delako, eta aztergai bereziak metodoa ere berezia eskatzen duelako.